EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016047

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 7koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Juan María Vianney Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-01-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201601044
Maila: Agindua
Fundación Juan María Vianney Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da, eta honako aurrekari hauetan oinarriturik:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2015eko urtarrilaren 15ean, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskari bat sartu zen, «Fundación Juan María Vianney Fundazioa»ren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Donostiako Gotzaindegiak sortu zuen fundazio hori). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– 2015eko azaroaren 9ko idazkiaren bidez, bidalitako dokumentazioan atzemandako hutsak zuzentzeko eskatu zien Fundazioen Erregistroak interesdunei, eta, horrela, 2015eko abenduaren 11n, eskatutako dokumentazioa jaso zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta fundazioa inskribatzearen aldeko txostena eman du.
Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera:
Helburu nagusian honako hauek sartzen dira: mendekotasun edo desgaitasunen bat duten adineko pertsonak eta apaizak zaindu, artatu eta haientzako zerbitzu espezializatuak ematea, eta, orobat, Donostiako Elizbarrutiko apaizek izan ditzaketen beste premia batzuei erantzutea.
Helburu sozial hori gauzatzeko: era guztietako arreta-zentro eta zerbitzuak kudeatuko ditu, mota guztietako jarduerak eta zerbitzuak eratu, hobetu eta garatuko ditu –aurreikuspen-erakundeak barne–, eta horietan parte hartuko du. Oro har, edozein ekimen bultzatuko du, baldin eta lehenago aipatutako giza taldeen ongizate, zaintza eta babesaren alde egiteko bada.
Bosgarrena.– Estatutuen 2. eta 5. artikuluetan xedatzen denaren arabera, fundazioaren egoitza hemen egongo da: Donostiako Zabaleta kalea 5. zk., (Gipuzkoa). Bestalde, fundazioak bere jarduerak, batez ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan burutuko ditu.
Seigarrena.– Hasierako zuzkidura hogeita hamar mila eurokoa (30.000) da. Ekarpen hori egin dela agiri bidez egiaztatuta geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartu zen.
Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:
– Lehendakaria: José Ignacio Munilla Aguirre monsinorea, Donostiako Elizbarrutiko gotzaina.
– Lehendakariordea: Juan María Olaechea Garaicoechea.
– Idazkaria: Tomás María Iraola Sarasua; Donostia Elizbarrutiko idazkari nagusia.
– Diruzaina: Ander Alcorta Urquiola, Donostia Elizbarrutiko ekonomoa.
– Bokala: Hurkoa fundazioa, José Ignacio del Pozo Chico jaunak ordezkatua.
Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-398 erregistro-zenbakiarekin–: Donostiako (Gipuzkoa) «Fundación Juan María Vianney Fundazioa»ren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, Francisco Javier Oñate Cuadros notarioaren aurrean, 2015eko martxoaren 10ean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 422).
Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 2. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 7a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.