EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2016046

25/2016 DEKRETUA, otsailaren 16koa, Armañon kontserbazio bereziko eremu (ES2130001) izendatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201600025
Xedapenaren data: 2016-02-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201601023
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2006/11/29an argitaratutako 2006/09/19ko 200600176 DEKRETUA aldatzen du
  • Ikus 2015/03/06an argitaratutako 2015/03/02ko EBAZPENA [201501102]

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako erabakien bidez, hegaztientzako babes bereziko sei eremu (BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren garrantzizko leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE erabakien bidez. Erabakiok eskualde atlantiko eta mediterraneo biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren. Horien artean, Armañon (ES2130001) kontserbazio bereziko eremua (KBE) dago, eskualde biogeografiko atlantikoan.
Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, alde batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.
Armañon KBEaren mugak bat datoz, funtsean, izen bereko parke naturalarekin –irailaren 19ko 176/2006 Dekretuaren bidez eskuratu zuen deklarazioa–. Hortaz, gune berean naturagune babestuen tipologia bikoitza biltzen da: parke naturala eta Natura 2000 Sareko gunea. Horrenbestez, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren (NKLTB) 18. artikuluari jarraikiz, eremu hori planifikatzeko mekanismoak koordinatu egin behar dira eremuaren plangintza integratuko duen dokumentu bakar batean biltzeko eta horrela, kategoria bakoitzean aplika daitezkeen erregimen desberdinek osotasun koherente bat osa dezaten. Bi tipologietarako dokumentu bakarraren legegintza desideratuma ezin da lortu parke naturalen kasuan, tipologia horiek natur baliabideak antolatzeko plan baten (NBAP) bidez (NKLTBaren 20. artikulua) eta parke naturalen erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan baten (EKZP) bidez (NKLTBaren 27. artikulua) arautu behar baitira. Beraz, horrelako kasuetan, bi dokumentu egon beharko dira: bata parke naturalerako izaera bikoitza duen BNAPa eta KBErako helburu eta erregulazioak jasotzeko; eta, bestea, izaera bikoitza duen EKZPa eta kudeaketa neurriak jasotzeko.
Gainera, kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritzak eta foru-organoek dituzten eskumen konkurrenteak direla-eta, koordinazio-ahalegin berezia behar dela: naturagune babestuaren bi tipologia horien deklarazioa Eusko Jaurlaritzari dagokio azken batean (NKLTBaren 19.1 artikulua); parke naturalei dagokienez, NBAPa izapidetzea eta onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 7.a artikulua) eta, aldiz, EKZP prozedura bifasikoaren bidez izapidetu eta onartzen da, hots, lehenik, foru-organoek izapidetzen dute parke naturalaren kudeaketari dagozkion jarraibideak onartzeko, eta, bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak izapidetzen du, araudiari dagokionez (NKLTBaren 29.e artikulua). Bestalde, KBEei dagokienez, helburuak eta arauak onartzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da (NKLTBaren 22.5 artikuluaren lehen paragrafoa) eta neurriak foru-organoei dagozkie (NKLTBaren 22.5 artikuluaren bigarren paragrafoa). Nolanahi ere, tresna desberdin horiek guztiak beti EHAAn argitaratu behar dira.
Dekretu honen helburua da Armañon Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu izendatzea eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren kontserbazio-neurriak onestea, zeinak izendapen honekin batera eman behar diren. Ondoren, eta Bizkaiko Foru Aldundiak dekretu honekin batera izapidetu den Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) bidali ondoren, Eusko Jaurlaritzak plan horren arau-partea onetsiko du, eta tresna osoa EHAAn argitara dadin aginduko. EKZP horrek Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 18. artikuluak eskatzen duen helburu bikoitzari erantzungo dio, hau da, parke naturalaren EKZP izatea, eta KBEaren kudeaketa-jarraibide izatea, 22.5. artikuluaren bigarren idatzi-zatiaren arabera. Horrekin guztiarekin, eremu hau guztiz araututa geratuko da, eta 92/43/EEE Zuzentarauaren 6. artikulua osorik beteko da.
Horretarako, bi eranskinekin batera osatuko da hemen onesten den dekretua. Lehenengoak, kontserbazio bereziko eremuaren kartografia jasotzen du; bigarrenak, berriz, Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22. artikuluko aginduak betetzen ditu, zeinak kontserbazio bereziko eremuari soilik dagozkion eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak diren; horretarako, dagoeneko izendatuta dauden Natura 2000 Sareko gainerako eremuen planteamendu berari jarraituko zaio.
Dekretu honen azken xedapenetatik hirugarrenean jasotzen denez, arau hau argitaratu ondoren, II. eranskin hau jasoko duen Armañon Parke Naturalaren NBAParen aldaketari ekin beharko zaio, aipatutako dokumentu bakarra –Eusko Jaurlaritzaren eskumen dena– egiteko, betiere NKLTBaren 7. artikuluan aurreikusitako prozedura luze eta konplexua konfiguratzen duten izapide prozesalak beteta, baina Europarekiko betebeharrak ere beteta.
Hori horrela izanik, 92/43/EEE Zuzentarauak kontserbazio bereziko eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, Armañon sakon aztertu da, eta eskala egokian adierazi da Europar Batasunaren intereseko habitaten eta eskualdearen intereseko beste habitat batzuen kokalekua; horrekin batera, haien kontserbazio-egoera ere ebaluatu da. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.
KBEaren azken mugaketa hobetu egin da lan-eskalan, hain zuzen ere 38 ha gehiago hartu ditu BGLarekiko, nahiz eta ez duen aldaketa garrantzitsurik eragin BGLaren mugetan, ez habitat naturalen azalaren irudikapenean, ezta Europar Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioetan ere; baina Europako Batzordeak baliozkotu egin behar du. Ildo beretik, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera –Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera– igorri eta jakinarazitako datuekin. Alde horiek habitatak identifikatzeko metodologiaren aplikazioan izandako aurrerapenen ondorio dira, baita hasierako proposamena egiteko unean erabili zen lan-eskalaren ondorio ere. Xehetasun-azterketari esker habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, inprimakian adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela.
Kontserbazio bereziko eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita ingurumen-organoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.eus/natura2000; guneari buruzko informazioa eguneratuta egongo da beti webgune horretan.
Azkenik, Naturagune Babestuko Parke Naturalaren Patronatuak eskatuta, azken xedapenetako lehenengoaren bitartez Armañon aldea parke natural deklaratzen duen irailaren 19ko 176/2006 Dekretuaren 7.3 artikuluko b) eta h) letrak aldatu dira; letra horiek Patronatuaren osaerari buruzkoak dira, eta aldatu egin dira organo horretako bi kideren izendapena egungo erregulazioaren arabera egokitzeko.
Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.5. artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak –2016ko otsailaren 16an egindako bilkuran– eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua eta lurralde-eremua.
1.– Armañon kontserbazio bereziko eremu (ES2130001) izendatzen da, Bizkaiko Lurralde Historikoan.
2.– Kontserbazio bereziko eremuaren (hemendik aurrera, KBE) mugak dekretu honen I. eranskinean jasotako kartografian agertzen direnak dira eta, eskala-doikuntzak egin ostean, bat datoz eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren garrantzizko lekuen zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutako Batasunaren garrantzizko lekuen mugekin. Era berean, eranskin horrek gunearen babeserako eremu periferikoa jasotzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 19.2 artikuluarekin bat.
3.– Aurreko zenbakian aurreikusitako mugaketa zabaldu egingo da, eskala-doitzeengatik, I. eranskinean jasotako mugetaraino, Europako Batzordeak onetsi ondoren.
4.– Onartu egiten dira KBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.
2. artikulua.– Xedea.
1.– Arau honen xedea honako hau da: kontserbazio bereziko eremuan (KBE) bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.
2.– KBEan araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoa eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.
3. artikulua.– Kontserbazio-neurriak.
1.– Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, II. eranskinak KBEaren izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-erregulazioak eta jarraipen-programa bat jasotzen ditu.
2.– KBEaren kudeaketa-jarraibideak eta -neurriak Armañongo Parke Naturalaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean gehituko dira.
4. artikulua.– Funtsezkoa ez den berrikuspena edo aldaketa.
II. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa beteta. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legeak ezarritakoari jarraikiz; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.
5. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen erregimena.
Dekretu honen eraginpeko naturagune babestuei ezarri beharreko zehapen-araubidea honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Eskualde biogeografiko atlantikoko BGLen zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian jasotako mugei dagokienez, Europako Batzordeak KBEa eskala-doitzeengatik zabaltzeko erabakia hartu izanaren berri ematen duen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik jarriko da indarrean. Orduan izango dira eraginkorrak dekretu honetan eremu horretarako aurreikusitako kontserbazio-neurriak. Ordura arte, eremu horretan, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 eta 6.4 artikuluek ezarritako prebentzio-araubidea aplikatuko da, baita Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 4., 5. eta 6. atalek ezarritakoa ere.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Armañon aldea parke natural deklaratzen duen irailaren 19ko 176/2006 Dekretuaren 7.3 artikuluko b) eta h) letrak honela idatzita geratuko dira:
«b) Bizkaiko Foru Aldundiko naturaguneen arloan eskuduna den ordezkari bat».
«h) Enkarterrialde Landa Garapenerako Elkartearen ordezkari bat».
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Dekretu hau onartzen denean, parke naturalaren eta KBEaren mugak bat etortzeko prozedurari ekingo zaio, eta parke naturalaren NBAPa naturagune babestuen bi tipologia horiek arautuko dituen dokumentu bakarra bihurtzeko prozedura ere abiaraziko da, 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Natura Babesteko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
OTSAILAREN 16KO 25/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
KARTOGRAFIA
OTSAILAREN 16KO 25/2016 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
ARMAÑON KBE-ARI DAGOZKION INFORMAZIO EKOLOGIKOA, KONTSERBAZIO-HELBURUAK, KONTSERBAZIO-ARAUAK ETA JARRAIPEN-PROGRAMA