EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2015043

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 29koa, Hezkuntzako sailburuordearena, zeinaren bidez jakinarazten baita zein itunpeko ikastetxek jarraituko duten Ulibarri programan, zeintzuk sartuko diren 2015-2016 ikasturtean eta zein ordu-kopuru dagokien.

Xedapenaren data: 2015-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201600972
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/03/06an argitaratutako 2015/03/04ko AGINDUA [201501099]

323/2003 Dekretuak Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Dekretu horrek ezarritakoaren bidetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2015eko martxoaren 4ko Agindua eman zuen (martxoaren 6ko EHAA). Agindu horretan ezartzen da ikastetxeek gehienez zenbat diru izango duten Ulibarri programarako 2015-2016 ikasturtean eta zer baldintza bete behar dituzten programan sartzeko.
323/2003 Dekretuaren III. kapituluko 7. artikuluan zehazten den JABA batzordea 2015eko maiatzaren 4an bildu zen. Ulibarriren barruan dauden ikastetxeen berrikuspena egin eta gero, zera ikusi da: gaur egun Ulibarrin dauden itunpeko ikastetxeak 2013-2014 ikasturtean egindako lau urteko proiektuaren arabera ari direla normalkuntza-lanetan, eta denek adierazi dute programan jarraitzeko asmoa. Hortaz, ikastetxe guztiek jarraipena izango dute Ulibarri programan 2015-2016 ikasturtean. Bestalde, itunpeko bost ikastetxek eskatu dute 2015-2016 ikasturtean Ulibarri programan sartzea, nahiz eta horietako batek ez duen behar bezala aurkeztu eskatzen zitzaion dokumentazioa.
Ondorioz, eta Batzordearen proposamenari jarraikiz, ebazpen honetan zehazten da zein itunpeko ikastetxek jarraitzen duten Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuetan, zein itunpeko ikastetxek sartuko diren 2015-2016 ikasturtean, zein eskabide baztertu diren eta, azkenik, ikastetxe bakoitzari esleitu behar zaion ordu-dedikazioa eta, ondorioz, emango zaion diru-laguntza. Horren haritik, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren 2015eko martxoaren 4ko Aginduaren ildotik, Ulibarri programan sarbidea eskatu eta onartutako itunpeko ikastetxeen zerrenda argitaratzea I. eranskinean, honako hauek zehaztuta: Hizkuntza Normalkuntzako Programan onarpena izan duten lau itunpeko ikastetxeen izenak; hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoaren ordu-dedikazioa; eta ikastetxeek jasoko duten diru-laguntza.
2. artikulua.– datorren ikasturtean, 2015-2016an, alegia, jarraituko duten ikastetxeen zerrenda argitaratzea II. eranskinean.
3. artikulua.– Hainbanaketa orokorra egin ondoren, ikastetxe berrientzat jarritako diru-kopurutik soberan gelditu dena programan jarraipena eskatu dutenentzat gordeta zegoenari gehitzea.
4. artikulua.– CPEIPS AZKORRI HLBHIP (014742) ikastetxearen eskabidea ez onartzea, aurkeztu behar ziren agiriak ez aurkezteagatik.
5. artikulua.– Programan dauden ikastetxeen oraingo onarpen-jarraipena berrikusi ahal izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, ikastetxe bakoitzaren 2015eko abenduaren 31 arteko ibilbidea aztertu ondoren. Betiere, Hizkuntza Normalkuntzako Proiektu hauen funtzionamendua eta jardunbidea arautzen duen dekretuaren eta hori garatzen duten lege-xedapenen arabera.
6. artikulua.– 323/2003 Dekretuak arautzen duenari jarraikiz, ordainketa bi zatitan egingo da ekitaldi bakoitzean dauden diru-baliabideei egokituta. Ebazpen hau argitaratzen denean, zenbateko osoaren % 20 ordainduko da lehen ordainketaren bitartez, eta gainontzekoa ikasturte bukaeran, memoria aurkeztu eta onartu ondoren.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera egongo da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 29a.
Hezkuntzako sailburuordea,
MIREN ARANTZA AURREKOETXEA BILBAO.