EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-03-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2016043

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 17koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak diruz laguntzeko bideratutako laguntzetarako deialdia, 2016. urterako.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2016-02-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201600968
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/09/30rean argitaratutako 2013/09/24ko 201300415 DEKRETUA

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1948) garrantzi handiko erreferentzia historikoa izan zen; izan ere, lehen aldia izan zen instantzia unibertsal batek denei errespetatu behar zaizkien eskubideak aldarrikatu zituena, hartarako arrazoi bakarra gizaki izatea izanik.
Baina eskubideak aldarrikatzeari eta eskubide horiek egiaz ezarri eta bermatzeko borrokari dagokionez, orain dela gutxi arte ez gara jabetu beharrezkoa dela giza eskubideen aldeko hezkuntzari buruzko lan sistematiko, koordinatu eta iraunkorra egitea.
Nazio Batuek bultzatutako eta Vienan 1993an egindako Giza Eskubideei buruzko Munduko Konferentzia hartu behar da inflexio-puntutzat. Konferentzia horren azken deklarazioan eta ekintza-programan zehatz-mehatz bildu zen giza eskubideei buruzko hezkuntza, gaikuntza eta informazio publikoa ezinbestekoak direla komunitateen artean harreman egonkor eta harmoniatsuak ezarri eta sustatzeko, baita elkar ulertzea, tolerantzia eta bakea bultzatzeko ere.
Vienako Konferentziaren ondorioz, NBEren Batzar Nagusiak, 1994ko abenduaren 23ko 49/184 Ebazpenean, Giza Eskubideen esparruko hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkada izendatu zuen 1995-2004 aldia. Giza eskubideen esparruko hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkadarekin hasitako lan eskerga horrek ez zuen denbora-mugarik ezarri nahi. Aitzitik, nazioarteko komunitatea mugiarazi nahi zuen, oinarri sendoak ezartzeko eta oinarri horien gainean etengabe eta iraunkortasunez aurrera egiteko. Horregatik, hamarkada amaitzean eta programaren emaitzak ebaluatu ondoren, egun indarrean dagoen jardun-programa berria jarri zen abian. 2004ko abenduaren 10eko 59/113 Ebazpenean, NBEren Batzar Nagusiak Giza Eskubideetan oinarritutako Hezkuntzarako Mundu Programa aldarrikatu zuen. Programa 2005eko urtarrilaren 1ean hasi zen gauzatzen, eta ondoz ondoko zenbait etapatan egituratu da, giza eskubideen esparruko hezkuntza-programak sektore guztietan gauza daitezela sustatzeko.
Bestalde, bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzaren arloan, Euskadin garrantzi handia dauka toki-mailan egindako lanak. Horregatik, gobernu honen lehentasunetariko bat da udal-ekintzak bultzatzea, bakea sendotu eta bizikidetza eraikitzeko.
2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA) memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1 artikuluan, ezartzen du diru-laguntzok jasotzeko deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez, zeinaren bidez 2016ko laguntzetarako deialdia iragartzen baita.
Orobat, 187/2013 Dekretuaren 20.3 artikuluari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du aipatutako dekretuak).
Hori guztia kontuan izanda, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta toki-erakundeek giza eskubideen, bakearen eta bizikidetzaren arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak laguntzeko bideratutako diru-laguntzen 2016ko deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen arabera.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2016ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Diruz lagundu ahal izango dira bakea, elkarbizitza eta giza eskubideak sustatzeko, zabaltzeko eta gaitzeko proiektuak, 1. artikuluan adierazi gisan; honako hauek, besteak beste: kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak antolatzea, ikus-entzuneko produktuak, argitalpenak, hezkuntza-proiektuak, ikerketak eta dibulgazio-kanpainak.
4. artikulua.– Eskatzaileak.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek.
5. artikulua.– Diru-zuzkidura.
1.– Diru-laguntzen programa honetara hirurehun mila euro bideratu dira (300.000), Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2016ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.
2.– Gehienez ere, hogeita bosta mila (25.000) euroko diru-laguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.
3.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako diru-laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.
1.– Toki-erakunde eta udalerri interesdunek bitarteko elektronikoak erabilita egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta izapide guztiak.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/diru-laguntza/2016/udalei-bake-bizikidetza-giza-eskubideak/y22-izapide/eu
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurreko bidea edo bide elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/misgestiones
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasita.
2.– Eskabidea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzenduko zaio (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).
3.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz), Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetara (Zuzenean), lurralde-ordezkaritzetara edo bestelako erakunde laguntzaileetara. Erabil daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako bideak ere.
4.– Orobat, bide elektronikoen bitartez ere aurkeztu daitezke eskabideak, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.
8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpena barnean duela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen.
2.– Eskabide horrekin batera, proiektuaren memoria ere aurkeztuko da, honako agiri hauekin:
a) Eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko, udaleko edo toki-erakundeko idazkariak emandako ziurtagiria.
b) Proiektuaren edo programaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.
c) Erakunde eskatzaileak programa edo proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Programan edo proiektuan inolako ordainsaririk gabe parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.
d) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, baldin badaude, eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen zinpeko aitorpena egin behar da.
e) Diru-laguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zehaztu beharko da zein administrazio publikori edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden eta horien zenbatekoak ere. Halakorik ez bada, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako beste laguntzarik jaso ez izanari buruzko zinpeko deklarazioa.
f) Diru-laguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehienezko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.
9. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak, 2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuaren 10. artikuluan ezarri bezala:
– Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburua.
– M.ª Begoña Garamendi Ibarra andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordekidea.
– Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, batzordekidea.
– Lide Amilibia Bergaretxe Andrea, Gizarte Gaietako zuzendaria, batzordekidea.
– Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, batzordekidea.
– Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, batzordekidea.
– Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkaria.
10. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
1.– Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:
a) Proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa. 20 puntu, gehienez.
b) Kudeaketa-gaitasuna, proposatutako proiektuari dagokionez. 10 puntu, gehienez.
c) Proiektuaren potentzial estrategikoa, haren egokitasuna, interes soziala eta izan ditzakeen hartzaileak. 20 puntu, gehienez.
d) Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu, gehienez.
e) Noraino koordinatu den hezkuntza-arloarekin eta elkarte-sarearekin, edo administrazio publikoren bat noraino sartu den proiektuaren garapenean. 10 puntu, gehienez.
f) Aurrekontu argia eta egokia. 10 puntu, gehienez.
g) Noraino hartu diren kontuan Giza Eskubideen gaineko nazioarteko erakundeen esku-hartze ildo, estrategia eta helburuak eta noraino jokatu den haiekiko koherentziaz; batez ere, Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Bulegoak hartutakoekin (www.ohchr.org). 10 puntu, gehienez.
h) Genero-ikuspegiaren trataera garatu beharreko proiektuetan. 10 puntu, gehienez.
2.– Diru-laguntza esleitzeko, eskaerak gutxienez 45 puntu lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.
11. artikulua.– Ordaintzeko modua.
1.– Deialdi honen babesean ematen den diru-laguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketan, emandako diru-laguntzaren % 50 ordainduko da, diru-laguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.
b) Bigarren ordainketa 2017an egingo da. Bertan, emandako diru-laguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.
2.– Emandako diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.
12. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Justifikazioa aurkezteko epea 2017ko martxoaren 31n amaituko da, eta hauek barne hartu beharko ditu:
a) Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak, originalak edo kopia konpultsatuak. Bai fakturak (indarrean dagoen araudian ezarritako baldintza formalak bete behar dituzte) bai ordainagiriak diruz lagundutako proiektu bakoitzaren arabera bereizita aurkeztu behar dira, eta behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta, horrez gain, ordainagirien eta fakturen izen-zerrenda bidali behar da, aipatutako gastua zertarako erabili den azalduta.
b) Soldaten ordainagiri originalak edo horien kopia konpultsatuak, eredu ofizialari egokituak, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen buletin ofizialak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.
c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagirien kopia konpultsatuak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, Nortasun Agiri Nazionala, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena.
d) Diruz lagundutako proiektuaren memoria xehea, besteak beste pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak) aipatuz eta genero-ikuspegia nola txertatu den azalduz.
e) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.
f) Izapidetzea bide telematikoz egiten bada, eskaneaturik eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da aipatutako dokumentazioa.
g) Izapidetzea aurrez aurre zein bide telematikoan egin, Administrazioak agiri originalak eska ditzake egoki baderitzo.
2.– Bide presentzialetik zein elektronikotik justifikazioak izapidetzeari buruzko zehaztapenak eskura dira helbide elektroniko honetan: euskadi.eus
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 17a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.