EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016040

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 16koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez jakinarazten baita 2016ko ekitaldirako laguntzak emateko deialdia, enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egiten duten enpresentzako diru-laguntzen programa arautzen duen Aginduak ezarritako esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren Ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko (Indartu Programa).

Xedapenaren data: 2016-02-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201600905
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/09/04an argitaratutako 2015/07/28ko AGINDUA [201503772]

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko uztailaren 28ko Aginduak enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako diru-laguntzen programa arautzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren Ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko (Indartu Programa).
Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean horretarako izendatutako aurrekontu-partidatik aterako dira.
Horrenbestez, eta aipatu aginduaren 11. artikuluak ematen didan ahalmenaz baliatuta, 2016ko ekitaldiko laguntzen deialdia egiten da, eta horretarako beharrezkoak diren arauak ezartzen dira. Hori dela-eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen xedea da 2015eko uztailaren 28ko Aginduan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntza moduan 2016ko ekitaldian emateko deialdia egitea. Agindu horren bidez, enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egiten duten enpresentzako diru-laguntzen programa arautzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren Ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko (Indartu Programa).
2.– Xede horretarako, 8.000.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa bideratuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleituriko kredituen kargura finantzatuko da.
Deialdi honen kontura emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-zenbatekotik gorakoa, edo zenbateko hori eguneratuta sortutako diru-kopurutik gorakoa, betiere indarreko legerian aurreikusitako kredituen arteko loturaren edo aurrekontu-aldaketaren erregimenaren arabera. Horrenbestez, aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da diru-laguntza gehiago emango, eta, beraz, handik aurrera, ebazpen honek ez du ondoriorik izango. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.
2. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskaerak eta gainerako agiri osagarriak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzara zuzendu behar dira, eta zuzendaritza horretan bertan aurkez daitezke (Donostia kalea 1, PK 01010 Vitoria-Gasteiz), edo sail horretako lurralde-bulegoetan; edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.
2.– Aginduaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraituz egin behar da eskaera, eta, horrekin batera, ebazpen honen eranskinean ageri den eskabide-orria aurkeztu. Ebazpenarekin batera, eskabide-eredua, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inbertsioak justifikatzekoa aurkeztuko dira, eta denak ere www.euskadi.eus Interneteko helbidean deskargatu daitezke.
3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2016ko maiatzaren 6ko 12:00etan amaituko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 16a.
Industriako sailburuordea,
JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.