EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2016040

AGINDUA, 2016ko otsailaren 2koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Nuestra Señora del Carmen ikastetxeen fundazio-erakundea likidatzea (likidatze-bidean), likidazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, eta, fundazioaren erregistro-orria ezeztatzea.

Xedapenaren data: 2016-02-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201600904
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren 2014ko abuztuaren 26ko Aginduaz, honako hau erabaki zen:
1.– Berrestea patronatuak 2014ko ekainaren 20ko bileran hartutako erabakia, Nuestra Señora del Carmen ikastetxeen fundazio-erakundea azkentzekoa (likidatze-bidean) eta fundazioa likidatzearen ondoriozko likidoaren destinoa zehaztekoa. Erabaki hori 2014ko ekainaren 20an Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez gauzatu zen (protokolo-zenbakia: 1176).
2.– Agintzea fundazioa azkentzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.
Bigarrena.– 2016ko urtarrilaren 19an, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren erregistroan sartu da Nuestra Señora del Carmen ikastetxeen fundazio-erakundea likidatzeko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua. Eskritura hori 2015eko abenduaren 24an egiletsi zen elkargoko notario Andrés María Urrutia Badiolaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1343).
Hirugarrena.– Eskritura publikoarekin batera dator honako hau ere: fundazioaren patronatuko idazkari likidatzaile Manuel María Uriarte Azkárragak 2015eko abenduaren 24an emandako ziurtagiria, Luis Alberto Loyo Martín presidentearen oniritzia duena, zeina 2015eko abenduaren 22an patronatuak egindako batzarraren aktari buruzkoa baita; batzar horretan honako erabakiak hartu ziren, aho batez:
1.– Fundazioaren likidazio-balantzea onartzea, baita egindako likidazio-eragiketen txostena ere.
2.– Fundazioaren likidazio-eragiketak onartzea, onartutako likidazio-egitaraua gauzatu ondoren, eta Bilboko Elizbarrutiko Seminarioari eta Kalimedes fundazioari ordaindu beharreko zenbatekoak ordaindu eta gero.
3.– Fundazioaren likidazio-prozedura amaitutzat ematea, fundazioaren ondasunen destinoaren gaineko erabakia bete ondoren.
Halaber, eskritura publikoarekin batera jarri dira fundazioaren ondasunen eta likidazioen eragiketen gaineko txostena eta fundazioaren likidaziotik ateratako soberakinaren destinoaren justifikazioa.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa.
Bigarrena.– Funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio espedienteari, eta, beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 35. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 31. eta 47. Artikuluak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 36. artikulua, eta fundazioaren estatutuak.
Hirugarrena.– 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluak xedatzen duenaren arabera, azkentzeko erabakiak edo, hala badagokio, hori erabakitzen duen ebazpen judizialak fundazioaren ohiko jarduerak amaitutzat emango ditu, eta hasiera emango die likidazio-eragiketei.
Artikulu horretan bertan adierazten denez, fundazioaren gobernu-organoak egingo du azkendutako fundazioaren likidazioa, Babeslaritzaren kontrolpean, betiere. Horretarako, fundazioaren gobernu-organoak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.
100/2007 Dekretuaren 36.6 artikuluak xedatzen du zein elementu izan behar dituen fundazioa likidatzeko eskritura publikoak.
Laugarrena.– Fundazioak likidatzeko aurreikusitako izapide guztiak bete dira. Halaber, egiaztatuta dago 2015eko abuztuaren 26ko Aginduan fundazioaren ondareetarako adierazitako destinoa izan dela.
Horregatik guztiagatik, kontuan hartu behar dira aurkeztutako likidazioaren egiaztagiriak eta amaitutzat jo behar da likidazio-prozesua, fundazioari dagozkion idazpenak deuseztatzearekin batera.
Aipatutako manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Bilboko Nuestra Señora del Carmen ikastetxeen fundazio-erakundearen likidazioa –bigarren aurrekarian zehaztu eskritura publikoan aurreikusitako zehaztapenekin bat datorrena–; inskribatzea likidazio-erabakia Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, eta agintzea fundazioaren erregistro-orria ezeztatzeko agintzea.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 2a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.