EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2016037

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 28koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskaltzaindiaren Alde Fundazioa/Fundación Pro-Euskaltzaindia-Real Academia de La Lengua Vasca delakoaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-01-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201600827
Maila: Agindua
Euskaltzaindiaren Alde Fundazioa/Fundación Pro-Euskaltzaindia-Real Academia De La Lengua Vasca delakoaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2015eko maiatzaren 15ean, Euskaltzaindiaren Alde Fundazioa/Fundación Pro-Euskaltzaindia-Real Academia De La Lengua Vasca delakoaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea jaso zen Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistro Orokorrean. Eskaerarekin batera, Bilboko Notario Juan Ramón Manzano Malaxechevarria jaunaren aurrean 2015eko maiatzaren 6an egiletsitako eskritura publikoa aurkeztu zen, bai eta espedienteko gainerako agiriak ere. «Real Academia de la Lengua Vasca/Euskaltzaindia» erakundea da fundazioaren fundatzailea.
2015eko uztailaren 2an eman zitzaion sarrera, Herri administrazio eta Justizia Saileko Erregistro Orokorrean, gainontzeko dokumentazioari, aurrez igorritako eskritura publikoan agertzen zen akats materiala zuzentzeko.
Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, 2015eko urriaren 6an, akatsak zuzentzeko errekerimendua bidali zion Fundazioen Erregistroak erakunde eskatzaileari. 2015eko urriaren 29an aurkeztutako idazkiaren bidez zuzendu ziren akatsak.
Jatorrizko eskritura zuzendu zuten bi eskrituretatik bigarrenean, fundazioaren estatutuak aldatu ziren; beraz, azkenik, fundazioaren estatutuen testu osoa eta zuzena egiletsi zen, 2016ko urtarrilaren 22ko eskrituraren bitartez.
Bigarrena.– 2015eko abenduaren 2an Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen.
Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera:
«Fundazioaren xede nagusia »Real Academia de la Lengua Vasca/Euskaltzaindia" erakundearen helburuak zein jarduerak bultzatzea izango da.
Xede hori burutzeko fundazioak zehazki:
–Erakunde publikoen eta pribatuen laguntza eta elkarlana sustatuko du.
–«Real Academia de la Lengua Vasca/Euskaltzaindia»-k eginiko lanak zabalduko ditu. Horretarako, lankidetza loturak ezarriko ditu bai Europar Batasunarekin eta bere estatu- kideekin, bai bestelako estatuekin (euskaldunek horietan agerpenik badute), bai autonomia-erkidegoekin, bai akademiekin eta institutu nahiz erakunde publiko zein pribatuekin (estatu barrukoak zein nazioartekoak).
–«Real Academia de la Lengua Vasca/Euskaltzaindia»-ren jardunak enpresa-zientzia-, ekonomia eta, oro har, kultura alorreko pertsona ospetsuekin uztartuko ditu.
–Euskal hizkuntzaren alde lan egiten duten taldeen eta pertsonen iritziak, esperientziak, joerak eta ekarpenak bideratuko ditu eta horretarako batzarrak, ikastaroak eta sinposioak antolatuko dira.
–Bultzatuko ditu, batetik, «Real Academia de la Lengua Vasca-Euskaltzaindia» informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiltzera -informazioaren eta jakintzaren gizartean-, bestetik, hizkuntza baliabideen azpiegitura eraketa eta hizkuntza-corpusa gizarteari ekartzea.
–Gainontzeko edozein ekimen eta ekintza fundazioaren xedeak lortzeko bada. "
Laugarrena.– Estatutuen 4. eta 5. artikuluetan jasotakoaren arabera, fundazioak Bilbon izango du egoitza, Plaza Barrian, 15. zenbakian, eta, gehienbat, Euskal Autonomia Erkidegoan egingo ditu bere jarduerak.
Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako ondare-zuzkidura milioi bat ehun eta bi mila hirurehun eta hamazazpi euro eta hamabi (1.102.317,12) eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela-agiri bidez- jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.
Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira (2016ko abenduaren 31 arte):
Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio espediente hau ebaztea, agindu bidez. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.
Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-393 erregistro-zenbakiarekin–: Bilboko (Bizkaia) Euskaltzaindiaren Alde Fundazioa/Fundación Pro-Euskaltzaindia-Real Academia De La Lengua Vasca eratzea, eta baita Patronatuaren hasierako osaera ere (patronatu horretako kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira), 2015eko maiatzaren 6an Bilboko Juan Ramón Manzano Malaxechevarria notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan (632 protokolo-zenbakia) xedatu bezala. Eskritura hori zuzendu egin zen, 2015eko uztailaren 1ean, 2015eko urriaren 23an eta 2016ko urtarrilaren 22an, notario beraren aurrean egiletsitako eskritura publikoen bidez (947, 1344 eta 70 protokolo-zenbakiak, hurrenez hurren).
Bigarrena.– Fundazio hori, dituen bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 28a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.