EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2016034

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 8koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, honako lanpostu hauek izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia egiten duena: hezkuntza-administrazioaren menpeko lanbide heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendari-lanpostuak.

Xedapenaren data: 2016-02-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201600758
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak 11. artikuluko 5. paragrafoan ezartzen duenez, administrazio eskudunak izendatuko ditu hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko lanbide-heziketako ikastetxe integratuen zuzendariak, izendapen askeko sistemaren bidez, irakasle funtzionario publikoen artean, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioei jarraituz eta, aurretik, ikastetxeko kide anitzeko organoei galdetuta.
Ildo berekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 16. artikuluko 1. paragrafoa; han azpimarratzen denez, lanbide-heziketaren arloan esperientzia egiaztatua duten pertsonen artean beteko da titulartasun publikoko ikastetxe integratuen zuzendaritza, betiere izendapen askearen bitartez.
Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuan adierazten da, halaber, hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko ikastetxe integratuen kasuan, irakasle funtzionarioen artean egingo dela izendapen hori, zehazki abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan adierazten diren irakasle funtzionarioen artean (1558/2005 Errege Dekretua, Lanbide-heziketako ikastetxe integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituena). Gainera, dekretu horretan bertan adierazten denez, Euskal Eskola Publikoaren Legea bigarren aldiz aldatu zuen ekainaren 13ko 3/2008 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko ikastetxeetan, ikastetxe horien menpekoak diren eta irakasle funtzionarioen eginkizun edo lanpostu berberak betetzen dituzten lan-legepeko irakasle finkoak ere izendatu ahal izango dira, baldin eta lan-legepeko irakasleek osatzen badute ikastetxe horietako irakasle guztien ehuneko berrogeita hamar gutxienez.
2016-2017 ikasturtearen hasierarako, izendatuta behar dute hezkuntza-administrazioaren menpeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendariek, betiere ikastetxe horiek integratu gisa sailkatuta badaude. Izendapena apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoari jarraikiz egingo da.
Hortaz, berdintasun-, publikotasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioei jarraituz, deialdia egin behar da zuzendari-lanpostu horiek izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko, ikastetxeetan irakaskuntzaren bat ematen duten irakasle funtzionarioei zuzenduta edo lan-legepeko irakasleei zuzenduta, baldin eta azken horiek ikastetxeetako irakasle guztien ehuneko berrogeita hamar badira.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, eta apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 16. artikuluak Lanbide Heziketako sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Hezkuntza Sailaren titulartasuneko lanbide-heziketako ikastetxe integratu guztietako zuzendariak izendapen askeko sistemaren bidez izendatzea.
Bigarrena.– Parte hartzeko betebeharrak.
1.– Deialdi honetan onartua izateko, izangaiek honako baldintza hau bete beharko dute eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
– Bigarren Hezkuntzako Katedradunen, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoetako karrerako funtzionario izatea eta, lehentasunez, eskatutako lanpostuari dagokion ikastetxean irakasle-lana betetzea.
2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko lan-legepeko irakasle finkoek ere deialdian parte hartu ahal izango dute, baldin eta sail horren menpeko ikastetxeetan gutxienez irakasle guztien ehuneko berrogeita hamar osatzen badute eta eskatutako lanpostuari dagokion ikastetxean irakasle funtzionarioen eginkizun edo lanpostu berberak betetzen badituzte.
3.– Izangaiek zuzendaritza-proiektu bat aurkeztu beharko dute, 10 orritik 15era bitartekoa, honako alderdi hauek jasoko dituena:
a) Zer dakien ikastetxeaz, haren hezkuntza-komunitateak dituen premiez eta igurikimenez eta ekonomia- eta lan-inguruak ikastetxean duen eraginaz;
b) Helburu estrategikoen definizioa;
c) Helburuak lortzeko jarduera-lerro nagusien deskribapena eta beharko diren baliabideen gaineko aurreikuspena;
d) Ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak hobetzeko beharrezkoak diren curriculum-neurriak bultzatzea;
e) Barneko eta kanpoko eragileen parte-hartzea eta lankidetza;
f) Ebaluazioa sustatzea eta aldaketa kudeatzea.
Hirugarrena.– Parte hartzeko eskaerak.
1.– Eskabide-agiri bat aurkeztu beharko dute prozedura honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eta, han, ikastetxe bat baino ezingo dute eskatu deialdi honetako eranskinean zerrendatutakoen artean.
2.– Interesdunek eskuragarri izango dute eskabide-eredua Euskadiko Lanbide Heziketaren web-orrian:
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-805/es
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-805/eu/
3.– Eskaerak aurkezteko epea 2016ko apirilaren 15ean amaituko da.
4.– Eskabideak Lanbide Heziketako sailburuordeari zuzenduta aurkeztuko dira. Eskabideak, gainerako agiriekin batera, lehentasunez Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztuko dira, lanpostua eskatu den ikastetxeari dagokion hartan, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehazten diren tokietan eta eran (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Eskabidea eta gainerako agiriak postetxean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da postetxeko langileek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskaera-orriari. Hala egin ezean, aurreko lerrokadan ezarritako tokietan sarrera eman zaion eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
Laugarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Izangaiek eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:
a) Curriculum vitaea, eta lanbide-heziketaren arloko esperientzia justifikatzeko ziurtagiriak edo fotokopia konpultsatuak. Ez dira kontuan hartuko adierazitako merezimendu akademiko eta profesionalak, agiri bidez justifikatzen ez badira, ez eta aurretik adierazitako datuak ez dauzkaten agiriak ere.
Administrazioak edozein momentutan eska diezaieke interesdunei zalantzak edo kexak eragiten dituzten merezimenduak justifikatzeko.
b) Ebazpen honetako bigarren atalean adierazitako zuzendaritza-proiektuaren ale bat.
c) Lanbide-heziketako ikastetxe integratuko Irakasleen Klaustroaren akta-laburpena, aurkeztutako izangaiak aztertu diren batzarrarena.
d) Lanbide-heziketako ikastetxe integratuko Gizarte Kontseiluaren akta-laburpena, aurkeztutako izangaiak aztertu diren batzarrarena.
2.– Eragindako ikastetxeetako zuzendariek behar den epean egingo dute kide anitzeko organo horien ezohiko batzarretarako deialdia, hain zuzen ere denek aukera izan dezaten aurkeztutako izangaiak ezagutzeko.
Bosgarrena.– Lanpostuak esleitzea eta izendapena egitea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Lanbide Heziketako sailburuordeak gehienez hilabeteko epean ebatziko ditu izendapenak, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Banan-banan jakinaraziko zaie ebazpena izendatutako interesdunei, eta Euskadiko Lanbide Heziketaren web-orrian argitaratuko da:
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-805/es
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-805/eu/
2.– Izendapenak ebatzi ondoren, zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapena proposatuko diote izendatutakoek Lanbide Heziketako sailburuordeari. Horretarako, aurretik ikastetxearen kide anitzeko organoari jakinaraziko diote proposamenaren berri, lehenago egin ez badute.
Seigarrena.– Errekurtsoa.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa dagokion epaitegiren aurrean, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtsoak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 8a.
Lanbide Heziketako sailburuordea,
JORGE ARÉVALO TURRILLAS.