EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2016033

10/2016 DEKRETUA, urtarrilaren 26koa, «Arabako hegoaldeko Mendilerroak» (ES2110018) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatzen duena eta hari dagozkion kontserbazio neurriak onartzen dituena.

Xedapenaren zenbakia: 201600010
Xedapenaren data: 2016-01-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201600733
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/05/08an argitaratutako 2015/05/04ko EBAZPENA [201502014]

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko sei Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten BGLen zerrenda, 2004/813/EE eta 2006/613/EE erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Gune horien artean dago Toloño-Kantabria Mendilerroa KBEa (ES2110018), eskualde biogeografiko atlantikoan eta mediterraneoan.
Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta irailaren 21eko 33/2015 Legeak aldatu zuen Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.
Horiek horrela, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremuak izendatzeko ezarritako eskakizunak eta 2009/147/EE Zuzentarauak ezarritakoak betetze aldera, sakonago aztertu dira Arabako hegoaldeko Mendilerroak –bertan dago Toloño Mendilerroa–, eta eskala egoki batean adierazi da Batasunaren intereseko habitaten banaketa. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.
Arabako hegoaldeko Mendilerroen bereizgarritasunak direla eta –Toloño Mendilerroarenak barne–, komenigarria da mendialde horretarako berariazko dekretu-proiektu bat lantzea, bi babes-eremuok bildu (KBE eta Hegaztientzako BBE) eta biok batera kontserbatzeko tresna bakarra onartzeko.
Lan egiteko eskala hobetu denez, gunearen azterketa zehatzagoa egin ahal izan da eta, horren ondorioz, beharrezkotzat jo da kontserbatu beharreko Batasunaren intereseko habitat eta espezieei jarraitutasuna ematea eta ondoko lurralde mugakidearekiko konektibitatea hobetzea. Hortik etorri da Hegaztientzako BBEa Portilla mendilerrorantz eta Cabrera mendirantz zabaltzeko proposamena. Izan ere, bi mendilerro horiek funtsezkoak dira 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasota dauden zenbait hegazti-espezierentzat, bereziki Bonelli arranoarentzat (
Hegaztientzako BBEaren mugaketa berria administrazio honen eskumenekoa da; halaber lekuaren izendapena justifikatzen duten hegaztiei asaldurarik ekiditeko eta habitatak ez hondatzeko hartu behar diren neurriak finkatzea, Europako Batzordeak ezertarako esku hartu gabe. Alabaina, KBEaren mugaketa berriak Europako Batzordearen erabaki bidezko onespena behar du, benetan eraginkorra izango bada, eta horregatik ageri dira eremuaren bi mugaketa-lerroak KBEaren mugaketaren kartografian, Dekretuaren azken xedapenetatik bigarrenean agindutako eran gauzatuko baita mugaketa berria. Hala ere, KBEaren mugaketa berria geroago indarrean jartzeak ez du inolako ondoriorik kasu honetan, KBEaren eta Hegaztientzako BBEaren mugak eta araudi eta helburuak bateratu direnez gero, Dekretuak finkatzen dituen araudi eta helburuak Dekretua argitaratu orduko baitira aplikagarriak gunearen lurralde osoan. Gainera, beharrezkotzat jo da Dekretu honen I. eranskinean irudikatutako Babeserako Eremu Periferikoa zedarritzea, gunearen balioen aldetik nahikoa eta egokia izango den prebentzio-araubide bat ezartzeko.
Azken batean, eremuen bi tipologiak bakar batean biltzen dira, KBE/Hegaztientzako BBEa izango baita. KBE/Hegaztientzako BBE horrek «Arabako hegoaldeko Mendilerroak» izena hartuko du, eta ES2110018 kodea esleitu zaio.
Arabako hegoaldeko Mendilerroen multzoak duen ezaugarri bereizgarriena muga biografiko garrantzitsu bat ezartzea da, eskualde atlantikoa eta mediterraneoa bertan elkartzen baitira. Nagusiki ekialdetik-mendebalderanzko orientazioa duenez, geldiarazi egiten du itsasoaren eragin klimatikoa, eta horrek bertako landaredia baldintzatzen du: iparraldean atlantikoa da, eta hegoaldean mediterraneoa. Eremu horretan, Batasunaren intereseko 20 habitat-mota daude, gutxienez; horietatik, bederatzi lehentasunezkoak dira. Bertan 43/92/EEE Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetako 47 espezie eta 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskineko 33 espezie bizi dira, gutxienez.
Eremu gehiena Batasunaren intereseko baso-habitatek betetzen dute: pagadi azidofiloak iparraldean, eta erkameztiak eta artadiak hegoaldean. Azpimarratzekoak dira, halaber, hagin-basoak eta mendi-hegaleko baso mistoak, Batasunaren intereseko lehentasunezko habitatak osatzen dituztenak. Belardiak ere ugariak dira, eta horiek Batasunaren intereseko lehentasunezko zenbait habitat eratzen dituzte.
KBE/Hegaztientzako BBEko baso-inguruneak egokiak dira anfibioentzat; interes handiena dutenak honako hauek dira: gailurretako uhandrea (Ichthyosaura alpestris), hegoaldeko apo pintatua (Discoglossus jeanneae), zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea) eta baso-igel jauzkaria (
Eremuan, ehun hegazti-espezie baino gehiago biltzen dira; horietatik hogeita hamar bat 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasota daude eta eskualdearen interesekoak dira EAEn. Nabarmentzekoa da harrapari errupikolen multzoa, ugariak baitira sai arrea (
Horretaz gain, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera –Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera– igorri eta jakinarazitako datuekin. Gainera, xehetasun-azterketari esker habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, inprimakian adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela.Hori guztia Europako Batzordera bidaliko da, eguneratu dadin.
Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Parte hartzeko bideak zabalik egon dira izapidetze-prozesu osoan, publiko interesdunari komunikazioak helarazita ingurumen-organoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen web-orriaren bitartez:http://www.euskadi.eus/natura2000; guneari buruzko informazioa eguneratuta egongo da beti webgune horretan.
Arabako hegoaldeko Mendilerroak kontserbatzeko bitartekoak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE eta 2009/147/EE zuzentarauetan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.
Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, Dekretuak, izendapenaz gain, lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena argudiatzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak eta jarraipen-programa jasotzen ditu.
Bestalde, Legearen 22.5 artikuluaren lehenengo paragrafoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak «eremu horiek kudeatzeko jarraibideak eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du». Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie haien onespena - kasu honetan, Arabako Foru Aldundiari- eta Dekretu honetan Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen kontserbazio-helburuetan oinarriturik onartuko dira. Horretarako, Dekretu honen 3.2. artikuluan, azken xedapenetatik lehenengoan ezarritakoarekin bat, baimena ematen zaio Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari jarraibideak argitaratzeko, Arabako Foru Aldundiak onartu ondoren eta aginduan ezarritako baldintzetan.
Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen Testu Bateginaren 19.1 eta 22.5 artikuluetan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45.1 artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2016ko urtarrilaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua eta lurralde-eremua
1.– «Arabako hegoaldeko Mendilerroak» Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen da. Horrek eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak «Arabako hegoaldeko Mendilerroak» (ES2110018) osatzen dute, Arabako Lurralde Historikoan.
2.– KBEaren mugaketa Dekretu honen I. eranskinean jasotakoa da, hurrenez hurren eskualde biogeografiko atlantikoko eta mediterraneoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duten Europako Batzordearen 2004/813/EE eta 2006/613/EE erabakiekin bat.
3.– Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako mugaketa zabaldu egingo da, I. eranskinean jasotako mugetaraino, Europako Batzordeak onetsi ondoren.
4.– Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren mugaketa Dekretu honen I. eranskinean jasotakoa da, eta bat dator KBEarekin eta hori zabaltzeko eremuarekin. Eranskin horrek ere Babeserako Eremu Periferikoa jasotzen du, Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 19.2 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.
5.– Onartu egiten dira KBEa eta Hegaztientzako BBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.
2. artikulua.– Helburua.
1.– Arau honen xedea honako hau da: KBE/Hegaztientzako BBEan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.
2.– KBE/Hegaztientzako BBEan, honako araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE eta 2009/147/EE zuzentarauetan ezarritakoa eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.
3. artikulua.– Kontserbazio-neurriak.
1.– Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4 artikuluarekin bat, II. eranskinak izendapena argudiatzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoeraren ebaluazioa, eremu horren kontserbazio-helburuak, kontserbaziorako erregulazioak eta jarraipen-programa jasotzen ditu.
2.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren Ebazpenak ezarrita, Arabako Foru Aldundiak eremu hori kudeatzeko onartu dituen kudeaketarako jarraibideak eta neurriak Dekretu honen eranskin gisa argitaratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 22.5 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.
4. artikulua.– Funtsezkoa ez den berrikuspena edo aldaketa.
II. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarritakoari jarraikiz; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.
5. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen araubidea.
Dekretu honen eraginpeko naturagune babestuei ezarri beharreko zehapen-araubidea honako hauek arautatutakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio Dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko Arabako Foru Aldundiak eremu hau kudeatzeko onartu dituen jarraibide eta neurriak, Dekretuaren 3.2 artikuluak ezarritakoa betetze aldera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, KBEaren mugaketa eguneratzea izan ezik, Europako Batzordeak horren gainean hartzen duen erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko baita indarrean zati hori.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko urtarrilaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
URTARRILAREN 26KO 10/2016 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
KARTOGRAFIA
URTARRILAREN 26KO 10/2016 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
ARABAKO HEGOALDEKO MENDILERROAK (ES2110018) KBE-ARI ETA BBE-ARI DAGOZKIEN INFORMAZIO EKOLOGIKOA, KONTSERBAZIO HELBURUAK, KONTSERBAZIO ARAUAK ETA SEGIMENDU PROGRAMA