EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2016032

ERABAKIA, 2016ko otsailaren 4koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, zeinaren bidez UPV/EHUren zerbitzuen kartaren eredurako arautegi berria onartzen baita.

Xedapenaren data: 2016-02-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201600709
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2011/12/28an argitaratutako 2011/10/13ko AKORDIOA indargabetzen du [201106271]

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak UPV/EHUren zerbitzuen kartaren eredurako arautegia onartuz 2011ko urriaren 13an hartutako erabakiaren babesean, bi deialdi egin dira zerbitzuen kartak egiteko eta zerbitzuen bederatzi karta onartu dira.
Arautegi hau aplikatuz urte hauetan metatutako esperientziak agerian jarri du arauok eguneratzeko premia, beroriek argiago, ordenatuago eta eraginkorragoak izango badira, zerbitzuen kartak UPV/EHUren antolaketa unitate guztietan sistematikoki ezartzeko helburua hartuta. Halaber, soildu egin dira artikuluak eta tramitazioa eta bermatzen dira publizitatea eta gardentasuna. Beste alde batetik, zerbitzuen karta osatzeko gidaliburua gaindituta geratu da. Zerbitzuen kartak egiteko UNIKUDE aplikazio informatikoak orain egitura homogeneoa ematen die karta guztiei eta areago identifikatzen ditu UPV/EHUrekin, beren garapena eta gestioa bizkortzen eta errazten dituelarik.
Ahalegin horretan bat egin du idazkaritza nagusiak, administrazioaren berrikuntza eta modernizazioaren zerbitzua bitarte. Elkarlanean aritzen dira egun Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuarekin, Gradu Ikasketen eta Irakaskuntza Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzari atxikitako zerbitzuarekin.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuak onartzen dituen otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren 177.1.d) artikuluak dio Gobernu Kontseiluaren eskumena dela «Politika akademikoaren ildo nagusiak ematea eta ikasketen nahiz ikerketaren kudeaketa, antolamendu eta plangintzarako arau orokorrak onartzea».
2015eko abenduaren 17ko bileran, idazkari nagusiak UPV/EHUren zerbitzuen kartarako ereduaren arautegi berria aurkeztu zuen gobernu kontseiluaren aurrean eta erabaki zen epe bat zabaltzeko, 2016ko urtarrilaren 15era arte, zuzenketak aurkeztu ahal izateko. Epe hori iraganda, ezelako zuzenketarik ez da jaso.
Hori guztia kontuan hartuta, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Onartzea UPV/EHUren Zerbitzuen Karten Ereduaren Arautegia, eranskinean agertzen den terminoetan.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Hirugarrena.– Arautegi hau argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Leioa, 2016ko otsailaren 4a.
Errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Idazkari nagusia,
JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.
ERANSKINA
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ZERBITZUEN KARTEN EREDUA
HITZAURREA
2011ko urriaren 13an Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiaren bidez, UPV/EHUko Zerbitzuen Karten ereduaren arautegia onartu zen eta, horrela, oinarri juridikoa ezarri zen UPV/EHUko administrazio ataletarako Zerbitzuen Karten eredu propioa ezartzen joateko modu sistematikoan.
Araudi hura oinarri hartuta, bi deialdi egin dira Zerbitzuen Kartak egiteko. Lehenengo deialdia gerenteak 2012ko urtarrilaren 9an emandako aginduaren bidez egin zen, eta orduko hartan 9 karta onartu ziren. Ondoren, 2013ko maiatzaren 10ean gerenteak emandako aginduaren bidez, bigarren deialdia egin zen eta horren babesean aurkeztutako kartak onartze prozesuan daude.
Zerbitzuen Karta bide izan da parte hartu duten administrazio ataletan kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren kultura zabaltzeko. Baliagarria izan da, bestalde, atal horietako prozesuak eta jarduerak zehazteko, eta erabiltzaileekiko konpromisoak hartzeko.
Prozesua positiboa eta emankorra izan bada ere, arautegia ezartzean ikusi da ereduaren araudia aldatu eta eguneratu beharra dagoela gauzak argiago, ordenatuago eta modu eraginkorragoan azaltzeko. Urte hauetan izandako esperientziaren ondoren, ikusi da, era berean, testua berregituratu eta berriz idatzi beharra dagoela, Zerbitzuen Kartak UPV/EHUko atal guztietara zabaldu ahal izateko.
2012-2017 aldirako Plan Estrategiaren IV. ardatzean, Gobernantza eta Kudeaketari buruzkoan, jasotako lehenengo bi ekintzetan zehaztuta dago prozesu bidezko kudeaketa sistema sinple eta arinaren hedapena eta ezarpena ezarriko dela unibertsitateko antolaketa atal guztietan, eta Gobernu Kontseiluak onartutako Zerbitzuen Kartaren eredu propioa ezarriko dela atal guztietan. Horrela, bada, Zerbitzuen Kartaren araudi berriaren helburua da Plan Estrategikoan jasotako ekintza horiek betetzea.
Arautegi honen bidez, bestalde, parte hartze prozesua eta kartak betetzekoa sistematizatu eta estandarizatu nahi da, bai eta jarraipena, berrikuspena eta ebaluazio egitekoa ere. Esperientziak erakutsi digu paperean argitaratutako gidaliburua zaharkitua geratu dela, egun badagoelako kalitatearen gestiorako baliabide berri eta egokiagorik. Hain zuzen ere, UNIKUDE Zerbitzuen Karta aplikazioa garatu da karta guztiek egitura bera izan dezaten eta UPV/EHU identifikatzeko bide emango duena. Gainera, baliabide horren bidez erraztu egin nahi da Zerbitzuen Kartak osatzeko, jarraipena egiteko eta berrikusteko prozesua, eta antolaketa atalen etengabeko hobekuntzarako lagungarri izatea espero da.
UPV/EHUn Zerbitzuen Karta ezartzeko zereginari Idazkaritza Nagusia gehitu zaio Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuaren bidez, eta, horrela, bada, laguntza emango dio Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuari (Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko Errektoreordetzari atxikitako zerbitzua).
Beraz, araudi honen bidez lortu nahi da UPV/EHUko administrazio atal guztien lana gero eta eraginkorragoa eta efikazagoa izatea eta zerbitzuek kalitatearen konpromisoa hartzea.
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Helburua.
Arautegi honen xedea da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen zerbitzuen kartak egiteko, onartzeko, argitaratzeko eta jarraipena egiteko prozedura arautzea
2. artikulua.– Ezarpen eremua.
Arautegi honetan jasotako xedapenak UPV/EHUko administrazio atal guztiei aplikatuko zaizkie, zerbitzuak unibertsitaterako bertarako zein kanporako eskaintzen dituztenei, eta, betiere, nortasun nahikoa badute eta esleitutako jarduerak eta eginkizunak garatzeko berezko baliabideak badituzte, eta unibertsitateko indarreko organigrama eta lanpostuen zerrendarekin bat badatoz.
3. artikulua.– Definizioa.
Arautegi honen ondorioetarako, Zerbitzuen Karta dokumentu bat da UPV/EHUko administrazio atalek erabiltzaileei gai hauei buruzko informazioa emateko erabiliko dena: atalak kudeatzen dituen zerbitzu publikoak, eta betetzen dituen jarduerak, erabiltzaileek horien inguruan dauzkaten eskubideak, eta zerbitzuak betetzean eskaini beharreko kalitate konpromisoak.
II. TITULUA
ZERBITZUEN KARTEN EGITURA ETA EDUKIA
4. artikulua.– Egitura eta edukia.
1.– Zerbitzuen Kartan modu argi eta errazean azalduko dira edukiak, erabiltzaileek ulertzeko moduan, eta atal hauek izango ditu:
1.1.– Informazio orokorra eta lege arlokoa:
1.1.1.– Identifikaziorako datuak, erantzukizunak eta lan taldeak.
1.1.2.– Administrazio atalaren helburua eta eskaintzen dituen jarduerak.
1.1.3.– Lege oinarriak.
1.1.4.– Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.
1.1.5.– Erabiltzaileen parte hartzea, eta iradokizunak, kexak eta erreklamazioak aurkezteko bidea.
1.2.– Eskainitako kalitate konpromisoak:
1.2.1.– Eskaintzen diren kalitate mailak edo kalitate estandarrak: kalitate faktoreak.
1.2.2.– Gizarte konpromiso eta erantzukizunari begirako gogoetak, honako hauei begira: genero berdintasuna, irisgarritasuna, ingurumen neurriak, laneko arriskuen prebentzioa eta hizkuntza erabiltzeko irizpideak.
1.3.– Zuzentze neurriak:
1.4.– Zerbitzuen Kartaren inguruko komunikazioa: argitaratzea eta hedatzea.
1.5.– Jarraipena eta etengabeko hobekuntza zikloak.
2.– Egitura hau egokitu ahal izango da eredua eguneratzeko, oinarri hartuta barneko faktoreak eta kalitateko kanpoko erreferenteak; horretarako, idazkari nagusiak erabakia eman beharko du aldez aurretik Gobernu Kontseilua alde agertuta.
3.– Zerbitzuen Kartek egitura berdina izan dezaten, eta gestioa errazte aldera, zerbitzuen karta egingo duen administrazio atalak UNIKUDE (Zerbitzuen Karta) aplikazioaren bidez osatu beharko du, edo etorkizunean UPV/EHUk kalitatearen gestiorako ezar lezakeen beste baliabide baten bidez.
III. TITULUA
ZERBITZUEN KARTA EGIN ETA ONARTZEA
5. artikulua.– Zerbitzuen Karta egiteko prozesuan parte hartzeko konpromisoa.
Zerbitzuen Karten prozesuan parte hartu ahal izateko, administrazio atalek honako konpromisoak hartu behar dituzte:
1.– Lan taldea osatzea zerbitzuen karta egin eta, ondoren, jarraipena egiteko.
2.– UPV/EHUk helburu horretarako antolatutako prestakuntzan parte hartzea.
3.– Zerbitzuen Karta egitea.
4.– Zerbitzuen Karta egin ondoren, edukia ebaluatzen uztea.
5.– Onartu ondoren, Zerbitzuen Karta argitaratzea.
6.– Zerbitzuen Kartaren etengabeko jarraipena egitea.
7.– Zerbitzuen Karta urtero berrikustea, eta hobekuntzarako jarduera plana diseinatzea.
8.– Zerbitzuen Karta eguneratzea.
6. artikulua.– Deialdia eta parte hartuko duten administrazio atalak aukeratzea.
1.– Idazkari nagusiaren erabakiaren bidez, Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuak argitara emango du deialdia unibertsitatearen iragarki oholetan, Zerbitzuen Karta egin nahi duten UPV/EHUko administrazio atalek parte har dezaten. Deialdian jasota egongo da eskariak aurkezteko epea; eskariek administrazio ataleko errektoreordearen edo gerenteordearen sinadura izan beharko dute eta Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuari zuzendu beharko zaizkio.
2.– Idazkari nagusiak, deialdiaren erabakian, partaide kopurua zehaztu ahal izango du, bai eta irizpideak ere eskarien hurrenkera zehazteko. Edozelan ere, bermatuko da hiru campusetako parte hartzaileak izango direla.
3.– Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuak egiaztatuko du eskariek arautegi honetan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela. Akatsik ikusiz gero, zerbitzu horrek eskaria egingo dio dena delako administrazio atalari eskariko akatsak zuzentzeko.
4.– Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuak aurkeztutako eskarien berri emango dio idazkari nagusiari, eta onartuen eta baztertuen zerrenda arrazoitua bidaliko dio.
5.– Idazkari nagusiak erabakiko du zein eskari onartzen den eta zein baztertu; iragarki oholean argitaratuko da erabakia eta eskaria egin duten administrazio atalei jakinaraziko zaie.
7. artikulua.– Lantaldea.
1.– Zerbitzuen Karta egiteko, lantaldea osatuko da, eta talde horrek gidatu eta bultzatu beharko du prozesua administrazio atalean.
2.– Administrazio ataleko buruaren ardura izango da lantaldea osatu eta koordinatzea.
3.– Lantaldean administrazio atalera atxikitako lanpostuen ordezkari organikoak zein funtzionalak egon behar dira. Hau da: lantaldeko kideek ataleko jardueren, eskainitako zerbitzuen eta barne prozesuen jakitun egon behar dute. Gutxienez taldeko kideetako batek erabiltzaileekin eta helburu diren entitateekin harreman zuzena izan behar du.
4.– Lantaldearen eginkizunak hauek dira:
4.1.– Karta osatzeko lan-plana zehaztea.
4.2.– Zerbitzuen Karta egitea.
4.3.– Zehaztea jarduerak, konpromisoak eta helburuak eta kalitate adierazleak.
4.4.– Administrazio ataleko gainontzeko kideei informazioa ematea eta karta egiteko prozesuan parte hartzera bultzatzea.
5.– Lantaldea karta egiten hasi orduko sortu behar da, hasieran emango den oinarrizko prestakuntzarako ikastaroan zehaztutako epean.
6.– Lantaldeak gutxienez 3 kide izango ditu eta, gehienez, 6, barne hartuta administrazio ataleko arduraduna, betiere, salbuespenak salbuespen eta kontuan hartuta ataleko kide kopurua.
7.– Lantaldearen osaera taldea eratzeko aktan jaso beharko da, horretarako deitutako bileran: bilera administrazio ataleko arduradunak deitu behar du, gutxienez 48 ordu lehenago, eta ataleko kide guztiei egin beharko die deia. Aktan, besteak beste, honakoak jasoko dira: taldeko kide bakoitzaren izen-abizenak, lanpostua eta sinadura.
8.– Taldea eratzeko akta Administrazioren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzura bidali beharko da, oinarrizko prestakuntzako ikastaroan adierazitako epean.
9.– Lantaldearen ardura da, bada, administrazio atalaren Zerbitzuen Karta egitea. Ataleko kideek, baina, karta egiteko prozesuan parte hartuko dute eta laguntza emango dute.
8. artikulua.– Zerbitzuen Karta egiteko prestakuntza eta aholkularitza.
1.– Administrazio ataleko kideek oinarrizko prestakuntza hartuko dute, Zerbitzuen Kartaren edukiei eta helburuei buruzkoa. Lantaldeak, bestalde, karta egin behar duenez, prestakuntza berezitua hartuko du.
2.– Prestakuntza karta egin ahala hartuko da. Administrazio atalak prestakuntzan aurrera egin ahala osatuko du Zerbitzuen Karta, hau da: prestakuntzan ikasitakoa praktikan jarrita eta saio bakoitzean proposatutako jarduerak beteta osatuko du Zerbitzuen Karta.
3.– Ikasketa, Plangintza eta Prestakuntza Kabineteak Langileen Atariaren bidez egingo du Zerbitzuen Kartak egiteko xedez antolatuko diren ikastaroetarako deia, eta ikastaroen fitxak eta bertaratze ziurtagiriak egingo ditu. Prestakuntza hori aipatutako kabineteak egiten duen prestakuntza eskaintzaren barruan egongo da, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Prestakuntza Plan Nagusiari eta araudiari jarraituz.
4.– Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren ardura da Zerbitzuen Karta osatzeko egingo diren prestakuntza ikastaroak diseinatzea (egitura, edukiak, materiala eta iraupena), ikastaroak ematea, bertaratzea kontrolatzea eta gogobetetze inkesten bidez ikastaroaren ebaluazioa egitea.
5.– Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren ardura da, era berean, Zerbitzuen Kartak egiteko aholku ematea.
9. artikulua.– Zerbitzuen Kartaren edukiaren ebaluazioa. Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren txosten teknikoa.
1.– Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuak, deialdi bakoitzean, epea ezarriko du Zerbitzuen Kartak bukatzeko. Epea bukatuta, zerbitzuak karten edukiak ebaluatuko ditu.
2.– Edukiaren ebaluazioa egiaztapenerako barne prozesua da, karta behin betiko onartu aurretikoa, eta Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuak egiaztatzen du Zerbitzuen Karta bat datorrela arautegi honetako 4. artikuluan zehaztutako egitura eta edukiekin.
3.– Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuak txosten teknikoa emango du, eta adieraziko du zein karta onartu behar den (txostenari zerbitzuaren karta erantsiko zaio), eta kartaren batek ez badu ebaluazioa gainditu, txosten arrazoitua egin beharko du. Txosten teknikoa (karta erantsita) Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzura bidali behar da.
10. artikulua.– Zerbitzuen Kartak onartzea.
Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuak Idazkaritza Nagusira bidaliko ditu aldeko txostenak eta zerbitzuen kartak, behin betiko onartuak izan daitezen. Idazkari nagusiak erabakia emango du kartak onartzeko eta bi urteko indarraldia izango dute. Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuak erabakiaren berri emango dio administrazio ataleko arduradunari, bai eta gerenteari ere.
11. artikulua.– Argitaratzea eta zabalkundea ematea.
Zerbitzuen Karta eta hura onartzeko erabakia UPV/EHUren iragarki oholean argitaratuko ditu Administrazioaren Berrikuntza eta Modernizazioaren Zerbitzuak. Era berean, onartutako Zerbitzuen Kartak Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren web gunean argitaratuko dira, horretarako dagoen atalean.
Bestalde, administrazio atal bakoitzak bere Zerbitzuen Karta zabaltzeko egoki iruditzen zaizkion jarduerak egingo ditu, eta bermatu egingo du erabiltzaileek kartaren edukia ikusteko aukera daukatela. Lehenik eta behin, Interneten argitaratu behar da, eta administrazio atalak jendaurreko zerbitzua baldin badauka, jendeak ikusteko moduko lekuan egon behar da jarrita.
IV. TITULUA
ZERBITZUEN KARTEN JARRAIPENA, BERRIKUSPENA ETA EGUNERATZEA
12. artikulua.– Zerbitzuen Karten jarraipena.
UPV/EHUko administrazio atalak etengabeko jarraipena egingo du kartan adierazitako konpromisoak betetzen ari direla egiaztatzeko; era berean, konpromiso horiek ez betetzeagatik hartutako erreklamazioen jarraipena ere egin beharko du. Horretarako, urtean zehar, modu sistematikoan bilduko ditu kartan adierazitako adierazleei buruzko datu kuantitatibo eta kualitatiboak.
13. artikulua.– Zerbitzuen Karten berrikuspena.
1.– Zerbitzuen Karta urtero berrikusi behar da, eta horren bidez administrazio atalak ebaluazioa egiten du ikusteko zein heinean bete diren kartan jasotako konpromisoak. Horretarako, jarduerak aztertu beharko dira, adierazleen arabera lortutako emaitzak, konpromisoak ez betetzeagatik hartu diren erreklamazioak, erabiltzaileen gogobetetze maila... Prozesu horren helburua da indarguneak eta hobetu beharrekoak zehaztea, hartara konpromisoak bete ahal izateko eta zerbitzu hobea, eraginkorragoa eta efektiboagoa eskaintzeko.
2.– Urteko lehenengo hiruhilekoan, administrazio atalak gestioaren autoebaluazioa egingo du eta Zerbitzuen Kartaren berrikuspen txostena; bertan jaso beharko dira konpromisoen emaitzak eta barne gestiokoak, bai eta ikusi diren gorabeherak eta aurreikusitako ekintzak ere (hobekuntzarako egindako jarduerak eta egiteke daudenak); horrez gain, hurrengo urterako jarduera plana ere zehaztu beharko da.
3.– Administrazio atalak berrikuspen txostena argitaratu behar du Zerbitzuen Kartarekin batera, karta argitaratzeko erabili diren bideetatik.
14. artikulua.– Zerbitzuen Kartak eguneratzea.
Zerbitzuen Karta aldian-aldian eguneratu behar da. Argitara eman eta bigarren urtean, bat etorrita bigarren berrikuspenarekin, bi urteetan lortutako emaitzak aztertuko dira, bai eta arautegian izandako aldaketak eta kanpoko ebaluazioan (horrelakorik eginez gero) lortutako emaitzak ere. Hori guztia kontuan hartuta, berritu egingo da edukia, eta, egoki izanez gero, Zerbitzuen Kartaren egitura, eta berriz onartuko da eta argitaratu, arautegi honetako 7. artikuluan eta 9-11 artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.
V. TITULUA
KANPOKO EBALUAZIOA ETA ZIURTAGIRIAK
15. artikulua.– Kanpoko ebaluazioa eta ziurtagiriak.
1.– Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren proposamenari jarraituz, administrazio atalak kanpoko ebaluazioa eskatu ahal izango du.
2.– Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuak erabakiko du kanpoko zein erakundek egingo duen ebaluazioa ziurtagiria lortze aldera, eta bermatu beharko da modu objektiboan ebaluatuko duela Zerbitzuen Karta.
3.– Kanpoko erakundeak ebaluazioa burutu eta txostena egingo du, planteamenduari eta lortutako emaitzei buruzkoa.
4.– Zerbitzuen Kartak betetzen baldin baditu kanpoko erakundeak eskatutako baldintzak eta ebaluazio prozesua gainditzea lortzen badu, administrazio atalak ziurtagiria eskuratuko du, indarraldia zehaztua izango duena, eta atalak ziurtagiri hori erabili eta zabaldu ahal izango du.
5.– Ziurtagiriaren indarraldia bukatu ostean, Zerbitzuen Karta berrikusi eta eguneratua berriz aurkeztu beharko da kanpoko ebaluaziora, berriz ere ziurtagiria lortzeko.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
Bigarren deialdian egindako Zerbitzuen Kartak (gerenteak 2013ko maiatzaren 10ean emandako aginduari jarraituz egindakoak) araudi honi jarraituz onartuko dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Gerenteak onartutako Zerbitzuen Karten berri eman ahal izango die langile funtzionarioen lan baldintzak arautzeko hitzarmeneko eta lan kontratudunen hitzarmen kolektiboko plangintza batzordeei.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
UPV/EHUko Zerbitzuen Karten ereduak, araudi honen bidez arautuak, ez du helburu UPV/EHUko langileen lana ebaluatzea, eta ez da izango langileen lana ebaluatzeko elementu nagusia, ez eta bigarren mailakoa ere.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Zerbitzuen Kartak prestatu eta aplikatzerakoan, egun dauden organigrametatik eta lanpostuen monografietatik abiatu behar da, eta horiek indarrean dauden xedapenetan jasotako bideen bitartez bakarrik aldatu ahal izango dira.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Zerbitzuen Kartak aldian-aldian berrikustean egindako hobekuntzek ezin dute eragin egitura aldaketarik edo ataleko langileen monografietan jasota ez dagoen eginkizunik zehazterik.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Indarrik gabe geratzen da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2011ko urriaren 13an hartutako erabakia, UPV/EHUko Zerbitzuen Karten ereduaren arautegia onartzekoa.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Eskumena ematen zaio idazkari nagusiari araudi hau betearazteko beharrezkoak diren egintzak eta erabakiak hartzeko, betiere Gradu Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordeari entzun ondoren.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Eskumen horrek barnean hartzen du araudi hau eguneratu eta egokitzeko ahalmena, betiere, bere eskumenen babesean.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.