EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2016030

EBAZPENA, 2016ko urtarrilaren 21ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Donostialdeako Metroko Lugaritz-Easo tarteari buruzko informazio-azterlana behin betiko onartzen duena.

Xedapenaren data: 2016-01-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201600665
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/05/29an argitaratutako 2015/05/15eko EBAZPENA [201502380]

2012an onartu zen Donostialdeako Metroko Lugaritz-Anoeta tarteari buruzko informazio-azterlana, bertan definituta dago Lugaritzeko geltokiaren eta Anoetako geltokiaren arteko tartea, Lugaritz eta Morlans artean 4 geltoki berri izanik: Unibertsitatea, Matia, Erdialdea-Kontxa eta Easo.
Ondoren, 2013n onartu zuen Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Lugaritzen eta Morlansen arteko linea berriaren oinarrizko diseinua berraztertzeko erabakia; aldaketa horren ondorioz, informazio-azterlan berria idatzi eta izapidetu behar izan zen.
Informazio-azterlan honetan dago definituta saihesbide bidezko irtenbide bat, hau da, lurpeko tarte berri bat, Lugaritzeko geltokitik Morlanseko lurpeko tarteraino, hiriko behealdeetatik hurbila (Antiguo, erdialdea eta Amara); hor biltzen dira biztanleak, eta horrek eskuragarriago egiten du trenbide-sistema, beste hiru geltoki jarriko baitira: Bentaberri (Antiguo), Erdialdea-Kontxa eta Easo (gaur egun dagoenaren ordez).
Saihesbide berria 4.170 m luze da. Lugaritzeko geltokitik 100 m-ra hasi, hortik Antiguorantz jaitsi, Bentaberriko egoitza-zabalgunetik hurbil igaro, eta hor jarriko da lehen geltokia. Bide-trazadurak segituko du kostaldearekiko paraleloan, hiriaren erdialderaino, eta hor jarriko da proiektatutako bigarren geltokia. Hegoalderantz segitu, eta, oraingo geltokia igaro eta berehala, Easoko geltokira helduko da. Eta, azkenik, Morlanseko oraingo trenbideko lurpeko hasierako tartearekin konektatuko da.
Oro har, tarte horretan sestrak lur azpian segitzen dut; kalitate txarreko zorupeko materialak zeharkatu behar ez izateko sakonera eman zaio, eta, bertikalari begira, eraikinen zimenduetatik nahiko urrun jarri da; aurreikusita dago horretarako meatze-tunel bat egitea, 130 m-ko azken tartea izan ezik, Morlansen, lur gainean egingo baita.
Informazio-azterlana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduko 10.5 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2015eko maiatzaren 15eko Ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2015eko maiatzaren 29an eman zen argitara EHAAn eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, baita 2015eko uztailaren 13an ere, epea luzatzeko. Horrenbestez, behar besteko epean zehar egon da ikusgai Donostiako Udalaren iragarki-oholean.
Izapide horietan zehar, eduki desberdinetako alegazio eta iradokizunak aurkeztu dira. Horiek aztertu ondoren, hala behar izan denean aintzat hartu dira, banan-banan eman zaien erantzunetan jasota dagoen bezala. Bereziki, aipatu da partzialki onartu direla sei alegazio Donostiako Udalak eta Aieteko auzoko eraginpekoek aurkeztutako alegazioetatik.
Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko martxoaren 8ko Ebazpenaren bidez, Lugaritz-Anoetako proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen; adierazpen horretan, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarri, eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatu ziren.
2014ko uztailaren 15eko txosten baten bidez, ingurumen-organoak iritzi zion ez zela egin behar ez ingurumen-inpaktuaren beste ebaluazio bat, ez urtarrilaren 11ko 1/2008 LEDko beste izapiderik; horrenbestez, hainbat tartetarako egin zen 2012ko ekainaren 21eko ingurumen-inpaktuaren adierazpen bateratuak balio izango du proiektu honetarako, Lugaritz-Anoeta tartea barnean baitzegoen.
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute proiektua, eta egiaztatu dute teknikoki zuzena dela eta trenbideen arloko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 11. artikulutik 16.era bitartekoetan eta indarrean diren gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa ere.
Organo honek eskumena du Gobernu Kontseilurako gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraituz (dekretu hori abenduaren 30eko 248/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen).
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Behin betiko onartzea «Donostialdeko Metroaren informazio-azterlana. Lugaritz-Easo tartea», bai eta jendaurreko informazio- eta entzunaldi-espedientea ere.
Bigarrena.– Ingurumeneko sailburuordeak 2012ko ekainaren 21eko Ebazpenaren bidez emandako ingurumen-inpaktuaren deklarazioan jaso diren preskripzioak aintzat hartu beharko dira onartutako irtenbidea garatuko duten ondorengo eraikitze-proiektuetan, bai eta aurkeztu diren alegazioetarako emandako erantzun-txostenak ere.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo horri edo Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 21a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.