EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2016029

EBAZPENA, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baita Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 19.1 artikulua eta II. eranskina aldatzeko akordioa erregistratu, argitaratu eta gordailutzea (hitzarmenaren kode-zenbakia: 86002535012006).

Xedapenaren data: 2016-01-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201600638
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2008/08/13an argitaratutako 2008/07/17ko EBAZPENA aldatzen du [200804754]

AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2015eko abenduaren 18an, aipatutako Haurreskolak Partzuergoaren indarreko hitzarmen kolektiboa partzialki aldatzeko akordioari buruzko nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON Erregistroan (horren bidez haren 19.1 artikulua eta II. eranskina aldatu ziren), Negoziazio Batzordeko ordezkariek 2015eko abenduaren 10ean sinatuta.
Bigarrena.– Aipatutako akordioaren sinatzaileek pertsona bat izendatu dute gordailuaren, erregistroaren eta argitalpenaren eskaera izapidetzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua; 2015-10-24ko BOE), bat etorriz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuaren 11.1.i artikuluarekin (2014-04-24ko EHAA), hauei dagokienez: urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretua (2011-02-15eko EHAA) eta Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua (2010-06-12ko EHAA).
Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 12a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
JOSÉ JAVIER LOSANTOS OMAR.
AKORDIOA, HAURRESKOLAK PARTZUERGOAREN II. HITZARMEN KOLEKTIBOAREN 19.1 ARTIKULUARI ETA II. ERANSKINARI IDAZKERA BERRIA EMATEKOA (HITZARMEN-KODEA: 8602535 ZK.)
Eibarren, 2015eko abenduaren 10ean.
BILDUTA:
Haurreskolak Partzuergoaren aldetik:
Maite Larrañaga Orbea, Haurreskolak Partzuergoaren gerente gisa.
Langileen aldetik:
Eider Casanova Alonso, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritzaren % 68,08 duen LAB sindikatuaren ordezkari gisa.
Sonia Perez Arce, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritzaren % 21,28 duen STEE-EILAS sindikatuaren ordezkari gisa.
ADIERAZI DUTE:
2015eko ekainaren 17an (eta irailaren 15ean beste bat aurrekoa zuzentzeko) aurreakordio bat sinatu zutela Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 19. artikulua eta II. eranskina aldatzeko, Gobernu Kontseiluak onar zezan, abenduaren 23ko 5/2014 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuei buruzkoaren 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.
Azaroaren 25ean jakinarazi zaiela Gobernu Kontseiluak 2015eko azaroaren 24an egindako saioan adostutako akordioa, Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 19. artikulua eta II. erasnkina aldatzea baimentzen duena.
Onarpen hori ikusirik eta bi aldeek Langileen Estatutuaren 87. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako legitimazio-eskakizunak betetzen dituztenez
ERABAKI DUTE:
1.– Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 19. artikulua eta II. eranskinaren aldaketa onartzea. Aldaketa hori eranskin gisa erantsitako testu berriko baldintzetan zehaztu da eta artikulu hori ordeztuko du. Aldaketa hori aplikatzekoa izango da akordio hau sinatutakoan.
2.– Maite Larrañaga Orbea eskuordetzea haren tramitazioa egin dezan lan-agintaritzaren aurrean, akordio hau egoitza elektroniko bidez erregistratzeko eta gordailutzeko.
Eta jasota gera dadin eta ados daudela egiaztatzeko, bi aldeek sinatu dute.
Haurreskolak Partzuergoa Sindikatuak
AKORDIOAREN ERANSKINA:
Haurreskolak Partzuergoaren II. Hitzarmen Kolektiboaren 19. artikulua eta II. eranskina aldatu eta honela idatzita geratuko dira:
19. artikulua.– Urteko lanaldia.
1.– Kudeaketa alorreko pertsonalaren lan denbora.
Kudeaketa alorreko pertsonalaren urteko lanaldi normalizatua 1592 ordukoa izango da.
Hiru lanaldi-mota aukeratzeko aukera izango du langileak. Betiere aukera hori departamentuan desoreka sortzen ez badu eta zerbitzua bermatzen bada. Departemantu guztietako zerbitzua 08:30 eta 14:30 artean bermatuko da.
1) Lanaldi zatitua.
Astelehenetik ostegunera egingo da goizez eta arratsaldez, egunero 8 ordu eta 15 minutu. Bazkaltzeko etena egingo da gutxienez ordu erdikoa eta gehienez bi ordukoa.
2) Lanaldi jarraitua.
Astelehenetik ostiralera egingo da lanaldi jarraituan, egunero 7 ordu eta 15 minutuz. (221 lanegun urtean)
3) Lanaldi mistoa.
Astelehenetik ostegunera, 2 egunetan lanaldi zatitua eta beste 2 egunetan lanaldi jarraitua egingo da (astelehen eta asteazken edo astearte eta osteguna.
Lanaldi zatitu eta mistoan ostiraleko lanaldia 7 ordukoa izango da, udako lanaldian ezik 6 ordu eta 30 minutuko lanaldi jarraitua izango dela.
Lanaldi zatitu eta mistoan udako lanaldia 17 asteko iraupena izango du, ekainaren lehen edo bigarren astelehenetik hasita.
Sarrera eta irteera orduak honako hauek izango dira urtean zehar:
Urte osoko sarrera ordua: goizeko 07:30etatik 09:00ak arte.
Irteera ordua, bakoitzaren jardunaren araberakoa eguneko ordutegia egin eta gero eta bazkaltzeko etena errespetatuz horrela badagokio lanaldiaren arabera.
Lanaldi aukeraketa urte amaieran egingo da urteko egutegia aktibatzen den egunetik abian jarriko da eta urtebeteko konpromisoa hartuko du langileak. Ezingo dira urtean zehar lanaldi mota aldatu. Ordezkoak ordezkatzen duenaren egutegia egin beharko du.
Urte bakoitzeko egutegiaren arabera eta langile bakoitzaren lanaldiaren arabera finkatuko dira aukera askeko orduak.
II. ERANSKINA
KUDEAKETA-LANGILEEN EGUTEGIA ETA OPORRAK
1.– Egutegia.
Partzuergoak urtero azalduko du bere egoitzan, langileen ordezkaritzarekin negoziatu ondoren, kudeaketako alorreko pertsonalarentzako lan-egutegia.
Lanik gabeko egunak honako hauek izango dira:
– Urte osoko igandeak.
– Abenduaren 24a eta abenduaren 31.
– Urte guztiko larunbatak berreskuratutzat hartuko dira.
– Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ezarritako jaiak.
Halaber, Aste Santuan eta Gabonetan, berreskuratutako baimen bana izango da. Aldi baterako ezintasun egoeran edo amatasun egoeran egonez gero, baimen-egunak hartzeko eskubidea izango da.
Urtebeterako baino aldi laburrago baterako kontratatutako langileek, bai eta urte osoan lan egiten dutenek ere, urtean zehar berreskuratutako baimenen zati proportzionala hartuko dute.
2.– Oporrak.
Kudeaketako langileek eskubidea izango dute, lan egindako urte oso bakoitzean, hilabete natural bateko edo proportzioan dagozkien egunetako oporraldi ordaindua hartzeko.
Urte osoko lana egiten ez dutenen kasuan, oporraldiaren iraunaldia lanean hasi edo itzuli zirenetik urte horretarako abenduaren 31 arte igarotako denboraren proportziokoa izango da.
Oporrak ezingo dira eskudirutan konpentsatu, ez osorik, ez zati bat, non eta urtean zehar lanari utzi eta oporraldi osoa hartu ez den. Erretiratze-baldintza salbuetsita dagoenez, ez dagokio eskudiruzko ordainketarik. Lan-harremana amaitzeko arrazoia langilearen heriotza denean, eskubidedunei ordainduko zaie.
Oinarrizko hilabetea oporrak hartzeko abuztua izango da, eta hau erabiliko da egutegi eredua egiteko. Abuztua lehenetsiko da 15 egun hartzeko, gainerako 15 egunak langileak har ditzake urtean zehar, beti ere lanaren beharrak kontuan hartuta eta zerbitzu buruarekin adostuta.
Partzuergoak, lanaren beharrak aginduta oporrak hartzeko eguna aldatzen badu, 15 egun lehenago gutxienez adierazi beharko dio eragindako pertsonari, eta honek eskubidea du erabaki horrek eragindako gastuak kobratzeko, gastuen frogagiria aurkeztu ondoren.
3.– Aparteko orduak.
Enplegu-sorkuntzari laguntzeko, alderdi biek ahalik eta aparteko ordu gutxien (ohiko lanalditik kanpoko orduak) lan egitea erabaki dute; horretarako, irizpide hauek izan dira kontuan:
a) Ohiko aparteko orduak: denak eta guztiz kentzea.
b) Beharrezko aparteko orduak lan egitea, honako hauek gertatzen direnean: aurreikusi gabeko beharrak, lanera ez agertzea, lan-etenaldiak, langile-txanden aldaketak, bai eta jarduerak edo lanak eragindako beste zenbait egitura-egoera ere. Aparteko ordu horiek sartuko dira, baldin eta aldi baterako edo lanaldi partzialeko legezko kontrataziorik egin ezin bada.
Dena dela, aparteko orduen kopurua ezingo da langile bakoitzeko urteko 80 ordukoa baino handiagoa izan.
Aparteko orduak, oro har, atsedena hartzearekin konpentsatuko dira. Aparteko ordu bakoitzak ordu eta erdiko konpentsazio-atsedena hartzeko eskubidea emango du lanegunean egiten bada, eta 2 orduko konpentsazio-atsedena, salbuespeneko kasuetan, gauez, igandean edo jaiegunetan egiten bada.
Formazio, jardunaldi edo hezitzaileei zuzendutako saioak edo bilerak, aldez aurretik antolatuak daudenak, gutxienez 5 lanegun aurrerapenarekin, ez dira aparteko orduak kontsideratuko. Ordu hauek ordu malgu gisa hartuko dira eta egunean bertan edo hurrengo egunetan hartuko dira, ahal dela hilabeteko epean, beti ere Partzuergoa eta langileen artean adostasun batera iritsita.