EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2016026

AGINDUA, 2016ko otsailaren 1ekoa, Segurtasuneko sailburuarena, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen dituen eta Larrialdietan Koordinatuta Esku hartzeko Zerbitzua sortzen duen Agindua hirugarren aldiz aldatzekoa.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2016-02-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201600565
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2001/09/13an argitaratutako 2001/08/01eko AGINDUA aldatzen du [200105086]

Herrizaingo sailburuaren 2001eko abuztuaren 1eko Aginduari jarraituz, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboa onartu zen, eta Larrialdietan Koordinatuta Esku hartzeko Zerbitzua sortu zen (2001eko irailaren 13ko EHAA, 178. zk.). Agindu hura Herrizaingo sailburuaren 2007ko martxoaren 20ko Aginduak (2007ko apirilaren 16ko EHAA, 72. zk.) eta Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko urriaren 8ko Aginduak (2012ko urriaren 24ko EHAA, 207. zk.) aldatu zuten.
Azken urteotako esperientzia kontuan hartuta, taktika operatibo jakin batzuk berrikusi egin dira, gaur egungo errealitatera moldatzeko eta erantzunaren eraginkortasuna areagotzeko.
Berrikuspenean, taktika berriak sartu dira: a) SG10 taktika «Hiri-altzariak erretzea», SG1etik bereizteko asmoz: Hiriko/landako sutea; b) HA taktika «Hiriko eremuan arriskuak hautematea» (Fatxaden, teilatuen, zuhaitzen eta abarren erorketa-arriskua) eta c) IMV taktika «Biktima Anitzeko Gertakariak».
Bestalde, SOS Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Gunera egindako deian istripuari buruzko oinarrizko datuak berrikusi eta zabaldu dira. Suhiltzaileak mendiko erreskateko dagokion taktikan sartzen dira, erreskateko baliabide espezializatuak izan beharrarekin bat etorriz; eta tokiko poliziek dituzten eskumenen arabera automatikoki jokatu beharreko papera, eguneroko estaldura-ordutegia eta Ertzaintzarekin zein SOS Deiak zerbitzuarekin koordinatzeko gaitasuna aldatzen dira.
Zenbait taktikatan, suhiltzaileek egin beharreko lan espezializatua kontuan hartuta, segurtasun-eremua zehaztea haien esku geratzen da.
Azkenik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako Koordinatuta Esku hartzeko Zerbitzuak bete beharreko zeregina argitzen da, laguntzeko, koordinatzeko edo zuzentzeko baliabide gisa jardun behar duen kontuan hartuta, Larrialdiak Kudeatzeko 1/1996 Legearen 26. artikuluan aurreikusitakoa eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren antolaketa betez.
Taktika operatiboak berregitean, zerikusia duten erakundeen eta entitate publikoen eta pribatuen lankidetza izan dugu, betiere aipatutako Larrialdiak Kudeatzeko Legearen 25. eta 26.2 artikuluetan ezarritakoa betez. Era berean, taktika operatibo berriek Euskadiko Babes Zibilerako Batzordearen aldeko irizpena jaso zuten, 2015eko abenduaren 3an.
Hori guztia kontuan hartuta, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatu egiten dira Herrizaingo sailburuaren 2001eko abuztuaren 1eko Aginduaren eranskineko II. atalean aurreikusitako taktika operatiboak (Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemaren taktika operatiboak onartzen ditu Agindu horrek, eta Larrialdietan Koordinatuta Esku hartzeko Zerbitzua sortzen).
2.– Aldatutako taktika operatiboak horien eraginpeko zerbitzuei jakinaraziko zaizkie.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 1a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
ERANSKINA
TAKTIKA OPERATIBOEN ZERRENDA OROKORRA
1.– Mendia (Mendi):
– M1: Mendiko/landako edo/eta hirien kanpoaldeko erreskateak. Mendialdean, landan edo/eta hirien kanpoaldean dauden pertsonen denetariko erreskateak.
– M2: Mendian, landan edo/eta hirien kanpoaldean bilatzea. Mendian, landan edo hirien kanpoaldean desagertutako edo/eta galdutako pertsonen bilaketak.
– Koba: Lurpeko erreskateak, mendian edo landan, erreskateko bitarteko edo/eta teknika espezializatuak behar direnean.
2.– Uretan (Ura):
– U1: Itsas salbamendua (kanpoko urak). Itsaso zabalean pertsonak edota ondasunak salbatzea (baita nabigatzen ari diren ontzietako suteetako salbamenduak ere).
– U2: Itsasertzeko salbamendua. Itsasertzean edo kostaldean dauden pertsonak zein ondasunak salbatzea edo bertan dauden gorpuak berreskuratzea.
– U3: Salbamendua barruko uretan. Ibaietan edo urtegietan dauden pertsonak zein ondasunak salbatzea edo bertan dauden gorpuak berreskuratzea.
3.– Suteak (Sutegi):
– SG1: Hiriko/landako sutea. Hirian edota hiritartutako landa-eremuan sortutako sutea.
– SG10: Hiri-altzarien sutea.
– SG2: Baso-suteak. Basoan sortutako suteak.
4.– Salgai arriskutsuak garraiatzea: TPC/TPF.
Errepideko zirkulazioko edo trenbideko edozein istripu, salgai arriskutsuak tartean dituena:
– TPC1-TPF1 - Matxura edo istripua, garraioko ibilgailuari edo konboiari aurrera egitea galarazten diona, hala ere garraiatutako gai arriskutsuen edukitzailea egoera onean dago ez baita irauli edo errailetik atera.
– TPC2-TPF2 - Istripua gertatzean edukitzailea hondatu egin da edota irauli edo errailetik atera da, hala ere ez dago edukiaren ihesik edo isuririk.
– TPC3-TPF3 - Istripua gertatzean edukitzailea hondatu egin da eta edukiak ihesa edota isuria du.
– TPC4-TPF4 - Edukitzailea hondatuta edo sutan dago eta edukiak ihesa du, sugarrak eta guzti.
– TPC5-TPF5 - Edukiak eztanda egin du edukitzailea suntsituz.
5.– Industria:
– SG3: Industria-sutea. Jarduera industriala duen edozein enpresatan sortutako sutea, hiriguneetan zein landan.
– Kimika: Salgai arriskutsuak erabiltzen dituen enpresako gertakaria (oliobideak eta pirotekniak barne). Jatorri kimikoa duten istripuak dira, edozein enpresatan sor daitezkeenak, baita aitortzeko beharra dutenetan ere (SEVESO).
6.– Trenbidea:
– T1: Harrapatzea. Pertsonak zein ibilgailuak harrapatzea.
– T2: Errailetik ateratzea, elkar jotzea, talka edo sutea.
7.– Hegazkintza:
– Txoria 1: Aireontziak aireportutik kanpo izandako istripua. Aireontzi baten edozein istripu.
– Txoria 2A: Aireontzi baten istripua Vitoria-Gasteizko Aireportuan (Foronda).
– Txoria 2B: Aireontzi baten istripua Bilboko Aireportuan (Loiu).
– Txoria 2G: Aireontzi baten istripua Donostiako Aireportuan (Hondarribian).
8.– Hiria (Hiri):
– H1: Hiriko erreskatea. Hirian pertsonak erreskatatzea (Igogailuetan, barruko patioetan, etab. harrapatuta).
– HA: Hirian arriskuak hautematea (fatxadak, teilatuak, zuhaitzak eta abar erortzeko arriskua).
9.– Erradiologikoa:
– Garoña 0: Santa Maria Garoñako Zentral Nuklearreko instalazioetan gertatutako istripuak. Ez da kanpoko laguntzarik behar.
– Garoña 1: PENBU garatzea.
– Radium: Instalazio erradioaktiboak. Gai edo instalazio erradioaktiboak tartean direnean, TPC/TPF taktiketan ikusi ez direnak eta Santa Maria de Garoña Zentral Nuklearrari eragiten ez diotenak.
10.– Gasa:
– Gasa: Ihesa, sutea, eztanda. Gas hidrokarburoen (metanoa, propanoa, butanoa, gas naturala) ihesa, sutea edota eztanda gertatu den guztietan.
11.– Ingurumena:
– IGA: Airearen kutsadura.
– IGR: Ibai/urtegiaren kutsadura.
– IGM: Itsaso/itsasaldi gunearen kutsadura. Itsasoko urei eta mareak eragindako guneei eragiten die (itsasadarrak, estuarioak,...).
– IGT: Lurra kutsatzea – hondakinak. Lurrari eragiten dio, gainera nekazaritza, industria edo etxeko jatorria duen edozein hondakin mota ere ager daiteke.
12.– Meteorologia (Meteo):
1) Fenomeno meteorologikoei buruzko informazioa.
– Haizea: Haizeak.
– Galerna: Enbatak; Galernak.
– Elurra 1: Elurra.
– Itxaso: Itsasokoak-kostakoak.
– Beroa: Beroaldia.
– Hotza: Hotzaldia.
– Euria: Euriteak.
2) Fenomeno meteorologikoak kudeatzea:
– Uholde: Uholdeak.
– Elurra 2: Elurteak.
13.– Hornidura (Eraman).
– Eraman: Burutu beharreko ekintza guztiak, herritarrak eta beren ondasun materialak nahitaezkoaz, oinarrizkoaz eta beharrezkoaz hornitzeko (ezinbestez eta presako izaeraz).
14.– Luiziak - Lur-irristatzeak:
– Lurra: Lur-higidurek eragindako ezbehar-mota guztiak (luiziak, lur-irristatzea, etab.), baita lurperatuta egon daitezkeen pertsonen erreskatea ere.
15.– Ebakuazioa - Ostatua:
– Hotela: Ezbehar batek eragindako pertsonak ebakuatu edota ostatu eman beharra eskatzen duen egoera, edonolakoa.
16.– Urtegiak:
– Urtegi: Presa edo urtegiak apurtzean edota gainezka egitean gerta daitezkeen era guztietako ezbeharrak.
17.– Zirkulazio-istripuak (TG):
– TG1: Zauriturik ez duten zirkulazio-istripu guztiak.
– TG2: Zaurituak edota harrapatuta gertatutako pertsonak dituzten zirkulazio-istripu guztiak.
18.– Biktima anitzeko gertakariak (IMV):
– IMV: Tartean ibilgailu ugari edo/eta autobusak, trenak, itsasontziak, aireontziak dituzten istripu guztiak, edo kolapso estrukturalak, pertsona askori eragiten dietenak: hildakoak, zaurituak edo/eta harrapatuta geratu direnak.
19.– Lan istripuak (PG1):
– PG1: Kanpoko kausa baten bat-bateko ekintza edo ekintza bortitz batek eragindako gorputz-kalte guztiak edo jasandako lesioak, edozein dela kausa, lanagatik edo lana dela eta sortuta.
20.– Bide publikoetako istripuak (PG3):
– PG3: Bide publikoan gertatutako edozein istripu, zaurituak ere badituena.