EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2016024

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 4koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Galdakaoko (Bizkaia) Mercadillo zubia monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2016-02-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201600534
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipatutako eskumen hori baliatuta, uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Galdakaoko (Bizkaia) Mercadillo zubiak duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Galdakaoko (Bizkaia) Mercadillo zubia monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.
Bigarrena.– Hasiera ematea Galdakaoko (Bizkaia) Mercadillo zubia monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko aldiari; horrela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 84. eta 86. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1 zenbakian.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Galdakaoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa sailei, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari eta URA Uraren Euskal Agentziari ere, hain zuzen ere jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, herritar oro jakitun egon dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 4a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak barne hartzen du zubia bera eta haren ingurunea. Horrela, eremuak muga hauek ditu:
Iparraldean, jabetza pribatu baten muga eta alde horretako ibaiertza.
Ekialdean, zubiarekiko lerro paralelo bat, 40 metrora dagoena.
Hegoaldean, alde horretako ibaiertza, zubira doa bidea –errepidearekin bat egiten duen arte– eta jabetza pribatu baten muga.
Mendebaldean, azkenik, zubiarekiko lerro paralelo bat, 40 metrora dagoena.
b) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketaren arrazoia da Galdakaoko Mercadillo zubiaren balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren alorrean duena, bai ikusteko duen balioa. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berarekin batera dakar zubiaren inguruko lurrak eta sarbidea babestea, zubiaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak zubia bera ez ezik haren ingurunea ere barne hartzen du.
II. ERASKINA
DESKRIBAPENA
Galdakaoko Mercadillo zubia Bilbao eta Durango arteko bide historikoan dago, Ibaizabal ibaiaren harana zeharkatzen duen bidean, alegia. Hareharrizkoa da, eta lau zubi-begi dauzka.
Zubiaren euskarri, ibaiertzetako estribuak eta hiru zutarri daude. Zutarriak lodiak dira, oin errektangeluarra dute, eta harlangaitzez eginak daude ibaian behera, eta zubi-branka triangeluarrez ibaian gora. Zubi-brankek ertz irregularrak dituzte, hareharri-harlanduzkoak, eta bi gorputzekoak dira. Zubi-begi guztiek harlanduzko inpostak dituzte. Gangak harlangaitz erregularrez eginak daude, eta horretarako, flysch-eko harri xabalak erabili ziren. Arkuetako bazter-zokoak eta horma-atalak, berriz, landu gabeko harriz eginak daude.
Ganga guztiek tamaina desberdina dute. Hegoaldetik iparraldera, bigarrena da handiena, eta alboetan beste bi txikiago ditu; laugarrena itsututa dago. Hori dela eta, zubiaren plataformak malda bikoitza eta asimetrikoa dauka: bigarren gangaren gainean, tarte horizontal labur bat dauka, eta, bi estribuetan, sarrera-arrapalak, malda desberdinekoak. Zabalera dela eta, gurdiak noranzko batean bakarrik igaro zitezkeen, txandaka.
Bazterguneak ditu zubi-branken gainean, eta jatorrizko petrilaren ordez hormigoi-bloke bat jarri da, zubiaren osotasunarekin bat ez datorrena.
Eraikuntza-teknikak aintzat hartuta, esan daiteke zubia XVIII. mendearen bukaerakoa dela eta XVI. mendeko beste baten gainean eraiki zela.