EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2015024

240/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201500240
Xedapenaren data: 2015-12-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201600529
Maila: Dekretua
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak –Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak–, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena, sustatzeko eta bizkortzeko.
Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da Lanbide Heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako zuzentarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.
7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta herritartasun demokratikoa gauzatzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.
Urriaren 3ko 832/2014 Errege Dekretuak Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du, eta haren gutxieneko irakaskuntzak zehazten ditu. Dekretu horrek ordeztu egiten du maiatzaren 28ko 810/1993 Errege Dekretua, Farmazia Produktuen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren titulua arautzen zuena.
Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. zenbakiak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.
Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, betiere Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen urriaren 3ko 832/2014 Errege Dekretuaren babesean.
Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barnean hartuta).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, lehen iturria dira heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta bereganatu behar dituzten ikaskuntzaren emaitzak lortzeko.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRA
1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.
1.– Dekretu honek Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
2.– Ikastetxearen pedagogia- eta antolamendu-autonomiaren esparruan, hari dagokio ikastetxeko Ikasketa Proiektua ezartzea eta proiektu horretan landuko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko eta prestakuntza-moduluen programaziorako irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
3.– Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
II. KAPITULUA
TITULUAREN IDENTIFIKAZIOA ETA LANBIDE-PROFILA
2. artikulua.– Tituluaren identifikazioa.
Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:
– Izena: Farmazia-produktuen, bioteknologikoen eta antzekoen fabrikazioa.
– Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.
– Iraupena: 2.000 ordu.
– Lanbide-arloa: Kimika.
– Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.
– Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.
3. artikulua.– Lanbide-profila.
1.– Titulu honen konpetentzia orokorra hau da: farmazia-produktuak, bioteknologikoak eta antzekoak fabrikatzeko, egokitzeko eta biltegiratzeko eragiketak kudeatzea eta egitea, eta instalazioen eta ekipoen funtzionamendua, abiaraztea eta geldiaraztea antolatzea, lan-prozedura normalizatuen arabera eta arauak beteta (segurtasunekoak, arriskuen prebentziokoak eta ingurumen-babesekoak).
2.– Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.
Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
a) Lana antolatzea, produkzioaren plangintzaren arabera.
b) Lan-eremuak eta zerbitzu laguntzaileak antolatzea eta mantentzea, produktuaren kalitatea bermatuta.
c) Ingurumen-babeseko eta laneko arriskuen prebentzioko arauak betetzea produkzio-prozesuaren jarduera guztietan.
d) Produktuaren kalitatea eta trazabilitatea bermatzea, eta produkzio-prozesuaren dokumentazioa eta datuen erregistroa kudeatzea.
e) Zerbitzu eta instalazio osagarriek beharrezko lan-baldintzak betetzen dituztela ziurtatzea.
f) Fabrikazio-prozesuaren eragiketak egitea, eta ekipoen funtzionamendua, abiaraztea eta geldiaraztea gainbegiratzea.
g) Farmazia-produktuak, bioteknologikoak eta antzekoak fabrikatzeko prozesuak kontrolatzea, eta beren eraginkortasuna eta iraunkortasuna bermatzea.
h) Fabrikazio-prozesuko produktuen ezaugarriak zehaztea.
i) Interes bioteknologikoko organismo, metabolito eta makromolekulak identifikatzea, eta teknika bioteknologikoak aplikatzea.
j) Produkzio-prozesuan behar diren datu bioteknologikoak lortzea, eta, horretarako, datu-baseak eta programa informatikoak erabiltzea.
k) Produktu bioteknologikoak lortzea, eta, horretarako, hazkuntza-teknikak eta bereizteko eta arazteko metodoak aplikatzea.
l) Farmazia-produktuak eta antzekoak lortzea, eta, horretarako, teknika fisiko-kimikoak eta galenikoak erabiltzea.
m) Produktuak egokitzeko eragiketak egitea, eta prozesuaren trazabilitatea ziurtatzea.
n) Produktuak ordenatuta eta garbi biltegiratzea kudeatzea, eta segurtasun- eta kalitate-arauak betetzea.
ñ) Laneko egoera berrietara egokitzea, egunean izanda lanbide-ingurunearen gaineko ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak, prestakuntza eta dauden baliabideak bizialdi osoko ikaskuntzan kudeatuta, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.
o) Egoerak, arazoak eta gorabeherak konpontzea, ekimenez eta autonomiaz dagokion eskumen-eremuan, eta sormenez, berrikuntzaz eta hobetzeko gogoaz norberaren eta lantaldearen zereginetan.
p) Lantaldeak arduraz antolatu eta koordinatzea; horretarako, haien garapena gainbegiratuko da, harreman onak ezarriko dira, lidergoa hartuko da, eta lantaldean sortzen diren gatazkak konpontzeko aterabideak proposatuko dira.
q) Parekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta ardurapeko pertsonekin komunikatzea; komunikazio-bide eraginkorrak erabilita, informazioa edo ezagupen egokiak emanda, eta dagokion lan-eremuan parte hartzen duten lagunen autonomia eta eskumenak errespetatuta.
r) Norberaren eta lantaldearen lan-garapenean ingurune seguruak sortzea, laneko eta inguruneko arriskuen prebentziorako prozedurak gainbegiratuta eta aplikatuta, betiere enpresaren arautegian eta helburuetan xedatutakoarekin bat.
s) Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» gainbegiratzea eta aplikatzea.
t) Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea, erantzukizun sozialez jokatuta.
u) Jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian xedatutakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuta.
3.– Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:
– Osatutako lanbide-kualifikazioak:
a) Farmazia-produktuen eta antzekoen egokitzearen antolamendua eta kontrola. QUI115_3 (1087/2005 Errege Dekretua, irailaren 16koa. Horren bidez lanbide-kualifikazio berriak ezarri eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen dira eta haiei dagozkien prestakuntza-moduluak Lanbide Heziketako Moduluen Katalogoan sartzen dira eta, orobat, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak ezarritakoen arteko lanbide-kualifikazio jakin batzuk eguneratzen dira), hurrengo konpetentzia-atal hauek biltzen dituena:
UC0334_3: farmazia-produktuen eta antzekoen produkzioa antolatzea.
UC0335_3: materialen, ekipoen, instalazioen eta prozesu-baldintzen adostasuna egiaztatzea.
UC0336_3: farmazia-produktuen eta antzekoen egokitzapena koordinatzea eta kontrolatzea.
UC0337_3: egokitutako produktuen kalitatea bermatzea.
UC0338_3: farmazia-prozesuaren eta antzekoen segurtasun- eta ingurumen-arauak betetzea eta betearaztea.
b) Farmazia-produktuen eta antzekoen fabrikazioaren antolamendua eta kontrola. QUI116_3 (1087/2005 Errege Dekretua, irailaren 16koa. Horren bidez lanbide-kualifikazio berriak ezarri eta Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean sartzen dira eta haiei dagozkien prestakuntza-moduluak Lanbide Heziketako Moduluen Katalogoan sartzen dira eta, orobat, otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuak ezarritakoen arteko lanbide-kualifikazio jakin batzuk eguneratzen dira), hurrengo konpetentzia-atal hauek biltzen dituena:
UC0334_3: farmazia-produktuen eta antzekoen produkzioa antolatzea.
UC0335_3: materialen, ekipoen, instalazioen eta prozesu-baldintzen adostasuna egiaztatzea.
UC0338_3: farmazia-prozesuaren eta antzekoen segurtasun- eta ingurumen-arauak betetzea eta betearaztea.
UC0339_3: farmazia-produktuen eta antzekoen fabrikazioa koordinatzea eta kontrolatzea.
UC0340_3: farmazia-produktuen eta antzekoen eraldaketan kalitatea bermatzea.
c) Prozesuak antolatzea eta kontrolatzea eta zerbitzu bioteknologikoak egitea. QUI480_3 (143/2011 Errege Dekretua, otsailaren 4koa, lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala osatzen duena, Kimika lanbide-arloko sei lanbide-prestakuntza ezartzearen bidez, eta otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretuan ezarritako zenbait lanbide-kualifikazio eguneratzen dituena), hurrengo konpetentzia-atal hauek biltzen dituena:
UC0577_3: oinarrizko kontrol-sistemak gainbegiratzea.
UC0578_3: kontrol aurreratuko eta optimizazioko sistemak gainbegiratzea eta erabiltzea.
UC1537_3: datu bioteknologikoak lortzea eta trukatzea, eta, horretarako, sare telematikoak eta bioinformatikako teknikak erabiltzea.
UC1541_3: bioteknologiako segurtasun-arauak eta ingurumenari dagozkionak egoki betetzen direla gainbegiratzea.
UC1557_3: oinarri biologikoko produktuen fabrikazioa eta zerbitzu bioteknologikoen garapena antolatzea.
UC1558_3: produktu eta zerbitzu bioteknologikoak lortzeko prozesuaren kalitatea bermatzea.
4. artikulua.– Lanbide-ingurunea.
1.– Lanbide-irudi honek enpresa farmazeutikoetan, bioteknologikoetan eta antzekoetan egin dezake lan, publiko zein pribatuetan. Zehazki, sendagaiak eta osasun-produktuak, kosmetikoak eta zenbait elikagai, forma farmazeutikoak eta antzekoak (esate baterako: kosmetikoak, perfumeak, produktu dietetikoak, belarrekin egindakoak edo elikagai bereziak eta drogeriako produktuak) produzitzeko edo egokitzeko arloetan. Gainera, produktu bioteknologikoak lortzen lan egin dezake, dela organismo bizidunak edo horien osagaiak erabiltzea jarduera nagusi duten sektoreetan, dela jarduera nagusitzat ez duten baina zenbait produktu eta prozesutan produkzio bioteknologikoko teknikekin berrikuntzak egin ditzaketen sektoreetan.
2.– Zeregin eta lanpostu aipagarrienak honako hauek dira:
Produktu kimikoak fabrikatzeko eta egokitzeko makinetako langileen arduraduna.
Produkzio-arloko gainbegiratzailea.
Egokitze-arloko gainbegiratzailea.
Planifikazio-arloko gainbegiralea.
Arloko koordinatzailea.
Erreaktorearen/bioerreaktorearen taldeburua.
Kontrol-teknikaria.
Biltegiko koordinatzailea.
Fabrikazio-arduraduna.
Produktu bioteknologikoen erauzketa- eta arazketa-prozesuetako taldeburua.
Bioteknologiako gela zuriko taldeburua.
Prozesu eta zerbitzu bioteknologikoen arloko gainbegiratzailea.
Prozesu bioteknologikoetako segurtasun-gainbegiratzailea.
III. KAPITULUA
HEZIKETA-ZIKLOAREN IRAKASGAIAK, ESPAZIOAK ETA EKIPAMENDUAK, ETA IRAKASLEAK
5. artikulua.– Heziketa-zikloaren irakasgaiak.
1.– Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
a) Lana antolatzeko eragiketen sekuentzia zehaztea, produkzioaren plangintzaren arabera.
b) Lan-eremuak eta zerbitzu laguntzaileak antolatzeko eta mantentzeko behar diren prozedurak definitzea.
c) Arrisku-egoerak aztertzea, ingurumen-babeseko arauak eta laneko arriskuen prebentziokoak betetzen direla bermatzeko.
d) Zuzen fabrikatzeko arauak eta banatzeko jardunbide egokiak, prozesu eta produktu bakoitzari aplika dakizkiokeenak, zehaztea, produktuaren kalitatea eta trazabilitatea bermatzeko.
e) Funtzionamendu-parametroak hautatzea, zerbitzu eta instalazio osagarriek beharrezko lan-baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko.
f) Fabrikazio-prozesuaren eragiketak egiteko behar den ekipoak hautatzea.
g) Parametroak, tresnak eta erregulazio-sistemak erlazionatzea, produktuak fabrikatzeko prozesuak kontrolatzeko.
h) Laginak hartzeko prozedurak eta teknika analitikoak aplikatzea, produktuen ezaugarriak zehazteko.
i) Teknika bioteknologikoak aplikatzea, produkzio-prozesuaren organismo eta biomolekulak zehazteko.
j) Bioinformatikako teknikak aplikatzea, datu bioteknologikoak lortzeko.
k) Hazkuntza-teknikak eta bereizteko eta arazteko teknikak aplikatzea, produktu bioteknologikoak lortzeko.
l) Teknika fisiko-kimikoak eta galenikaren oinarrizko printzipioak aplikatzea, farmazia-produktuak eta antzekoak lortzeko.
m) Ontziak eta etiketen informazioa hautatzea, produktuak egokitzeko eragiketak egiteko.
n) Kalitate- eta segurtasun-protokoloak aplikatzea, produktuen biltegiratzea kudeatzeko.
ñ) Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotzen diren ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratze-izpirituari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.
o) Sormena eta berrikuntzako izpiritua garatzea, lanaren eta norberaren bizitzaren prozesuetan eta antolamenduan agertzen diren erronkei erantzuteko.
p) Erabakiak arrazoituta hartzea eta, horretarako, inplikatutako aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea, askotariko egoerei, arazoei edo gorabeherei aurre egiteko eta horiek ebazteko.
q) Lidergo, motibazio, gainbegiratze eta komunikazioko teknikak garatzea talde-laneko testuinguruetan, betiere lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.
r) Komunikazio-teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.
s) Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, betiere ingurune seguruak bermatzeko.
t) Irisgarritasun unibertsalari eta guztiontzako diseinuari erantzuteko beharrezkoak diren lanbide-ekintzak identifikatzea eta proposatzea.
u) Kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea ikaskuntza-prozesuan egindako lanetan eta jardueretan, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura baloratzeko eta kalitate-kudeaketako prozedurak hobetzeko.
v) Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta ekimen profesionalekoarekin erlazionatutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.
w) Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
2.– Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
a) Farmazia-produktuen, bioteknologikoen eta antzekoen fabrikazioaren antolamendua eta kudeaketa.
b) Farmazia-produktuen, bioteknologikoen eta antzekoen kalitate-kontrola.
c) Farmazia-industriaren, bioteknologikoaren eta antzekoen eragiketak.
d) Bioteknologiako printzipioak.
e) Farmazia-industriaren, bioteknologikoaren eta antzekoen segurtasuna.
f) Farmazia-industriaren, bioteknologikoaren eta antzekoen arlo eta zerbitzu laguntzaileak.
g) Bioteknologiako produkzio-teknikak.
h) Farmazia-produkzioko teknikak eta antzekoak.
i) Farmazia-industriaren, bioteknologikoaren eta antzekoen araudia eta kontrola.
j) Farmazia-produktuak, bioteknologikoak eta antzekoak egokitzea eta biltegiratzea.
k) Prozesu-industrietako mantentze elektromekanikoa.
l) Farmazia-produktuak, bioteknologikoak eta antzekoak fabrikatzeko proiektua.
m) Ingeles teknikoa.
n) Laneko prestakuntza eta orientabidea.
ñ) Enpresa eta ekimen sortzailea.
o) Lantokiko prestakuntza.
I. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Hezkuntzaren alorrean eskumena duen Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
3.– Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.
4.– Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan gauzatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien aldeko ebaluazioa lortuta egingo da.
5.– Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
6. artikulua.– Espazioak eta ekipamenduak.
Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.
7. artikulua.– Irakasleak.
1.– Heziketa-ziklo hau osatzen duten lanbide-moduluak honako irakaskuntza-kidegoetako irakasleak emango dituzte: Bigarren Hezkuntzako katedradunak, Bigarren Hezkuntzako irakasleak eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoak, betiere Dekretu honen IV. eranskineko 1. zenbakian ezarritako espezialitateen arabera.
2.– Aipatu irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Ondorio horietarako, aipatu titulazioen baliokideak –irakaskuntza-espezialitateen arabera– Dekretu honen IV. eranskineko 2. zenbakian jasotakoak dira.
3.– Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. zenbakian eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez –ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.
4.– Sailaren ardura izango da lanbide-moduluak ematen dituzten irakasleek zehaztutako eskakizunak bete ditzaten, bermatuz horrela irakaskuntza horien kalitatea.
IV. KAPITULUA
BESTE IKASKETA BATZUETARAKO SARBIDEAK ETA LOTURA. BALIOZKOTZEAK, SALBUESPENAK ETA EGOKITASUNAK. BALIOKIDETASUNAK, ETA ONDORIO AKADEMIKOAK ETA PROFESIONALAK. URRUTIKO ESKAINTZA ETA BESTELAKO MODALITATEAK
8. artikulua.– Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasunak, egindako Batxilergoko modalitateei eta gaiei dagokienez.
Heziketa-ziklo honetara sartzeko lehentasuna izango dute batxilergoan Zientziak eta Teknologiak modalitatea ikasi dutenek.
9. artikulua.– Beste ikasketa batzuetarako sarbideak eta haiekiko lotura.
1.– Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretan onartzeko ezartzen diren baldintzetan.
2.– Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluak aukera ematen du graduko edozer unibertsitate-titulutara zuzenean sartzeko, betiere horretan onartzeko ezartzen diren baldintzetan.
3.– Hezkuntzaren alorreko eskumendun Sailak zehaztuko du Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluak eta berarekin loturaren bat duten unibertsitate mailako tituluak baliozkotzeko araubidea. Baliozkotze-araubidea errazteko asmoz, dekretu honetan ezarritako irakasgaietan 120 ECTS kreditu esleitu dira heziketa-ziklo honetako lanbide-moduluen artean.
10. artikulua.– Baliozkotzeak, salbuespenak eta korrespondentziak.
1.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabideko modulua edo Enpresa eta Ekimeneko modulua gaindituak dituenak modulu horiek baliozkotuak izango ditu lege horren babespeko beste ziklo guztietan.
2.– Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
4.– Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan xedatutako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:
– Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.
– Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko xedatutako prestakuntzaren egiaztagiria badute –Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da–.
5.– Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles Teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.
6.– Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna –horiek baliozkotzeko edo salbuesteko– eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna –horiek egiaztatzeko– VI. eranskinean jasotzen dira.
11. artikulua.– Urrutiko eskaintza eta bestelako modalitateak.
Hezkuntzaren alorrean eskumena duen Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.
1.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek urriaren 3ko 832/2014 Errege Dekretuan ezarritako Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:
Laborategiko teknikari laguntzaile espezialista, «Kimika» adarra.
Laborategiko teknikari espezialista, «Kimika» adarra.
2.– Abenduaren 22ko 810/1993 Errege Dekretuak ezarritako Farmazia Produktuen rta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluak eta azaroaren 18ko 832/2014 Errege Dekretuak ezartzen duen Farmazia Produktuen, Produktu Bioteknologikoen eta Antzekoen Fabrikazioko goi-mailako teknikariaren tituluak ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.
3.– Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan xedatutako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Metodologia berriz egindako proiektuak baimentzea.
Lanbide Heziketaren alorrean eskumena duen Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean xedatutakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.