EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-02-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2016020

EBAZPENA, 2016ko urtarrilaren 14koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko errektoreordearena, Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arautegia aldatzeko dena.

Xedapenaren data: 2016-01-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201600445
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2015/05/29an argitaratutako 2015/03/25eko EBAZPENA aldatzen du [201502366]

Egungo Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arauak Gorbernu Kontseiluak onetsi zituen 2015eko martxoaren 12an eginiko saioan.
Hala ere, arautegia abian jarrita, agerian geratu zenbait egoeratan gehiegi murrizten dela ikerguneetako kideen parte hartzea epaimahaietan, bai eta epaimahaian parte hartzen duten kideen betebeharrak ere (gutxien dela katedraduna).
Hortaz, epaimahaian ikerguneetako kideek epaimahaietan parte hartzeko eskaria aintzat hartzeko eta, epaimahaiko kide titularretako bi baino gehiago gurakoaren doktorego programakoak izan ez daitezela lortzeko, bai eta, ikertzaileon kontratu motaz harago, epaimahaian parte hartzen duten kideen ikerkuntza kalitatea aitortuta lituzketen ikerkuntza tarteengatik barematzeko aukera izateko ere, zenbait proposamen egin nahi da doktoregoko ikasketak gestionatzeko arautegiaren 14 eta 15. artikuluen aldatzeko.
Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Doktorego Ikasketak Kudeatzeko Arauak ezartzea erabaki zuen 2015eko urtarrilaren 17ko bileran.
Otsailaren 25eko 3/2004 legeak, Euskal Herriko Unibertsitate Sistemarenak, honela dio 10.2 artikuluan: «Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gainekok aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira».
Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Doktorego ikasketak kudeatzeko arautegia, eranskinean jasotzen den moduan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Leioa, 2016ko urtarrilaren 14a.
Errektorea.
Eskuordetzeaz (2013-01-30 Ebazpena, EHAA 2013-02-13)
Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
ERANSKINA
Lehenengoa.– 14. artikulua.– Doktorego tesiko epaimahaia proposatzea, honela idatzita geratuko da:
Doktorego tesiko epaimahaia osatzeko bi aukera egongo dira: bata, bost kide titular eta hiru ordezko egotea, eta, bestea, hiru kide titular eta hiru ordezko egotea. Doktorego programaren Batzorde Akademikoak erabakiko du zeinen alde egin kasu bakoitzean. Bost kideko epaimahaietarako 10 doktoreko proposamena aurkeztuko da eta hiru kideko epaimahaietarako, zortzikoa. Proposamenetan jasotako doktoreek ikerketa esperientzia egiaztatua izan beharko dute doktorego tesiaren gaian edo gai horrekin lotutako beste batean.
Doktoregaia atxikita dagoen saileko idazkaritzak, baimena eman eta 30 eguneko gehienezko epean bidali beharko dio UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari, UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bitartez, doktorego tesia epaitu behar duen epaimahaia osa dezaketen kideen proposamena (10 kidekoa edo zortzikoa), aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioarekin batera. Proposamen hori doktoregaia atxikita dagoen sailak onartuta egon beharko da, doktorego tesien zuzendariei eta doktorego programaren Batzorde Akademikoari entzun ondoren. 185/1985 EDk eta 778/1998 EDk araututako doktorego programen kasuan, ez da beharrezkoa izango doktorego programaren Batzorde Akademikoaren txostena.
Ezin dira inola ere proposatu epaimahaiko kide izateko gaixotasunagatik bajan dauden doktoreak. Epaimahairako proposatutako doktoreetako bat egoera horretan badago proposamena bidali ondoren, doktoregaia atxikita dagoen saileko zuzendariak Graduondoko Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio, eta epaimahairako beste kide bat proposatuko du.
Proposamenean kontuan hartu beharko dira, ahal den neurrian, genero berdintasuneko irizpideak.
1.– Honako hauek proposatu ahal izango dira:
a) CNEAIk edo ikerketaren ebaluazio eta akreditaziorako pareko agentzia batek aitortutako seiurteko edo pareko tarte bat edo gehiago duten irakasleak.
b) CNEAIk jakintza arlo bakoitzerako ezarrita dituen irizpideak aintzat hartuta, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak aitortutako bost ekarpen garrantzitsu egin dituzten estatuko edo atzerriko irakasleak.
c) CNEAIk jakintza arlo bakoitzerako ezarrita dituen irizpideak aintzat hartuta, Graduondoko Batzordeak aitortutako bost ekarpen garrantzitsu egin dituzten era guztietako erakunde publiko eta pribatuetako ikertzaileak.
d) Proposa daitezke eszedentzian edo erretiroan egon eta unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen kidegoetakoak diren irakasleak, baldin eta a), b) edo c) ataletako irizpideak betetzen badituzte.
e) Unibertsitateak dituzten institutu mistoetako ikertzaileak, institutu misto horiek kontratatutakoak, unibertsitatekotzat joko dira. Era berean, UPV/EHUkotzat hartuko dira UPV/EHUri atxikitako Ramón y Cajal-eko, Ikerbasque-ko, eta abarreko ikertzaileak, baita UPV/EHUko irakasle erretiratuak ere.
2.– Ezingo dira proposatu honako hauek:
a) Ezin izango da proposatu doktorego tesiaren zuzendaria, ezta tutorea ere, salbu eta horrela izan daitekeela jasota duten atzerriko unibertsitateekin egindako alde biko akordioen eta tutorekidetza hitzarmenen markoan aurkeztutako tesien kasuan, baldin eta doktorego tesiaren defentsa beste unibertsitatean egiten bada.
b) Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, II. tituluko III. kapituluan zehazten duenez, ezin izango dute parte hartu epaimahaian tesiaren zuzendariekin edo zuzendariekin, tutorearekin edo doktoregaiarekin laugarren maila arteko odol ahaidetasuna edo bigarren maila arteko ezkontza ahaidetasuna duten doktoreek, ezta pertsona horietakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena duten doktoreek ere.
3.– Bost kideko epaimahaietarako, 10 doktoreko proposamenak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Proposatutako kideetatik lauk, gutxienez, epaimahaiko buru izateko baldintzak beteko dituzte, hau da, kasuan kasuko erakunde eskudunak aitortutako bi ikerketa tarte izango dituzte, gutxienez. Seiurtekoen ebaluaziorik eskatu ezin duten kideen kasuan, doktorego tesi bateko epaimahaiburu izan ahalko dira, goiko baldintza hori hitzez hitz bete ez arren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen ustez egokiak diren merezimenduak egiaztatzen dituzten ikertzaileak (10 ekarpen garrantzitsu, aintzat hartuta erakunde eskudunak jakintza arlo horretarako zehaztuta dituen irizpideak).
b) Gehienez hiru kide izango dira estatuko edo atzerriko unibertsitate edo ikergune ofizial berekoak: Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoak eta hari lotutako ikerguneetakoak eta antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko ikerguneetakoak.
c) Nahitaez UPV/EHUko hiru pertsona proposatu beharko dira epaimahaian egoteko, eta horietatik batek, gutxienez, epaimahaiburu izateko baldintzak beteko ditu.
d) Proposamenean ezingo dira egon doktoregaiaren doktorego programakoak diren lau doktore baino gehiago.
e) Proposamenean ezingo dira egon 3.b) atalean zehaztutakoak ez diren erakundeetako bi kide baino gehiago.
4.– Hiru kideko epaimahaietarako, zortzi doktoreko proposamenak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Proposatutako kideetatik hiruk, gutxienez, epaimahaiko buru izateko baldintzak beteko dituzte, hau da, kasuan kasuko erakunde eskudunak aitortutako bi ikerketa tarte izango dituzte, gutxienez. Seiurtekoen ebaluaziorik eskatu ezin duten kideen kasuan, doktorego tesi bateko epaimahaiburu izan ahalko dira, goiko baldintza hori hitzez hitz bete ez arren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen ustez egokiak diren merezimenduak egiaztatzen dituzten ikertzaileak (10 ekarpen garrantzitsu, aintzat hartuta erakunde eskudunak jakintza arlo horretarako zehaztuta dituen irizpideak).
b) Gehienez bi kide izango dira estatuko edo atzerriko unibertsitate edo ikergune ofizial berekoak: Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoak eta hari lotutako ikerguneetakoak eta antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko ikerguneetakoak.
c) Nahitaez UPV/EHUko bi pertsona proposatu beharko dira epaimahaian egoteko, eta horietatik batek, gutxienez, epaimahaiburu izateko baldintzak beteko ditu.
d) Proposamenean ezingo dira egon doktoregaiaren doktorego programakoak diren hiru doktore baino gehiago.
e) Proposamenean ezingo da egon 4.b) atalean zehaztutakoak ez diren erakundeetako kide bat baino gehiago.
Bigarrena.– 15. artikulua.– Doktorego tesia epaitu behar duen epaimahaia izendatu, honela idatzita geratuko da:
Bost titularrek eta hiru ordezkok osatutako epaimahaiak.
Hamar kideko proposamena kontuan hartuta, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak zortzi kidez, hau da, bost titular eta hiru ordezkoz, osatutako epaimahaia izendatuko du. Honela banatuko dira:
Zortzi kideetatik:
1.– Epaimahaiko kideetatik bi, gutxienez, UPV/EHUkoak izan beharko dira; horietako bat, gutxienez, titularraizango da, eta bestea ordezkoa. Titularretako batek huts eginez gero, ordezkoak beteko du haren lekua nahitaez.
2.– UPV/EHUko kideak kenduta, ezin izango dira egon estatuko edo atzerriko unibertsitate berekoak edo ikergune ofizial berekoak diren bi kide baino gehiago.
3.– Estatuko edo atzerriko ikergune ofizialetakoak (hala nola, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoak eta hari lotutako ikerguneetakoak eta antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko ikerguneetakoak) ez diren kide bi egon ahalko dira, baina horietako bat baino ezingo da epaimahaikide titularra izan.
4.– Bi kidek epaimahaiko buru izateko baldintzak bete beharko dituzte.
5.– Gehienez ere, bi kide izango dira doktoregaiaren doktorego programaren barrukoak. Salbuespena izango da sailak proposatutako programako hiru kideak UPV/EHUkoak izatea; kasu horretan, hiru doktoreok epaimahaia osatzeko proposamenean egon ahal izango dira.
Epaimahaiko bost kide titularren artetik:
1.– Kide titularretako bat, gutxienez, UPV/EHUkoa izango da eta, ahal dela, kide hori epaimahaiko burua edo idazkaria izango da.
2.– Nazioarteko doktorego tesiak direnean, atzerriko erakundeetako bi kide soilik egon ahal izango dira epaimahaian. Estatuko doktorego tesiak direnean, atzerriko erakunde bateko kide bakar bat baino ezingo da egon epaimahaian.
Hala ere, estatuko doktorego tesien kasuan, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak atzerriko erakundeetako bi kide egotea baimendu ahalko du, jakintza arloaren berezitasunean edo garapen zientifikoan oinarritutako arrazoi objektiboak egonez gero, arautegi honetako 22. artikuluan ezarritako muga ekonomikoak alde batera utzi gabe.
3.– Bost kide titularren artean, bi gutxienez unibertsitateko irakasleak izango dira.
4.– Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik egonez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.
Hiru titularrek eta hiru ordezkok osatutako epaimahaiak.
Sei kideetatik:
1.– Epaimahaiko bi kide UPV/EHUkoak izan beharko dira; horietako bat titularra izango da, eta bestea, ordezkoa. Titularrak huts eginez gero, ordezkoak beteko du haren lekua nahitaez.
2.– Bi kidek epaimahaiko buru izateko baldintzak bete beharko dituzte.
3.– Ezin izango dira egon estatuko edo atzerriko unibertsitate berekoak edo ikergune ofizial berekoak diren bi kide baino gehiago.
4.– Estatuko edo atzerriko ikergune ofizialetakoa (hala nola, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilukoa eta hari lotutako ikerguneetakoa eta antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko ikerguneetakoa) ez den kide bat egon ahalko da.
5.– Gehienez ere, kide bat izango da doktoregaiaren doktorego programaren barrukoa. Salbuespena izango da sailak proposatutako programako bi kideak UPV/EHUkoak izatea; kasu horretan, bi doktoreok epaimahaia osatzeko proposamenean egon ahal izango dira.
Epaimahaiko hiru kide titularren artetik:
1.– Kide titularretako bat UPV/EHUkoa izango da eta, ahal dela, kide hori epaimahaiko burua edo idazkaria izango da.
2.– Epaimahaiko kide titularrak erakunde desberdinetakoak izan beharko dira.
3.– Estatuko edo nazioarteko doktorego tesiak direnean, atzerriko erakundeetako kide bat bakarrik egon ahal izango da epaimahaian. Hala ere, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak atzerriko erakundeetako bi kide egotea baimendu ahalko du, jakintza arloaren berezitasunean edo garapen zientifikoan oinarritutako arrazoi objektiboak egonez gero, arautegi honetako 22. artikuluan ezarritako muga ekonomikoak alde batera utzi gabe.
4.– Hiru kide titularren artean, bi gutxienez izango dira unibertsitateko irakasleak.
5.– Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik egonez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.