EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2015019

ERABAKIA, 2015eko abenduaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez osasun-zerbitzu integratuen bi erakunde sortzen baitira Arabako Osasun Barrutian. Honako hauek dira erakundeok: bata, «Araba» izenekoa, non integratzen baitira, batetik, Araba Unibertsitate Ospitaleko zerbitzu-erakundea, eta, bestetik, horren erreferentziako eremuaren lehen mailako arretako unitateak, gaur egun Arabako Eskualdeari atxikiak; eta, bestea, «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» izenekoa, non integratzen baitira, batetik, Leza Ospitalea zerbitzu-erakundea eta, bestetik, horren erreferentziako eremuko lehen mailako arretako unitateak, Arabako Eskualdeari atxikiak, zeina azkendu egingo baita.

Xedapenaren data: 2015-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201600415
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1997/11/14an argitaratutako 1997/11/11ko 199700255 DEKRETUA
  • Ikus 2011/09/30rean argitaratutako 2011/07/22ko AKORDIOA [201104764]

Aurreko beste erabaki batzuetan ere adierazi denez, Eusko Legebiltzarrean Osasuneko sailburuak aurkeztu dituen «X. Legegintzaldirako Osasun Politiken Ildo Nagusien» arabera, 2013-2016 aldirako Osakidetzaren Ildo Estrategikoak eta Ekintza Planak zehaztu dira, zeinetan Osakidetzaren esparruko xedeak eta ekintzak ezartzen baitira adierazitako aldirako. Ondorioz, aldaketak egongo dira, eta aldaketa horien erdigunea integrazioa izango da.
Arreta integratua osasun-zainketen antolaketaren printzipio bat da, pazienteengan osasun-emaitzak hobetzea helburutzat harturik. Horretarako, bateratu egin behar dira asistentzia-prozesuak, osasun-sistemako maila batzuen eta besteen artean koherentzia handiagoz jokatuz eta haien arteko sinergiak baliatuz, modu horretara osasun-zainketak koordinatuagoak, efizienteagoak eta kalitate handiagokoak izan daitezen.
Ildo horretan, arreta integratua bideratzeko, Osakidetzak erakunde sanitario integratuen eredua hedatzeko apustua egiten du. Erakunde sanitario integratu horiek zuzendaritza beraren pean elkartzen dituzte lehen mailako arretako zentroak eta horien erreferentziazko ospitalea, mugape geografiko jakin baten barruan.
Beraz, eredu horretan, populazio-ikuspegia nabarmentzen da, pertsonak jartzen baititu osasun-sistemaren ardatz. Ikuspegi horretan oinarrituta, populazioa babesten eta hobetzen laguntzen duten osasun-zerbitzu publikoak eratzen ditu, unibertsaltasunaren, elkartasunaren, ekitatearen eta kalitatearen printzipioak aintzat hartuta. Horretarako, ikuspegi integraleko asistentzia-prozesua garatzea aurreikusten du, prozesu horretan ziurtatu egiten baitira arretaren jarraipena eta arreta pertsonalizatua. Era berean, arreta-maila ezberdinen arteko asistentzia-integrazioa, hain justu ere, funtsezko elementua da erantzun egokia emateko Euskadiko biztanleria zahartzeari, eta, ondorioz, gaixotasun kronikoak eta mendekotasuna areagotzeari.
Orain arte, erakunde-aldaketak egin dira Bizkaiko eta Gipuzkoako Osasun Barrutietan, eta dagozkion erakunde sanitario integratuak eratu dira. Horren ostean, asistentzia-integrazioko proiektuetan lan egin da, profesionalen parte-hartze aktiboarekin. Proiektu horien artean, IntegraSarea proiektua nabarmendu behar da. Horren helburua da asistentzia-integrazioko prozesuak bultzatu eta homogeneizatzea eta lan-sareak ezartzea profesionalen artean eta horien eta erakundeetako zuzendaritzen artean, zerbitzuen integrazio funtzionala errazteko.
Aurreko esperientziak aztertu egin dira Osasun Sailak Osakidetzako erakunde ezberdinekin egiten duen programa-kontratuaren bitartez, eta, horrela, besteak beste, hauek haztatu eta ebaluatzeko adierazleak identifikatu dira: arreta integratuaren araberako emaitzak, erakundeak egin ahal izan dituen ekintzak eta orientazioa aintzat hartuz egitura- zein prozesu-ikuspegitik; betiere, arreta integratuaren testuinguruan populazio-ikuspegia bideratzeko eta mailen arteko asistentzia-integrazio handiagoa eta profesionalen arteko integrazio- eta kolaborazio-maila neurtzea bultzatzeko helburuarekin.
Osakidetza Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 4.2 artikuluak ezartzen duenez, Ente Publikoari atxikitako baliabideak berrantolatu ahal izango dira, lehendik diren zerbitzu-erakundeak aldatu, batu edo bereiziz; Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabakiz hartu ahal izango dira neurri horiek, betiere Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen 22.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Azaldutakoaren arabera, erabaki honen xedea da ildo estrategikoetan zehaztutako ekintzak gauzatzea eta Osakidetzaren erakunde-ereduaren konfigurazioa burutzea, Arabako Osasun Barrutian dagozkion erakunde sanitario integratuak eratuta, erakunde horien garapena burutzeko. Horrela, erakunde horiek tokiko osasun-barruti bakoitzaren ezaugarrietara egokituta egongo dira, komunikazio, gardentasun eta parte-hartze irizpideak oinarritzat hartuta.
Hori dela-eta, Arabako Osasun Barrutian, «Araba» izeneko Erakunde Sanitario Integratua sortzea aurreikusi da, eta han integratuko dira orain arte egon den Araba Unibertsitate Ospitaleko zerbitzu-erakundeari atxikita dauden baliabideak; hortaz, erakunde hori bertan behera geratuko da eta haren baliabideak, eskubideak eta betebeharrak erakunde sanitario integratu berrira igaroko dira. Halaber, erakunde sanitario integratu berrian integratzen dira haren erreferentzia-eremuko lehen mailako arretako unitateak –egun Arabako Eskualderi atxikiak– , eta euren baliabideak, eskubideak eta betebeharrak erakunde berrira igaroko dira.
Beste alde batetik, arreta integratuaren eredu berria estrategikoki inspiratzen duen populazio-ikuspegiari erantzunez, erabaki honen bitartez, gainera, «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratua eratzen da. Erakunde hori honako hauekin eratuko da: Leza Ospitalea zerbitzu-erakundearekin –bertan behera geratuko da eta beraren baliabideak, eskubideak eta betebeharrak erakunde sanitario integratu berrira igaroko dira– eta zerbitzu-erakunde horren erreferentzia-eremuko lehen mailako arretako esparruko baliabideekin, gaur egun Arabako Eskualdeari atxikiak; horiek ere erakunde berriaren parte izatera igaroko dira.
Leza Ospitalea egonaldi ertain eta luzeko osasun-zentroa denez, arreta espezializatua, orain arte bezala, Araba Unibertsitate Ospitaletik emango da –Arabako ESIn integratua eta erreferentziazko ospitale tertziarioa–, bai eta Osasun Sailaren eta Errioxako Autonomia Erkidegoaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenean aurrez ikusitako zerbitzuetatik ere.
Hala ere, Leza Ospitalea euskal osasun-sistemako gainerako erakunde sanitario integratuen ikuspegi berarekin eratzean, epe ertainean arreta espezializatuko zenbait zerbitzu eman ahal izango ditu bere esparruan, paziente konplexuen kontrola eta jarraipena indartzeko helburuarekin. Izan ere, paziente horiei arreta osoagoa eta jarraituagoa eskainiko zaie euren eremu geografikoan, eta, horrela, zerbitzu-prestazioa indartu egingo da.
Beste alde batetik, «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratuak lehen mailako arretaren eta etengabeko arretako gunearen osasun-baliabideak kudeatuko ditu, Oion eta Bastida arteko eremu geografikoan (Arabako Errioxako lehen mailako arretako unitateak hartzen ditu) eta Bastidako udalerrian (gaur egun, osasun-arloan, Arabako Ibarretako –Ibarrak II– lehen mailako arretako unitateei dagokie). Unitate honen kokapen geografikoa kontuan hartuta (Bastidako udalerriaz gain, Ribavellosa, Zanbrana, Berantevilla eta Urizaharreko udalerriak hartzen ditu), unitatea Arabako ESIren egituraren barruan integratuko da, eta organikoki haren mende egongo da. Hala ere, arlo funtzionalean, zerbitzuen kudeaketari eta antolamenduari dagokienez, Arabako Errioxa - Rioja Alavesa ESIren mende egongo da; Bastidako osasun-zentroa ESI horren mende egongo da, ondorio guztietarako (organikoki eta funtzionalki).
Hori guztia dela eta, kendu egingo da gaur egungo Arabako Eskualdeko zerbitzu-erakundea. Erakunde horren baliabideak, eskubideak eta betebeharrak zehaztu den moduan banatuko dira, «Araba» eta «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratu berrien artean.
Aurrekoa dela bide, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak hau
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Araba Unibertsitate Ospitalea, Leza Ospitalea eta Arabako Eskualdea zerbitzu-erakundeak kentzea.
Bigarrena.– Arabako Osasun Barrutiaren lurralde-eremuan bi erakunde sanitario integratu hauek sortzea: «Araba» eta «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa».
Hirugarrena.– Beherago azaldutako zehaztapenekin bat etorriz, erabaki honen bitartez sortzen diren erakunde sanitario integratuak eratzea:
1.– Araba Unibertsitate Ospitaleko zerbitzu-erakundeko giza baliabideak, baliabide materialak eta antolaketaren arlokoak–erakundea kendu egin da jada–, bai eta jarraian zehazten diren lehen mailako arretako unitateetakoak ere, «Araba» Erakunde Sanitario Integratura igaroko dira.
Integratuko diren lehen mailako arretako unitateak:
● Abetxuko
● Aranbizkarra
● Aranbizkarra II
● Alde Zaharra
● La Habana
● Lakua-Arriaga
● Olagibel
● San Martin
● Sansomendi
● Zaramaga
● Olarizu
● Lakuabizkarra
● Gazalbide-Txagorritxu
● Salburua
● Zabalgana
● Gasteiz-Hegoaldea
● Zaballa
● Etengabeko arreta (EAG)
● Langraiz Oka
● Arabako Lautada. Zentro hauek hartzen ditu:
Dulantzi
Araia
Ozaeta
Agurain
● Arabako Mendialdea. Zentro hauek hartzen ditu:
Bernedo
Arraia-Maeztu
Kanpezu
● Iparraldea-Legutio. Zentro hauek hartzen ditu:
Legutio
Otxandio
Ubidea
Durana
● Iparraldea-Zuia. Zentro hauek hartzen ditu:
Zuhatzu-Kuartango
Pobes
Izarra
Gopegi
Murgia
● Arabako Ibarrak I. Zentro hauek hartzen ditu:
Bergonda
Espejo
Komunioi
Gesaltza-Añana
Uribarri Gaubea
● Arabako Ibarrak II. «Araba» Erakunde Sanitario Integratuaren egitura organikoan integratzen da, eta, funtzionalki, kudeaketari dagokionez, «Arabako Errioxa» Erakunde Sanitario Integratuaren mendekoa da. Zentro hauek hartzen ditu:
Berantevilla
Urizaharra
Ribavellosa
Zanbrana
Bastida; ondorio guztietarako, «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratuari atxikitzen zaio.
2.– «Araba» Erakunde Sanitario Integratuko zentro asistentzial gisa integratzen da Araba Unibertsitate Ospitalea, beren horretan eutsita Unibertsitate Ospitale izaerari eta orain arteko izenari, betiere Administrazio Kontseiluaren 2011ko uztailaren 22ko Erabakiko aurreikuspenak aplikagarri izan daitezen (erabaki hori, 2009ko irailaren 30eko EHAAn argitaratu zen).
3.– Leza Ospitaleko zerbitzu-erakundeko giza baliabideak, baliabide materialak eta antolaketaren arlokoak–erakundea kendu egin da jada–, bai eta jarraian zehazten diren lehen mailako arretako unitateetakoak ere, «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratura igaroko dira:
Eltziego
Lapuebla de Labarca
Leza / Navaridas / Bilar
Villabuena /Samaniego / Mañueta
Guardia
Lantziego
Moreda Araba / Ekora
Oion
Halaber, funtzionalki erakunde sanitario integratu honen mendekoa izango da, asistentzia-zerbitzuen kudeaketari eta antolamenduari dagokienez, Arabako Ibarrak II lehen mailako arretako unitatea; zentro hauek hartzen ditu:
Ribavellosa
Zanbrana
Berantevilla
Urizaharra
Bastida; ondorio guztietarako, «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratuari atxikitzen zaio.
4.– Honako hauen artean banatuko dira Arabako Eskualdeak –desagertua jada– kudeatutako eta administratutako giza baliabideak, baliabide materialak eta antolakundearen arlokoak: erabaki honen bitartez sortzen diren erakunde sanitario integratu bien artean, betiere bat etorrita aplikatzekoak izanik indarrean dauden arauetan ezarritako prozesuekin.
Laugarrena.– «Araba» eta «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratuetarako erakunde-egitura hau ezartzea:
● Zuzendaritza- eta kudeaketa-organoak:
a) Zuzendari gerentea.
b) Gerentziako zuzendaritza-taldea.
c) Zuzendaritza-kontseilua.
● Partaidetza-organoak:
a) Kontseilu Teknikoa.
Bosgarrena.– Erakunde sanitario integratu bakoitzaren burua zuzendari gerentea izango da. Zuzendaritzako kargutzat hartzen da, honako hauetan ezarritakoari lotuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeko 27. artikuluko erregimena eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean xedatutakoa.
Osakidetzaren Estatutuetako 15.1 artikuluak ematen dizkion aginpideak dagozkio zuzendari gerenteari; azaroaren 11ko 255/1997 Dekretu bidez onartu ziren estatutu horiek.
Seigarrena.– Bere zereginak egiteko, zuzendari gerenteak zuzendaritza-taldearen laguntza izan ahalko du. Zuzendaritza-taldeko kideak honako hauetan ezarritakoari lotuta egongo dira: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeko 27. artikuluko erregimena eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean xedatutakoa.
Zuzendari gerenteak eskuordetzan ematen dizkien funtzioak eta atazak beren gain hartu ahal izango dituzte zuzendaritzako kargudunek; eta, betiere, euren mendeko unitate eta zerbitzuen jardueren gaineko gainbegiraketa eta segimendua egingo dituzte.
Zazpigarrena.– Erakunde bakoitzari dagokion sailkapen-taldearen arabera eta Osakidetzaren Estatutuetako 15.2 artikuluan jasotako aurreikuspenekin bat etorriz, zuzendaritza-taldea elkarlanean arituko da gerentziarekin erakunde sanitario integratuen kudeaketan, eta zuzendaritza-talde hori honako hauek osatuko dute:
«Araba» Erakunde Sanitario Integratua
● Integrazio Asistentzialerako Zuzendaritza.
● Zuzendaritza Medikoa.
● Erizaintzako Zuzendaritza.
● Ekonomia eta Finantza Zuzendaritza.
● Pertsonaleko Zuzendaritza.
«Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratua.
● Erizaintzako Zuzendaritza.
● Kudeaketako Zuzendaritza Teknikoa.
1.– Hala erabaki den erakundeetan, Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritza arduratuko da oro har ondokoen arteko integrazio-mekanismoak garatzeaz: profesionalak, zerbitzu asistentzialak eta eremu sanitarioan eskumenak dituzten beste zerbitzu komunitario batzuk. Eta, hartarako, Zuzendaritza Medikoarekin eta Erizaintzako Zuzendaritzarekin bereziki koordinatuz eta gainontzeko zuzendaritzekin orokorrean koordinatuz, beharrezkoa bada, honako hauetaz arduratuko da:
● Sistemaren eraginkortasun handiena lortzeko, mailen artean beharrezko diren programak garatzea. Asistentzia-maila bien artean prozesu integratuak garatzeaz, kudeaketa klinikoa erabiliz kudeaketa-lanabes gisa.
● Gaixotasunei aurre egiteko eta osasuna sustatzeko jarduketan garapena bermatzea, eta lehen mailako arretan ebazpen-gaitasuna sustatzea. Osasun publikoko egiturekin koordinatuz, osasunerako egiten diren prebentzio-, sustapen- eta heziketa-jarduketak bultzatzeaz.
● Erakunde sanitario integratuko profesional sanitarioak koordinatzea, asistentzia integratua eskaintzen dela ziurtatzeko; betiere, ikuspuntu jarraitu eta globaletik asistentziari ekiteko, asistentzia-prozesu berriak eta arreta-zirkuitu berriak definituaz.
● Orientazioa ematea ondoko hauek ezartzeko: erabaki klinikoak hartzeko praktikarako gidak eta bideak, eta praktika klinikoan aldagarritasuna txikitzeko jarduketa- eta deribazio-protokoloak, betiere prozedura diagnostikoetan eta terapeutikoetan bikoiztasunak baztertuaz.
● Asistentzia-zerbitzuen eta zerbitzu komunitarioen eta soziosanitarioen artean, bitartekari- eta integrazio-agentea gisa jardutea. Hartarako, ondoren zehaztutakoekin ondo koordinatzeko beharrezko mekanismoak ezarriz: osasun publikoko baliabideak, zerbitzu sozialak, eta eremu sanitarioan eta soziosanitarioan eskumenak dituzten erakundeak.
● Eremu egokian, partaidetza soziala eta herritarrena zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, hain justu ere komunikaziorako kanalak hobetuaz; erabakiak hartzeko, herritarren prestakuntza-ekintzak proposatuaz, eta erantzunkidetasuna eta osasunaren autogestio eraginkorra bultzatuaz.
● Gerentziak eskuordetzan emandako gainerako funtzioak.
2.– Zuzendaritza Medikoa, zeinari honako ohiko funtzio hauek dagozkion:
● Erakunde Sanitario Integratuaren Kontseilu Teknikoaren buru izatea.
● Jardueren segimendua, emandako zerbitzuen kalitate-mailaren ebaluazioa eta horiek hobetzeko neurri egokiak proposatzea.
● Medikuntza- eta asistentzia-jarduerak zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.
● Pertsonal fakultatiboaren irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak sustatu eta ikuskatzea.
● Erakunde sanitarioaren zerbitzuei atxikitako baliabide klinikoen kudeaketa egitea eta jarraibideak ezartzea.
● Gerentea ordeztea, baldin eta kanpoan edo gaixorik bada, edota lanpostua hutsik badago.
● Gerentziak eskuordetzan emandako gainerako funtzioak.
3.– Erizaintzako Zuzendaritza, zeinari honako ohiko funtzio hauek dagozkion:
● Erakunde Sanitario Integratuaren erizaintzako jarduerak zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.
● Erizaintzako jardueren jarraipena, emandako zerbitzuen kalitate-mailaren ebaluazioa eta hobekuntza-neurri egokiak proposatzea.
● Erizaintzako pertsonalaren irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak sustatzea eta ikuskatzea.
● Gerentziak eskuordetzan emandako gainerako funtzioak.
4.– Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzak eta Pertsonaleko Zuzendaritzak honako funtzio hauek baliatuko dituzte: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legetik, Osakidetzaren Estatutuak onartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretutik eta aplikatzeko diren eta bat datozen gainontzeko arauetatik ondorioztatzen direnak, eta, halaber, Gerentziak eskuordetzan ematen dizkienak.
Zortzigarrena.– Erakunde Sanitario Integratuko Zuzendaritza Kontseilua kide anitzeko organoa da, eta Gerentziarekin elkarlanean dihardu kudeaketa-lanetan, ondoko arloetan proposamenak eginez eta aholkularitza-funtzioak beteaz:
● Plan Estrategikoa egitea gerenteak onar dezan, bai eta haren jarraipena egitea ere.
● Urteko Kudeaketa Plana egitea gerenteak onar dezan, bai eta plan horren jarraipena egitea ere.
● Programa-kontratua negoziatzeko estrategiak diseinatzea.
● Urteko memoria egitea, gerenteak onar dezan.
● Kontseilu Teknikotik datozen proposamenak aztertu eta bultzatzea.
● Kudeaketa klinikorako unitateak antolatzea.
Ente Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak erabakiko du Zuzendaritza Kontseiluaren osaketa, Erakunde Sanitario Integratuaren ezaugarri espezifikoak kontuan hartuz betiere. Eta horren kideen artean izango dira honako hauek: Zuzendaritza Taldea, erabakitzen diren unitateetako buruak, eta, gutxienez, Kontseilu Teknikoaren ordezkari den bokal bat.
Bederatzigarrena.– Erakunde Sanitario Integratuko profesionalen parte hartze- eta aholkularitza-organoa da Kontseilu Teknikoa. Eta honako hauek izango dira bertan: lehendakari bat, eta dagokien erakundean zerbitzuan diharduten profesionalen artean hautatutako 12 bokal.
Kontseilu Teknikoan honako hauek dira partaide: Zuzendaritza Medikoa, Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritza, zerbitzu-erakundean zuzendaritza-egitura hori zehaztu denean, eta Erizaintzako Zuzendaritza; Presidentzia Zuzendaritza Medikoari egokituko zaio eta Idazkaritza Integrazio Asistentzialeko Zuzendaritzari, beharrezkoa bada. «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» ESIn ez daude ezarrita zuzendaritza horiek, eta Erizaintzako Zuzendaritzak hartuko diru bere gain bi funtzio horiek. Gainerako bokalak lehen mailako arretako profesionalen eta arreta espezializatuko profesionalen artean banatuko dira, erdibana. Kontseilu Teknikoa osatuko duten kideen artean honako proportzioa gordeko da: gutxi gorabehera % 60 fakultatiboak izango dira, eta % 40 erizaintzako langileak.
Erakundeko Gerentziak zehaztuko du zein eremu edo unitatetan izendatuko diren bokalak eta zer prozedura erabiliko den horretarako.
Kontseilu Teknikoaren funtzioak erakundearen Plan Estrategikoan aurreikuspenen barruan zehaztuko dira, eta honako hauek dira:
● Unitateen antolakuntza eta funtzionamendua hobetzeari eta asistentzia-kalitateari buruzko politikak, proposamenak eta gomendioak egitea.
● Asistentzia-, diagnosi- eta terapeutika-estrategia berrien balorazioa.
● Ikerketa, irakaskuntza eta prestakuntzaren alorretako jardun-ildoak proposatzea.
● Kudeaketa klinikoko unitateak ezartzeko proposamena.
● Kontseilu Teknikoaren ordezkaritzan Zuzendaritza Kontseiluko parte izango diren kideak izendatzea.
Hamargarrena.– ESIen egitura eta konfigurazioa ikusirik, eta eremu soziosanitarioan harremanak eta jarduerak koordinatzearren eta bai haren gaineko segimendua eta ebaluazioa egiteko eta hura hobetzeko neurri egokiak proposatzeko, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio honako honetarako: Gerentziako Zuzendaritzak proposaturik, ESIetan parte hartzeko organo gisa Batzorde Soziosanitarioa eta Gizarte Partaidetzako Kontseilua eratzea.
Hamaikagarrena.– Erabaki honek indarra hartzen duenetik aurrera, kendu diren zerbitzu-erakundeekin Osasun Sailak zituen harreman ekonomikoak, finantzarioak eta programatikoak ondoko hauenak eratzera igaroko dira: sortu diren erakunde sanitario integratu berrienak, hain justu ere.
Erabaki honen bitartez eratzen diren erakunde sanitario integratuek subrogatu egiten dituzte kendutako edo aldatutako eta erakunde horietan integratzen diren zerbitzu-erakundeetako unitateak, zehazki, ondoko arloetako eskubide eta obligazioei dagokienez: ekonomikoa, lanekoa, kontratuena, ondarearena eta beste edozeinetakoa.
Hamabigarrena.– Osakidetza ente publikoko zuzendari nagusiari ahalmenak ematen zaizkio, ebazpen bidez, honako hau egiteko: kentzen diren zerbitzu-erakundetan, 2016ko urtarrilaren 1ean ziren zerbitzu eta unitate guztietako langileen plantillak erakunde sanitario integratu berrietara pasatzeko; eta, halaber, ahalmenak ematen zaizkio beharrezko aurrekontu-egokitzapenak egiteko.
Beste alde batetik, «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» zerbitzu-erakunde integratu berriak dituen ezaugarri propio eta bereziak aintzat hartuta, Arabako egitura sanitarioak berrantolatzetik eratorritako kokapen geografikoaren ondorioz, egoera hori kontuan hartu ahal izango da, salbuespenez, zenbait mugikortasun-prozesu arautzeko, atxikipena «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» zerbitzu-erakunde integratura aldatu zaien profesionalek kalterik jasan ez dezaten gaur egun prozesu horietan dituzten aukerei dagokienez.
Hamahirugarrena.– 1.– «Araba» Erakunde Sanitario Integratu berria erakunde sanitarioen sailkapeneko 1. taldean sartuko da, betiere Administrazio Kontseiluaren 2013ko uztailaren 18ko Erabaki bidez zuzendaritzako karguentzat onartutako ordainketa-ereduarekin bat etorriz.
2.– «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratu berria erakunde sanitarioen sailkapeneko 4. taldean sartuko da, betiere Administrazio Kontseiluaren 2013ko uztailaren 18ko Erabaki bidez zuzendaritzako karguentzat onartutako ordainketa-ereduarekin bat etorriz.
Hamalaugarrena.– Aldi baterako arauak.
«Araba» eta «Arabako Errioxa - Rioja Alavesa» Erakunde Sanitario Integratuak eratutakoan, eta harik eta erakunde horietako zuzendaritza-postuak arauz bete arte, postu horiek behin-behinean beteko dira, erakundearen funtzionamendu egokia eta asistentziaren jarraipena bermatzeko.
Hamabosgarrena.– Erakunde sanitario integratuen egitura eta funtzionamendua oro har erregulatzeko arauzko xedapen geroztikoetan ezarritakoaren aurka egiten ez duten neurrian, erabaki honetan jasotako aurreikuspenei eutsi egingo zaie, zehazki, euren zehaztapen guztiei.
Hamaseigarrena.– Erabaki honek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du indarra.
Aurrekontuei, behin-behineko egoera finantzarioei eta informazio ekonomiko-finantzarioari dagokienez, 2016ko urtarrilaren 1etik harako ondorioen arabera egokituko da bertan behera uzten den zerbitzu-erakunde bakoitza erakunde sanitario integratu berrietara.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 28a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.