EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016017

EBAZPENA, 2016ko urtarrilaren 18koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) den Gallartako Bodovalle meategia monumentu-multzoaren kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari, eta espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Xedapenaren data: 2016-01-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201600377
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak kultur ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Bere gain hartutako eskumena baliatuta, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultur intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko ekainaren 24ko ebazpenaren bidez (uztailaren 15eko 135. EHAA) Bodovalle meategia monumentu-multzoaren kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko prozedura hasi, eta prozedura hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzea erabaki zen.
Behar diren izapideak egin ostean, azaroaren 22ko 241/2011 Dekretuaren bidez (abenduaren 2ko 229. EHAA) Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) den Gallartako Bodovalle meategia, monumentu-multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratu zen.
Aipatutako dekretuari administrazioarekiko bi auzi-errekurtso aurkeztu zizkioten: lehena A.I. Abra Industria,l SAk eta Agruminsa, SAk aurkeztu zuten, eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako eta Ortuellako Udalen Industria eta Zerbitzu Arloko Egikaritze Unitateko Batzarrak, bigarrena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 2013ko urriaren 30eko 582/2013 epaiaren bidez aipatutako lehen errekurtsoa ebatzi zen. Epaiak errekurritutako dekretua zuzenbidearekin bat ez zetorrela ebatzi zuen eta, ondorioz, deuseztatu egin zuen. Auzitegiaren iritziz, sailkatutako ondasunaren jabetzari ezarritako kontserbatzeko betebeharren eragin ekonomikoari buruzko gutxieneko motibaziorik ez zuen dekretuak. Aipatutako motibazioa eskatu beharra zegoela uste zuen, horrek dekretua ekonomikoki bideraezina eta, ondorioz, zuzenbide osoz deuseza izatea ekarri ez arren. Aipatutako motibazio ekonomikorik ezaren ondorioz, dekretu hori deuseztagarria zen, auzitegiaren iritziz, eta, horregatik, deuseztatu egin zuen.
21/2014 Epaiak, 2014ko urtarrilaren 15ekoak, bigarren errekurtsoa ebatzi zuenak, zati batez baietsi zuen, dekretua I. eranskinari (Mugaketaren Deskribapena) dagokionez deuseztatuta, ulertu baitzuen EHAAn, 2013ko urtarrilaren 2koan, argitaratutako dekretuaren akats-zuzenketan ezarritakoak zuzenduta gelditu zela, eta babesteko eremuan jasotako bi etxebizitzak salbuesteko nahia ezetsi zuen.
Bi epai horiek zein deuseztatutako dekretuaren bidez babestu beharreko ondasunean dirauten balioak ikusita, eta espedientearen izapideei berrekiteko, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ondasuna kontserbatzeko betebeharren eragin ekonomikoari buruzko azterketa ekonomikoa agindu zuen, eta bidean den administrazio-espedientera erantsi da azterketa hori.
Gallartako Bodovalle meategiak historiaren eta kulturaren aldetik duen interesa ikusita, eta Kultur Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) den Gallartako Bodovalle meategia, monumentu-multzoaren kategoriarekin, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, ebazpen honetako I. eranskinean zehazten den mugaketari jarraituz, eta II. eranskinean ezarritako deskribapena eta III. eranskinean gaineratzen den babes-araubidea kontuan izanda.
Espediente honi hasiera ematearen ondorioz, uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultur Ondareari buruzko Legeak sailkatutako ondasunentzat ezartzen duen babes-araubidea aplikatuko zaio, behin-behinean, Bodovalle meategiari.
Bigarrena.– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) den Gallartako Bodovalle meategia monumentu-multzoaren kategoriarekin Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituz, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuz eta babes-araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailei jakinaraztea jada abiarazitako prozedura honen izapidea egiteak eten egiten dituela eraginpeko aldeetan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko udal-baimenak, baita dagoeneko eman direnen ondorioak ere. Finka horietan luzamendurik gabe eta ezinbestean egin behar diren obrak egiteko, Foru Aldundiaren baimena beharko da.
Laugarrena.– Espedientearen izapidetzearekin jarraitzea indarreko xedapenen arabera.
Bosgarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari, Agruminsa SAri, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailei, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jendeak jakin dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 18a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketaren deskribapena.
Monumentu Multzoan babestutako elementuen gertutasun fisikoaren, antzeko izaeraren edo harreman funtzional edo tenporalaren arabera honako 4 mugaketa hauek zehazten dira:
1.– mugaketa.
Bodovalle meategiaren babes-eremuari dagokio, eta barne hartzen ditu aire zabaleko meategia ustiatzeko prozesua osotasunez irakurtzeko behar diren elementu guztiak (erauztea, garraiatzea eta gai antzua botatzea), bai eta horri lotutako paisaia guztiz hautemateko aukera ematen duen perimetroko harrotze-eremu bat ere. Horrez gain, lurpeko ustiategiari lotutako elementu gisa, + 50 m-ko kotako meategi-sarbidea ere hartzen du barnean, meategiaren barruan kokaturik baitago.
Inguratzailea hau da: iparrean, 10 m-ra, El Minero hiribidea eta El Campillo auzoa ditu mugakide, eta azken horrek meategiaren mendebaldeko ertz modura jarraitzen du El Campillo industrialdeko biribilguneraino. Handik, mendebalde ipar-ekialdeko noranzkoan, Jarrillako gainaren gailurrak lotzen dituen lerrotik jarraitzen du (+224, +219 eta +225 m-ko kotak) Concha I izeneko meategiko mailen goialdetik jarraiki UTM koordenaden puntu honetaraino: X:494292, Y:47946 78. Ondoren, mugaketa jaisten da (UTM: X:494401 Y:4794769), landaretzaz estali gabe dauden goiko hondakindegien lehen ezpondaren oinera egokitzeko; hori + 151 m-ko kotan doa gutxi gorabehera, hegoaldeko mugatzat UTM puntu honetaraino: X:494524, Y:4794876. Puntu horretatik, muga + 175 m-ko sestra-kurbara iristen da, aire zabaleko meategiaren ekialdeko ertz bilakatuta, UTM: X:494445, Y:4795090 puntura iritsi arte. Hori izango da muga berria Campo Diego kalearekin bat egin arte, Meatzaldeko Kultura eta Ingurumen Parkeko Interpretazio Zentroaren eraikin berria inguratuta, iparraldeko hasierako biribilguneraino.
2.– mugaketa.
Plano inklinatuaren sarbidea eta 145 m luzeko hasierako tartea da. Sarbidetik, Abra Industrial poligonoan kokaturik (+ 85 m-ko kota), plano inklinatuaren lurpeko garapenari erantzuten dion inguratzailea definitzen da + 50 m-ko kotaraino.
3.– mugaketa.
Ezequiela meatzeko gaztelutxoa babesteko eremuarekin bat dator; horren inguruko eremua hartzen du barnean 10 m-ko tartean.
4.– mugaketa.
Meatzarien bi etxeak eta antzinako hiltegia –Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa gaur egun– hartzen ditu barnean. Horiek dauden lur-zatiez gain hauek mugatutako perimetro-eremua ere hartzen du: mendebalde, hegoalde eta ekialdean, inguruko bideek eta, iparraldean, meatzarien etxeekiko 25 metroko tarteak.
Mugaketaren justifikazioa.
Monumentu-multzoan babestutako elementuen mugaketa, erantsitako planoan jasota, etena eta itxuraz loturarik gabekoa da azaleko eremuan, batez ere elementu horien arteko lotura, askotan, lurpean dagoelako, baina baita meatzearen hedadura handiagatik eta geroagoko azpiegitura eta hiri-garapenek bereizi dituztelako ere. Hori guztia kultur batasun ukaezina duen multzo bakartzat har daiteke, ordea, aire zabaleko meategiaren eragin bultzatzaile handiagatik zein Meatzaritza Museoaren asmo integratzaileagatik.
Aire zabaleko meategiaren barrunbeak eta harrotze-area batek zehaztutako bolumenarekin dator bat 1. mugaketa; zenbait kasutan urbanizatutako ertzek mugatuta daude, eta, beste batzuetan, sestra-kurba jakin baten garapenak edo puntu topografiko batzuek (UTM koordenatuen bidez zehazten dira horiek). Babestutako lurpeko elementuari bakarrik dagokio 2. mugaketa, eta ez sestra gaineko haren proiekzioaren azalerari, baina horretan, dena den, afekzio batzuk ezarrita daude babes-araubidean. Azkenik, babestutako elementuekiko tartearen arabera zehazturik daude 3. eta 4. mugaketak.
Bodovalle meategiko monumentu-multzoan jasotako ondasun guztiak behar bezala babestu eta horien balioa nabarmendu ahal izateko, horien artean eta aldamenean dauden espazioak ere babestu beharra dago, horiek gabe ezin baita irakurri meatze-ustiategiaren prozesu osoa (horren forma, funtzionaltasuna, esanahia edo bilakaera).
II. ERASKINA
DESKRIBAPENA
Concha II, Manuelita, San Miguel, San Benito eta Ser meatzeen kontzesioetan dago Bodovalle meatzea; meatze hauek XIX. mende bukaeratik ustiatu zituzten Ortuella eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerrietan. Concha II Ybarra Hermanos enpresak erregistratu zuen, 1868ko azaroaren 20an, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerrian Concha izen orokorrarekin, eta 120 hektarea zituen. Enpresa horrek beste zortzi jabego ere erregistratuta zeuzkan.
Aire zabaleko ustiategian –Bizkaiko meatze-arroan egon zirenetatik handiena– eta lurpean ateratzen zuten burdin mea. Lehenengo modalitateak Bodovalle meategi ikusgarria utzi du ondare; 700 metro luze, 350 metro zabal eta 200 metro baino handiagoko gehieneko sakonerakoa den ebaki geologiko handia da. Alderantzizko kono-formako zulo handiak harmailadi bat du, 5-10 metro zabaleko eta 10-20 metroko garaiko maila bihurriak dituena. Beheko mailak dira garaienak; karbonato-eremuei dagozkienak, alegia, ez baitira kareharrizkoak eta tuparrizkoak bezain hauskorrak. Meategia amaierako posizioan dagoenez, leku batzuetan bermen zabalera gutxieneko zabalerara murriztu da, eta, kasu batzuetan, hiru banku elkartzera iritsi da.
Aire zabaleko meategi honetan sartzeko pista bat dago. Lehenengo ekialdeko ezpondan zehar doa eta gero meategiaren hondo mailakatura iristen da. Altuera ezberdinetatik zehar ibili ahal izateko, bide bihurgunetsu bat egitea beharrezkoa suertatu zen.
Bermak, zati batean, gai xehe antzuz estalita daude, kontzentrazio planta zaharretik datozenak. Goiko bankuetatik ateratako higakin solteez ere estalita daude. Higakinen maldak baimentzen duenean edo bermak higakinik gabe gordetzen direnean, bankuetan belarkiak jaiotzen dira modu naturalean, neurri handiagoan goiko bankuetan, arroka bigunagoa baita, eta lurzorua, denboraren poderioz, lehengoratzen eta nutrienteez eta gai organikoaz aberasten joan da. Bankura ematen duen angelua handia da, askotan ia bertikala. Horrek galarazi du haren ezpondak landaretzaz estaltzea. Minerala eta gai antzua azaleratu dira. Beste fenomeno geologiko interesgarri batzuk ere ikus daitezke gaur egun: failak, diaklasak, buzamenduak, akuinamenduak, aldaketa litologikoak eta abar. Faila nagusia ikus daiteke; eta han mineral ebakidurak, burdinazko karbonato oxidatuak, marga eta kareharriekin, failako mugimendu tektonikoak (lur-jausiak), bere jauziekin, eta mineral haztegiaren buzamenduak horma oxidatuen kontaktuekin.
Meategiaren zona batzuk, hegoaldean, iraganean isurkinez bete ziren. Isurkin horiek, bankuetan banatuta, modu artifizialetan landaretzaz estali dira. Meategiko antzinako hondakindegiko bi banku ere badaude horien atzean.
Meategiaren hondoa ere mailakatua da, iparrera sakontzen delarik. Iparraldean, hain zuzen ere, dauka kotarik sakonena (38 metro itsasoaren mailaren azpitik). Gaur egun hondoak ur-lamina bat dauka, -24 metrotara (batez besteko lodiera 14 metrokoa da). Artifizialki kontserbatzen da, lurpeko meatzearen barruan dagoen ponpaketa-zentralari esker. Zentral horrek ura 48 metrotara igotzen du, eta ura husteko galeria bat dago hor (Cía Franco-Belga sozietatearen trenbide zaharra).
Goiko mailetako bat, hego-mendebaldean, Orconerako trenbidearen kutxan dago. Oraindik badagoen tunel baten bidez, San Migelgo geltokirako sarbidea zen. Han, Orconerak Campomarren garbitutako mineralak zamatzen zituen eta Zugaztieta-Campomar aireko tranbia famatuan garraiatzen zituen. Gehienbat belarkiak eta zuhaitz-espezieak daude plataforman gaur egun eta hautematea galarazten dute. Era berean, tunelaren sarbidea landaretza espontaneoak estalita dago guztiz, eta tarteko zati batzuetan ere kolapsaturik dago.
Meategiaren kontserbazio-egoerari dagokionez, material-jausiak izan dira beheko bermetara, material solteen gordailuak osatuta, gehienbat meteorizazio naturaleko fenomenoengatik, geologikoki oso hautsita dagoen harri-multzoa baitago. Gordailu horien ondorioz hondeaketaren jatorrizko geometria galdu da zati batez zenbait kasutan; gordailuak kentzea oso zaila da, ordea, haietara iristerik ez baitago. Aire zabaleko meategia pixkanaka hondatzen laguntzen du, halaber, landare-espezie inbaditzaileak egoteak (cortaderia selloana –panpa-lezka–, adibidez). Gramineo oso sendo eta bizikorra da, jatorriz Hego Amerikako eskualde estratropikal batzuetakoa; 3,5 m-ko diametrora arteko makolla handiak sortzen ditu, eta 4 metro garai ere izan daitezkeen lore-pedunkuluak.
Meategiaren barruan lurpeko meatzerako sarbide bat dago. Hirurogeiko hamarkadatik, itxi zen arte (1993an), 50 kilometro galeria baino gehiago zulatu zen. 1970eko hamarkadan, Europako bigarren burdin ustiategirik handiena izan zen. 1974 eta 1976 urte artean meatze «berria» prestatu zuten, aurrekoa halako 2 eta 3 zena, eta trenbidearen ordez motor diesela zuten pala autogarraiatzaileak ezarri zituzten. Tokirik baxuenean meatzeak 205 metroko sakonera du itsas mailaren azpitik, eta neurri ezberdinetako 60 ganbera ditu, horietako hobiaren potentziaren arabera; horrelakoak 25 eta 50 metro garai artekoak eta 100 metro sakonerakoak ere izan daitezke, eta 25 metroko zutabeak eta zuloak ditu bakoitzak. Galerien eta ganberen edukiera 8 milioi m3-koa da.
Barneko meatzeko beste elementu bat plano inklinatua da; irteera-sarbideko goiko aldea (+ 85 m-ko kota), Abra Industrial poligonoko bulegoen ondoan, eta meatzeko - 110 metroko kota komunikatzen ditu (azken horretan tailer mekanikoen eremua dago). Planoak 4,50 metroko zabalera, 3,2 metroko altuera eta 800 metroko luzera ditu, % 25eko maldarekin gutxi gorabehera. Hasieran, plano horretan zehar, lurpeko meatzeko hondakinak ateratzen zituzten garraio-zinta bidez. 1964z geroztik, langileak garraiatzen zituzten hortik jardinera deitzen zuten bagoi batean (oraindik badago); altzairuzkoa zen eta 20 lagun eraman zitzakeen lau bankutan. Arrapala orokorra egin zuten planoa sarbide gisa erabiltzeari utzi ziotenean; meatze-sarbidetik (50 m-ko kota) meatzearen hondoraino jaisten da.
Meatzearen kanpoaldean eta, tarte batera, aire zabaleko meategiak hartutako azaleratik ipar-mendebaldean, Ezequiela meatzeko gaztelutxoa dago, 15 metro inguruko garai; ez zuten meatzariak ganbaretara sartzeko eraiki, lurpeko lan guztiak aireztatzeko tximinia gisa baizik. Metalezko egitura txarrantxatua dauka. Goiko aldean etxola bat dauka, eta bertan 80 metroko tximinia eraikitzeko erabili zuten kableari (ez dago jada) eragiten dioten gurpilak zeuden gordeta. Gaztelutxoan haizagailuak jarri zituzten, meatzeko aire kutsatua ateratzeko.
Meategitik oso hurbil eta meatzaritzaren museotik metro gutxira bi meatzari-etxe zahar daude zutik. Abantoko bake-epailearen ziurtagiriaren arabera 1880 eta 1890ean eraiki zituzten, eta horietan, 1893tik aurrera, Urrela-Salazar familiako kideak bizi ziren. Biak eraikuntza soilak dira: Etxeetako batek bi solairu dauzka. 11 x 8 metro dauzka, lau isurkiko teilatuarekin. Harlangaitzez eraikita dago eta zurezko egitura dauka, teila lauekin eta bao burudunekin. Bigarren etxea lehenengotik metro gutxitara dago. 12 x 9 metro dauzka. Bi isurkiko teilatua dauka eta bao laukizuzenak; bi etxebizitza hartzen ditu barnean, aurrekoak alboko eskailera batetik du sarbidea, eta zenbait eranskin itsusgarri ditu atzeko fatxadetan.
Bodovalle meategia monumentu-multzoko elementurik adierazgarriena da, presentzia itzelagatik, balio nabarmenagatik eta paisaia-garrantziagatik; bere kasa aire zabaleko meatokia ustiatzeko prozesu osoaren argigarria da, beharrezko diren elementu guztiak baititu oraindik: erauzteko lana (ezpondak eta bermak), gai antzuak botatzea (hondakindegiak) eta mearen garraioa (galeriak eta trenbiderako lur-berdinketak). Horrek guztiak ahalmen didaktiko handia du, material geologikoa agerian egoteak areagotuta gainera, eta siderita oxidatzearen ondoriozko ikusgarritasun kromatikoa gehitu behar zaio horri. Ezohikoa ere bada kraterraren neurri handiengatik (Euskadiko handiena), Euskadiko aire zabaleko azken burdin ustiategia delako eta, azkenik, EAEko aire zabaleko puntu irisgarri baxuena izateagatik. Meategia ia bete ez dutenez eta azaleko urak punpatuz modu naturalean ur azpian geldi dadin eragotzi dutenez, halaber, neurri osoan hautemateko aukera ere badago, ustiatzeko azken fasean eduki zituen gehieneko neurriekin. Oraingoz bere eboluzioaz kanpoko fenomenoek ere ez diote eragin edo haren egiazkotasuna eraldatu. Lurpeko meatzean ere badaude elementu interesgarriak, beste esanahi batez janzteko balio handia baitute.
Bodovalle meategiko monumentu-multzoan babes berezia duten elementu higiezin baliotsuenak hauek dira:
– Ezpondak, bermak eta meategiko material geologikoa.
– Gai antzuen hondakindegien beheko bi bankuak.
– Mailak eta Orconerako trenbidearen tunela.
– Antzinako Cía Franco-Belga sozietatearen trenbidearen sarbidea eta galeria.
– Lurpeko meatzeko sarbidea (+ 50 m-ko kota).
– Plano inklinatuaren sarbidea eta 145 m-ko lehen zatia, + 50 m-ko kotaraino.
– Ezequiela meatzeko gaztelutxoa (kanpoaldean).
Jardinerak ere badu babes berezia, aurrekoetatik bereizi ezin den ondasun higigarri gisa.
Azkenik, monumentu-multzoan oinarrizko babesa dute meatzearekin zeharka lotuta dauden honako elementu higiezin interesgarri hauek:
– Campo Diego auzoko meatze-etxeek.
– Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak, antzinako hiltegian kokaturik.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDEAREN IZAERA
1. artikulua.– Xedea.
Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerrian den Gallartako Bodovalle meategia, monumentu-multzoaren kategoria emanda, kultur ondasun deklaratzeko kalifikazioaren parte da babes-araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikulua betetzeko, hor egin daitezkeen, egin behar diren eta debekatuta dauden jarduerak zehazten baititu.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Babes-araubide honen preskripzioak Bodovalle meategiko monumentu-multzoaren mugapenaren barruan dauden espazio, eraikin eta instalazio guztietan aplikatu beharko dira.
3. artikulua.– Babespekoaren definizioa.
1.– Kultur unitatea osatzen duten ondasun higigarri zein higiezinen multzo guztiak jotzen dira monumentu-multzotzat, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen, uztailaren 3koaren, 2.2.b) artikuluan emandako definizioaren arabera.
2.–Bodovalle meategiko monumentu-multzoan babestutako ondasunak izango dira horri lotutako ondasunak eta inguruneak, zehazki II. eranskinean babestu beharrekotzat azaldutakoak, aurrekoetatik bereizi ezin diren ondasun higigarri eta higiezin gisa sailkatuta daudenak.
II. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDE OROKORRA
4. artikulua.– Preskripzio orokorrak.
1.– Babes-araubide honi lotutako ondasunak Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legean, uztailaren 3koan, aurreikusitakoaren mende egongo dira, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, urraketa eta gainerako alderdiei dagokienez.
2.– Babes-araubide honi lotutako ondasunen jabeek, edukitzaileek eta euren gaineko eskubide errealik duten gainerako titularrek nahitaez bete beharko dituzte Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak, uztailaren 3koak, egozten dizkien betebeharrak, hau da, kontserbatzea, zaintzea eta babestea.
3.– Babes-araubide honetako aginduak lotesleak dira, eta arau horiek errespetatuz zaindu beharko da monumentu-multzoa.
4.– Preskripzio hauek betetzeak ez du salbuesten arloko legediaren ondoriozko betebeharretatik, bereziki meatze-segurtasunaren eta ingurumenaren arloan.
5. artikulua.– Ondasun higiezinak.
1.– Araubide honetako preskripzioek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak, uztailaren 3koak, 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu arau hori betetzeko, babes-araubidearen helburu den multzoari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak onartu aurretik nahitaezkoa izango du Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloko eskumena duen sailaren aldeko txostena lortzea.
2.– Harik eta babes-araubidea garatuko duten hirigintza-tresnak onartzen ez diren arte, ez dira onartuko honako hauek: lehendik dauden lerrokadura eta sestrak aldatzea; eraikigarritasuna gehitzea edo aldatzea, lur-zatikatzeak eta lur-eransketak egitea, eta, oro har, aldaketak egitea bolumenen, estalkien eta baoen banaketan, monumentu-multzoaren harmoniari eragiten badiote.
3.– Sailkatutako kultur ondasunetan eta haien ingurumarian egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren baimena beharko dute, halaxe xedatzen du eta Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29. artikuluak.
4.– Ezingo dira ondareak osorik edo partez bota, ez bada arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Euskal Kultura Ondarrari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikulua; edota azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua, Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa.
6. artikulua.– Ondasun higigarriak.
1.– Meatzetik bereizi ezin direla adierazita dauden ondasun higigarriak kultur ondasun sailkatutzat joko dira eta haren xede beraren mende egongo dira, betiere Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloan eskuduna den sailak salbuespenez bereizteko baimena ematen ez badu, horren arrazoiak adierazita, Euskal Kultur Ondarearen buruzko 7/1990 Legearen, uztailaren 3koaren, 37.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Hori alde batera utzi gabe, Bizkaiko Foru Aldundiak agindu ahal izango du ondasun higigarriak beste norabait eramatea behin-behingoz, kokapen originalak beharrezko baldintzak betetzen ez dituen artean, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen, uztailaren 3koaren, 39.2 artikuluak dioenez.
3.– Aipatutako ondasun higigarriak ezingo dira aldatu, konpondu edo zaharberritu Bizkaiko Foru Aldundiak aurrez baimena eman gabe, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen, uztailaren 3koaren, 38.1 artikuluak dioenez.
4.– Debekatuta dago monumentu-multzoko ondasun higiezinetatik bereizezinak direla jotako ondasun mugigarriak suntsitzea.
5.– Jardinera-bagoia Bodovalle meategiaren monumentu-multzoko ondasun higigarri bereizezintzat hartzen da, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen, uztailaren 3koaren, 12. artikulua betez.
7. artikulua.– Babes-mailak.
1.– Bi babes maila ezarriko dira: Babes berezia eta oinarrizko babesa.
2.– Babes bereziko elementutzat hartuko dira, izaera berezia eta arkitektura-, arte-, historia- edo kultura-balio apartekoak izanik, eta beren jatorrizko ezaugarriak berreskuratzeko aukera ematen duen kontserbazio-egoeran egonik, honako babes-araubide honen estaldurarik zabalena merezi dutenak. Babes berezia izango dute honako elementu higiezin hauek: aire zabaleko meategiko ezpondek eta bermek eta horren material geologikoak, gai antzuen hondakindegietako beheko bi bankuek, Orconerako antzinako trenbidearen lur-berdinketak eta tunelak, Cía Franco-Belga sozietatearen trenbidearen sarbideak eta galeriak, plano inklinatuaren sarbideak eta 145 m-ko lehen zatiak eta Ezequiela meatzeko gaztelutxoak. Jardinerari ere ematen zaio babes handiena.
3.– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1 e) artikuluak ezarritakoa betetzeko, garrantzi bereziko elementutzat joko dira babes bereziko elementuen zerrendan jasotako ondasun guztiak.
4.– Oinarrizko babeseko elementutzat joko dira aurretik aipatutakoen garrantzia edo balio berezia eduki gabe ere monumentu-multzoaren barruan duten esanahiagatik Euskal Kultura Ondarean jasotzea merezi dutenak. Oinarrizko babes-maila izango dute Campo Diego auzoko meatzarien bi etxeek eta hiltegiaren jatorrizko eraikinak (Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa egun).
8. artikulua.– Monumentu-multzoan onartzen diren jarduketak, erabilerak eta jarduerak.
1.– Meatzaritza-paisaia eta gaur egun dauden azpiegiturak egoki zaintzea eta meatze-ustiapenaren prozesu osoa interpretatzea bermatzen duten jarduketak, erabilerak eta jarduerak bakarrik onartuko dira. Babes-eremuaren barruko egituren eta elementuen egoera aldatu edo minimizatzeko moduko esku-hartze oro ahalik eta gehien murriztuko da.
2.– Babestu beharreko eremuaren barruko espazioak, eraikinak eta instalazioak babestu, zaharberritu, birgaitzeko eta horrelakoen balioa nabarmentzeko jarduketak onartuta egongo dira, betiere horien kontserbazioa bermatzen eta erabilera eta gozamen publikoa bermatzen badira. Dauden ingurunean ahalik eta gehien txertatzeko beharrezko diren neurriak bultzatuko dira.
3.– Kulturaren arloko jarduerekin eta/edo tokia eta horren ondare-balioak zabaldu eta ezagutaraztekoekin zerikusia duten erabilerak onartuko dira.
4.– Kultura- eta ingurumen-hezkuntzarako erabilera publiko eta sozialeko jarduerak onartuko dira, betiere inpakturik ez badute meategiaren osotasunean edo ondare-balioak aldatzea ez badakarte.
5.– Zientzia izaerako jarduerak garatzea eta sustatzea onartuko da, baldin eta gaur egun dauden eta etorkizunean aurki daitezkeen meatzaritza-aztarnak kontserbatzearekin bateragarriak badira (arkeologiako indusketak, geomorfologiako azterketak, geologiakoak, geologia- eta meatze-azterketak, hidrogeologiako azterketak, espeleologiakoak.). Horrelako ikerketek ez dute eragingo babestutako ondasunen edo horien ingurunearen osotasunean, eta lagundu egingo dute horien gaineko ezagutza handitzen, haien balioa hobeto nabarmentzearren. Aurkitutako aztarna arkeologikoen gainean honako jarduera hauek onartuko dira: prebentzioz kontserbatzea, mantentze-lanak egitea, zaharberritzea eta haien balioa nabarmentzea, ahal bada agertzen diren tokian bertan.
6.– Babestutako ondare-ondasunak dauden eta mugarri gisa bateratzen duten meatze-paisaia babestuko da, kokaturik dagoen ingurune fisikoaren eraldaketa antropikoaren erabatekotasuna ezaugarri duena; hala bada, horren fisonomia orokorra zaindu ez ezik, hertsi-hertsian beharrezkoak direnetara ere mugatuko dira meatze-segurtasuneko edo ingurumena lehengoratzeko jarduketak, babestutako ondare-balioak zainduta.
7.– Monumentu-multzoaren mugapenaren barruan lurrak aldi baterako okupatzea eta beharrezko diren behin-behineko instalazioak egitea onartuta egongo da meatze-agintaritzak Meatzea Ixteko Proiektuan ezarritako lanak gauzatzeko. Aipatutako lanak amaiturik, eragindako elementu oro lehengo egoerara itzuli beharko dute.
9. artikulua.– Monumentu-multzoan debekaturik dauden jarduketak, erabilerak eta jarduerak.
1.– Babestutako ondasunaren egungo egoera aldatzen edo urardotzen duten jarduerak debekaturik egongo dira, baita agerian dauden hondakinak edota geroko lan eta azterketetan azaleratu daitezkeenak suntsitzea eragin dezaketenak ere.
2.– Erauzketa-, basogintza- eta nekazaritza-erabilerak berariaz daude debekaturik.
III. KAPITULUA
BABES-ARAUBIDE XEHATUA
10. artikulua.– Babes Bereziko ondasun higiezinak eta horien babes-eremua.
1.– Babestutako ondasunak museo bihurtuz meatzaritzako ondarearen eta paisaiaren kultura hedatzeko jarduerak egitea onartuta egongo da. Kultur ibilbideak prestatu ahal izango dituzte. Ibilbide horiek, edozelan ere, dauden bideen eta sarbideen gainean egingo dira, horiek zabaldu gabe, baina hobetzeko lanak egin ahal izango dituzte, betiere aire zabaleko meategiaren ezaugarriak eta profila aldatzea ez badakarte.
2.– Babestutako ondasunak eta horien ingurua seinaleztatzea eta argiztatzea onartuko da haien balioa nabarmentzen laguntzeko, betiere horrek ez badakar meatze-paisaia edo horren elementuak aldatzea edo minimizatzea.
3.– Aire zabaleko meategian onartu egingo da bermen eta ezponden bilakaera naturala (esate baterako, higakinak edo modu naturalean sortutako landaretza). Hala ere, landare-espezie inbaditzaileak kendu ahal izango dituzte, eta zuhaitzek ezpondak kalte ditzan ere saihestu ahal izango dute (zuhaitzek harria haustea eragitea eta beheko mailetara erortzea, besteak beste).
4.– Agerian ikusten diren edo aurki litezkeen geologia eta meatzaritzako egituren gainean prebentzioz kontserbatu, mantendu, zaharberritzeko edo horrelakoen balioa nabarmentzeko jarduerak bakarrik baimenduko dira. Ikerketa-jarduera oro substratu arkeologikoa zaintzea eta dokumentatzea bermatzeko baldintzapean egongo da.
5.– Aire zabaleko meategia betetzea edo urez betetzea debekaturik dago, hondoa lehorrik edo ur-lamina - 24 metroko kotan edukita gehieneko hedaduran ikusi ahal izan dadin. Hartarako, beharrezko diren sistema teknikoak sortuko dituzte azaleko jariatze-urak isurtzeko baimendutako tokiraino ponpatzeko. Monumentu-multzoko garrantzi bereziko elementuei eragin gabe gauzatuko dituzte aipatutako instalazio horiek.
6.– Gai antzuen hondakindegietan kontserbatzeko eta mantentzeko jarduketak bakarrik baimenduko dira, eta berariaz debekaturik egongo da horien gaineko lur-mugimendu oro. Landaretza modu naturalean sor dadin ez dute geldiarazi beharko.
7.– Ura husteko kanala desmuntatu ahal izango dute industrialdeko urak ebakuatzeko.
8.– Orconera Iron Ore enpresaren antzinako trenbideko bankada egokitzea baimenduta egongo da; hala bada, horren irisgarritasuna hobetzeko beharrezko diren lanak egingo dituzte horretarako, bai eta lurra berdintzea, higakinak kentzea eta tunela zaharberritu eta bermatzea ere, arraste-bidea interpretatzeko gaitasuna handitzearren.
9.– Cía Franco-Belga sozietatearen lurpeko galerian sarbidea zein hormigoizko galeria mantendu, zaharberritu eta bermatzeko lanak onartuko dira.
10.– Plano inklinatuan, hormigoizko galeriaren sarbidea eta lehen 145 metroak mantendu, zaharberritu eta bermatzeko lanak onartuko dira. Zati horren bertikalean kokaturiko azaleran ez da lanik onartuko horren osotasunari edo egonkortasunari eragiten badiote.
11.– Ezequiela meatzeko gaztelutxoan kontserbatu eta bermatzeko jarduerak onartuko dira, baina berariaz debekatuko da hori tokiz aldatzea, lurpeko instalazioari lotuta baitago.
12.– Urbanizazio, eraikuntza, sarbide edo bide berri oro debekaturik egongo da.
13.– Meatzaldeko Kultura eta Ingurumen Parkeko Interpretazio Zentroaren eraikinean –aire zabaleko meategiaren mugapenaren barruan– inguruko urbanizazioa eta amaitu gabeko eraikina bukatzeko jarduerak bakarrik onartuko dira, eraikitakoa handitzeko aukerarik gabe; ahalik eta esku-hartze txikiena egitea izango dute oinarrizko irizpide, eta arkitektura berria zein horren urbanizazioa ingurunean txertatuta egongo dira, horren elementu garrantzitsuei eragin, galera edo aldaketarik ekarri gabe. Lurren era guztietako mugimendua berariaz debekaturik egongo da, ezponden eta bermen aurreko topografia eta morfologia lehengoratzeko bada izan ezik.
14.– Babestu beharreko eremuaren aldameneko inguruan aurreikusitako jarduketa berri oro paisaian integratzen lagunduko dute; hartarako, Bodovalle meategiko paisaiaren gaineko ikus-inpaktua zuzentzeko neurriak hartuko dituzte, monumentu-multzoaren balioen aldaketa oro saihestuta.
15.– Beharrezko diren segurtasun-neurriak hartuko dituzte onartutako jarduketa, erabilera eta jardueretan.
11. artikulua.– Babes bereziko ondasun higigarriak.
1.– Ondasun higigarrietan baimendutako esku-hartzeek kontserbazioa, etorkizunera osorik transmititzea eta jatorrizko izaera mantentzea izango dute helburu, adibidez:
– Prebentziozko kontserbazioa: ondasunaz baliatu eta gozatu ahal izateko zeharkako jarduerak, aldaketarik eta kalterik ez izateko behar den guztia eginda, eta, bestalde, ondasuna egoera onean mantentzeko behar diren jarduerak aldiro-aldiro egitea.
– Kontserbazioa: xede terapeutikoz esku hartzeko zuzeneko ekintzak, haren narriadura geldiagotzeko.
– Zaharberritzea: ekintza zuzenak, haren ulergarritasuna areagotzearren, osotasun formala, fisikoa eta historikoa errespetatuta.
2.– Erabiltzen diren materialek ahalik eta itzulgarritasun handiena izan behar dute.
3.– Kendu egingo dira babespeko ondasun higigarriaren balioa murrizten duten eranskinak edo balio horrekin bateraezinak diren elementuak.
4.– Profesional kontserbatzaile eta zaharberritzaileen esku utziko dira beti esku-hartzeak.
12. artikulua.– Oinarrizko Babeseko ondasun higiezinak eta horien babes-eremua.
1.– Handitzea ez dakarten eraikuntzako esku-hartzeak onartu ahal izango dira, eraikitakoa zehatz-mehatz exekutatuta (hala nola zaharberritzea, kontserbatzea eta apaintzea zein bermatzea), eta berariaz debekatuko da horiek erreformatu, ordeztu eta eraistea; azken hori Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen, uztailaren 3koaren, 36. artikuluan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe.
2.– Nolanahi ere, meatzaritzako etxebizitza-eraikinak eta lana interpretatzeko aukera ematea izango dute xedetzat baimendutako esku-hartzeek.