EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2016017

EBAZPENA, 2016ko urtarrilaren 11koa, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariarena, Gernikako Piperra/Pimiento de Gernika adierazpen geografiko babestuaren baldintza-agiria aldatzeko eskabidearen aldeko erabakia igortzen duena.

Xedapenaren data: 2016-01-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201600376
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/03/29an argitaratutako 2012/02/01eko AGINDUA aldatzen du [201201518]

AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2014ko urriaren 3an, Gernikako Piperraren batzorde profesionalak eskatu zuen adierazpen geografiko babestu horren baldintza-agiriak aldatzeko. Horren ostean, 2015eko maiatzaren 4an, eskabidea aldatu eta orain izapidetzen ari den dokumentua lortu zen.
Bigarrena.– 2015eko urriaren 30ean, zuzendaritza honen ebazpen bat argitaratu zen, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Gernikako Piperra/Pimiento de Gernika adierazpen geografiko babestuaren (AGB) baldintza-agiria aldatzeko eskabidearen berri emateko; horrela eman zitzaion hasiera aurka egiteko prozedurari, eta jendaurrean jartzeko epea ezarri zen, hirugarrenek ere aurka egiteko aukera izan zezaten, bi hiletan, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat. Izan ere, urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren bidez arautu da babestutako jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura.
Hirugarrena.– Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik, bi hilabete baino gehiago igaro dira, eta inork ez du aldatze-eskabide horren aurka egin.
Laugarrena.– Kontuan hartu da aurkeztutako eskabideak bete egiten dituela Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 Erregelamenduak nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako ezarritako baldintzak eta eskakizunak; espedientea izapidetu da, eta horretarako igortzen da eskatutako aldaketaren aldeko erabakia.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Autonomia-erkidego honek du jatorri-deituren gaineko eskumen esklusiboa, Estatuarekiko lankidetzan, Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.27 artikuluaren arabera, Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan xedatutakoa betetzeari utzi gabe. Halaber, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari dagozkio nekazaritza-elikagaien politikari loturiko eginkizunak: nekazaritza–elikagaiak sustatzea, tipifikatzea, horiei jatorri-deitura ematea eta kalitatea zaintzea, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat (20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).
Bigarrena.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezarri duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 22.1.u) artikuluaren arabera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio nekazaritzako eta arrantzako produktuen jatorri-deiturak eta kalitate- eta berme-bereizgarriak ezartzea eta kontrolatzea (...).
Hirugarrena.– Espedientea kudeatzeko, hauetan ezarritako izapideak bete dira: Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamendua, eta martxoaren 7ko 149/2014 Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatu baita urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretua, babestutako jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura arautzen duena.
Laugarrena.– Aldatzeko eskabidea onargarria da; beraz, Europako Batzordeari jakinarazi behar zaio, eskabidea azter dezan, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduarekin bat.
Horiek horrela,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aldeko erabakia igortzea Gernikako Piperra/Pimiento de Gernika adierazpen geografiko babestuaren (AGB) agiria aldatzeko eskabiderako.
Bigarrena.– Helbide elektroniko honetan argitaratuta daude Gernikako Piperra/Pimiento de Gernika adierazpen geografiko babestua (AGB) aldatzeko proposamena jasotzen duten baldintza-agiriaren eta agiri bakarraren testuak: http://www.nasdap.ejgv.euskadi.eus/r50-4633/eu/contenidos/informacion/dop_pimiento/eu_agripes/dop_pimiento.html
Hirugarrena.– Aldeko erabaki hau Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeriora bidaltzea, baldintza-agiria aldatzeko eskabidea Europako Batzordeari helaraz diezaion, urriaren 1335/2011 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bertan arautzen baita babestutako jatorri-deitura babestuei eta adierazpen geografiko babestuei erkidegoko erregistroan izena emateko eskabideak izapidetzeko eta horiei aurka egiteko prozedura.
Laugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, aldeko erabakia publikoa izan dadila bermatzeko xedez.
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen; beraz, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin bat.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 11.
Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria,
PELI MANTEROLA ARTETA.