EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2015015

ERABAKIA, Enpresaren Ekonomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa-lanak egiteko laguntzak esleitzeari buruzkoa.

Organo emailea: EMILIO SOLDEVILLA FUNDAZIOA
Xedapenaren data: 2015-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201600350
Maila: Akordioa
Sekzioa: IRAGARKIAK (Pribatuen iragarkiak)
Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Fundación Emilio Soldevilla fundazioaren Patronatuko Batzordearen 2015eko abenduaren 28ko Erabakia, zeinen bidez iragartzen baita Enpresaren Ekonomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa sustatzera bideratutako laguntzak esleitzeko merezimendu-lehiaketa; hona hemen
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdi honen xedea da Enpresaren Ekonomiarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa-lanak egiteko laguntzak esleitzea.
Bigarrena.– Enpresaren Ekonomiaren esparruko gai bati buruzko buruzko ikerketa-lan bat egin beharko dute laguntzen esleipendunek; gaia haiek hautatuko dute.
Hirugarrena.– Baldintza hauek bete behar dira deialdi honetan parte hartu ahal izateko:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea administrazio-egoitza.
b) Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako lizentziadunaren titulua edo parekoa izatea.
c) Enpresaren Ekonomiari buruzko doktoretza-programa bateko lehen bi urteak gaindituak izatea eta Ikerketa Nahikotasuna izatea.
d) Engaiamendua hartzea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publiko bateko Enpresaren Ekonomiako Unibertsitateko sail batean edo antzeko batean ikerketa-lan bat egiteko, sail horri atxikitako irakasle doktore baten gidaritzapean.
Laugarrena.– Fundazioan aurkeztu beharko dira laguntza hauen xede diren ikerketa-lanak, laguntza ematen denetik 12 hileko epean. Lana aurkeztu ezean, laguntzarako eskubidea galduko du esleipendunak, eta jasotako kopuruak itzuli beharko ditu.
Bosgarrena.– Hauek dira laguntza hauen onuradunen betebeharrak:
a) Diru-laguntza emateko oinarri hartu den egoera berean egotea.
b) Laguntza ematerakoan kontuan hartu diren eskakizunak eta baldintzak bete direla egiaztatzea diru-laguntza eman duen entitateari, bai eta jarduera burutu izana ere.
c) Erakunde esleitzaileak egingo duen egiaztatze-jarduna onartzea.
d) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza edo laguntzen, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea erakunde esleitzaileari.
e) Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, horren berri ematea erakunde esleitzaileari.
Seigarrena.– Ikerketa-lanak egiteko beharrezko diren gastuek bakarrik jaso ahal izango dute laguntza, hauek zehazki:
– Joan-etorriak iberiar penintsulan.
– Egonaldiak atzerrian, unibertsitatearekin lotura finkorik ez duten edo irakasle-laguntzaile ez diren doktoregaientzat. Gainera, baldintza hauek beteko dituzte:
Finantzatutako ikertzailea berariaz gomitatzea.
Ikerketa-lanaren zuzendariaren abala.
Ikertzailea gomitatzen duen irakaslearen curriculum vitaea.
– Datu-baseak eskuratzea.
– Programa informatikoak eskuratzea.
– Inkestak eta elkarrizketak egitea.
– Bibliografia eskuratzea.
– Hardwarea eskuratzea.
– Lana fotokopiatu eta enkoadernatzea.
Gastu justifikagarrien zenbateko osoari ehuneko hamabost gehitu ahal izango zaio, justifikazio zaila duten gastu gisa.
Banakako laguntza ezin izango da 3.500 euro baino gehiagokoa izan, eta laguntzen zenbateko osoa 10.000 euro baino gehiagokoa.
Lana gauzatzeko behar-beharrezko diren eta beste finantzazio-iturri batzuetatik –deialdi publiko nahiz pribatuetako laguntzak edo diru-laguntzak, kasu– lortutako diru-laguntzak erabiliz ordaindu ezin izan diren gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.
Finantzaketa aurrerakinen bitartez eman ahal izango da, harik eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu arte; lana aurkeztean, jaso bai baina justifikatu ez duen laguntzaren zatia itzuli beharko du esleipendunak.
Bestela, Fesideren parte-hartzearen bidez bideratu ahal izango da laguntza, enpresa edo erakunde sozial den heinean, hirugarren oinarrian jasotako baldintzak betetzen dituen pertsona batek doktore-tesia egitea helburutzat duten lehiako ikerketa-proiektuetan Kasu horretan, 3.500 euroko gehieneko ekarpena egingo dio Fesidek proiektuari.
Zazpigarrena.– Diru-laguntza horrek ez dakar ezelako kontratu loturarik Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioaren eta laguntzaren esleipendunaren artean.
Halaber, ez da bateragarria izango helburu bererako ezelako laguntza edo diru-laguntza jasotzearekin, lana gauzatzeak ekar litzakeen gastuen estaldura osatzeko ez bada.
Zortzigarrena.– Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioari aurkeztu beharko zaizkio diru-laguntzak jasotzeko eskabideak. Posta ziurtatuz bidali beharko dira, helbide honetara:
Pérez Galdós 14, eskumako nagusia, 48010 Bilbao.
Eskabideak aurkezteko epea hamar egun naturalekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bederatzigarrena.– Laguntza-eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Curriculum vitaeak, bertan merezimendu akademiko eta profesionala, eta burututako lan eta argitalpen zientifikoak adieraziko dira. Behar bezala kreditatu beharko dira alegatzen diren merezimenduak.
b) Burutuko den ikerketako programa-proiektu bat, hamar orrikoa, gehienez.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen Enpresaren Ekonomiako Unibertsitateko sail baten edo antzeko baten kreditazioa, zeinak ikerketa-lanaren tutoretza hartuko baitu bere gain.
d) Sail horri atxikitako irakasle doktore baten kreditazioa, zeinak bere gain hartuko baitu ikerketa-lan horren gidaritza.
e) NANaren fotokopia.
f) Espediente akademikoa, titulu akademikoaren edo egiaztagiriaren fotokopia, eskatu bada, eta ikerketa nahikotasunaren egiaztagiria.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatua egotearen egiaztagiria.
Hamargarrena.– Aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko, hauek hartuko dira kontuan: proiektua bere helburuari egokitzea, ontsa gauzatzeko proiektuak eskaintzen dituen bermeak eta, batik bat, hautagaiak aldez aurretik burutu dituen ikerketa-jarduerak.
Egoki iritziz gero, hautagaien merezimenduak hobeki baloratu ahal izateko eta ikerketaren helburua lortzeko egoki dela iritziz gero, hautagaiekin elkarrizketa bat egin daiteke, non proiektuaren defentsa egin baitezake hautagaiak.
Hamaikagarrena.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera hamabost egun naturaletan esleituko dira diru-laguntzak. Esleipenaren berri idatziz emango zaie esleipendunei.
Hamabigarrena.– Apelaezina izango da Enpresaren Ekonomiaren Ikerketa eta Garapenerako Emilio Soldevilla Fundazioaren Patronatuak laguntzak esleitzeari buruz hartuko duen erabakia.
Hamahirugarrena.– Esleipendunak diru-laguntza onartzeak oinarri hauetan ezartzen diren arauak onartu beharra dakar berarekin.
Arauok bete ezean, galdu egingo dira laguntzari dagozkion eskubide ekonomikoak.
Hamalaugarrena.– Idatziz jakinarazi beharko da diru-laguntzari uko egin zaiola, eta horrek ekarriko du, batetik, une horretan igaro gabe dagoen epeari legozkiokeen eskubide ekonomiko guztiak galtzea, eta, bestetik, ukoa egin zen arte burututako ikerketa-lanaren edukia aurkeztu beharra.
Hamabosgarrena.– Diru-laguntzak emateari buruz ez bada idatziz ezer jakinarazten oinarri hauetan aurreikusitako epean, ezetsitzat joko da diru-laguntza.
Hamaseigarrena.– Diru-laguntza erabiltzeko epea hemezortzi hilabetekoa izango da, Fundazioak diru-laguntza eman eta hurrengo egunetik aurrera.
Bilbao, 2015eko abenduaren 28a.
Patronatuko lehendakaria,
ARTURO RODRÍGUEZ CASTELLANOS.