EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2015014

9/2015 FORU ARAUA, abenduaren 23koa, 2015eko ekitaldirako konpromiso kredituak onartzen dituena.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201500009
Xedapenaren data: 2015-12-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201600300
Maila: Foru Araua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2007/09/17an argitaratutako 2007/03/27ko 200700004 FORU ARAUA
  • Ikus 2014/02/04an argitaratutako 2013/12/23ko 201300009 FORU ARAUA
  • Ikus 2015/04/27an argitaratutako 2015/04/07ko 201500004 FORU ARAUA

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «9/2015 Foru Araua, abenduaren 23koa, 2015eko ekitaldirako konpromiso kredituak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostian, 2015eko abenduaren 23an.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
Foru arau honen xedea da konpromiso kredituak sortzea eta 2015erako aurrekontu luzatua eta apirilaren 7ko 4/2015 Foru Arauaren bidez onartutakoak osatzea, aurreko ekitaldietatik datozen baina diru izendapenik gabe geratu diren konpromisoak aurrekontuan jasota uzteko.
Aurrekontu luzatuak finkatuta utzi zituen 2014ko ekitaldiaren itxieran 2016ko ekitaldirako eta hurrengoetarako zeuden konpromiso kredituak, hau da, 71.122.645,51 euro guztira.
Apirilaren 7ko 4/2015 Foru Arauak, kreditu gehigarriak eta konpromiso kredituak onartu eta 2015eko ekitaldiko aurrekontu luzatua aldatzekoak, 14.422.323 euroko konpromiso kredituak sartu zituen aurrekontuan, eta haien epeak ere berrantolatu zituen.
Horren ondorioz, Diputatuen Kontseiluak 8.554.496,85 euroko muga du 2015eko ekitaldian konpromiso kreditu berriak onartzeko, eta kopuru horretatik 5.939.209,56 euro erabili dira.
Une hauetan, beharrezkoa gertatzen da konpromiso kreditu berriak onartzea (3.856.601,24 euro) aurreko ekitaldietan konprometitu ziren baina 2014ko ekitaldian diru izendapena exekutatu gabe duten jarduketetarako (2015ean exekutatzea ere ez da aurreikusten). Zehazki, jarduketa hori honako hau da: Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bidegi Gipuzkoako Azpiegitura Agentziaren arteko lankidetza hitzarmena, GI-20 Donostiako saihesbidean, N-I errepidean eta A-15 Nafarroako autobidean efizientzia energetikoa hobetzeko proiektuen exekuziorako eta zuzendaritzarako kudeaketa mandatua foru sozietateari ematea arautzen duena.
1. artikulua.– Konpromiso kredituak.
Onartzen da Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2015erako aurrekontu luzatuan 3.856.601,24 euroko konpromiso kredituak sortzea, kodifikazio honen arabera:
5.0710.100.611.02.22.2016 – Efizientzia energetikoa Gipuzkoako foru errepideetan.
2. artikulua.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauan ezarritako mugetatik salbuestea.
Abenduaren 23ko 9/2013 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2014rako Aurrekontu Orokorrak –foru arau horren hirugarren xedapen iragankorraren bidez 2015erako luzatutakoak– onartzen dituenak, 11. artikuluan ezartzen duen muga foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10 gehitzen da.
3. artikulua.– Onartutako konpromiso kredituen aurrekontu aldaketen araubidea.
Kreditu aldaketak egiteko, aintzat hartzekoak izango dira, batetik, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzkoa, eta, bestetik, abenduaren 23ko 9/2013 Foru Arauaren, Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2014. urterako Aurrekontu Orokorrak –foru arau horren hirugarren xedapen iragankorraren bidez 2015erako luzatutakoak– onartzen dituenaren, III. titulua.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Foru-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.