EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2015011

AGINDUA, 2015eko abenduaren 28koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Jalgi Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2015-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201600205
Maila: Agindua
Jalgi Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2015eko azaroaren 2an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu zen, Jalgi Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazio hori Gaizka Larrinaga Martínek, Ibon Larrinaga Martínek eta Daniel Ortiz Rivasek sortua da. Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin zuen fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2015eko abenduaren 2an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen, betiere agirietan atzemandako akatsak zuzentzeko baldintzapean.
Hirugarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2015eko abenduaren 10eko idazkiaren bidez, dokumentazioan atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zien interesdunei, eta 2015eko abenduaren 23an, espedientean ageri den dokumentazioa sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean.
Laugarrena.– Estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioaren helburua kultura bultzatzea, sustatzea eta garatzea da, edozein dela ere haren adierazpena, hedadura zein eremua. Horretarako, kulturaren alorrean erkidegoaren heziketa, partaidetza, bizkortzea, hausnarketa eta garapena sustatuko ditu, igorle zein hartzaile den aldetik.
Bosgarrena.– Estatutuen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera, honako hau da fundazioaren helbidea: Erronda kalea, 2, beheko eskuina, Bilbao. Fundazioak, batez ere, Bizkaiko Lurralde Historikoan gauzatuko ditu bere jarduerak, eta orokorrean Euskal Herri osoan; dena den, lurralde-eremu zehatz horietatik kanpo ere gauzatu ahalko du bere jarduera.
Seigarrena.– Hasierako diru-hornidura hogeita hamar mila eurokoa (30.000) da. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.
Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Hasierako patronatua honako kide hauek osatzen dute:
– Lehendakaria: Ibon Larrinaga Martín. 2020ko urriaren 28ra arte.
– Bokala: Oiana Bartra Arenas. 2020ko urriaren 28ra arte.
– Bokala: Luis Egia del Río. 2020ko urriaren 28ra arte.
– Idazkaria (ez da patronatuko kidea): Daniel Ortiz Rivas.
Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bilboko (Bizkaia) Jalgi Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –gaurko datarekin eta F-395 zenbakiarekin– bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak zortzigarren aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak, 2015eko urriaren 28an Andrés M.ª Urrutia Badiola notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan jasotako baldintzen arabera (protokolo-zenbakia: 1686). Eskritura publiko hori zuzendu egin zen 2015eko abenduaren 17an eta 23an aipatu notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoen bidez (protokolo-zenbakiak 2285 eta 2327).
Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 28a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.