EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2016010

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 8koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez itsas haztegietarako interesa duen eremu bat deklaratzen baita Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean.

Xedapenaren data: 2016-01-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201600170
Maila: Agindua
Arrantza-tradizioa duten Europar Batasuneko estatu kideak akuikulturaren garapen jasangarria bultzatzen ari dira ekonomia eta enplegua sortzeko eta jardueraren benetako garapenerako dauden arazo teknikoak, administratiboak eta ingurumenekoak konpontzeko. Administrazioek, helburu hori lortzeko, honako kudeaketa-tresna hau erabiltzen dute batez ere: lurraldearen plangintza estrategikoa eta kudeaketa integratua.
Testuinguru horretan, 2014-2020 aldirako Euskadiko akuikulturaren garapenerako plan estrategikoak akuikultura sustatzea proposatzen du, euskal gizarterako eta landa eta itsasbazterreko garapenerako balio erantsi handia duen jarduera modura, eta, horrela, arrantza-eremuetan jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko.
Ondorio horietarako, plan estrategikoak lehorrean eta itsaso zabalean akuikulturako instalazioak ezartzeko aproposak diren zenbait espazio mugatzen ditu, eta, era berean, Euskadiko akuikulturarako merkataritza-interes handiena duten espezieak zehazten ditu.
Espezie estrategikoen artean, honako hauek aipatzen dira: muskuilua, ostra eta itsas trikua; eta espezie horien hazkuntzarako eremu egokien artean, Lekeitio eta Ondarroa arteko itsasbazterraren barrualdeko uretan kokatutako eremu bat identifikatzen da berariaz.
Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 37. artikuluaren arabera, «itsas espezie jakin batzuen hazkuntza garatzeko babes bereziko zenbait alde deklara ditzake Eusko Jaurlaritzak, eta, horretarako, alde horiek bete behar dituzten osasun- eta ingurugiro-baldintzak ezarri behar ditu».
Agindu honen xedea da itsas haztegietarako interesa duen eremu bat deklaratzea Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean; ondoren, muskuiluen, ostren eta itsas trikuen hazkuntza estentsiborako poligono bat ezartzeko bertan.
Garapen eta Lehiakortasun Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuarekin bat etorriz, sail horren jardun-arloen eta funtzioen artean daude itsas akuikultura antolatzeari dagozkionak.
Arau honek hainbat erakunderen eskumenetan eragiten du; hori dela eta, agindu hau egiteko orduan, erakunde horiek kontsultatu dira.
Hori guztia kontuan izanda, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasbazterrean itsas haztegietarako interesa duen eremu bat deklaratzea. Eremuak, guztira, 556,5 hektarea hartzen ditu, eta honako koordenatu geografikoek mugatzen dute:
– 43° 22,222’ N 2° 27,833’ W;
– 43° 20,357’ N 2° 26,302’ W;
– 43° 21,557’ N 2° 28,629’ W;
– 43° 20,933’ N 2° 25,685’ W.
Bigarrena.– Intereseko eremuan zein espezie haziko diren.
– Ostra (Ostrea edulis eta Crassostrea gigas).
– Muskuilua (Mytilus galloprovincialis).
– Itsas trikua (Paracentrotus lividus).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan ezarritakoa betetzeko behar diren neurriak har ditzan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 8a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.