EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2015009

ERABAKIA, 2015eko abenduaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, 2016. urtean zehar, osasun-arloan eta irakaskuntzan zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei kobratuko zaizkien tarifak onartzen dituena.

Xedapenaren data: 2015-12-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201600143
Maila: Akordioa
Entitate publikoko zerbitzu-erakundeek egun badituzte tarifa batzuk, eta, hain zuzen ere, zerbitzu-erakunde horien bidez osasun-arloan edo irakaskuntzan zerbitzuak emandakoan, tarifa horiek erabiltzen dituzte hirugarrenei zerbait kobratu beharra dagoenean. Hala ere, ikusi da tarifa horiek 2016ko ekitaldirako finkatu beharra dagoela.
Ildo horretatik, gogoratu behar da Osakidetza–Euskal osasun zerbitzuko Ente Publikoaren estatutu sozialetan (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua) eskumen-multzoa ematen zaiola erakunde zentralari, eta, eskumen horien artean daude irizpide orokorrak zehazteko gaitasuna eta prezioen politika proposatzekoa (12. artikulua, 4.e idatzi-zatia).
Hortaz, Osakidetza–Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren zuzendari nagusiak tarifen inguruan aurkeztutako proposamena ikusita, eta Administrazio Kontseilu honek dituen eskumenak baliatuta (Osasun-arloa antolatzeko 8/97 Legearen 22. artikuluko 1. eta 2. puntuak), erabaki hau hartu da:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Onartu egiten dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoan 2016ko ekitaldian aplikatuko diren tarifen zenbatekoak, ordaindu beharra duten hirugarrenei zerbitzua jasotzeagatik kobratu beharrekoak, betiere erabaki honetan kontzeptuka ezarri diren ildoen arabera sailkatuta.
Erabakia eragingarria eta jendearentzat jakina izan dadin, betekizun bakarra dago: tarifa-liburua argitaratu behar da eta ordaindu beharra dutenentzat eskuragarri jarri.
Bigarrena.– Honako hauek izango dute tarifak ordaindu beharra: irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztutako egoeretarik edozeinetan dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek (1030/2006 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura ezarri zuena). Kontuan hartu behar da emandako zerbitzua fakturatutakoan orduantxe sorraraziko direla tarifak.
Tarifa hauek honako hauei ere aplika dakizkieke: EBko herrialdeetako, Europako Ekonomia Esparruko eta Suitzako aseguratu edo onuradunei –baldin eta bizilekua Espainian ez badute–, bai eta gizarte segurantzaren arloan Espainiarekin bitariko itunak sinaturik dituzten herrialdeetako aseguratu eta onuradunei ere.
Hirugarrena.– Ente Publikoko zuzendari nagusiaren eginkizuna izango da egin beharreko jardun guztiak egitea, zerbitzu-zorroan prestazio berriak sartzeko, aurkeztutako egituraren osagarri. Halaber, medikuntzan eta kirurgian fakturazio berezia izan dezaketen prozedura berriak zeintzuk diren definitu behar du, prozedura horien osagaiak zehaztuta, eta horiek dakartzaten gastuak xehakatuta; halaber, prozedura horietatik kanpo dauden proba diagnostikoak eta tratamenduen aparteko probak zeintzuk diren ere zehaztu behar du.
Laugarrena.– Ente Publikoari baimena ematen zaio bestelako hirugarrenekin hitzarmenak edo akordio partikularrak negoziatu eta gauzatzeko, erabaki honetan jasotako zerbitzuak ematea helburu hartuta. Halakoetan, prezio-baldintza onuragarriagoak ezarri ahal izango dira, honako baldintza hauen arabera:
a) Osasun Sailaren eskaera guztiak bete ondoren, bestelako zerbitzuak eskaintzeko modua eduki behar da.
b) Sistema publikoarekiko elkartasun-printzipioa errespetatu behar da, sistemarekin zerikusirik ez duten hirugarrenei ematen zaizkien zerbitzuak diru publikoarekin ez ordaintzeko.
c) Ente Publikoak jardun horretan duen interesa justifikatu behar da, irizpide objektiboak erabilita:
● Bezeroen berariazko ezaugarriak (instituzio publikoak, gizarte-erakundeak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak).
● Ekoiztu beharrekoaz gain, gehiagotarako gaitasuna ematen duten aparteko egoerak.
● Negozio-bolumena.
Puntu honetan adierazitako hitzarmenak edo berariazko erabakiak, betiere, aipatutako puntuak aztertzen dituen justifikatze-memoriarekin batera proposatuko dira, eta zuzendari nagusiak sinatu beharko ditu, baldin eta hitzarmen edo erabakiok Ente Publikoaren erakunde guztiak edo Entearen zerbitzu-erakunde bat baino gehiago lotzen badituzte.
Hitzarmena edo berariazko erabakia, dakarren lotura esklusiboa denean, dagokion erakundeak berak sinatuko du; dena dela, ente publikoaren erakunde zentralak baimena eman behar du aldez aurretik, estrategia-planarekiko koherentzia eta egokitasuna lortzeko beharrezko diren baldintzak bermatuta egon daitezen. zuzendari nagusiak eman beharreko jarraibideak eman ditzake, erabaki hau eragingarria izan dadin.
Erabaki hau argitaratzen den egunetik aurrera, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritako kopuruak eguneratu eta egokitu egingo dira –hala behar izanez gero– hemen ezarritako zenbatekoen arabera; dena dela, prezio-baldintza hobeak ere jar litezke, betiere puntu honetan gorago xedatutakoa betez gero.
Bosgarrena.– Baimena ematen zaio Ente Publikoaren zuzendari nagusiari talde jakin eta zehatz batzuen inguruan hitzarmen bereziak sina ditzan; horrelakoetan, dena delako taldeko pertsona edo onuradun bakoitzeko hilero/urtero zenbateko bat kobratuta emango da asistentzia sanitarioa.
Seigarrena.– Baimena ematen zaio Ente Publikoaren zuzendari nagusiari erabaki honetan zehaztu gabe geratu diren egoeretarako behin-behineko tarifa berriak ezar ditzan, arrazoitutako ebazpen bidez, eta betiere baliabideak hobeto erabiltzeko eta kudeatzeko abagune egokia bada edo egoera estrukturalak hala eskatzen badu. Tarifa horiek Administrazio Kontseiluak aztertuko ditu eta gehienez ere bi hilabeteko epean berretsiko.
Zazpigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren zerbitzu sanitarioetako erakunde guztietan interesatuen eskura jarri behar da Ente Publikoaren tarifa-liburua –osasun-zerbitzuak hartzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei eskatu behar zaizkien tarifena, alegia–. Aplikatzekoak diren zenbatekoen arabera egongo da eguneratuta, gainera.
Halaber, honako web orri honetan argitaratuko dira:
http://Osakidetza-Servicio vasco de salud.euskadi.net/r85-ckproc05/es/contenidos/informacion/libro_tarifas/es_libro/tarifas.html
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 28a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.