EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2015006

244/2015 DEKRETUA, abenduaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoan zientzia- eta teknologia-inbertsioak egiteko programa garatzeari buruzkoa.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201500244
Xedapenaren data: 2015-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201600092
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/08/30rean argitaratutako 2010/07/27ko 201000217 DEKRETUA

Ministroen Kontseiluak, 2010eko martxoaren 19an, baimena eman zuen Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta Finantzen Euskal Institutuaren artean lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko. Horren arabera, Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari 150 milioi euroko kreditua emango lioke (15 urteko amortizazio-eperako) azpiegitura teknologikoak eta ekipamendua finantzatzeko.
Gobernu Kontseiluak erabaki zuen, 2010eko maiatzaren 11n, Industria eta Ekonomia eta Ogasun sailei proposatzea dekretu bateratu bat egiteko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) artean eginiko lankidetza-hitzarmenean jasotako jarduerak garatzeko.
2010eko abuztuaren 30ean 217/2010 Dekretua argitaratu zen, uztailaren 27koa, EAEn zientzia eta teknologia inbertsioak egiteko programa garatzen duena (2010eko abuztuaren 30eko EHAA, 166. zk.). 2010eko ekitaldirako, 80 milioi euroko baliabide ekonomikoak aurreikusi ziren: 40 milioi euro 2011rako eta 30 milioi 2012rako, hain zuzen, EAEn 2010eko ekitaldirako aurrekontu orokorren ondorioetarako bideratzeko.
EAEn zientzia- eta teknologia-inbertsioak egiteko programatik –uztailaren 27ko 217/2010 Dekretuan araututa– 21.341.000 euroko soberakina atera da. Dekretu horren bidez, esandako soberakina EAEn zientzia- eta teknologia-inbertsioak egiteko programa baterako erabili nahi da, 2015-2016ko deialdirako.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 29an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onestea, dekretu honen eranskinean jasotzen diren baldintzei jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoan zientzia- eta teknologia-inbertsioak egiteko programaren 2015-2016ko ekitaldirako deialdiari dagozkion oinarriak.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honen bidez arautzen den finantzaketaren ondorioetarako, Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorra aplikatuko da; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatu (2014-06-26ko AO, 187 L), eta barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Era berean, erregelamendu horretara joko da interpretazio-auziak ebazteko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Finantzen Euskal Institutuak (FEI) jasota utziko du, programa honekin lotuta egiten diren argitaratze- edo sustapen-ekintza guztietan, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioarekin lankidetza ezarri dela.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Finantzaketa-eskabidean jasotako datu pertsonalak SPRIren (helbidea: Wellingtongo dukearen kalea 2, 01010 Vitoria-Gasteiz) erantzukizuneko fitxategi batean sartuko dira, SPRIk kudeatzen dituen laguntzen eta diru-laguntzen espedienteei buruzko informazioa kudeatzeko. Informazio hori Finantzen Euskal Institutuari eta Eusko Jaurlaritzari eman ahal izango zaie, laguntza-programa kudeatzeko eta aurkeztutako eskabideen jarraipena egiteko.
Finantzaketa- edo xedapen-eskabidean eskatzaile ez diren pertsona fisikoei buruzko datu pertsonalak sartu behar badira, aurreko lerrokadetan esandakoa jakinarazi beharko zaie datu horiek sartu baino lehen.
SPRI SAri zuzenduriko gutun idatziaren bidez eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubidea baliatzeko aukerari buruzko informazioa ematen da, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duen araudian ezarririko baldintzak betez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ogasun eta Finantza sailburuari eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari ematen zaie dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko ahalmena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau indarrean izango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Administrazio-bidea agortzen duen dekretu honen aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete Gobernu Kontseiluan hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da kontatzen epea.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 29an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
ABENDUAREN 29KOA 244/2015 DEKRETUARENA ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ZIENTZIA- ETA TEKNOLOGIA-INBERTSIOAK EGITEKO PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
1. artikulua.– Helburua.
Dekretu honen helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresetan zientzia- eta teknologia-azpiegituretan nahiz ekipamenduetan inbertsioak bultzatzea arrisku-finantzarako sarbidea izanik eta dekretu honetan ezarritako ezaugarriak dituzten kredituak emanez.
2. artikulua.– Iraupena.
2016ko ekitaldian izango da indarrean finantzaketa-programa hau.
3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
1.– SPRI. Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA sozietatearen izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa).
2.– FEI. Finantzen Euskal Institutuaren siglak; berezko izaera juridikoa eta jarduteko erabateko ahalmena duen eskubide pribatuko erakunde publiko gisa, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikia.
3.– KAEO. Kontu Auditoreen Erregistro Ofiziala.
4.– Enpresa. Jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.
5.– Enpresa txiki eta ertainak (ETE): Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean edo hura ordezten duen arauan xedatutakoarekin bat etorriz.
6.– Enpresa handiak. Aurreko puntuan adierazitako mugak gainditzen dituzten enpresak. Enpresa handiei laguntzak emango zaizkie kasuan kasuko eremuan ekonomia-jarduera berrirako hasierako inbertsioa egiteko.
7.– Krisi-egoeran dagoen enpresa, Batzordearen 651/2014 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 18. puntuko 2. artikuluan edo hura ordezten duen arauan ezarritakoarekin bat etorriz.
8.– Ondorio sustatzailea. Onuradunak Finantzaketa Eskabidea aurkeztuko du SPRIn proiektua abiarazi baino lehen. Gainera, proiektuaren hedapena edo egindako inbertsio osoa nabarmen handituko da, edo exekuzio-erritmoan bizkortze esanguratsua lortuko da laguntzari esker. Enpresa handietan, gainera, honako baldintza hau bete beharko da: proiektua eremu horretan egin ez izana, edota, laguntzarik ezean, onuradunarentzat behar bezain errentagarria ez izatea eremu horretan.
9.– Hasierako inbertsioa.
a) Inbertsioak egitea aktibo material eta ukiezinetan, betiere honako jarduera hauekin lotura badute: establezimendu berri bat sortzea, lehendik zegoen establezimendu baten bolumena handitzea, establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea (lehen ekoizten ez ziren produktuetara) edo lehendik zegoen establezimendu baten ekoizpenaren prozesu osoaren oinarrizko eraldaketa edo
b) Itxita dagoen edo saltzailearekin lotura ez duen inbertsiogile batek erosi ezean itxita egongo zen establezimenduaren aktiboak erostea; enpresa baten akzioak eroste hutsa ez da hasierako inbertsiotzat joko.
10.– Jarduera ekonomiko berri baten aldeko hasierako inbertsioa.
a) Inbertsioak egitea aktibo material eta ukiezinetan, betiere establezimendu berri bat sortzearekin edo establezimendu baten jarduera dibertsifikatzearekin lotuta badago, baldin eta jarduera berria establezimenduan egindakoaren berbera edo antzekoa ez bada.
b) Itxita dagoen edo saltzailearekin lotura ez duen inbertsiogile batek erosi ezean itxita egongo zen establezimenduaren aktiboak erostea, betiere erosi diren aktiboak erabiliz gauzatuko den jarduera berria erosketa egin aurretik establezimenduan egiten zen jarduera berbera edo antzekoa ez bada.
11.– Establezimendua erostea.
Establezimendu baten aktiboak erostea, honako baldintza hauek betetzen direnean:
– Itxitako establezimenduak, edota erosi ezean itxita egongo zen establezimendua.
– Aktiboak eroslearekiko loturarik ez duen hirugarren bati erositakoak izatea.
– Eragiketa merkatuko baldintzen arabera egitea.
Hasierako jabe baten edo langile baten familiako kide batek enpresa txiki bat bere gain hartzen duenean, ez da aplikatuko eroslearekin lotura ez duten hirugarrenei erosi behar izateko baldintza. Enpresa baten akzioak eroste hutsak ez du inbertsiorik ekarriko.
Erosi baino lehen aktiboak erosteko laguntza eman denean, aktibo horien kostuak establezimendu baten erosketarekin loturiko diruz lagundu daitezkeen kostuetatik kendu beharko dira.
12.– Kaudimenari buruzko txostena. KAOEn inskribatutako kontu-auditoreak enpresaren kaudimenarekin lotuta igorritako txostena.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honen xedea betetzera 21.341.000 euro bideratuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan zientzia- eta teknologia-inbertsioak egiteko programan dagoen soberakinetik datoz. Programa hori Eusko Jaurlaritzaren uztailaren 27ko 217/2010 Dekretuaren bidez arautu zen, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta Finantzen Euskal Institutuaren artean 2010eko martxoaren 19an sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren ondorioz.
Programa hau publizitatearen, gardentasunaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta bazterketarik ezaren printzipioen mende dago. Programa honetan araututako finantzaketa-emakida kreditutzat jotzen da, eta ez dago lehia-printzipioaren mende.
2.– Finantzaketa-eskabidearen espedienteen ebazpena hurrenkerari jarraikiz egingo da, dekretu honetan eskatzen den dokumentazio guztia izanik osatuta geratzen diren unearen arabera. Hala, administrazio-ebazpenarekin bidez finantzaketa ukatuko da baldin eta eman beharreko zenbateko osoa gainditzen badute.
3.– Kredituaren zenbateko osoa agortuko balitz, gorabehera horri publizitatea emateko, Industriako sailburuordeak ebazpena emango du. Bertan jasoko da zein egunetan gertatu den, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Era berean, egun horren ondoren ez da onartuko bestelako finantzaketa-eskaerarik.
4.– Edonola ere, esleitutako baliabide ekonomikoak agortu ondoren, ezingo da bestelako finantzaketarik eman. Hori dela eta, berariaz ukatuko dira aurkeztutako eta ebazpena jasotzeko zain dauden eskabideak.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Programa honetan jasotako finantzaketaren erakunde onuraduntzat joko dira honako hauek:
a) Zientzia- eta teknologia-inbertsioen proiektuak egiten dituzten enpresa txiki, ertain eta handiak, betiere horien helburua balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuetan eginiko ikerketen emaitzak aldatzea bada. Estrategia honako parametro hauetan oinarrituta ezarri da: ikerlarien kopurua, kanporako teknologiaren gardentasuna, I+G+B jardueretarako zuzkidura ekonomikoa eta abantailak (finantzaketa emateko eskumena duen organoak proiektu berezitzat jotzen baditu).
b) Era berean, trakzio-enpresa handiek ere eskuratu ahal izango dituzte, teknologia- eta berrikuntza-adierazle altuetan oinarrituta, finantzaketa emateko eskumena duen organoak proiektu estrategikotzat jotzen baditu. Trakzio-enpresan handitzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoan eragin esanguratsua dutenak beste enpresa batzuen jokabideetan, enpresa horien hornitzaileak edo laguntzaileak direlako.
c) Era berean, enpresa-taldeetakoak diren enpresek eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden banako enpresek ere sarbidea izango dute, baita enpresa eragiletzat jotzen direnean ere enpresa eskatzailearen kapital sozialaren % 50etik gorako partaidetza izanik, erkidego horretatik kanpo dagoenean.
2.– Edonola ere, finantzaketaren xede diren inbertsioen proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean ezarriko dira, eta dekretu hau argitaratzen den egunaren eta 2016ko abenduaren 31ren artean egingo dira.
3.– Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jarduera ekonomikoaren zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Diruz lagundu daitekeen jarduera eta I+G+B ekintzak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baitan dagoen edozein erakunde edo sozietaterekin dituzten betebeharrak ere.
4.– Ez dira erakunde onuraduntzat joko:
a) Irabazi asmorik gabeko erakundeak.
b) Zuzenbide publikoko sozietateak eta erakundeak, baita partaidetza nagusia haien esku duten enpresak edo erakundeak ere.
c) 651/2014 zenbakiko Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan deskribatutakoak.
5.– Finantzaketaren onuradun izateko baldintzak finantzaketa- eta xedapen-eskabideak aurkezten diren unean bete beharko dira.
6. artikulua.– Finantzatuko diren ekintzak.
Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat joko dira Ebaluazio Batzordeak zientzia- eta teknologia-inbertsiotzat jotzen dituen proiektuak, I+G+B adierazleak eta eragin sustatzailea aintzat hartuta.
7. artikulua.– Gastu hautagarriak.
1.– Gastu hautagarritzat joko dira ibilgetu ukiezinak edo materialak erostean egiten diren inbertsioak, betiere erakundearen aktibo ez-korrontea osatzen dutenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Kontuan hartu beharreko inbertsio-proiektuak.
● Hasierako inbertsioa.
● Jarduera ekonomiko berri baterako eginiko hasierako inbertsioa.
b) Inbertsioak kontzeptu eta epigrafe hauetan oinarrituta egitea, Kontabilitateko Plan Orokorrari (dagozkion NIIF eta TKBekin) jarraikiz.
● 203. Jabetza industriala.
● 206. Aplikazio informatikoak.
● 211. Eraikuntzak.
● 212. Instalazio teknikoak.
● 213. Makineria.
● 214. Tresneria.
● 215. Bestelako instalazioak.
● 217. Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.
● 623. Auditoria-gastuak.
c) Gastu hautagarriak dekretu hau argitaratzen den egunaren eta 2016ko abenduaren 31 artean egindakoak izango dira.
2.– Gastu hautagarriak baloratzean, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Ibilgetuek zuzenean izango dute lotura erakundearen xede soziala osatzen duen jarduerarekin, erakunde horiei aplika dakiekeen Kontabilitate Planean jasotako irizpideekin bat etorriz.
b) Eskuratutako aktiboak berriak izango dira, ETEen kasurako edo establezimendu bat erosten den kasuetarako izan ezik.
c) Ibilgetu ukiezinak merkatuaren baldintzetan erosi beharko zaizkie eroslearekin lotura ez duten hirugarrenei, eta erakundean egon beharko dute, gutxienez bost urtez.
d) Ibilgetu materialen errentamenduen kostuak honako baldintza hauetan hartu ahal izango dira kontuan:
● Lursail eta eraikinen kasuan, errentamendua gutxienez bost urtez mantendu beharko da inbertsio-proiektuak amaitzeko aurreikusi den egunetik aurrera enpresa handien kasuan, edo hiru urtez ETEen kasuan.
● Instalazio eta makinen kasuan, errentamenduak finantza-errenta hartuko du bere baitan, baita finantzaren onuradunak aktiboa erosteko betebeharra ere, errentamendu-kontratua amaitzean.
e) Ezingo dira inola ere diruz lagundu ordezte-inbertsioak, ezta erakundearen kapital sozialaren ibilgetuen ekarpenak ere.
f) Oro har, erositako aktiboak ezingo zaizkie hirugarrenei laga, kontraprestazioarekin edo gabe.
g) Inbertsioa eremu onuradunean mantenduko da gutxienez bost urtez, edo hiru urte gutxienez, ETEen kasuan. Horrek ez du eragotziko epe horretan zaharkituta geratu diren edo matxuratuta dauden instalazioak edo ekipoak ordeztea, betiere jarduera ekonomikoa dagokion eremuan mantentzen bada ezarritako gutxieneko epean.
h) Gastu hautagarria sortzapen-irizpenaren arabera baloratuko da, eurotan.
i) Balio erantsiaren gaineko zerga, fakturan jasota, ez da diruz laguntzeko inbertsiotzat joko, betiere berreskuraezintzat jotzen ez bada. Halakotzat joko da dagokion Foru Aldundiaren Ogasun Sailak igorritako ziurtagiriaren bidez.
j) Deskontuek eta antzekoek, fakturan sartuta dauden edo ez gorabehera, erosteko balio txikiagoa ekarriko dute.
k) Ikuskaritza-gastuak KAOEren kide den auditoreak hartuko ditu bere gain, justifikatzeko kontuarekin eta kaudimen-txostenarekin bat datozen lanak egiteagatik.
l) Inbertsio-proiektuari loturiko enplegua sortzeko baldintza hauek bete beharko dira:
● Ebaluazioa egiteko, dekretu hau argitaratu aurreko hamabi hilabeteetan dauden enplegatuen batez bestekoa hartuko da aintzat.
● Lanpostuak dekretu hau argitaratzen den egunaren eta 2016ko abenduaren 31 artean sortu beharko dira.
● Lanpostuei gutxienez bost urtez eutsiko zaie enpresa handietan, eta hiru urtez (horiek sortzen direnetik aurrera zenbatzen hasita) ETEetan.
8. artikulua.– Arrisku-finantzaketaren modalitatea eta zenbatekoa.
Dekretu honen esparruan emango den finantzaketa arrisku-finantzaketa gisa ezarriko da, azken onuradunei kredituak emanda. Honako ezaugarri hauek izango dituzte:
● Moneta: euroak. Ezin da atzerriko monetaren bidez formalizatu.
● Kredituaren zenbatekoa: seihileko bakoitzean aukera daitezkeen gastuen % 50.
● Amortizazio-epea: 2029ko urtarrilaren 2ra arte, hitzartzeko.
● Printzipalaren ordainketa-gabezia: 2018ko urtarrilaren 2ra arte, hitzartzeko.
● Interesen ordainketa-gabezia: 2018ko urtarrilaren 2ra arte, hitzartzeko.
● Interes-mota: % 1,50 kredituak irauten duen epe osoan.
● Bermeak: FEIk proiektu bakoitzerako definitu beharrekoak eskatuta.
● Komisioa: % 0,30.
9. artikulua.– Finantzaketa-metaketak eta -mugak.
Programa honen erakunde onuradunek aukeratzen duten finantzaketa laguntza bateragarriekin edo horrekin batera finantzatzeko beste modu batzuekin metatu ahal izango da, betiere 651/2014 zenbakiko Erregelamenduan (EB) adierazitako gehienezko laguntzen intentsitateak betetzen badira. Edonola ere, Industria Sailburuordetzan eman beharko da laguntza horien berri. Gehienezko muga gainditzen bada, gainditutako zenbatekoaren arabera murriztuko da.
10. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Dekretu honetan aurreikusitako finantzaketa eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek Finantza Eskabideen galdetegien ereduak bete eta bidali beharko dituzte. SPRIren web orrian dauden eskuragarri: http://www.spri.eus/cientificotecnologico
2.– Horiek igorri ondoren, Finantzaketa Eskabidea inprimatu, erakundea ordezkatzeko ahalmen nahikoa duen pertsonak sinatu eta SPRIra (Urkixo Zumarkalea 36-4 solairua, Bizkaia Plaza eraikina, 48011 Bilbao) edo Herri administrazioen eta administrazio-prozedura erkidearen legean zehaztutako lekuetara igorriko du, paper euskarrian eta zigilatuta.
Aurkezteko datatzat joko da SPRIk Finantzaketa Eskabidea eta bestelako dokumentu osagarriak jasotzen dituen eguna.
3.– Finantzaketa Eskabidea honako dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:
a) Erakundearen legezko ordezkariaren adierazpena, inguruabar hauek jasotzen dituen edukia zehaztuta.
● Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) zenbakia edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
● Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), sozietatearen helbidea eta eratze-data.
● Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez jarduera-zentro batean helbidea izatea, eta finantzaketa-eskabidean zehaztutako jarduera diruz lagungarriak bertan gauzatzea.
● Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, kasu bakoitzari dagokion epigrafean, alta emanda egotea.
● Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotea, bai eta SPRI taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebehar oro beteta edukitzea ere.
● ETEen kasuan, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta finantzaketa eskatzen deneko zerga-ekitaldian emandako minimis laguntzen zerrenda, laguntza noiz eman den, zein erakundek eman duen eta laguntzaren beraren programa eta zenbatekoa adierazita.
● Erakunde publiko edo pribatuek proiekturako emandako laguntzen zerrenda, laguntza noiz eman den, zein erakundek eman duen eta laguntzaren beraren programa eta zenbatekoa adierazita.
● Enpresaren tamaina neurtzeko zehaztasunak.
● Artikulu honen 4. zenbakian aurreikusitako egoera batean ere ez izatea.
b) Enpresaren eratze-eskrituraren fotokopia, IFK zenbakia eta hartzekodunaren NAN zenbakia.
c) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen fotokopia.
d) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titularitatea erakunde onuradunari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.
e) Banako ikuskaritzen eta ikuskaritza bateratuen fotokopia, hala badagokio, azken bi ekitaldiena. Auditoriarik izan ezean, epe horien urteko kontuak.
f) Indarrean dagoen ekitaldiaren behin-behineko irabazi eta galeren azken kontua.
g) Indarrean dagoen ekitaldiko galera eta irabazien kontua.
h) Finantza zorpetzea, kapital bizia, iraungitzea eta ordaindu beharreko amortizazio-kuotak zehaztuta.
i) Kaudimenari buruzko txostena.
j) Gizarte Segurantzako Diruzaintzak igorritako ziurtagiria, hain zuzen, laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta-egoeran dauden langileen plantillari buruzkoa.
k) Finantzaketa-eskabidean emandako informazioa osatzen duen proiektuaren memoria tekniko eta ekonomiko zehatza, noiz hasi eta amaitzen den zehaztuta.
l) Enpresako taldeen kasuan, inbertsio-plan bat egitea aurreikusita duen enpresa bakoitzak banan-banan aurkeztu beharko ditu Finantzaketa Eskabidea eta eskatutako gainerako agiriak.
4.– Zinpeko adierazpena, interesduna jarraian adierazitako egoera batean ere ez dagoela egiaztatzen duena. Horiek ikuskaritza-fasean egiaztatu ahal izango dira:
a) Zigor- edo administrazio-bidean zehatu ahal izango da sexu-arrazoiengatik diskriminazioz jokatu izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako legean ezarritakoaren arabera.
b) Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin kontratuak egiteko debekurik edo gaitasun-gabetzerik ez izatea.
c) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
d) 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko eta 13/2003 Legearen 38. artikuluko kasuetan egotea, eta, hori dela-eta, ezinezkoa izatea onuradun egoera lortzea.
e) Krisi-egoeran den enpresa izatea, krisian dauden enpresak egoera horretatik ateratzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideak betez.
f) Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek, lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.
g) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.
h) Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea gisa horretako itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean badago.
i) Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
j) Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko bost urteetan, enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.
5.– SPRIk edo FEIk beharrezkotzat jo ditzaketen agiriak eta informazio osagarria.
6.– Finantzaketa-eskabide bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
11. artikulua.– Finantzaketa-eskabideak aurkezteko epea.
30 egun naturaleko epea izango da laguntza-eskabideak aurkezteko, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunaren 09:00etatik aurrera, eta, aurrekontua agortzen ez bada, epe horren azken eguneko 12:00etan amaituko da.
12. artikulua.– Ebaluatzeko prozedura.
SPRIri dagokio aurkeztutako eskabideen analisia egitea, eta horrek, arau horretan jasotako eginkizunen arabera, txosten-proposamena igorriko du, gauzatuko diren zientzia- eta teknologia-inbertsioak, I+G+Bren esparruan sortutako enplegua eta teknologia- eta berrikuntza-adierazleak aztertzeko.
FEIri dagokio eskabideak aztertzea, eta horrek, arau horretan jasotako eginkizunen arabera, txosten-irizpena igorriko du, eskatzailearen finantza- eta kreditu-profila aztertzeko.
SPRIk eta FEIk atal honetan aipatutako txosten-proposamenak igorriko dizkiote Ebaluazio Batzordeari, eta horrek eskabideen ebazpen-proposamena egingo diote eskumeneko organoari, finantzaketa onartzeko edo ez onartzeko.
Finantzaketa-eskabideen ebaluazioa banan-banan egingo da, eskabideak aurkeztu diren hurrenkerari zorrotz jarraikiz. SPRIn eginiko aurkezpen-hurrenkera zenbatzeko, espedientea osotzen den garaikoa izango da data.
Finantzaketa-eskabideak ebaluatzeko Ebaluazio Batzordea eratuko da. Sei pertsona egongo dira bertan, horietatik hiru Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailekoak eta beste horrenbeste Ogasun eta Finantza Sailetik. Bilera-akta batean jasoko dituzte hartutako erabakiak.
Pertsona horiek kasuan kasuko sailburuek izendatuko dituzte EHAAn argitaratutako aginduaren bidez.
Ebaluazio Batzorde horri Industriako sailburuordeak bideratuko du, edo, bestela, hark eskuordetzen duen pertsonak, eta Ogasun eta Finantza Saileko kide bat arituko da idazkari lanetan.
Erabakiak hartzerakoan Ebaluazio Batzordea beregaina izango da, eta erabakiak adostasunez hartuko ditu. Ebaluazio Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta zenbaki honetan aurreikusi ez den orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapitulua aplikatuko da, osagarri modura.
Ebaluazio Batzordeak FEIren Administrazio Kontseiluan adostasunez onartutako proposamenak helaraziko ditu, eskatutako finantzaketa onetsi eta formalizatzeko.
Ebaluazio-prozesuan, ekimenetan aldaketak egiteko iradoki ahal izango zaie eskatzaileei, proiektuak zehaztutako helburuetara hobeto egokitu daitezen.
Hiru hilabeteko epea ezarri da Ebaluazio Batzordean, espedientea osatzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Aipatutako epea zenbatzeko, abuztua ez da kontuan hartuko.
13. artikulua.– Finantzaketa emateko ebazpena.
1.– Aurreko artikuluan adierazitako proposamena eta FEIren Administrazio Kontseiluaren onespena ikusita, Industriako sailburuordeak 12. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz ebatziko ditu eskabideak, hurrenkeraren arabera eta espedientearen dokumentazioa osatuta dagoen unearen arabera.
2.– Ebazpena gehienez ere 30 eguneko epean emango da, Ebaluazio Batzordea egin eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori zenbatzean, ez da kontuan hartuko abuztua, baliogabetzat joko baita.
3.– Edonola ere, Ebazpena eskaera aurkeztu eta 6 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko zaio interesdunari, eta Herri-administrazioen eta administrazio-prozedura erkidearen araubide juridikoaren azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 43. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpena emateko aurreikusitako epea igarota interesdunari jakinarazpenik egin ez bazaio, interesdunak onetsitzat jo ahal izango du administrazioaren isiltasunagatik.
4.– Ebazpenean adieraziko da kredituaren zenbatekoa, baita horren baldintzak, proiektua gauzatzeko epeak, onetsitako gastuen aurrekontua, proiektua berezitzat edo estrategikotzat jotzea, edota berau gauzatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein egoera ere. Hala, emandako kredituari buruzko ordainketa aurreratuak ezarri ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
5.– Ebazpenean, 21. artikuluan ezarritakoaren arabera bete ez diren espedienteetan sortutako mailegu nagusiaren eta interesen diru-sarrera publikoaren izaera jasoko da.
6.– Eskatzaileei finantzaketa emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, enpresa onuradunen zerrenda eta emandako kredituen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen idazkera eraberritua onartzen duen dekretua) 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
7.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari.
14. artikulua.– Xedapen-eskabidea.
1.– Hilabeteko epean, seihileko inbertsio-planean adierazitako seihilekoa amaitu ondorengo hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, onuradunek eskabide-eredua eta formularioak bete beharko dituzte. web-orri honetan daude eskuragarri: www.spri.eus/cientificotecnologico
2.– Agiri horiek Interneteko helbide horretan bete eta aplikazio informatikoaren bidez igorriko dira. Hala ere, baliozkoak izateko, paper euskarrian ere inprimatu eta aurkeztu beharko dira. Xedapen-eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Egindako gastu hautagarriak justifikatzen dituzten fakturen koadroa, justifikatzeko kontuaren txostenarekin batera, KAOEn inskribatutako kontu-ikuskatzaileak sinatuta.
b) Proiektuaren gastu hautagarrien fakturen fotokopia.
c) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, egindako lanak behar bezala egiaztatzeko.
d) Ordainketa egiten den unean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak.
e) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.
f) Kaudimenari buruzko txostena.
g) Onartzeko eskabidean aurkeztu ez diren banako eta bateratutako azken kontu-ikuskaritzen fotokopia (hala badagokio). Ikuskaritzarik izan ezean, urteko kontuak.
h) Indarrean dagoen ekitaldiaren behin-behineko irabazi eta galeren azken kontua.
3.– SPRIk eta FEIk erakunde eskatzaileari eskatu ahal izango diote beharrezkotzat jotzen dituzten agiriak eta informazio osagarria. Halaber, inbertsioen ikuskaritza fisikoa ere egin ahal izango dute.
15. artikulua.– Finantzaketa- edo xedapen-eskabideak zuzentzea.
1.– Finantzaketa- edo xedapen-eskabidea behar bezala beteta ez badago, edo 10. eta 14. artikuluetan eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, gehienez 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko dio SPRIk edo FEIk enpresaren legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta horixe jakinaraziko zaiola erakunde eskatzaileari.
2.– Epe hori igaro eta eskabidea zuzendu ez bada, eskaeran uko egin duela ulertuko da eta ebazpena emango da azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan ezarritako baldintzetan. Xedapena zuzendu ez bada, SPRIk ezezkoa emateko proposamena egingo dio Programaren Ebaluazio Batzordeari.
3.– Erakunde eskatzaileak eta SPRIk finantzaketa-eskabidean erakundeak izendatutako harremanetarako pertsonaren posta elektroniko bidez egindako komunikazioak baliozkotuko dituzte.
16. artikulua.– Xedapen-eskabidea ebaztea.
FEIk, igorritako informazio berria aintzat hartuta, SPRIk emandako txostena aurkeztuko du, finantzaketa ordaintzeko eta eragiketa onetsi zeneko kreditu-baldintzei eusteko proposamena eginda, eta, ildo horretan, ordaintzeko proposamena igorriko du Industria Sailburuordetzara. Iritzia kontrakoa bada, Ebaluazio Batzordeak igorriko du Industria Sailburuordetzara, adostasuna lortu ostean, ordaintzeko dagokion proposamena.
17. artikulua.– Finantzaketa ordaintzea.
1.– Adierazitako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, SPRIk eta FEIk, edo, hala badagokio, Ebaluazio Batzordeak, Industria Sailburuordetzari igorriko dio kredituak ordaintzeari buruzko proposamena.
2.– Egindako gastu hautagarria diru-laguntza emateko ebazpenean onetsitakoa baino txikiagoa bada, Industria Sailburuordetza bat etorriko da proportzionalki hasieran emandako kredituekin.
3.– FEIk, Industria Sailburuordetzak igorritako funtsen xedapen-proposamena ikusita, kredituak formalizatu eta ordainduko ditu. Gehienez ere, urtean bi ordainketa egingo dizkio finantzaketaren erakunde onuradunari, gehienez ere xedatutako bermeak eratu aurreko 60 eguneko epean.
18. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Dekretu honen ondorioetarako, SPRI eta FEI erakunde laguntzailetzat joko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren kargurako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako baldintzei jarraikiz eta arau honetan jasotzen diren zehaztapenak betez.
2.– SPRIk, erakunde laguntzaile gisa, honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Eskaerak jasotzen diren egun eta orduan zuzentzea eta aztertzea finantzaketa- eta xedapen-eskabideak.
b) Inbertsio-proiektuak kalifikatzeko proposamena.
c) Finantzaketa emateko txosten teknikoa.
d) Kreditua ordaintzeko proposamena.
e) Kontrol-koadroak bideratzea.
3.– FEIk, erakunde laguntzaile gisa, honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Finantzaketa emateko irizpen ekonomikoa eta kreditu-arlokoa.
b) Kredituak formalizatzea eta ordaintzea, bai eta, hala badagokio, emandako kredituak ordaintzeko aurrerakinak ematea ere.
c) Itzul daitezkeen zenbatekoak eta dagozkien interesak jasotzea.
d) Programaren fondoen finantza-kontrola.
e) Kontuaren mugimenduen (sarrera eta gastuak) berariazko kontabilitatea egitea.
f) Jakinarazpenak bidaltzea aldian-aldian SPRIri eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailera kontabilitateari eta gerta daitezkeen gorabeheren berri ere ematea.
g) Ogasun eta Finantza Sailari helaraztea ordaindu ez izanaren espedienteak, dagozkion zenbatekoak premiamendu bidez erreklamatzeko.
19. artikulua.– Baldintzak aldatzea.
1.– Finantzaketa emateko baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada. eta, edozein kasutan, xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso bada, diru-laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Halaber, laguntzak onartu zituen administrazio-organoak luzapen bat eman dezake jarduerak gauzatzeko, baldin eta erakunde onuradunek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute, eta hala izanez gero, finantzaketaren ordainketa ere atzeratu egin daiteke, emandako arrazoiek hori justifikatzen badute.
3.– Jarduerek finantzaketa-eskaerarekin batera aurkeztutako memorian jasotakoak izan beharko dute, ezinbestean; hala ere, Programaren Ebaluazio Batzordeak jarduera horietan aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta erakunde onuradunak, jarduerak amaitu aurretik, aldaketak erabat justifikatzen baditu eta jarduera horien izaera eta helburuak –programa honetan hasieratik ezarritakoak– aldatzen ez badira.
20. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain:
a) Emandako finantzaketa onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunak, laguntza esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, espresuki –eta SPRIn– horri uko egiten ez badio, laguntza onartu duela ulertuko da.
b) Esleitu den finantzaketa jarduera-plan jakin bat garatzeko eman da, eta horretarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.
d) Faktura osoak gordetzea, eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.
e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, betiere, finantzaketaren xedearen fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari badira.
f) SPRIri lehenbailehen jakinaraztea honako hauek: xede berbererako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako finantzaketa eta diru-laguntzak, edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide.
g) Finantzaketa esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, SPRIri horren berri ematea.
h) Programaren Ebaluazio Batzordeari aldez aurretik baimena eskatzea, akziodunen egituran aldaketaren bat badago eta horrek erakundearen kontrolean aldaketa badakar, finantzaketaren gaineko ebazpena ematen den egunetik bost urteko epean.
l) Administrazioaren finantzaketak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak beren gain hartzea.
j) Erakunde onuradunek edozein hedabideren bidez deialdi honetan diruz lagundutako inbertsioei buruz egiten dituzten adierazpen guztietan gaineratu beharko da Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta Finantzen Euskal Institutuak finantzatu dituztela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
21. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
1.– Erakunde onuradunek dekretu honetan aplikatu behar diren gainerako arauetan nahiz laguntzak emateko ebazpenean (hala badagokio) ezarritako baldintza eta beharkizunen bat betetzen ez badute, organo eskudunak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin eta interesatuari entzun ondoren, interesdunak finantzaketa jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du administrazio-ebazpen bidez eta, hala badagokio, jasotako laguntzen printzipala itzuli beharko dio FEIri, baita dagozkion interesak ere. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Honako hauek izango dira, besteak beste, ez betetzeak:
a) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea.
b) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko ezarritako epeak gainditzea, epe horiek aldatzeko edo luzatzeko baimena izan ezean.
c) Proiektuaren beste edonolako desbideratzea, edota laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
d) Industriako sailburuordeak abiarazi eta ebatziko ditu ez betetzeei buruzko espedienteak. Proposamena, berriz, SPRIk egin dezake, lehenengoak proiektua amaitu aurreko gorabeheren ondorio bada edo FEIk proposatuta, kredituei buruzko gorabeheren ondorio bada.