EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2015005

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 21ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrean gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako hirugarren mailako idazkaritzako lanpostu bat (Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza azpi-eskala) sortzen eta sailkatzen duena, eta lanpostu hori mantentzeko beharretik salbuesten duena.

Xedapenaren data: 2015-12-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201600072
Maila: Ebazpena
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorra, aspaldiko garaietatik eratutako administrazio-elkartea, Segura, Zerain, Zegama, Idiazabal, Donemiliaga eta Asparrena udalerriek osatua, denboraren joanean zehar haren estatusa mamitzen joan ziren ohiturazko bere arauen gidaritzapean egon da 1990. urtera arte.
Ondoren, Partzuergoko Batzordeak, 1990eko abenduaren 20an eginiko ezohiko bileran, erakunde hori arautzen duten estatutuak behin betiko onartzea erabaki zuen. Estatutu horien 34. artikulua Partzuergoan gaikuntza nazionala duten funtzionarioei buruzkoa da.
Horri buruz, toki-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina (TATB esango diogu aurrerantzean) apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, testu horren 37. artikuluak ezartzen du ohiturazko edo tradiziozko arauen mende eta daukaten autonomiari kalterik egin gabe jarraituko dutela izendapen hauek dituzten erakundeek: mankomunitateak edo tokiko edo hiribilduko eta tokiko komunitateak, edo hiriko eta tokikoak, elkartzeak, errege-jaurerriak, unibertsitateak, bazka-, egur- eta ur-erkidegoak, eta antzekoak. Horrez gain, artikulu berak agintzen du toki-araubideko legeek aurrekontuak prestatu eta kontuak emateari, likidazioei, inbentarioei eta balantzeei buruz xedatutakoaren arabera egokitu behar dutela beraien araubide ekonomikoa.
Bestalde, Toki Erakundeen Biztanleriari eta Mugaketari buruzko Erregelamendua onartu zuen uztailaren 11ko 1690/1986 Errege Dekretuaren 39. artikuluak errepikatu egiten du TATBaren 37. artikuluak adierazitakoa, eta eransten du aipatutako erakundeetako idazkarien, kontu-hartzaileen eta diruzainen karguak, halakorik izanez gero, erakundeek beraiek bete behar dituztela, estatu-mailako gaikuntza duten funtzionarioekin, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean (TAOL) aurreikusten den moduan lehiaketetarako deialdiak eginda, edo Estatuko legediak gai horretarako ezartzen duen beste edozein formularen bidez.
TAOLaren 92. bis artikuluak, laugarren paragrafoan, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak (TAAIL) emandako idazkeran, ezartzen du Gobernuak, errege-dekretu bidez, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko berezitasunak arautuko dituela.
TAAILaren zazpigarren xedapen iragankorraren arabera, TAOLren 92.bis artikuluan aurreikusitako araudia indarrean sartu arte, eta lege horretan xedatuari aurkaratzen ez zaion orotarako, indarrean egongo da aipatutako artikuluaren aplikazio-eremuan barnean hartutako funtzionarioei buruzko araudia. Horrenbestez, egun, bizirik diraute gaikuntza nazionaleko Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzeko irailaren 18ko 1174/1987 Dekretuko eta gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuko aurreikuspenek.
TAOLaren bigarren xedapen gehigarriak, TAAILak emandako idazkeran, ezartzen du TAOLaren 92. bis artikuluak eta horrekin bat egiten dutenek gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokienez aurreikusten dituzten eskumen guztiak erakunde eskudunek izango dituztela, autonomia-erkidegoko arautegiak ezarritakoaren arabera, lurraldean hutsik dauden lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deialdiak egiteko eskumena barruan hartuta, bai eta lehiaketa horietan funtzionarioak izendatzeko eskumena ere.
Uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 4. artikuluak, bigarren paragrafoan, oinarrizko arau-izaeraz, aurreikusten du eskualdeetan, metropolialdeetan, mankomunitateetan eta landa- eta hiri-komunitateetan gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei gordetako lanpostuak sailkatzeko eskumena autonomia-erkidegoari dagokiela, beren lurralde-eremuaren barruan, eta erakunde horiek eskatuta; betiere, aipatutako errege-dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Aipatutako errege-dekretuaren 4. artikuluak, bigarren paragrafoan, ezartzen du autonomia-erkidegoen organo eskudunek mankomunitateak eta hiribilduen edo lurren komunitateak salbuetsi ditzaketela gaikuntza nazionala duten funtzionarioei gordetako lanpostuak sortzeko duten beharretik, betiere zerbitzuen edo baliabideen bolumena lanpostu horiek mantentzeko nahikoa ez denean.
Hori horrela, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorraren presidenteak Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu dio gaikuntza nazionala duen Toki Administrazioko funtzionarioari gordetako hirugarren mailako lanpostua sailka eta mantentzeko beharretik salbuets dezala; eskaera horren arrazoia da 2013ko martxoaren 14ko bileran Partzuergo Orokorraren Batzordeak estatutuen 34. artikuluari hasierako onespena eman izana.
Aurrekoa esanda, horretarakoxe bideratu da Partzuergoan lanpostua sortzeko eta salbuesteko eskabideari buruzko prozedura.
Gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak mantentzeko beharretik salbuesteko araudiak ezartzen dituen betekizunak (zerbitzu edo errekurtsoen kopurua nahikoa ez bada) aztertu ondoren, ikusten da Partzuergoak ez duela behar besteko errekurtso ekonomikorik (Partzuergoaren diru-sarrerak 328.750,00 eurokoak dira, 2015. urterako); haren lan-bolumenak ez duela eskatzen halako posturik.
Horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Gipuzkoako eta Arabako foru-aldundiei eskatu zitzaien txostenak eman zitzatela Partzuergoaren eskaera zela eta; 2015eko azaroaren 4an Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatutako txostena jaso zuen. Horren bidez, Foru Aldundiaren aldetik aldeko txostena ematen zaio salbuesteko eskabideari. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak, 2015eko azaroaren 9ko idazkiaren bidez, esaten du ez duela txostenik egingo Partzuegoa ez dagoelako inskribatuta Arabako Toki Erakundeen Foru Erregistroan.
Bestalde, 1732/1994 Errege Dekretuaren 4 artikuluaren arabera, salbuespenaren espedientean zehaztu beharko da nola emango diren gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat legez gordetako eginkizunak. Horri buruz salbuetsitako lanpostuaren eginkizunak hiru bidetatik eman ditzakete: aurrena, erakundea osatzen duten udalerrietako gaikuntza nazionala duten funtzionarioez; hurrena, foru-aldundien laguntza teknikoaz; eta, azkena, gaikuntza nazionala duen funtzionario bati eginkizunak pilatuz, 1732/1994 Errege Dekretuaren 31.2 artikuluari jarraituz.
Horrela, eta Partzuergoko Estatutuen 34. artikuluak zehazten du funtzioak betetzeko era: Segurako Udaleko Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintza bete ahal izango dituzte kargu hauek edo, bestela, komunitate horretako kide diren erakundeetako edozein udaletakoek.
Partzuergoak aurkeztutako eskaera aztertu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko aldeko txostenarekin bat, TAOLaren bigarren xedapen gehigarriari jarraituz, 1732/1994 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluarekin bat etorrita, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorreko Idazkaritzako lanpostu bat sortzea, eta hirugarren mailan sailkatzea. Lanpostua Idazkaritza eta Kontu-hartzailetza azpieskalako gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta egongo da.
Bigarrena.– Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorra salbuestea gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritzako eta Kontu-hartzailetzako lanpostu bat sortzeko eta mantentzeko beharretik.
Hirugarrena.– Partzuergoa osatzen duten erakundeetako funtzionario baten bitartez beteko dira lanpostuari dagozkion eginkizunak; funtzionario horrek gaikuntza nazionala izan beharko du.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta haren aurka gorako errekurtsoa jar dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorrita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluekin, eta uko egin barik errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bide.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, ukitutako herri-administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluaren eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu diezaiokete ebazpen hori deuseztatu edo atzera bota dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 21a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.