EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2015004

2159/2015 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Erosketa Publiko Berritzailearen Bulegoa sortu, bere osaera ezarri, eginkizunak esleitu eta osatzen duten kideak izendatzen dira.

Xedapenaren zenbakia: 201502159
Xedapenaren data: 2015-11-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201600059
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1997/11/14an argitaratutako 1997/11/11ko 199700255 DEKRETUA

Erosketa Publiko Berritzailea mekanismo bat da herri administrazioen beharrei erantzuteko konponbide berritzaile berriak garatzea sustatzeko; hots, kontratazio publikoaren bidez eskariaren aldetik merkatu berrien garapenaren alde egiteko.
Ildo horretatik, helburu nagusia osasun zerbitzu publikoak hobetzea da, ondasun zein zerbitzu berritzaileak sartuz eta baita enpresa-berrikuntza sustatu eta berrikuntza nazioartekotzea ere, merkatu publiko lokala merkaturatze-bezerotzat edo erreferentziako bezerotzat erabiliz.
Kontratazio publikoari buruzko indarrean dagoen araudiak jarduera-marjina handia eskaintzen du, berrikuntzaren esparruan, lizitazio-prozesuak garatzeko, eskaintza publikotik berrikuntza sustatzea ezinezkoa egiten duten eragozpenak kenduz; hala nola, arriskuen banaketaren antolaketa, propietate intelektual zein industrialaren eskubideekin lotutako aspektuak edo jarduera berritzaile hori finantzatzeko aukerak. Erosketa Publiko Berritzailearen kasuan, bere araudia modu mailakatuan garatu da azken urteotan eta egun Europako berrikuntzako politiketan leku garrantzitsua du.
Erosketa Publiko Berritzailearen tresna ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean 2020 (PCTI 2020) eta Euskal Herriko RIS3 Espezializazio Inteligenteko Estrategian eta euskal osasun sistemako ikerkuntza eta berrikuntzako estrategian berrikuntza bultzatzeko baliabideetariko bat da.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren barruan berrikuntzaren esparruan pilatutako esperientziaren arabera, Erosketa Publiko Berritzailearen mekanismoa instituzionalizatzea komenigarria da, proposamenak bideratzera eta zerbitzu eta prozesu berritzaileen garapen sistematikoa kudeatzera zuzendutako Bulego bat sortuz, arlo horretako jarduera-mekanismoak bateratzeko.
Horregatik guztiagatik, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 11. eta 12. artikuluek emandako eskumenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erosketa Publiko Berritzailearen Bulego bat sortzea, jarraian ageri diren eginkizunekin:
a) Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari Erosketa Publiko Berritzailean aholkatzea, Euskal Herriko osasun zerbitzuak hobetzeko, pazientearen onurarako, ondasun edo zerbitzu berritzaileak modu sistematikoan sartzearen bidez.
b) Osakidetzak Erosketa Publiko Berritzailearen gainean egiten dituen ekintzak koordinatzea, merkaturatzearen bezero edo erreferentziako bezero gisa kokatzerakoan, berrikuntzaren merkaturatzea edo nazioartekotzea sustatzeko, propietate intelektualaren esparruan enpresaren alde doazen baldintzak ezarriz.
c) Osasunarekin lotutako eremu teknologikoak indartzea, gehien garatu daitezkeenak, enpresa-berrikuntzaren alde eginez, bereziki Euskal Herriko enpresa txiki eta ertainei dagokienez.
d) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erosketa Publiko Berritzaileari buruz planteatzen diren proiektuak baloratzea, hautatzea eta inplementatzea.
Bigarrena.– Batzordekideak edo ordezkariak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak izendatuko ditu. Batzordea kide hauek osatuko dute:
a) Batzordeburua: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ekonomia eta Finantzako Zuzendaritzaren pertsona titularra edo horrek izendatutakoa.
b) Batzordeburuordea: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzaren pertsona titularra edo horrek izendatutakoa.
c) Batzordekideak: Asistentzia Sanitarioko Zuzendariordetzaren, Erosketa, Obra eta Zerbitzu Estrategikoen Zuzendariordetzaren eta Informatika eta Informazio Sistemetako Zuzendariordetzako hiru ordezkari eta ordezkari bat Osasun eta Kontsumo Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzakoa.
d) Idazkaria: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Erosketa, Obra eta Zerbitzu Estrategikoen Zuzendariordetzaren ordezkari bat.
Hirugarrena.– Erosketa Publiko Berritzailearen Bulegoaren kide izendatzea:
a) Batzordeburua: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ekonomia eta Finantzako Zuzendaritzaren pertsona titularra.
b) Batzordeburuordea: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzaren pertsona titularra.
c) Batzorkideak:
– Asistentzia Sanitarioko zuzendariordea.
– Erosketa, Obra eta Zerbitzu Estrategikoen zuzendariordea.
– Informatika eta Informazio Sistemetako zuzendariordea.
– Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzako pertsona titularra.
d) Idazkaria: Xabier Ibarzabal Astigarraga jauna, Erosketa, Obra eta Zerbitzu Estrategikoetako Zuzendariordetzako teknikaria.
Era berean, egoera edo kasu zehatz bakoitzaren arabera, beharrezkoa denean, dagozkion profesionalak –espezialistak zein kudeatzaileak– sartuko dira.
Laugarrena.– Ebazpen hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratzen den egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 27a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.