EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2015004

ERABAKIA, 2015eko abenduaren 18koa, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren Gobernu Kontseiluarena; horren bidez, doktore-tituludun ikertzaile, irakasle oso, irakasle agregatu, irakasle atxiki eta unibertsitate pribatuko irakasle doktoreen ebaluazioa eta egiaztapena lortzeko deialdia onartzea eta argitaratzea erabaki da.

Xedapenaren data: 2015-12-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201600058
Maila: Akordioa
Euskal Herriko Unibertsitatean kontratatutako irakasle eta ikertzaileek eta doktore-titulua duten unibertsitate pribatuetako irakasleek Unibasqen ebaluazioa eta egiaztapena lortzeko prozedura arautzen duen azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoa betez (350/2010 Dekretuak eraldatutakoa), eta deialdia irekitzean indarrean dagoen Protokoloan ezarritakoari jarraikiz, Agentziaren Gobernu Kontseiluak hau
ERABAKI DU:
Unibertsitate pribatuetako irakasle doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko doktore-tituludun ikertzaile, irakasle oso, agregatu eta atxiki gisa kontratatu ditzaten nahi dutenen irakaskuntza-jarduera eta/edo ikerketa-jarduera ebaluatzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, honako oinarri hauei jarraikiz:
OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Unibertsitate pribatuetako irakasle doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko doktore-tituludun ikertzaile, irakasle oso, agregatu eta atxiki gisa kontratatu ditzaten nahi dutenen irakaskuntza-jarduera eta/edo ikerketa-jarduera ebaluatzea da deialdi honen xedea.
Bigarrena.– Figura ezberdinetarako eskabidea aurkezteko baldintzak.
a) Irakasle osoaren modalitatea kontratatzeko ebaluazioan, doktoretza-titulua eskatzen duen unibertsitateko edozein irakasle-taldetako kide izatea, edo irakasle agregatu izatea eta, gutxienez, unibertsitateko irakasle eta ikertzaile gisa hiru urteko jarduna egiaztatzea.
b) Irakasle agregatuaren modalitatea kontratatzeko ebaluazioan, doktore-titulua edukitzea eta, gutxienez, irakasle eta ikerlari gisa hiru urtez jardun izana, doktore egin eta gero, ahal dela.
c) Irakasle atxikia modalitatea kontratatzeko ebaluazioan, doktore-titulua izatea.
d) Unibertsitate Pribatuko Irakasle doktore modalitatea kontratatzeko ebaluazioan, doktore-titulua izatea.
e) Doktore-tituludun ikertzaileak kontratatzeko ebaluazioan, doktore-titulua edukitzea eta irakasle edota ikertzaile gisa hiru urteko jarduna egiaztatzea.
Baldintza horiek beti bete behar dira ebaluazioa eskatzeko ezarritako epemuga baino lehen. Hori guztia frogatzen duten ziurtagiriak atxiki beharko dira.
Hirugarrena.– Ebaluazioaren edo txostenaren eskabidea aurkezteko epea.
Doktore-tituludun ikertzaile, irakasle atxiki, agregatu, oso eta Unibertsitate pribatuetako irakasle doktoretarako eskabideak aurkezteko epea 2016ko otsailaren 15etik 2016ko martxoaren 15era artekoa izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 32/1992 Legearen 48. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.
Laugarrena.– Ebaluazioaren eskabidea formalizatzea.
1.– Interesdunak telematikoki egin behar du eskaera, Agentziaren webgunean (www.unibasq.org), horretarako argitaratutako aplikazio informatikoa erabilita, 2007ko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 27.6 artikuluarekin bat (ekainaren 23ko BOE) eta azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuko 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera (abenduaren 28ko 350/2010 Dekretuak aldatu du).
2.– Eskabidearekin batera, meritu guztiak zehaztuko dira, merituz meritu; deialdi honetako eskaeran jartzen ez diren merituak ez dira kontutan hartuko, eta eskatzailearen curriculum vitae osoa ere aurkeztu beharko da. Halaber, legez eskatutako baldintzak eta interesdunaren historial akademikoa osatzen duten meritu guztiak egiaztatzen dituen dokumentazioa eskaneatuta atxiki beharko da. Meritu horiek beti bete behar dira ebaluazioa eskatzeko ezarritako epemuga baino lehen. Zuzen egiaztatzen ez diren merituak ez dira kontuan hartuko ebaluazioan.
3.– Abenduaren 22ko 5/2011 Legearen 17. artikuluan zehaztutakoari nahiz abenduaren 23ko 6/2011 Legean ezarritakoari jarraikiz (5/2011 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legea aldatzeko dena) tasa bat ezarriko da. Horregatik, eskaerarekin batera, legean aurreikusitako tasaren ordainketa egin izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, Agentziaren web orrialdean argitaratutako prozedurari jarraituz (www.unibasq.org).
4.– Dagokion espedientearen aipamen zehatzaren bidez, aurreko irakasle eta ikertzaileen egiaztapen-ebaluazioaren edo txostenaren beste eskabide batzuekin batera aurkeztu izanagatik Unibasq agentziak dagoeneko baduen egiaztatzeko dokumentazioaren merituak aurkezteko beharra salbuetsi ahal izango da.
5.– Aurrekoa aparte utzi gabe, legez eskatutako baldintzak edo alegatutako merituak betetzen direla egiaztatzeko beharrezkoa den guztietan eskatu ahal izango die Unibasq agentziak eskatzaileei dokumentazioa aurkeztea.
Bosgarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskaera betetzeaz gain, interesdunak, behin eskaera amaituta, hurrengo dokumentuak bidali behar ditu Unibasqera, deialdian ezarritako epearen barruan:
a) Aplikazio informatikoak behin betetze prozesua bukatuta sortutako eskaeraren laburpena. Dokumentu honek behar bezala sinatuta egon behar du.
b) Tasaren ordainketa egiteko formularioa sinatuta.
c) Tasaren ordainketa egin izanaren ziurtagiria, deialdian ezarritako epearen barruan.
2.– Lehenengo ordinalean aipatutako dokumentuak, Unibasqen aurrean aurkeztu ahal izango dira hurrengo bideak erabiliz:
a) Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez.
b) Bide elektronikoen bidez, Erregistro telematikoa www.euskadi.net helbide elektronikoan egin ahal izango da, bide elektronikoz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin eta Platea plataforma, E-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat. Izapidetzeko argibideak www.unibasq.org web orrialdean aurki daitezke.
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak
Bide hau erabiltzeko, eskatzaileek sinadura elektronikoko ziurtagiri onartua izan behar dute.
Legeetan ez baldin badu jartzen derrigor kanal elektronikoa edo derrigor ohiko kanala erabili behar dela, administrazioarekiko harremanetan, herritarrak aukeratuko du zein komunikazio-kanal erabili nahi duen. Hasieran egindako aukeraketa edozein momentutan alda dezake. Aldatzea erabakitzen baldin badu, aldaketaren berri erregistroan jaso eta hurrengo egunetik aurrera etorriko dira ondorioak.
Seigarrena.– Eskabidearen edukia.
Eskabidean, datu-pertsonalez gain, ebaluazioa edo txostena egiteko eskaera zer kontratu motari dagokion eta zer ezagutza arlori dagokion adierazi beharko da. Ezin da deialdi berean ezagutza arlo ezberdinetan eskatu ebaluazio edo txostena egiteko kontratu mota bererako.
Zazpigarrena.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Unibasq agentziak 2011ko azaroaren 8ko 228/2011 Dekretuaren bidez eta azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren eranskinean aurreikusitako irizpideei jarraikiz (350/2010 Dekretuak eraldatutakoa) kontratu-irudi bakoitzerako onartutako ebaluazio-irizpideen arabera beteko dute beren zeregina Ebaluazio Batzordeek.
Zortzigarrena.– Ebazpena.
1.– Ebaluazioa edo txostena lortzeko prozesuen emaitzak Unibasq agentziako zuzendariaren ebazpen bidez formalizatuko dira. Eskaera bakoitzak bere ebazpena izango du. Ebazpen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, nahi izanez gero, adierazitako Agentzian, hilabeteko epean, edota, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Administrazioarekiko Auzietako Epaitegi eskudunetan, bi hilabeteko epean (bi kasuetan, ebazpena jakinarazten den hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita).
2.– Ebazpenetan, ebaluazioa zer kontratu-irudirako egin den, ebaluazioa positiboa edo negatiboa izan den, eta txostena aldekoa edo kontrakoa izan den adierazi beharko da. Halaber, dagokion batzordeak egindako ebaluazioaren edo txostenaren laburpena gaineratuko zaie kontrako ebazpenei.
3.– Eskatzaileek ebaluazio positiboa lor dezakete kontratu-irudi jakin baterako, beti ere ezinbesteko baldintzak betetzen dituztenean:
– Irakasle osoa: Gutxienez, 80 puntu lortzea; horrez gain, 1. atalean 50 puntu eskuratzea, eta, 2. atalean, 25 puntu.
Ikerkuntza-jarduerako hiru aldirekin pareka daitezkeen merezimenduak egiaztatzea; aldi horiek irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuan egindako zehaztapenen arabera nahiz horri egindako aldaketen arabera aitortuko dira. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa aldeko egiaztapena lortzeko.
Gutxienez, bi doktoretza-tesi zuzenduta izatea; gutxienez, bi ikerkuntza-proiekturen ikertzaile nagusi izatea; edo, sei hilabetez, atzerriko unibertsitate batean doktoratu ondoko egonaldia egina izatea. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa aldeko egiaztapena lortzeko.
– Irakasle agregatua: Gutxienez, 65 puntu lortzea; horrez gain, 2. atalean 35 puntu eskuratzea, eta, 3. atalean, 10 puntu.
Ikerkuntza-jarduerako aldi batekin pareka daitezkeen merezimenduak egiaztatzea; aldi hori irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuan egindako zehaztapenen arabera nahiz horri egindako aldaketen arabera aitortuko da. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa aldeko egiaztapena lortzeko.
– Irakasle atxikia: Gutxienez, 55 puntu lortzea, eta, horrez gain, 2. atalean, 25 puntu eskuratzea.
Argitalpenei dagokienez, eskatzailearen ezagutza-arloarekin lotutako kalitate handiko (JCR edo baliokidea) bi ekarpen, gutxienez, argitaratu izana egiaztatu beharko da. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa aldeko egiaztapena lortzeko.
– Unibertsitate pribatuko irakasle doktorea: Egiaztapena lortzeko, gutxienez, 60 puntu lortu behar dira; horrez gain, 2. atalean 25 puntu eskuratu behar dira, eta, 3. atalean, 20 puntu.
– Doktore-tituludun ikertzaileak: Egiaztapena lortzeko, gutxienez, 85 puntu lortzea, eta, horrez gain, 2. atalean, 70 puntu eskuratzea.
Ikerkuntza-jarduerako bi aldirekin pareka daitezkeen merezimenduak egiaztatzea; aldi horiek irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuan egindako zehaztapenen arabera nahiz horri egindako aldaketen arabera aitortuko dira. Baldintza hori ez da nahikoa izango, baina bai ezinbestekoa aldeko egiaztapena lortzeko.
4.– Ebaluazioaren ebazpenak deialdi honetan eskabideak aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan jakinarazi beharko zaizkie interesdunei, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5 artikuluan xedatutakoa aparte utzi gabe.
Bide elektronikoz egindako jakinarazpenen kasuan, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluak («Jakinarazpen elektronikoak») hurrengoa zehazten du:
«Jakinarazpen-sisteman, bi gauza hauek noiz gertatu diren egiaztatzeko modua egon behar du, data eta ordua jarrita: jakinarazi nahi den egintza noiz jarri den interesdunaren eskuetan; eta interesduna noiz sartu den edukira. Sartzen den momentutik aurrera pentsatuko da jakinarazpena eginda dagoela. Jakin baldin badakigu iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea».
5.– Aurreko idatzi-zatian adierazitako epearen barruan ebazpenik izan ezean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan aurreikusitako ondorioak sortuko dira.
6.– Ebaluazio negatiboa jaso duen interesdunak ezin izango du beste ebaluazio-eskaera bat aurkeztu dagokion ebazpena jakinarazi eta sei hilabete igaro arte, Unibasqen ebaluazioa eta akreditazioa lortzeko prozedura arautzen duen azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren 8.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz (350/2010 Dekretuak eraldatutakoa).
Bederatzigarrena.– Dokumentu-erregimena eta datu pertsonalen inguruko eskubideak.
1.– Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraikiz, interesdunek emandako datuak Unibasq agentziaren titulartasunpeko fitxategi automatizatu pertsonal batean sartuta geratu ahal izango dira Agentziak deitutako beste prozesu batzuk garatzeko, betiere interesdunak prozesu horietan parte hartzen badu.
2.– Eskatzaileak datuak ikusteko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta datuon aurka egiteko eskubidea erabili ahal izango du, eta, horretarako, idatzi bat bidali beharko dio Unibasqi (San Prudentzio kalea 8, 01005 Vitoria-Gasteiz).
Hamargarrena.– Errekurtsoak.
Deialdi hau eta haren oinarriak behin betikoak dira administrazio-bidean, eta horien aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango diete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekiko auzietako jurisdikzio-organoei bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 109. artikuluan eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Halaber, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Agentziari hilabete bateko epean, adierazitako 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluei jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 18a.
Unibasqeko Gobernu Kontseiluaren burua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.