EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2015003

AGINDUA, 2015eko abenduaren 3koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko baita Fundación Comunidad de Caballeros Herederos de las Reales Salinas de Añana fundazioaren eraketa.

Xedapenaren data: 2015-12-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201600039
Maila: Agindua
Ikusi da Fundación Comunidad de Caballeros Herederos de las Reales Salinas de Añana fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskari bat sartu zen, Fundación Comunidad de Caballeros Herederos de las Reales Salinas de Añana fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko («Gatzagak, S.A.» sozietateak sortu zuen fundazio hori). Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak helarazitako dokumentazioan atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zien interesdunei, eta 2015eko urriaren 15ean, espedientean ageri den dokumentazioa sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2015eko abenduaren 2an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.
Laugarrena.– Fundación Comunidad de Caballeros Herederos de las Reales Salinas de Añana fundazioaren estatutetako 3. artikuluaren arabera, «fundazioaren interes orokorreko helburu generikoa da ahalbidetzea Añanako ingurune osoa gotortu, berritu eta birgaitzea; ingurune horren barnean sartzen da Gesaltza Añanako udalerria, haren negozioak, ekonomia eta garapen demografikoa.
Aitzitik, ez da haren helburuetan sartzen Gatz Haraneko gatzagak kontserbatu eta berreskuratzea, izan ere, badago helburu hori duen fundazio bat, Valle Salado fundazioa, hain zuzen.
Halaber, Fundación Comunidad de Caballeros Herederos de las Reales Salinas de Añana fundazioaren xede da Añanako eta bere inguruneko turismoa sustatzea eta zabaltzea.
Fundazio horrek bultzatzen du sustatzea Añanako kultura, tradizioa eta historia, haren eraikin enblematikoak eta etnologia, Añanaren interes orokorra hobetzeko helburuaren parte gisa.»
Bosgarrena.– Fundazioaren estatutuen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera, hau da fundazioaren helbidea: Miguel Díaz de Tuesta plaza 1-2, Añana Gesaltza (Araba); Arabako Lurralde Historikoan gauzatzen ditu bere helburuak, nagusiki.
Seigarrena.– 30.000 eurokoa da hasierako dotazioa. Erakunde eratzaileak 10.000 euroko ekarpena egin du hasieran. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak (ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartua).
Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (2016ko apirilaren 8era arteko iraupena izango dute karguok):
– Lehendakaria: Antonio Valentín Angulo Pérez de Nanclares jauna
– Lehendakariordea: Enrique Besga Sanz jauna
– Diruzaina: Maria Montserrat López de Arechavaleta Angulo andrea
– Bokala: Jose Miguel Múgica Peral jauna
– Bokala: Luis Javier Loma García jauna
– Bokala: Arcadio Celada Besga jauna
– Bokala: Iñigo Iturburu Saez de Heredia jauna
Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Hartarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-394 erregistro-zenbakiarekin–: Añana Gesaltzako (Araba) Fundación Comunidad de Caballeros Herederos de las Reales Salinas de Añana fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, 362 protokolo-zenbakia duen Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notarioaren aurrean 2015eko apirilaren 8ko eskritura publikoan xedatu bezala (2015eko urriaren 1ean emandako eskritura publikoaren bidez zuzendua 1.065 protokolo-zenbakiko notarioaren aurrean).
Bigarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 3a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.