EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2015003

11/2015 LEGEA, abenduaren 23koa, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legea bosgarren aldiz aldatzekoa.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201500011
Xedapenaren data: 2015-12-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201600034
Maila: Legea

Aurreko erreferentziak:
  • 1990/07/06an argitaratutako 1990/06/15eko 199000005 LEGEA aldatzen du
  • 1990/07/06an argitaratutako 1990/06/15eko 199000005 LEGEA partzialki indargabetzen du

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 23ko 11/2015 Legea, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legea bosgarren aldiz aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Herritarrek gai publikoetan parte hartzeko duten eskubidea bermatuko da, zehazki aldian aldiko boz-keta unibertsal bidezko hauteskundeen bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoan, hauteskunde-prozesu demokratiko orok jarraitu beharreko printzipio hori Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen ekainaren 15eko 5/1990 Legean dago jasota; lege horrek garatzen du Autonomia Estatutua, eta kontuan izan behar da estatutuak autonomia-erkidegoari eskumen esklusiboa ematen diola gai hauetan: «Eusko Legebiltzarrari, Batzar Nagusiei eta foru-aldundiei eragiten dien barruko hauteskunde-legedia arautzea, baina Estatutu honen 37. artikuluan xedatutakoaren arabera Lurralde Historikoei dagozkien ahalmenei kalterik eragin gabe».
Gorago aipaturiko ekainaren 15eko 5/1990 Legea onartu zenetik, zenbait aldaketa izan ditu lege horrek, eta Eusko Legebiltzarreko lau legetan jaso dira: ekainaren 19ko 15/1998 Legea, urriaren 4ko 6/2000 Legea, martxoaren 28ko 1/2003 Legea, eta otsailaren 18ko 4/2005 Legea. Aldaketa horiek hauteskundeei buruzko euskal legea politikaren eta gizartearen egoerara egokitzeko egin dira, indarrean zen legediarekin bat jarriz. Gaur egun, ekainaren 15eko 5/1990 Legea indarrean sartu zenetik izan diren autonomia-erkidegoetako hauteskunde-prozesuen ondorioz ikasitakoak, oinarrizko zenbait gairi dagokienez Hauteskundeei buruzko gure Legeari eragiten dion 5/1985 Lege Organikoa, ekainaren 19koa, Estatuko Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzkoa, hainbat aldiz aldatu izanak, eta orobat Konstituzio Auzitegiaren doktrinak eta Hauteskunde Administrazioak proposatutako gomendioek garbi utzi digute erabat komeni dela lege hori aldatzea.
Ekainaren 15eko 5/1990 Legean egin beharreko aldaketak jarraian aipatzen diren kontuen ingurukoak dira, eta duten garrantziagatik, xehekiago azalduko dira.
Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organiko horretan egindako azkeneko aldaketek Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legeari eragiten diote, eta, aipatu legea egokitu beharra eskatzen dute; izan ere, ez datoz lege horren artikuluetan esaten direnekin bat, eta lege horrek kontuan hartu ez dituen gai berri batzuk arautzen ditu.
Zehazki esanda, urtarrilaren 28ko 2/2011 Lege Organikoak, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Legean oinarrizko eta ez-oinarrizko artikulu batzuk zenbait kontu tekniko eta hobekuntzakoei dagokienez aldatzekoak, areagotu egiten du eskualdeko hauteskunde batzordeen aurrean Hauteskunde Batzorde Zentralak doktrina bateratzeko duen ahalmena, eta jarrera hori lege honetan islatu da Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari ahalmena indartuz eskualdeko batzordeen erabakien gainetik. Era berean, erreforma hartatik lege testu honetan sartu da hauteskunde batzordeek hauteskunde aldian eta handik kanpo errekurtsoak ebazteko epeen zehaztapena. Lege honetan garrantzi handiagoko beste arlo batzuk ere jasotzen dira, ondorengo gaiekin zerikusia dutenak: mahaiak eratzea, Eusko Jaurlaritzaren kanpaina instituzionala, hauteskunde-kanpainan eta kanpaina-aurrean publizitatea eta propaganda egitea, hedabide pribatuetan hauteskundeei buruzko informazioa ematea, bozketako eta botoak zenbatzeko prozesua, eta hauteskundeetako bigarren aurrerakina ordaintzea.
Hauteskunde-mahaiak eratzeari dagokionez, hauteskunde-mahaiko kide izateko adina hirurogeita hamar urtera arte luzatu da, baina hautesle horientzat ez da nahitaezkoa izango kide izatea. Era berean, mahaiko kide izatea egokitu eta aitzakiaren bat jarri duenari ukatu egiten bazaio arrazoia, eskualdeko hauteskunde-batzordeek ukatzeko arrazoiak zein diren labur azaldu beharko dute.
Lege honen xedapen-zatian kanpaina instituzionala mugatzen da hainbat gairi buruz informazioa ematera, herritarrei botoa emateko eskubidearen eta hauteskunde-prozeduraren gainean, aipatutako urtarrilaren 28ko 2/2011 Lege Organikoaren edukian egindako egokitzapenak tarteko. Hauteskunde-kanpainei dagokienez, esan beharrekoa da hobetu egin dela hauteskundeei buruzko lege autonomikoaren 71. artikuluaren idazkera, argi eta garbi bereiztu baitira hauteskunde-kanpaina eta kanpaina-aurrea; hori dela eta, hauteskundeei buruzko propaganda kanpainak dirauen artean baino ezin izango da egin. Ondorioz, kanpaina-aurrean debekaturik egongo dira publizitatea jartzea eta propaganda egitea, kartelen bidez edo prentsa eta irratietan halakoak sarturik. Horren helburua da informazioa sustatzea eta alderdi politikoen artean eztabaida programatikoa areagotzea, eta gainera, kostuak gutxiagotzea. Murrizketa horretan sakontzen da, % 20 jaisten baita hautagai-zerrendak egin dezaketen gastua hauteskunde-propaganda egiteko, hauteskunde-kanpainaren barruan kartelak jarriz baimendutako eremu komertzialetan.
Hedabide pribatuetan hauteskundeei buruzko informazioa zabaltzeari dagokionez, hedabide horiek hauteskunde-kanpainan bete beharreko arau eta printzipioak zehaztu dira, hain zuzen ere hedabide publikoentzat araututakoaren ildotik, eta hori guztia Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak kontrolatuko du.
Aipamen berezia merezi dute bozkatzeko aukeretan izandako aldaketek; izan ere, legeak aurreikusten du ikusmen-arazoak dituztenek berenez eta erraztasunez bozkatu ahal izate aldera Diputatuen Kongresurako hauteskundeetan erregulatuta dagoen prozedura aplikatzea Eusko Jaurlaritzak. Horrez gainera, hautesleek zuzenean sar dezakete boto-papera hautestontzian; orain arte, hauteskunde-mahaiko buruak soilik sar zezakeen.
Hauteskundeetako bigarren aurrerakina eta hauteskundeetako diru-laguntzak ordaintzeari dagokionez, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordeak hala erabakitzen badu, hautagaiak erakutsi beharko du legebiltzarkide kargua benetan hartu dela eta kargu horretan benetan diharduela.
III
Lege honetan Konstituzio Auzitegiaren doktrina eta Hauteskunde Administrazioak proposatutako oharrak sartzeak suposatzen du kontuan izan behar dela, hala Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 1eko 149/2000 epaia, hauteskunde-batzordeetako administrazio-jardueraren legezkotasunaren kontrol judizialari buruzkoa, nola Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen erabakiak, hauteskunde-legearen hautaezintasun-arrazoiei buruzko hainbat alderdi argitzearen gainekoak. Horrekin batera, kontuan hartu da Hauteskunde Batzorde Zentralak hauteskunde-garaian aginte publikoek egiten dituzten kanpaina instituzionalen helburuen eta mugen inguruan esandakoa, eta baita Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordeak egindako iradokizuna ere, kanpaina horien inguruan zehapen-araubide bat egotea eskatzen baitzuen. Esandakoaren ondorioz, hauteskunde-garaian erakundeek ezin izango dute kanpainarik egin aginte publikoek lortutakoei edo egindako lanei buruz, ez eta obra edo zerbitzurik inauguratu ere, nahiz eta haiek funtzionamenduan hasteko aukera izan garai horretan. Azkenik, mahaiaren boto-kontaketari dagokionez, argitu egiten da zein kasutan kontsideratu behar den boto bat baliogabea, martxoaren 15eko Hauteskunde Batzorde Zentralaren 1/2012 instrukzioari jarraiki.
Hautatua izateko ezintasunari dagokionez, beste bi arrazoi gehitu dira, zeinek eragiten baitiete euskal sozietate publikoetan edo nagusiki horien parte-hartzea duten sozietateetan lehendakari, zuzendari nagusi, gerente edo pareko beste edozein kargu dutenei, bai eta Euskal Irrati Telebista erakunde publikoko zuzendari nagusiari, erakunde hori osatzen duten sozietate publikoetako zuzendariei eta organikoki sozietate horietan kokatzen diren komunikabideetako zuzendariei. Hori guztia bat etorriko da Estatuko, foru-aldundietako edo udaletako sozietate publikoetan pareko karguak dituztenek hautatuak izateko ezintasunarekin, edo RTVE korporazioaren lurralde-ordezkariek hautatuak izateko ezintasunarekin bat, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legean biltzen baita.
Bestalde, lege honetan hautaezintasunen zerrendan egiten diren aldaketen artean, hautagarri gisa definitzen dira Lan Harremanen Kontseiluko presidentea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zuzendariordea eta lurralde-ordezkaria, indarrean dagoen Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak funtzionarioen arteko izendapen askeko lanpostu gisa hartzen dituelako.
Bateraezintasunei dagokienez, ez dira legebiltzarkide-karguarekin bateragarriak Lan Harremanen Kontseiluko presidentea eta Euskal Irrati Telebista erakunde publikoaren Administrazio Kontseiluko kideak, salbu eta Eusko Legebiltzarreko kide izanik Legebiltzarrak eginkizun horretarako izendatu dituenak.
Indarrean den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen ildotik, beste batzuen artean, emakumeen aldeko zenbait ekintza positibo jaso dira, Autonomia Erkidegoko hauteskunde-prozesuetako berdintasunari begira; izan ere, hauteskunde-mahaietan egon beharra izatetik salbuesteko arrazoi gehiago zehaztu dira: haurdunaldian aurrera eginda eta edoskitzaroan egotea.
Lege honetan jasotzen den beste hobekuntza tekniko bat da ekainaren 15eko 5/1990 Legean pezetatan ematen ziren kopuru guztiak eurotara bihurtzea, eta gainera, bihurtze hori euro konstantetan egin da. Gainera, hauteskunde-dokumentazioa baliabide elektronikoen bidez betetzea onartzen da, baita aldatu diren zenbait organismoren eta erakunderen izenak eguneratu beharra ere.
Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legearen xedapen-atalean aldaketa batzuk erantsi zaizkio bi xedapen gehigarriri. Lehen xedapen gehigarriak euro konstanteetan eguneratzen ditu lege honen 151.1 eta 2. artikuluan aurreikusitako hautagaientzako diru-laguntzen zenbateko guztiak. Eta bigarren xedapen gehigarriak gaitasuna ematen dio Eusko Jaurlaritzari erakustaldi eta proba pilotuak egin ditzan, bozkatu, botoak zenbatu edo hauteskunde-mahaiak kudeatu ahal izateko beste sistema elektroniko batzuekin, etorkizunean horiek abian jartzea komeni den edo ez ikusteko.
Era berean, lehen xedapen iragankorrak, kontuan izanda krisi ekonomikoko garai batean bizi garela, hauteskunde-garaian egin dezaketen gastuari murrizketa nabarmena jarri die hautagai-zerrendei; eta bigarren xedapen iragankorrak, berriz, hautagai-zerrendei boto kopuruaren, jarlekuen eta hauteskunde-barrutiaren arabera eman beharreko diru-laguntzak izoztea proposatu du, eta beste horrenbeste egiten du hauteskundeei buruzko publizitatea eta propaganda bidaltzeko diru-laguntzari dagokionez. Murrizketa horiek guztiak indarrean sartuko dira 2012. urtearen ondoren egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
Azkenik, azken xedapenetako lehenengoan, Eusko Jaurlaritzari gaitasuna ematen zaio erregelamendu bidez gara dezan ezintasunen bat duten pertsonek nola hartuko duten parte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, bereizkeriarik jasan gabe; hau da, pertsona horiek bozkatu ahal izateko baldintza zehatzak arautuko ditu irisgarritasunari dagokionez.
Artikulu Bakarra.– Ekainaren 15eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen 5/1990 Legearen aldaketa ekainaren 15eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen 5/1990 Legean aldaketa hauek egiten dira:
Bat.– 4. artikuluko 3. paragrafoaren a) hizkia honela idatzita geratzen da:
«a) Euskal Autonomia Erkidegoko alor publikoan:
1) Administrazio orokorrari dagokionez, sailburuordeak, idazkari nagusiak, zuzendariak eta horiei parekatutakoak.
2) Administrazio instituzionalari eta behin betiko sektore publikoko erakunde enparauei dagokienez, zeinak zehaztuta baitaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 7. artikuluan, presidenteak, zuzendari nagusiak, kudeatzaileak eta izendapen askeko beste kargu oro, horiei parekatu dakizkiekeen funtzio exekutiboak dituena. Alabaina, Eusko Legebiltzarreko kideak parte hartu ahal izango dute erakundeetako, ente publikoetako eta partaidetza publiko zuzena edo zeharrekoa duten sozietateetako zuzendaritza organo kolegiatuetan edo administrazio kontseiluetan, beren izendapena Eusko Legebiltzarrari dagokionean.
3) Arartekoa eta Arartekoaren ondokoa; Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidentea eta kideak; Arbitraje Batzordeko presidentea eta kideak.
4) Euskal Irrati Telebista erakunde publikoko zuzendari nagusia, erakunde hori osatzen duten sozietate publikoetako zuzendariak eta organikoki sozietate horietan kokatzen diren komunikabideetako zuzendariak».
Bi.– 4. artikuluko 3. paragrafoaren b) hizkia honela idatzita geratzen da:
«b) Estatuko sektore publikoan:
1) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko burua edo kideak, epaileak, magistratuak, zerbitzu aktiboan dagoen fiskala, eta Estatuko fiskal nagusia.
2) Administrazio zentralari dagokionez, Gobernuko presidentea, ministroak eta Estatu-idazkariak, bai eta izendapen askeko beste kargu oro; Gobernuaren Euskadiko ordezkaria eta ordezkariordea, eta bestelako lurralde-eskumeneko antzeko agintariak; zuzenbide publikoko erakundeei, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei eta erakunde publiko estatalei edo zuzeneko edo zeharkako partaidetza estatala dutenei dagokienez, presidenteak, zuzendari nagusiak, idazkari nagusiak eta izendapen askeko beste kargu oro horiei parekatu dakizkiekeen funtzio exekutiboak dituena. Atzerriko estatu baten aurrean edo nazioarteko erakunde baten aurrean egoiliar gisa akreditatutako misio-buruak. Espainiako Bankuko gobernadorea eta gobernadoreordea; Kreditu Ofizialeko Institutuko eta gainerako kreditu-erakunde ofizialetako presidenteak eta zuzendariak. Hautesle Erroldaren Bulegoko zuzendaria eta Segurtasun Nuklearreko Kontseilu Nagusiko presidenteak, kontseilariak eta idazkari nagusia.
3) Estatuz azpiko lurralde-eremuei dagokienez, ministerio bakoitzetik maila goreneko kargua betetzen dutenak; lurralde-eskumen mugatuko erakunde autonomoei dagokienez, presidenteak, zuzendariak eta horiekin parekatutako karguak, bai eta lurralde-eremu horietan Gobernuaren ordezkari direnak; RTVE korporazioaren lurralde-ordezkariak; Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileen organo periferikoetako presidenteak eta zuzendariak; Gobernuaren ordezkaritzako eta ordezkariordetzetako idazkari nagusiak; Hautesle Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkariak. Horiek guztiak hautaezin izango dira beren jurisdikzioko lurralde-eremua osorik edo zati batean hartzen duten hauteskunde-barrutietatik.
4) Konstituzio Auzitegiko burua edo magistratuak, Estatu Kontseiluko edo Kontu Auzitegiko burua edo kontseilariak, Konstituzioaren 131.2 artikuluan zehazten den kontseiluko burua.
5) Herri Defendatzailea eta haren ondokoak».
Hiru.– 4. artikuluko 3. paragrafoaren e) hizkia honela idatzita geratzen da:
«e) Lurralde historikoen eta toki-administrazioen arlo publikoan:
1) Lurralde historikoetako Administrazio publikoari dagokionez, zuzendari nagusiak edo haiekin parekatutako karguak. Eta erakunde autonomo foralei, enpresa-entitate publiko foralei, zuzenbide pribatuko ente publiko foralei, merkataritza-sozietate foralei eta sozietate publiko foralei dagokienez, presidenteak, zuzendari nagusiak, kudeatzaileak edo haiekin parekatutako beste kargu oro.
2) Erakunde autonomo lokalei, kapital publikoko merkataritza-sozietate lokalei eta enpresa-entitate publiko lokalei edo haiek partaidetza nagusia daukatenei dagokienez, presidenteak, zuzendari nagusiak, kudeatzaileak edo haiekin parekatutako beste kargu oro.
3) Dena den, hautagarri izango dira diputatu nagusi, foru-diputatu, alkate eta zinegotzi izanik, kargu horregatik, berenez, 1. eta 2. apartatuetan aipatutako erakunde, ente, entitate edo sozietateetako kide direnak, horrela espresuki aurreikusita egoteagatik antolakundeotako estatutuetan».
Lau.– 4. artikuluko 4. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«4.– Artikulu honen 3. zenbakiko a), b) eta e) letretan aipatutako erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko erakunde publikoen edo sozietateen kapital sozialean administrazio publiko batek baino gehiagok parte hartzen duen kasuan, akzio gehien edo parte-hartze handiena daukan administrazioari dagokiona izango da antolakunde horien presidente, zuzendari nagusi, idazkari nagusi eta kudeatzaileei eta horiekin parekatutako beste kargu orori aplikatu beharreko hautaezintasun-araubidea. Berdinketarik badago, hautagai-zerrendaren lurralde-ordezkaritza daukanak erabakiko du zein hautaezintasun-araubide aplikatu behar den».
Bost.– 4. artikuluko 5. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«5.– Artikulu honen 3. zenbakian aipatutako kargu edo funtzio bat betetzen ari direlarik hautagai gisa aurkeztuak direnek, modu fede-emailean egiaztatu beharko dute dagokien hauteskunde-batzordearen aurrean uko egin diotela edo utzi egin dutela hautaezintasuna eragiten duen kargua edo funtzioa.
Hautaezintasun-kasuetan karguari edo egitekoari uko egitea edo hura uztea, besteak beste, honela jakinarazi ahalko zaio dagokion hauteskunde-batzordeari: dena delako organismoak zentzu horretan egindako ziurtagiria aurkeztuz, edo organismo horretan aurkeztutako idazkiaren kopia emanez».
Sei.– 4. artikuluko 6. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«6.– Hautagai-zerrenda bateko kide izanik hautaezintzat jotako kargu edo funtzio batera iristen direnek, dagokion hauteskunde-batzordeari jakinaraziko diote egoera hori, eta hark deklaratuko du aurkeztutako zerrendatik kentzea hautagaia».
Zazpi.– 7. paragrafoa eransten zaio 4. artikuluari, honako testu honekin:
«7.– Azkenik, hautaezinak izango dira:
a) Askatasunaz gabetzeko zigorrera epai irmoz kondenatuak, zigorrak irauten duen bitartean.
b) Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 6.2.b artikuluan ezarritako delituengatik eta baldintzetan epai bidez kondenatuak, nahiz eta epaia irmoa ez izan».
Zortzi.– 5. artikuluko 2. paragrafoaren a) hizkia honela idatzita geratzen da:
«a) Autonomia Erkidegoaren sektore publikoan:
1) Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko, Lan Harremanen Kontseiluko, Kooperatiben Goren Kontseiluko, Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluko eta antzeko izaerako organo aholku-emaileetako lehendakaria, idazkari nagusia, kideak edo beste edozein kargudun, salbu eta legebiltzarkide izanik Legebiltzarrak eginkizun horiek betetzeko izendatutakoak.
2) Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren zerbitzura edo administrazio horretako edozein organoren edo erakunderen zerbitzura daudenak, zerbitzu horiek emateko araubidea edozein delarik, salbu eta zuzendaritza-, kudeaketa- eta administrazio-eginkizun hutsak burutzen ez dituzten irakasleak, osasun-langileak eta ikerlariak.
b) Estatuko sektore publikoan:
– Kongresuko diputatua.
c) Europar Batasuneko sektore publikoan:
– Europar Parlamentuko diputatua.
Bederatzi.– 20. artikuluko 4. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«4.– Legebiltzarreko letratuek, baita bertako informatika-zerbitzuak ere, behar den aholkularitza juridiko eta teknikoa burutuko dituzte, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeari agindutako eginkizunak betetzeko».
Hamar.– 29. artikuluko e) hizkia honela idatzita geratzen da:
«e) Bateratzea lurralde historikoko eta eskualdeko hauteskunde-batzordeen interpretazio-irizpideak hauteskunde-arauak aplikatzeko orduan».
Hamaika.– 29. artikuluko j) hizkia honela idatzita geratzen da:
«j) Sortzen diren arau-hausteak zuzentzea, baldin eta hori egiteko lana epaitegien esku utzi ez bada, eta egoki iritzitako isunak jartzea, 2.700 eurora arte, salbu eta lege honen 87.7, 132. eta 132. sexies artikuluetan ezarritako kasuetan».
Hamabi.– 30. artikuluko 1. paragrafoaren d) hizkia honela idatzita geratzen da:
«d) Sortzen diren arau-hausteak zuzentzea, baldin eta hori egiteko lana epaitegien esku utzi ez bada, eta egoki iritzitako isunak jartzea; isunok 1.200 eurora artekoak izango dira, lurralde historikoko hauteskunde-batzordeen kasuan, eta 600 eurora artekoak eskualdeko hauteskunde-batzordeen kasuan. Hauteskunde-batzorde horiek gaiaren larritasunagatik beren eskumenekoak baino zehapen handiagoa behar duten jokabideen berri izaten badute, hierarkikoki gorago dagoen hauteskunde-batzordeari jakinarazi ahal izango diote, salbu eta lege honen 66, 87.7, 132. eta 132. sexies artikuluetan ezarritako kasuetan.
Adierazitako isunak ordaindu ezean, dagokion hauteskunde-batzordeak zorpekoaren egiaztagiria igorriko dio dagokion foru-aldundiaren organo eskudunari isuna premiamendu-bidetik ordainarazteko».
Hamahiru.– 3. paragrafoa eransten zaio 36. artikuluari, honako testu honekin:
«3.– Nolanahi ere, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde-batzordearen akordioak, euskaraz zein gaztelaniaz idatzita, web orri batean sartuko dira, ondorio hauetarako gaituko dena».
Hamalau.– 38. artikuluko 3. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«3.– Hauteskundeetarako atal, mahai eta lekuen behin betiko zerrenda, euskaraz eta gaztelaniaz, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoko 24.4 artikuluan aurreikusitakoa jarraituz argitaratuko da».
Hamabost.– 42. artikuluko 3. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«3.– Hauteskunde-mahaietan titular edo ordezko gisa parte hartzerik ez dutela adierazteko aukera izango dute, aurretiaz justifikazio dokumentatua edo, hala behar duenean, medikuaren egiaztagiria aurkezturik, ondorengoek:
a) Gaixorik edo ospitalean diren pertsonak.
b) Hauteskunde-barrutitik kanpora bizi direnak.
c) Itsasoan direnak.
d) Lege honetan ezarritakoaren arabera hautaezinak direnak.
e) Haurdunaldian seigarren hilabetetik aurrera eginda dauden emakumeak eta amatasun-atsedenaren aldian daudenak.
f) Bederatzi hilabetera arte haurra edoskitzen ari direnak.
g) Hirurogeita bost urte dituztenak edo hortik gorakoak.
h) Beste edozein, ezina zuritzeko arrazoiren bat badu eta agiri bidez frogatzen badu».
Hamasei.– 43. artikuluko 2. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«2.– Mahai bakoitzeko lehendakaria eta kideak zozketa publiko bidez aukeratzen dira kasuan kasuko mahaiko hautesle-zerrendan ageri diren guztien artetik, baina irakurtzen eta idazten jakin eta hirurogeita hamar urte baino gutxiago dutenak izan beharko dute. Hirurogeita bost urtetik gorakoek uko egin ahal izango diote karguari zazpi eguneko epean. Mahaiko lehendakariak Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako Bigarren Mailako titulua izan beharko du gutxienez, edo halakorik ezean Eskola Ziurtagiria edo horren baliokidea».
Hamazazpi.– 44. artikuluko 1. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«1.– Izendapena egin eta hurrengo hiru egun igaro baino lehen, horren berri eman beharko zaie interesdunei. Jakinarazpenarekin batera, mahaietako kideei jarraibide-liburu bat emango zaie beren eginkizunei buruz euskaraz eta gaztelaniaz. Hauteskunde-mahaietako lehendakari eta bokal izendatu dituztenek zazpi eguneko epea izango dute eskualdeko hauteskunde-batzordean adierazteko zergatik ezin duten kargua onartu, arrazoia justifikatua eta dokumentatua izan beharko delarik. Batzordeak gaiari buruzko erabakia hartzeko bost eguneko epea izango du, eta ezingo da errekurtsorik jarri erabakitakoaren aurka. Dena delako pertsona ordezkatu beharra dagoela erabakitzen badu, horren berri emango dio lehen ordezkoari. Eskualdeetako Hauteskunde-batzordeek, labur bada ere, azaldu egin beharko dute zergatik ez dituzten onartu dena delako pertsonak mahaiko kide ez izateko emandako arrazoiak».
Hemezortzi.– 46. artikuluko 3. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«3.– Dekretuan zehaztuko da bozketa noiz izango den; hain zuzen ere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, berrogeita hamalaugarren egunean izan beharko da».
Hemeretzi.– 4. paragrafoa eransten zaio 46. artikuluari, honako idazketa honekin:
«4.– Argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean hauteskundeetarako deialdiaren dekretua».
Hogei.– 50. artikuluko 2. paragrafoaren b) hizkia honela idatzita geratzen da:
«b) Hautagaien eta ordezkoen izen-abizenak, eta, hala egokituz gero, goitizena edo ezizena, helbide zehatza, baita zerrenda bakoitzean kokapen-ordena ere. Hauteskundeetarako federazioak edo koalizioak izan daitezenean, hautagaiaren izenaren ondoren zein alderdi edo federaziotakoa den berariaz zehaztu ahal izango da, alderdi edo federazio hori barruti berean zerrenda propioarekin aurkezten ez bada. Hautagaien izenekin batera independente egoera jaso daiteke».
Hogeita bat.– 5. paragrafoa eransten zaio 50. artikuluari, honako idazketa honekin:
«5.– Aurreko paragrafoan adierazitakoari dagokionez, hautagai-zerrendek jarraipen bat osatzen dute, eta ordezkoek, berriz, zerrendako 25 zenbakiko titularrarekin, gehienez, sei izeneko zati berri bat, zerrenda bakoitzak dituen ordezko-kopuruaren arabera; zati horri ere % 50eko kuota aplikatu behar zaio, aurreko zatiei bezala».
Hogeita bi.– 66. artikulua honela idatzita geratzen da:
«66. artikulua
Lurralde historikoetako hauteskunde-batzordeek 2.700 euro arteko isuna jarriko diete alderdi, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteei, eta hala badagokio hautagaiei, baldin eta hautagai-zerrendak aldarrikatu ondoren zerrenda osoa hauteskundeetatik kentzen badute».
Hogeita hiru.– 68. artikuluko 3. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«3.– Hauteskunde-prozesuan, Eusko Jaurlaritzak kanpaina instituzional bat egin ahal izango du, herritarrei hauek jakinarazteko: hauteskundeak noiz eta non izango diren, nortzuk diren hautesleak, nola bozkatzen den eta posta bidez bozkatzeko zer egin behar; hori egitean ez du, inoiz ere, hautesleen boto-aukeran eragin beharko. Kanpaina instituzional hori iragartzeko, Autonomia Erkidegoarenak diren hedabide publikoetako doako tarteak baliatuko ditu Gobernuak, eta baita Estatuarenak izanik ere, Autonomia Erkidegora mugatzen diren hedabide publikoetako doako tarteak. Kanpaina horretan bermatuko da bi hizkuntza ofizialak erabiltzea».
Hogeita lau.– 68 bis artikulua eransten da, honako idazketa honekin:
«68 bis artikulua
1.– Hauteskundeen deialdia egiten denetik hauteskundeak benetan izan arteko denbora-tartean, aginte publikoek eta Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren erakundeek ezin izango dute publizitate-kanpainarik edo komunikazio instituzionalik egin edo horien berri hedatu; salbuespen bakarra izango dira lege honen 68.3 artikuluan izango dira, eta interes publikoa babesteko edo zerbitzu publikoak behar bezala aritzeko ezinbestekoak direnak. Era berean, debekaturik egongo da aginte publikoek antolatutako edo finantzatutako edozein jarduera edo ekitaldi, baldin eta horietan legegintzaldian egindakoen edo lortutakoen aipamenen bat egiten bada, edo horietan erabiltzen diren irudiak, adierazpenak edo logotipoak hauteskundeetan parte hartuko duen alderdiren batek erabiltzen dituenak edo antzekoak baldin badira.
2.– Era berean, denbora-tarte horretan ezin izango da obra edo zerbitzu publikorik edo horien proiekturik inauguratzeko ekitaldirik egin edo horren berri eman, eta aurkezpen edo erakusketarik ere ezin izango da egin; dena den, posible izango da obra edo zerbitzu horiek aldi horretan lanean hastea.
3.– Artikulu honetan aurreikusitako debekuak hausten badira, hauteskunde Administrazioak isuna jarri ahal izango du; Autonomia Erkidegoko hauteskunde Batzordeak jartzen badu 2.700 eurokoa izango da isun hori, eta lurralde historiko hauteskunde-batzordea bada, berriz, 1.200 eurokoa".
Hogeita bost.– 71. artikulua honela idatzita geratzen da:
«71. artikulua
1.– Ezin izango da hauteskunde-propagandarik zabaldu, ezta hauteskunde-kanpainako ekitaldirik egin ere, kanpaina legez amaitu eta gero. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak eskaintzen dituen baliabideak dohainik eskuratzeko aukera, soil-soilik, hauteskunde-kanpainak dirauen aldian egongo da. Aurreko muga horiek ezartzen diren arren, alderdiek, koalizioek eta federazioek egin ahal izango dituzte Konstituzioan, bereziki haren 20. artikuluan, aitortzen zaizkien funtzioak betetzeko jarduerak.
2.– Hala eta guztiz ere, hauteskundeetara deitzen denetik hauteskunde-kanpaina legez hasi arte, debekatuta egongo da hauteskunde-publizitate edo –propaganda egitea kartelen, euskarri komertzialen edo prentsa– edo irrati-iragarkien bidez edo bestelako bitarteko digitalen bidez, eta jarduketa horiek ezin justifika daitezke alderdi, koalizio edo federazioen ohiko jarduerak egitearekin.
3.– Beraz, aipatu den aldian, alderdi politikoek eta hautagaiek ezin izango dute kontratatu, ez zuzenean ez hirugarren baten bitartez, hauteskundeetako publizitatea edo propaganda jartzeko espazio, euskarri edo lekurik, direla leku publikoak (lorategiak, plazak, parkeak eta abar), direla euskarri komertzialak (hesiak, informazioa aurkezteko hiri-altzariak («mupiak»), publizitate-objektu argidunak («opiak»), kabinak, garraiobideak edo parekoak). Ezin da iragarkirik ipini prentsan edo aldizkarietan, irratian, Interneteko publizitate-euskarrietan («banners»), telebistako kate komertzialetan edo bestelako bitarteko digitaletan.
4.– Halaber, propaganda egiteko asmoz, aurreko 2. apartatuan adierazitako epean ezin izango da banatu hautagaien izena edo argazkia edo alderdi politikoaren izena edo siglak adierazten dituen materialik, hala nola giltzatakoak, boligrafoak, metxeroak, pinak edo antzeko objektuak, eta ezin izango da jarri etxe pribatuen kanpoko aldean hautagaien argazkirik edo alderdi politiko baten izena, siglak edo sinboloak dituen kartelik.
5.– Hauteskunde-deialdia egiten den unean aurretiaz zabaldutako hauteskunde-propagandarik egonez gero, berehala kendu beharko da propaganda hori, eta betiere, Hauteskunde Administrazioaren ondorioetarako, propagandan aipatzen den hautagaia edo alderdi politikoa izango da erantzule.
6.– Bigarren apartatuan aipatutako hauteskunde-prozesuan zehar, hauteskundeetara aurkezten diren hautagai-zerrendetako kideak eta antolakunde politikoen ordezkariak ez dira aurreko zenbakietan jasotako debekuetan eroriko, baldin eta botoa espresuki eskatzen ez bada, besteak beste kasu hauetan:
a) Informazioa ematea posta bidezko botoaren izapideei buruz.
b) Hautagai-zerrendak edo hauteskunde-programa aurkeztera zuzendutako mitinak edo ekitaldiak egitea edo haietan parte hartzea. Hartarako, antolakunde politikoek eta hautagaiek edozein hedabideren bidez eman ahal izango dute ekitaldi horien berri.
c) Hauteskundeetara aurkezten diren antolakunde politikoetako hautagaiek eta ordezkariek elkarrizketa eta eztabaidetan parte hartzea titulartasun publiko edo pribatuko hedabideetan; artikuluak edo informazioak zabaltzea beren kideei eta hauteskunde-programari buruz.
d) Hautagaiak edo hauteskunde-programa ezagutarazte aldera liburuxka, gutun edo panfletoak egitea eta banatzea, edo euskarri informatiboak banatzea.
e) Ibilgailu partikularrak erabiltzea hautagaien argazkiekin edo antolakunde politikoen izen, sigla edo sinboloekin, hautagaiak ezagutarazte aldera edo hautagaiak edo hauteskunde programa aurkezteko ekitaldi publikoen berri emate aldera, baldin eta inolako kontraturik egiten ez bada hartarako.
f) Hautagaien argazkiak erakustea edo antolakunde politikoaren izen, sigla edo sinboloak erakustea antolakundearen egoitza edo lokalak dauden tokietako kanpoko aldean.
g) Posta elektronikoak edo sms mezuak bidaltzea, edo irratifrekuentzia bidez edukiak banatzea, hautagaiak edo hauteskunde-programa ezagutzera emateko, baldin eta hirugarren batekin inolako kontraturik egiten ez bada hartarako.
h) Web-orriak edo webguneak sortzea edo erabiltzea antolakunde politikoen edo hautagaien testuak edo artikuluak biltzeko (blogak), edo sare sozialetan parte hartzea, baldin eta inolako kontratazio komertzialik egiten ez bada hartarako.
7.– Hautagai-zerrenda, alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle-elkarteetako kideek ezin izango dute, bozketa egunean eta bezperan, botoa lortzera zuzendutako inolako agerpen edo adierazpen publikorik egin hedabide sozialetan».
Hogeita sei.– 72. artikulua kentzen da.
Hogeita zazpi.– 75. artikuluko 2. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«2.– Publizitate mota horretan, hautagai-zerrenden gastua ezingo da izan lege honen 147.2 artikuluan aurreikusitako gastu-mugaren ehuneko 20 baino gehiagokoa».
Hogeita zortzi.– 79. artikulua honela idatzita geratzen da:
«79. artikulua
Baimenik gabeko tokietan hautagai-zerrendek edozein motatako propaganda grafikoak jartzeagatik edo idazketak egiteagatik, udalak 6.000 eurorainoko zigorrak jarri ahal izango ditu, horretarako abiarazitako espedientearen bitartez eta doakionari entzun ondoren».
Hogeita bederatzi.– V. tituluaren II. kapituluaren laugarren ataleko izenburua honela idatzita geratzen da:
«Laugarren atala
Hauteskunde-kanpainan hedabideak erabiltzea»
Hogeita hamar.– 81. artikulua honela idatzita geratzen da:
«81. artikulua
1.– Hauteskunde-kanpainan, hautagai-zerrendek publizitatea kontratatu ahal izango dute aldirako prentsan eta titulartasun pribatuko irrati-emisoreetan. Publizitate horretan gastatutakoak ezingo du gainditu lege honetako 147.2 artikuluan alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteetarako aurreikusitako gastu-mugaren ehuneko 20.
2.– Hauteskunde-publizitate horretarako ezarritako tarifek ezingo dituzte gainditu publizitate komertzialerako indarrean dauden tarifak, eta ezingo da egon bereizkeriarik hautagai-zerrenden artean hauteskunde-publizitateko tarte horien sarrera, tarifa eta kokapenei dagokienez. Tarteotan berariaz adierazi beharko da hauteskunde-publizitatea dela.
3.– Ezingo dira hauteskunde-publizitateko tarteak kontratatu titulartasun publikoko hedabideetan ez eta titulartasun pribatuko telebista-emisoreetan ere.
4.– Hauteskunde-kanpainan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle-elkarteek eskubidea edukiko dute doako tarteak erabiltzeko Autonomia Erkidegoaren menpeko hedabide publikoetan eta beren jarduna Erkidegora mugatuta duten Estatuko titulartasunekoetan.
5.– Tarte horien banaketa egingo da alderdi, federazio, koalizio eta elkarte bakoitzak Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan lortutako boto-kopuru osoaren arabera.
6.– Eusko Jaurlaritzaren menpeko hedabide publikoetan politika orokorrari buruzko eztabaida bat egingo da, gutxienez, hizkuntza ofizialetako bakoitzean, eta hartan parte hartuko dute Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan ordezkaritza lortu duten antolakunde politiko guztietako hautagaiak.
Halaber, hedabide horietan elkarrizketa bat egingo zaie, hizkuntza ofizialetako bakoitzean, gorago aipatutako antolakundeek izendatutako hautagaiari».
Hogeita hamaika.– 85. artikulua honela idatzita geratzen da:
«85. artikulua
1.– Titulartasun publikoko hedabideen zuzendaritzak berdintasun, proportzionaltasun eta neutraltasun informatiboa eta aniztasun politiko eta sozialaren errespetua bermatuko du hedabide horien saio informatibo guztietan, horrek eragozten ez duelarik askatasun informatiboari zor zaion errespetua. Nolanahi ere, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen aurrean helegitea aurkeztu daiteke adierazitako hauteskunde-garaian hedabide horien administrazio-organoek hartutako erabakien aurka.
2.– Hauteskunde-garaian, emisore pribatuek errespetatu egin beharko dituzte aniztasun- eta berdintasun-printzipioak. Era berean, garai horretan telebista pribatuek errespetatu egin beharko dituzte informazioko proportzionaltasun eta neutraltasunaren printzipioak ere hauteskunde-eztabaida eta elkarrizketetan, eta orobat hauteskunde-kanpainari buruzko informazioan, hauteskunde-batzorde eskudunak hartarako egiten dituen instrukzioei jarraituz».
Hogeita hamabi.– 87. artikuluko 7. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«7. Bozketa egunaren aurreko bost egunetan debekatuta egongo da edozein komunikabidek, digitalek barne, hauteskundeei buruzko zundaketarik argitaratzea, horiek ezagutzera ematea eta erreproduzitzea.
Bozketa egunean ere, arratsaldeko zortziak baino lehenago debekatuta egongo da edozein komunikabidek hauteskundeei buruzko zundaketarik nahiz behin-behingo emaitzarik argitaratzea, horiek ezagutzera ematea eta erreproduzitzea.
Aurreko bi kasuetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, hauteskunde-batzordeak 3.000 eta 30.000 euro bitarteko diru-zehapena ezarriko du».
Hogeita hamahiru.– 92. artikuluko 5. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«5.– Artekari bakoitzari buruzko taloi-orriek lau zati izan beharko dituzte: bat, jatorrizkoa, ordezkariak edo honen eskudunak gorde dezan; bigarrena artekariari emango zaio, egiaztagutuntzat erabil dezan eta hirugarrena dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari bidaliko zaio, artekariari dagokion hauteskunde-mahaiari eskuratu diezaion; eta laugarrena ere Hauteskunde-batzorde horri bidaliko zaio, soilik eta artekaria hautesle baldin bada artekari gisa diharduen barrutian, batzordeak bidali diezaion artekariak bozketa emateko eskubidea duen mahaiari, hautesle-zerrendatik kendua izan dadin».
Hogeita hamalau.– 95. artikuluari bigarren paragrafo bat eransten zaio, honako idazketarekin:
«Hauteskunde-egunean debekatuta egongo da pertsona horiek erabiltzea aurreko lerrokadan aipatutako esamolde, sinbolo edo ikurritzez bestelakorik, eta bereziki hauteskunde-propaganda izan daitekeenik».
Hogeita hamabost.– 98. artikuluari 5. paragrafoa eransten zaio, honako idazketarekin:
«5.– Hauteskunde-mahaietako presidenteak eta kideek ezin izango dute esamolde, sinbolo, enblema edo ikurritzik eraman, zuzenean edo zeharka hauteskunde-propaganda izan daitekeenik».
Hogeita hamasei.– 103. artikulua honela idatzita geratzen da:
«103. artikulua
Bozketa hasiko da, behin mahaia eratu ondoren, lehendakariak ozenki esanez 'bozketa hasten da' edo 'empieza la votación'».
Hogeita hamazazpi.– 104. artikuluko 3. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«3.– Hautesleek ez badakite irakurtzen edo ezintasun fisikoagatik ezin badute boto-papera aukeratu edo ezin badiote mahaiko lehendakariari eman, bere konfiantzazko pertsona batez baliatu ahal izango dira. Hala ere, hautesle itsuek edo ikusmen-ezintasuna dutenek bozkatze aldera Diputatuen Kongresuko eta Senatuko hauteskundeetarako aurreikusita dagoen prozedura aplikatuko du Eusko Jaurlaritzak, botoaren sekretua bermatuz pertsonalki eta erraztasunez bozkatu ahal izan dezaten».
Hogeita hemezortzi.– 106. artikuluko 4. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«4.– Artekariek edo ahaldunek erreklamazioren bat egiten baldin badute bozketako edozein ekintza dela-eta, eta horrek hautesleek botoa emateko duten eskubide aktiboa ez gauzatzea eragiten baldin badu, mahaiak gehiengoaren bidez erabakiko du, bai eta bilkura-aktan jasoarazi ere erabakitakoa, horren zioa eta zein izan den erreklamazioaren arrazoia».
Hogeita hemeretzi.– 107. artikuluko 1. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«1.– Hautesleak, bere eskuz, mahaiko lehendakariari botoaren gutun-azala emango dio. Ondoren, honek, uneoro gutun-azala denek ikusteko moduan dela, ozenki esango ditu hauteslearen izen-abizenak, eta 'botoa ematen du' esanez, hautesleari emango dio hautestontzian sar dezan».
Berrogei.– 109. artikulua honela idatzita geratzen da:
«109. artikulua
Ataletako lokaletan hauek sartuko dira soilik: bertako hautesleak, hautagai-zerrendetako lurralde ordezkariak eta horien kideak, haien ahaldunak eta artekariak; notarioak, hauteskundeei buruzko edozein ekintzaren fedea emateko, bozketa sekretuari kontra egin gabe; hauteskunde-batzordeetako kideak eta instrukzioko epaileak eta beraien eskuordetuak, haien kargua betetzeak hala eskatzen duen guztietan; mahaiko lehendakariak eskatutako agintaritzaren agenteak; Euskal Administrazioak izendatutako pertsonak, besteak beste hauteskundeei buruzko informazioa lortzeko; gaixoen, ezinduen eta irakurtzen eta idazten ez dakitenen laguntzaileak; aipatu lokaletako hauteskunde-materiala mantentzeko arduradunak».
Berrogeita bat.– 112. artikuluko 1. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«1.– Arratsaldeko zortzietan lehendakariak ozenki esango du 'bozketa bukatzera doa' nahiz 'se va a concluir la votación', eta ez dio inor gehiagori hauteslekuan sartzen utziko. Lehendakariak bertan dauden hautesleren bat oraindik bere botoa eman gabe dagoen galdetuko du, eta ondoren eman daitezen botoak onartu egingo dira».
Berrogeita bi.– 112. artikuluko 3. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«3.– Ondoren, mahaiak osatzen dituztenek, eta eginkizunak betetzen dituzten barrutiko hautesleak diren artekariek bozkatuko dute; eta mahaiko erroldan ez dauden artekarien hauteskunde-mahaia zehaztuko da boto-emaileen zerrenda zenbakidunean».
Berrogeita hiru.– 115. artikulua honela idatzita geratzen da:
«115. artikulua
Honako hauek izango dira boto baliogabeak:
a) Eredu ofizialez besteko gutun-azal edo paperez emandako botoa, eta bai gutun-azalik gabeko txartelez emandakoa edo hautagai-zerrenda berezien boto-txartel bat baino gehiago daramatzan gutun-azalean emandakoa ere. Gutun-azal batean hautagaitza beraren txartel bat baino gehiago egonez gero, boto bakar bat bailitzan kontatuko da.
b) Boto-txarteleko hautagaien izenak aldatuta, gehituta edo zirrimarratuta edo bertako izenen hurrenkera aldatuta dituen paperean emandako botoa. Dena dela, boto balioduna izango da betiere hauteslearen bozketa-asmoaren inguruko zalantzarik sortzen ez duen seinale edo markaren bat duen paperean emandako botoa.
c) Irainak edo botoaz besteko edozein hitz edo esamolde daramatzan botoa, edo nahita edo asmoren batekin egindako edozein aldaketa duen botoa.
d) Mahaiari ez dagokion beste barrutiko boto-paperez ematen den botoa.
e) Gutun-azalek gainean ezaupideak daramatzatenean».
Berrogeita lau.– 124 bis artikulua eransten da, honako idazketarekin:
«124 bis artikulua
1.– Boto-kontaketa orokorreko egunean, eta hori gauzatzen hasi aurretik, lurralde historikoko hauteskunde-batzorde bakoitzak hauteskunde-mahaia osatuko du, goizeko zortzietan, bertaratutako hautagaitzek izendatutako artekariekin.
2.– Jarraian, aipatutako hauteskunde-batzordeko lehendakariak hautestontzian edo hautestontzietan sartuko ditu atzerrian bizi diren egoiliarren boto-paperak, ordura arte jasotakoak, eta idazkariak boto-emaileen izenak idatziko ditu horretarako zerrendan.
3.– Ondoren, batzordeak boto horiek kontatuko ditu eta emaitzak kontaketa orokorrera gehituko ditu».
Berrogeita bost.– 1.b apartatua eransten zaio 128. artikuluari, testu honekin:
«1.b Hauteskunde-barrutiko boto-kontaketaren akta euskarri digitalean emango zaie hauteskunde-zerrenden ordezkariei dagokion lurralde historikoko hauteskunde-batzordearen aurrean».
Berrogeita sei.– 129. artikuluaren 6. apartatua honela idatzita gelditzen da:
«6.– Aldarrikapen-aktaren kopiak emango zaizkie, paperean eta formatu digitalean, hautagai-zerrenden ordezkariei edo beraien ahaldun edo artekariei, eskatzen badute. Ezingo da egin akta edo ziurtagiri bat baino gehiago hautagai-zerrendako».
Berrogeita zazpi.– 129. artikuluko 9. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«9.– Era berean, batzordeak aktaren kopia emango dio bertan dagoen Euskal Administrazioaren ordezkariari, ezagutzeko, informatzeko eta herritarrei zabaltzeko xede hutsez».
Berrogeita zortzi.– 130. artikulua honela idatzita geratzen da:
«130. artikulua
Berehala, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeko lehendakariak Legebiltzarrari bidaliko dio Autonomia Erkidegoko hauteskunde-barrutietan aldarrikatutako legebiltzarkideen zerrenda».
Berrogeita bederatzi.– 131. artikulua honela idatzita geratzen da:
«131. artikulua
1.– Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu, hautetsien aldarrikapena egin ondorengo zazpi eguneko epean, hautagai-zerrenda bakoitzaren emaitzak lurralde historikoen arabera, zerrenda bakoitzari, hala badagokio, esleitutako eserlekuekin batera. Era berean, aldizkari ofizial horretan argitaratu beharko dira hautagai-zerrenda bakoitzak Autonomia Erkidego osoan lortutako emaitza orokorrak, bai eta zerrenda horietako bakoitzari, hala badagokio, esleitutako eserlekuen guztizkoa, hori guztia eragotzi gabe hautetsien aldarrikapenaren aurka jar daitezkeen hauteskundeekiko auzi-errekurtsoak.
2.– Lurralde historikoko hauteskunde batzorde bakoitzak bere lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratu beharko ditu, hautetsien aldarrikapena egin ondorengo zazpi eguneko epean, hautagai-zerrenda bakoitzaren emaitzak udalerrien eta lurralde historikoen arabera, zerrenda bakoitzari, hala badagokio, esleitutako eserlekuekin batera, hori guztia eragotzi gabe hautetsien aldarrikapenaren aurka jar daitezkeen hauteskundeekiko auzi-errekurtsoak».
Berrogeita hamar.– 132. artikulua honela idatzita geratzen da:
«132. artikulua
Aginduzko eta debekuzko hauteskunde-arauak haustea, delitua ez denean, eskumena duen hauteskunde-batzordeak zigortuko du, lege honen 29.j eta 30.1.d artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Isuna 300 eta 3.000 euro artekoa izango da agintariak edo funtzionarioak badira, eta partikularrak badira 100 eta 1.000 euro artekoa, salbu eta lege honetan kopuru handiagoa ezartzen bada».
Berrogeita hamaika.– V. tituluko XI. kapituluaren numerazioa eta izenburua honela geratzen dira:
«X. KAPITULUA
POSTA BIDEZKO BOTOA ETA ATZERRIAN BIZI DIREN EGOILIARRENA»
Berrogeita hamabi.– 132. octies artikulua honela numeratuta eta idatzita geratzen da:
«132 bis artikulua
1.– Bozketa-egunean hautesleek aurreikusiz gero boto eskubideaz baliatzea dagokien herrian ez direla egongo edo ezingo direla bertaratu, postaz eman dezakete botoa, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 72. eta 73. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
2.– Hauteskundeen deialdia egin eta haiek izan arte atzerrian aldi baterako daudenek posta bidezko botoa eman dezakete, berme guztiekin, aipaturiko lege organikoaren 74. artikuluan ezarritakoaren arabera eta hori garatzen duen indarreko hauteskunde-araudian ezarritako prozeduraren arabera».
Berrogeita hamahiru.– 132 ter artikulua eransten da, honako idazketarekin:
«132 ter artikulua
Egoiliar absenteen hauteskunde-erroldan inskribatuta egonik atzerrian bizi diren hautesleek, aldez aurretik eta modu presentzialean erabili ahal izango dute botoa emateko eskubidea, kontsuletxera joan eta hango bulego edo sailetan hartarako jarritako hautestontzian botoa eta beharrezkoa dokumentazioa utziz, edo posta bidez bozkatuz, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren 75. artikuluan ezarritakoaren arabera».
Berrogeita hamalau.– 134. artikulua honela idatzita geratzen da:
«134. artikulua
1.– Lege honetan errekurtsoa edo aurka egiteko bide judiziala ezartzen ez den bitartean eta lege honen 44.1 artikuluan aurreikusitakoa salbu, hauteskunde-batzordeen erabakien kontra errekurtsoa jartzeko aukera egongo da goragoko kategoriako batzordearen aurrean. Batzordeak bost eguneko epean eman beharko du ebazpena hauteskunde-aldian, eta hamar eguneko epean aldi horretatik kanpo, bi kasuetan errekurtsoa jartzen denetik kontatzen hasita.
2.– Erabakia jakinarazi eta hurrengo hogeita lau orduren buruan aurkeztuko da errekurtsoa, hura eman duen batzordearen aurrean; honek, bere txostenarekin batera, erabakia eman behar duen batzordeari bidali beharko dio espedientea berrogeita zortzi orduko epean. Azken honen erabakiaren aurka ezin da administrazio-errekurtsorik aurkeztu».
Berrogeita hamabost.– 9. paragrafoa eransten zaio 144. artikuluari, honako idazketarekin:
«9.– Artikulu honen 7. paragrafoan aurreikusitako bigarren aurrerakina jaso ahal izateko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak horrela erabakitzen badu, alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle-elkarteek ogasunaren ardura duen sailaren aurrean aurkeztu beharko dute Eusko Legebiltzarreko Mahaiak emandako ziurtagiri bat, zalantzarik gabe egiaztatuko duena antolakunde politiko horietako hautetsia Eusko Legebiltzarreko kide izatera heldu dela eta kargu horretan benetan diharduela, hartarako hautatua izan baita eta hautaketa horrengatik ordaintzen baita aipatutako aurrerakina».
Berrogeita hamasei.– 145. artikuluko 4. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«4.– Edozein pertsona fisikok 10.000 euro baino gehiagoko ekarpena egitea, deialdiko hauteskundeetarako alderdi, federazio, koalizio edo hautesle-elkarte batek berak dirua biltzeko irekitako kontuetan».
Berrogeita hamazazpi.– 146. artikuluko h) hizkia honela idatzita geratzen da:
h) Hauteskundeetarako bulegoak eta zerbitzuak antolatzeko eta lan egiteko beharrezko diren guztiak, baita boto-asmoari buruzko inkestak eta zundaketak ere, hauteskundeetarako zerbitzu beharrezkoak diren heinean beste batzuen artean».
Berrogeita hemezortzi.– 147. artikuluko 2. paragrafoa honela idatzita geratzen da:
«2.– Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hauteskunde-gastuen muga izango da alderdi, federazio, koalizio edo hautesle-elkarte bakoitzak hautagai-zerrendak aurkezten dituen barrutietako legezko biztanleriari dagokion biztanleen kopurua 0,42 euroz biderkatzetik ateratzen dena. Eragiketa horretatik ateratzen den kopuru horri 202.400 euro gehitu ahal izango zaizkio hautagaiak aurkezten dituzten barruti bakoitzeko».
Berrogeita hemeretzi.– 151. artikulua honela idatzita geratzen da:
«151. artikulua
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak diru-laguntzak emango ditu alderdi politiko, federazio, hauteskunde-koalizio edo hautesle-elkarteen hauteskunde-gastuei aurre egiteko, arau hauen arabera:
a) 26.761,89 euro Eusko Legebiltzarrean eskuratutako jarleku bakoitzeko.
b) 0,90 euro hautagai-zerrenda bakoitzak lortutako boto bakoitzeko, betiere zerrendako horietako batek gutxienez Legebiltzarreko jarlekua lortu badu dagokion hauteskunde-barrutian.
c) 44.603,13 euro hauteskunde-barruti bakoitzeko, hauteskunde-barrutian gutxienez jarleku bat lortu dutenei.
2.– Aurreko paragrafoan aipaturiko diru-laguntzaz gain, diruz lagunduko dira propaganda, gutun-azalak eta boto-paperak edo bestelako hauteskunde-iragarkiak hautesleei zuzenean eta banan-banan bidaltzeak sortutako hauteskunde-gastuak, hurrengoaren arabera:
a) 0,23 euro ordainduko dira hautesle bakoitzeko, baldin eta erreferentziako hautagaitzak aurkeztu badu barruti horietako bakoitzean eta jarleku bat lortu badu.
b) Diru-laguntzaren zenbateko hori ez da egongo sartuta lege honen 147. artikuluan aurreikusitako mugaren barruan, betiere paragrafo honek aipaturiko jarduerarekiko benetako lotura egiaztatu bada.
3.– Artikulu honen 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako hauteskundeetako diru-laguntzen bai sortzapena bai kopurua alderdi politikoei ordaintzeko, Eusko Legebiltzarreko kide oso izatera heldu direla eta hautatutako karguan benetan jarduten dutela erakutsi beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak hala erabakiz gero. Horiek egiaztatzea eta horien ziurtagiria egitea Eusko Legebiltzarreko gobernu-organoari dagokio.
4.– Talde politiko bakoitzari dagozkion diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu Herri Kontuen Euskal Epaitegiak hauteskunde-gastuei dagokienez justifikatutzat deklaratutako kopurua».
Hirurogei.– Laugarren xedapen gehigarria honela idatzita geratzen da:
«Laugarrena
Lege honetan aurreikusitako zenbatekoak euro konstanteei dagozkie. Eusko Jaurlaritzan ogasunaren ardura duen sailaren aginduz, zenbateko horiek eguneratu egingo dira hauteskundeetarako deia egin eta hurrengo zazpi egunetan».
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hauteskundeetako diru-laguntzak eguneratzea.
Hautagaiei jarleku, boto eta hauteskunde-barrutien arabera ematen zaizkien diru-laguntzak, eta hauteskunde-publizitate eta -propaganda bidaltzearekin lotutakoak, 2013ko urriaren 1ean eguneratu dira, lege honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren ondorioetarako.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sistema elektronikoen testak.
1.– Eusko Jaurlaritzari gaitasuna ematen zaio Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan beharrezkotzat jotako proba pilotuak egiteko, hauteskunde-prozesuari hobekien egokitzen zaizkion teknologia berriak erabilita, teknologia horiek etorkizunean ezarri ala ez erabili ahal izateko.
2.– Nolanahi ere, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera probatu beharreko sistemek botoaren sekretua eta zenbaketaren gardentasuna bermatu beharko dituzte.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Gastuaren mugak murriztea.
2012 ondorengo Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan, lege honen 147.2 artikuluan aurreikusitako hautagai-zerrenden hauteskunde-gastuaren muga % 15 murriztuko da eguneratutako zenbatekoaren gainean, ogasunaren ardura duen sailaren aginduz, hauteskunde autonomikoetarako deialdia izan eta hurrengo zazpi egunetan.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hauteskundeetarako diru-laguntzak izoztea.
Hautagai-zerrendei hauteskundeetarako ematen zaizkien diru-laguntza publikoen zenbatekoak, bai boto, jarleku eta hauteskunde-barrutiko ematen zaizkienak, bai hauteskunde-publizitate eta -propaganda bidaltzearekin lotutakoak, biak ere lege honen 151.1 eta 2 artikuluetan aurreikusiak, izoztutzat joko dira 2013ko abenduaren 31ko dataz Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak egingo diren urteko ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Irisgarritasunaren eta diskriminaziorik ezaren baldintzak.
Eusko Jaurlaritzak baldintza espezifikoak eta neurri gehigarriak ezarriko ditu ahalmen-urrituen irisgarritasunari eta diskriminaziorik ezari dagokionez Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiten diren bitartean, gaiari buruz aplikatzekoa den arautegi estatalean aurreikusitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean lege hau.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 23a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.