EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2015001

245/2015 DEKRETUA, abenduaren 29koa, «Asociación para la atención y promoción de colectivos en exclusión social - Izangai» elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201500245
Xedapenaren data: 2015-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201600006
Maila: Dekretua
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-intereseko aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak, baldin eta irabazi-asmorik gabe gizarte-zerbitzuak ematen aritzen badira eta araubidez ezarritako baldintzak betetzen badituzte; guztia ere, EAEn gizarte-zerbitzuak garatzearren Gizarte-ekintzako Hirugarren Sektoreari egindako ekarpenak eta izandako ibilbidea aitortzeko.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Lege horren babesean, «Asociación para la atención y promoción de colectivos en exclusión social - Izangai» elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez gizarte-intereseko erakundea dela aitortzea merezi baitu, gizarte-ekintzaren arloan egiten duen lanagatik.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak adierazten duenez, «Asociación para la atención y promoción de colectivos en exclusión social - Izangai» elkartea irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, 1999n sortu zena. Haren helburuak dira bazterketa-egoeran dauden kolektiboak artatzea eta sustatzea, halakoak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak sortze aldera.
Ibilbide historikoa du Bizkaiko Lurralde Historikoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2010etik aurrera.
Urriaren 7ko aipatutako 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.
Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 29an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– «Asociación para la atención y promoción de colectivos en exclusión social - Izangai» elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzea, burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.
2. artikulua.– «Asociación para la atención y promoción de colectivos en exclusión social - Izangai» elkarteari errekonozitzea aipatutako aitorpenari dagozkion eskubideak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan aurreikusitakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 29an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.