EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2016-01-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2015001

AGINDUA, 2015eko abenduaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez iragartzen baita partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan horien kudeaketaren ardura duten Tokiko Ekintza Taldeak hautatzeko deialdi publikoa, 2015-2020 Landa Garapenaren Programaren barruan.

Xedapenaren data: 2015-12-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201600005
Maila: Agindua
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren 32. artikuluaren arabera, LGENF-ek sostengatuko du partaidetzazko toki-garapena, zeina Leader tokiko garapen gisa izendatuko baita, eta EGEF-ek, EGIF-ek edo IAEF-ek ere sostengatu ahal izango dute. Hain zuzen, 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren bidez ezartzen dira hauei buruzko xedapen komunak: Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF), Europako Gizarte Funtsak (EGIF), Kohesio Funtsak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsak (IAEF); ezartzen dira hauei buruzko xedapen orokorrak: Eskualde Garapeneko Europako Funtsak, Europako Gizarte Funtsak, Kohesio Funtsak eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsak, eta indarrik gabe uzten da Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua.
Gune azpieskualde jakinetan zentratuko da partaidetzazko toki-garapen hau, tokiko ekintza taldeek gobernatuko dute, ongi integratutako tokiko garapeneko estrategien eta sektore anitzeko eta eremuetan oinarritutako estrategien bidez gauzatuko da; tokiko beharrizanak eta potentziala aintzat hartuz diseinatuko da, eta alderdi berritzaileak barne hartuko ditu tokiko testuinguruan, baita sareak, eta, hala behar denean, lankidetza ezarri ere. Halaber, azalpen-zatiaren 32. atalaren arabera, partaidetzazko toki-garapena (aurrerantzean, PTG) egin behar da heldburu tematiko bakar baten testuinguruan: gizarteratzea eta pobreziaren aurkako borroka edo enplegua eta lan-mugikortasuna sustatzea, hargatik eragotzi gabe PTGren parte gisa finantzatutako ekintzek lagundu ahal izatea gainerako helburu tematiko guztietan.
Halaber, partaidetzazko toki-garapenerako estrategiei buruzkoa da aipatu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren 33. artikulua, eta bertan adierazten da helburuok ze elementu izan behar duten gutxienez eta estatukideek definituko dituztela estrategia horiek hautatzeko irizpideak. Kudeaketa-agintaritza arduradunak horretarako sortutako batzorde batek hautatuko ditu estrategiak, eta agintaritza horiek berek onartuko dituzte. Tokiko ekintza taldeek kontzebituko eta praktikan ezarriko dituzte partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak; egin beharreko lanak aipatu erregelamenduaren 34. artikuluan ezartzen dira.
Bestalde, landa garapeneko programen barneko laguntza-neurri posibleak ezartzen ditu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduak, zeina Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsen bidez (LGENF) landa-garapenari emandako laguntzari buruzkoa baita eta zeinen bidez indarrik gabe uzten baita Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua. Horrela, programazio-aldirako helburuak lortzeko –2014ko urtarrilaren 1etik 2020ko abenduaren 31ra–, zehazten da nahitaezkoa dela Leader ikuspegia aplikatzea, izan ere, landa-garapena sustatzeko duen eraginkortasuna frogatu da urteetan zehar, osoki aintzat hartuz landa-garapen endogenoko sektore anitzeko beharrizanak, goranzko planteamendu baten bidez.
Tresna horrek, beraz, etapa berrian, jarraipena ematen die aurreko Leader I (1989-1993), Leader II (1994-1999), Leader Plus (2000-2006) eta Leader (2007-2013) ikuspegia ekimenetako esperientziei, eta haietan sakontzen du.
Partaidetzazko toki-garapena, zeina Leader tokiko garapen gisa izendatuko baita, landa-garapenerako Batasunak dituen sei lehentasunetatik baten arabera burutuko da. Helburuok Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko 2015-2020 Programan ezarriak daude (aurrerantzean, LGP), zeina Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko C (2015) 3479 azkena Erabakiaren bidez onartu baitzen, eta, gainera, Batzordeak 2015eko otsailaren 13an onartutako Landa Garapenerako Estatuko Esparruan xedatutakoaren arabera egin beharko da.
Adierazitakoa kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da iragartzea partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak onartzeko eta 2015-2020 programazio-aldian horiek kudeatzeko ardura duten tokiko ekintza taldeak hautatzeko deialdi publikoa, LGENF-en bidezko landa-garapenerako laguntzari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EE) Erregelamenduan babestua.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua.
Agindu hau aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako 2015-2020 Programan zedarritutako Leader eremuan.
93.346 biztanle onar daitezke gehienez, 122 udalerritan.
Agindu honen I. eranskinean dago udalerrien zerrenda.
Hirugarrena.– Tokiko Ekintza Taldeak.
1.– Estrategiak aurkezteko eta hautatuak gertatzen direnak gauzatzeko erantzukizuna duten elkarteak izango dira Tokiko Ekintza Taldeak.
2.– Estrategiak aurkezteko, agindu honen hurrengo artikuluan xedatutako eskakizunak gutxienez bete beharko dituzte Tokiko Ekintza Taldeek.
3.– Ez dira 3 Tokiko Ekintza Talde baino gehiago hautatuko.
Laugarrena.– Tokiko Ekintza Taldeen eskakizunak eta betebeharrak.
1.– Estrategiak aurkezteko, eskakizun hauek gutxienez bildu beharko dituzte Tokiko Ekintza Taldeek:
a) Toki-mailan ezarritako solaskide publikoen eta pribatuen talde orekatu eta esanguratsu batek eratuak izatea; horiek estrategia bat definituko dute, landa-eremuko herritarrei informazioa eta laguntza emango, komunitateak mugitu eta estimulatuko jarduketa-eremuaren garapen ekonomikoari eta sozialari begira, eta enplegua sortzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko inbertsio-proiektuen gauzatzea sustatuko.
b) Partaidetzazko Landa Garapeneko Estrategia bat (PLGE) proposatzea, eta estrategia hori definitzeko eta eremuan aplikatzeko gaitasuna dutela frogatzea, partaidetza ikuspegiarekin, goranzkoa, sektore anitzekoa, interaktiboa, berritzailea, laguntzailea eta enplegu-sortzailea.
c) Gardenak izatea funtzioak eta erantzukizunak esleitzean, eta, gainera, emandako lanak egiteko solaskideek duten gaitasun osoa bermatuko da, finantza-egitekoak barne, eta baita funtzionamenduko eta erabakiak hartzeko mekanismoen eraginkortasuna ere.
d) Printzipio hauek bermatuko ditu haien jarduerak: lankidetza, objektibotasuna, inpartzialtasuna, eraginkortasuna, efizientzia, gardentasuna, publizitatea eta lehia librea.
e) Tokiko interes sozioekonomiko publikoen eta pribatuen ordezkariek osatutako tokiko ekintza taldea izatea, eta ez izatea erabaki-hartzeetan boto-eskubideen % 49ko ordezkaritza baino handigoa ez arau nazionalen arabera definitutako agintaritza publikoek, ez bestelako interes-talde jakinek.
f) Irabazi-asmorik ez izatea estatutuetan; horiek izango dira, nahiz eta merkataritzako jarduerak egin, jarduera horien ondoriozko irabazi guztiak inbertitzen dituzten erakundeak, erakundearen merkataritzakoak ez diren helburuak betez.
2.– Betebehar hauek izango dituzte hautatutako Partaidetzazko Landa Garapenerako Estrategien erantzukizuna duten Tokiko Ekintza Taldeek:
a) Aplikazio-lurraldean burutzea onartutako toki-garapeneko estrategia.
b) Europako Erkidegoen Batzordeak eta Europako, Espainiako eta EAEko kontrol-organoek haien jarduna egiaztatu ahal izatea erraztea.
c) Eskualdeko edo Espainiako elkarteen bidez, Landa Sare Nazionalean barne izatea, eta lankidetza-proiektu batean gutxienez parte hartzea, eskualdeko programetan aurreikusitako baldintzetan.
d) Onartutako estrategien esparruan garatutako ekintzetarako, kontabilitate beregaina eramatea.
3.– Tokiko Ekintza Taldeak, aplikatzeko arau autonomikoez gain, administrazio-, finantza- eta informazio-betebeharren eta Europako arauditik eratorritako egiaztatze- eta kontrol-betebeharren mende egongo dira, eta, bereziki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305 eta 1306/2013 (EE) Erregelamenduen mende, Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsen bidez (LGENF), landa-garapenari emandako laguntzari buruzkoa lehena, eta Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa bigarrena.
Bosgarrena.– Partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak.
1.– Deialdi honen II. eranskinean bildutako elementuak izan beharko dituzte, gutxienez.
2.– Estrategiek arreta berezia ezarri beharko diote jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera eragiten duten proiektuei, baita pertsona ekintzaile gazteek gidatutako proiektuei ere. Halaber, klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko tematika eta lankidetza-proiektuak burutzeko asmoa jaso beharko dituzte.
3.– Koherenteak, dagokion eskualdean aplikatzen diren esku-hartzeen osagarriak izango dira, izaera osoa eta transferigarria izango dute, eta potentzial endogenoaren aprobetxamenduan oinarrituko dira.
Seigarrena.– Eskabideak eta epeak.
1.– Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari helaraziko zaizkio toki-garapenerako estrategiak hautatzeko eskabideak, eta zuzenean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Orokorrean (Donostia 1, 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako edozein bide erabiliz.
2.– Eskabidearekin batera, hauek aurkeztu beharko dira: entitatearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia konpultsatua, ordezkariaren NAren fotokopia konpultsatua eta toki-garapeneko estrategia, zeinen edukia agindu honen II. eranskinera doituko baita.
3.– Automatikoki, berariazko baimenik gabe, egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Zazpigarrena.– Hautaketa-prozedura.
1.– Prozedura garden, ireki eta zehatz baten bidez hautatuko dira Tokiko Ekintza Taldeak eta haien estrategiak, eta Hautaketa Batzorde batek burutuko du prozedura hori. Honela osatuko da batzorde hori:
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria; lehendakari izango da.
Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako Zerbitzuko arduraduna.
Aipatu zuzendaritzako teknikari mailako pertsona bat; idazkaria izango da.
2.– Hautatutako Tokiko Ekintza Taldeek estalitako lurraldea saiatu beharko da barne hartzen Landa Garapenerako 2015-2020 Programan zedarritutako Leader lurralde osoa. Gainezartzeren bat gertatuz gero Tokiko Ekintza Talde bik edo gehiagok estalitako eremuari dagokionez, hurrengo atalean arautzen diren balorazio-irizpideen arabera puntuazio handiena lortzen duenari emango zaio lehentasuna.
Dena den, ezingo da da beste Leader estrategia batzuen barne izan xedapen honen arabera hautatutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategian barne hartutako inongo udalerri edo haren zati.
3.– Hautaketa-prozesuan, lurraldea, aurkeztutako estrategia eta tokiko ekintza taldea baloratuko dira, irizpide hauen arabera:
a) Esku-hartzeko lurraldeari dagokionez, Leader zonakatzea hartuko da aintzat, LGP 2015-2020 programan onartua (I. eranskina). Eremu honek 122 udalerri barne hartzen ditu orotara, eta, bertan, 93.346 biztanle daude.
Hauek izango dira jarraitu beharreko irizpideak:
1) Leader eremuarekin bat egiten duen jarduketa-eremua, LGP 2015–2020 programan onartua, 100 puntu.
2) Leader eremua baino txikiagoa den jarduketa-eremua, LGP 2015–2020 programan onartua, 100 puntu ken 5 puntu estalduratik kanpo den udalerri bakoitzerako.
b) Partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren kalitatea baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat:
1) Abiapuntuko egoeraren diagnostikoa: ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak (AMIA): 10 puntu, gehienez.
2) Helburu nagusiak eta instrumentalak eta 1305/2013 Erregelamenduko neurriak, zeinetan jardun nahi baita: 10 puntu, gehienez.
3) Tokiko mobilizazioa eta pertsona elkartuen esfortzua estrategia prestatzeko: 10 puntu, gehienez. Aparteko agiri bezala eduki behar du estrategiak eztabaida sozialaren justifikazioa, non barne hartuko baita egindako kontsulten eta izandako bileren zerrenda.
4) Finantzatzeko ekintza-moten deskripzioa, non lehentasuna ematen baitzaie landa-eremuetakoak izanagatik nekazaritakoak ez diren jarduerei eta horiek sortzen eta garatzen laguntzeko inbertsioei: 10 puntu, gehienez.
5) Lurraldeko eragileak dinamizatzeko ekintzak, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko: 10 puntu, gehienez.
6) Sareko eta lankidetzako lan-aurreikuspenak: 10 puntu, gehienez.
7) Izaera berritzaile nabarmena duten ekintzak: 10 puntu, gehienez.
8) Europako eta eskualdeetako beste programa batzuekiko koherentzia, osagarritasuna eta artikulazioa: 10 puntu, gehienez.
9) Estrategiaren oihartzuna lurraldeko enpleguan, berdintasunean eta gizarteratzean eta klima-aldaketa arintzeari buruzko zeharkako helburua: 10 puntu, gehienez.
10) Gastu pribatuaren esku-hartzearen aurreikuspena Programan: 10 puntu, gehienez.
c) Tokiko ekintza taldeen kalitatea baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira aintzat:
1) Landa-garapenean aurretik izaniko esperientzia eta lortutakoak: 20 puntu, gehienez.
2) Ekipo teknikoaren eta ekipamenduen egitura eta antolaketa: 10 puntu, gehienez.
3) Bideragarritasun ekonomikoa. Adierazi, hala dagokionean, haien jardueretarako dauden aurrekontu-baliabideen urteko bolumena (norberarenak eta besterenak). Talde berrien kasuan, adierazi zein den Taldearen esku dauden baliabideen jatorria, erakundeen edo finantza-erakundeen osoko bilkurako erabakiek babestuak. 10 puntu, gehienez.
4) Erabakiak hartzeko prozesua. Erabakitze Organoen funtzionamendua. Egitekoak eta osaera. Deialdiak. Boto-eskubideak. Gehiengoak. Ahalmenak eskuordetzea: 10 puntu, gehienez.
5) Aipatu eremuko sektore ekonomikoetako eta sozialetako ordezkarien inplikazio-maila: 10 puntu, gehienez.
6) Proiektuen eta horien sustatzaileen hautaketa-prozedura gardenak. Baremazio-irizpideak eta taulak: 10 puntu, gehienez.
7) Proiektuen kontrol-sistema horretarako diseinatutako euskarri informatikoen bidez, zeinek estrategiaren kudeaketaren jarraipen jarraitua egitea ahalbidetzen baitute: 10 puntu, gehienez.
8) Publizitate-, lehia-, lankidetza-, objektibotasun-, inpartzialtasun-, eraginkortasun-, efizientzia- eta gardentasun-printzipioak bermatzen dituzten neurriak: 10 puntu, gehienez.
9) Haien estrategian lankidetza sartu duten taldeak: 10 puntu.
Baloratzeko hiru aspektuetako bakoitza –lurraldea, partaidetzazko toki-garapeneko estrategia eta tokiko ekintza taldearen ezaugarriak– 100 puntura arteko puntuazioarekin baloratuko da. Baloratzeko edozein alderditan 50 puntu baino gutxiago lortzeak aurkeztutako estrategia ezestea ekarriko du.
4.– Agindu hau argitaratu eta sei hilabeteko gehieneko epean emango eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igarota, berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ukatu direla ulertu beharko dute entitate interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan xedaturikoarekin bat. Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.
5.– Ondoren, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Tokiko Ekintza Taldeen arteko hitzarmenak sinatuko dira, zortzigarren artikuluan xedatutakoaren arabera.
Zortzigarrena.– Kudeaketa-prozedura eta lankidetza-hitzarmenak.
1.– Kudeaketa-prozedura bat izango dute Taldeek, zeina eskabidearekin aurkeztu beharreko partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren edukiaren parte izango baita. Kudeaketa-prozedura hori III. eranskinean agertzen diren arau orokorretara doitu beharko da.
2.– Tokiko Ekintza Taldeek eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren helburu izango da Tokiko Ekintza Taldeek estrategiak kudeatzea, IV. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Hitzarmen horiek bilduko dute Tokiko Ekintza Taldeek kudeatzea aipatu partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak, eta laguntzen kudeaketa-, kontrol- eta jarraipen-arauak, finantzazioa eta dagozkien erantzukizunk ezarriko dituzte.
Bederatzigarrena.– Errekurtsoa.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau gauzatzeko eta garatzeko egoki iritzitako xedapenak emateko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 30a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.