EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2015249

AGINDUA, 2015eko abenduaren 31koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016ko lehenengo seihilekoan zientziaren arloko biltzarrak eta bilerak antolatzeko laguntzen deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2015-12-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201505533
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren iritziz, ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko ez ezik, baita Euskadiko zientzia arloaren ikuspegi orokorra izateko ere tresna egokiak dira Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren biltzarrak. Horregatik uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, horien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, Espainiako eta atzerriko ospe handiko ikertzaile eta irakasleen partaidetzaren bitartez.
Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2013ko martxoaren 7ko EHAA).
Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26 zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.
Herri-administrazioek diru-laguntzen inguruan burutzen duten jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau; betiere, bat etorriz honako hauekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako zehaztapenekin, eta, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudiarekin, lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuarekin, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainontzeko xedapenekin (azaroaren 11ko Dekretu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina).
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz, adierazitako horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen helburua da diru-laguntzak arautzea eta horien deialdia egitea, zientzia-ikerketaren eremuan biltzarrak eta bilerak antolatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan, betiere, 2016ko lehen seihilekoan egingo diren jarduerak.
2.– Nagusiki prestakuntza-izaera duten ikastaro eta jarduerak deialditik at geratzen dira, ondorengoak esate baterako: prestakuntzari buruzko jardunaldiak, irakasleak eta ikasleak gaitzeko tailer eta mintegiak, doktoretza-programei, masterrei edo gradu-ondoko ikastaroei lotutako bilerak eta ikerketa zientifikoaren esparruarekin zuzenean lotuta ez dauden etengabeko prestakuntza-jarduerak
2. artikulua.– Laguntzen finantzazioa.
Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, guztira, 250.000 euro bideratuko dira.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente kreditatuak dira deialdi honen erakunde onuradunak, agenteon kategoria gorabehera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Ezin izango dira onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko bide penaletik edo administratibotik zigortuak edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeak, ezta sexu-diskriminazioaren ondorioz zigortuak izan direnak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean arabera.
b) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek zerga-eginbeharrak beteta izan beharko dituzte, baita Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu betebehar horiek, horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).
c) Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan honako egoeretakoren batean dauden erakundeak: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 artikuluan zehaztutakoak (azaroaren 11ko Dekretu horren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina).
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Diru-laguntzarekin honako gastu arrunt hauek ordaindu ahalko dira, osorik edo zati bat:
a) Antolatze- eta hedatze-lanak (webguneak sortzea eta laguntza-zerbitzuak barne), jardueraren osteko argitaratze-gastuak eta bileren arteko atsedenaldi kostuak.
b) Hizlarien bidaia-, ostatu- eta otordu-gastuak ez ezik, baita haien ordainsariak ere.
c) 30 urtera arteko (horiek barne) gazte ikertzaileentzako diru-laguntzak, deialdiaren xedeak barne hartzen dituen jardueretara joateko. Diru-laguntza horiek inskripzioaren prezioei ezarri behar zaizkien beherapen osoak edo partzialak baino ez dituzte barne hartzen, oinarriko kuotaren gainekoak (gastu sozialak kanpoan utzita). Laguntzek bidaia-gastuak barnean hartzen dituzte, baina bidaiaren kostuaren % 20ko gehienezko muga izanik. Ez dira diruz lagunduko norberaren autoan egindako bidaiak.
2.– Honako hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Gastu sozialak, hala nola parte-hartzaileen egonaldiak, otorduak, ekintza ludikoak, dietak eta protokolo-gastuak.
b) Jarduerari dagozkion gastuak, erakunde onuradunaren elementuak erabiltzeagatik.
c) Erakunde onuraduneko langile finkoen ordainsariak, bai estatutu bai kontratu bidezko lan-lotura dutenenak, eta ikertzaile bekadunen dotazioak.
d) Enpresa hornitzailea eta entitate onuraduna lotuta dauden kasuetako gastuak, Zientziarako Politika Zuzendaritzak, berariaz justifikatuta egonda, onartu eta baimentzen dituenak izan ezik. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 68. artikuluko 2. puntuan zehazten direnetako egoeraren bat emanez gero, eta oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakundeei edota enpresei eragiten diela.
5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Bide telematikoa erabiliz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitza elektronikoan eta helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/ikerbilerak-1sementre/y22-izapide/eu, eskuratuko den formularioaren bidez bete beharko dira eskaerak.
Eskaeraren sinadura elektronikorako txartela izan beharko du erakunde eskatzaileak edo, hori izan ezean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistroan alta eman beharko du legezko ordezkariak (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua).
Aplikaziora sartzeko bi modalitate daude: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTko pertsona fisikoaren ziurtagiria) edo erabiltzaile eta pasahitzarekin. Aplikaziora sartzen diren pertsonek bamena ematen diote Politika Zientifikoko Zuzendaritzari, deialdia kudeatzen duen organoari, identitate-datuak egiaztatzeko administrazio eskudunean, bitarteko elektronikoen edo erabil daitezkeen beste batzuen bidez.
2.– Eskaera termino guztietan beteta egon eta artikulu honen 5. atalean zehazten diren agiriak aplikazioan sartu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak 1. atalean adierazitakoaren arabera elektronikoki izenpetu beharko du eskaera; orduan, eta ez lehenago,
3.– Azkenik, erantzukizunpeko adierazpena ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatua (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena). Aipatu adierazpenak honako hauek jaso beharko ditu:
– Erakunde eskatzaileak honelakorik eskatu edo lortu duen: helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo beste baliabide batzuk, hain justu ere beste administrazio batetik edo beste erakunde pribatu zein publikoren batetik.
– Erakunde eskatzailea zehapen- edo itzulketa-prozeduraren baten dagoen ala ez, eta, kasua bada, ea eguneraturik duen diru-laguntzak itzultzeko obligazioen ordainketa.
– Erakunde eskatzaileak administrazio-zehapenik edo zehapen penalik izan duen, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik, edo ea horretarako desgaitzen duen legezko debekurik duen.
– Erakunde eskatzailea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan ezarritako debekuren batean sartuta dagoen.
4.– Eskabideak aurkezteko epeak:
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
5.– Eskabideak egiteko eskatzen diren agiriak.
Eskabidea honako agiri hauekin batera aurkeztuko da:
a) Jardueraren memoria zientifikoa. Ondoko puntu hauek azalduko ditu:
– Ekimenaren garrantzia.
– Behin-behineko edo behin betiko egitaraua, egutegia eta hizlariak, eta argitaratzen den orri elektronikoaren esteka.
– Batzorde Antolatzailea, Batzorde Zientifikoa eta Hautaketa Batzordea nork osatzen dituen, baldin eta osatzen badira.
b) Eskatutako zenbatekoaren justifikazioa: kontzeptua, unitateak, helburua, zenbatekoak, aurrekontuak. Proforma fakturak erantsi beharko zaizkio, ahal den heinean.
c) Deialdia egin eta/edo antolatu duen entitatearen saileko kontseiluaren edo maila goragoko batzordearen akta: beren-beregi adierazi beharko dira biltzarra, zientzia-bilera, ikastaroa, mintegia edo nazioarteko ekitaldietako zientzia-hedapenerako jarduerak deitzeko eta antolatzeko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.
d) Gonbidatutako hizlariek parte hartzea onartu izanaren egiaztagiria.
e) Erantzukizunpeko adierazpenean aitortutakoaren ziurtagiria.
6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.
7. artikulua.– Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.
Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 egun naturaleko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).
Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena 12. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.
8. artikulua.– Ebaluazioa eta aukeratzea.
1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Batzorde hori Zientzia Politikarako zuzendariak (batzordeburua izango da), Unibertsitateetako zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute. Teknikaria Zientzia Politikarako zuzendariak izendatuko du eta Batzordeko idazkaria izango da. Ebaluazio Batzordeak laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.
2.– Irizpide eta puntuazio hauek erabiliko dira eskabideak ebaluatzeko:
a) Ekitaldiaren tipologia. Biltzarrak 40 punturekin baloratuko dira. Gainerako bilerei, aldiz, 20 puntu emango zaizkie.
b) Nazioartekoa 20 puntu, estatukoa 10 puntu.
c) Hizlarien kopurua. 0,5 puntu pertsonako edota gonbidatutako hizlari bakoitzeko, eta gehienez ere 10 puntu emango dira. Hizlaritzat hartuko dira ekitaldiaren egitarauan esplizituki hizlari edo txostengile gisa agertzen direnak soilik.
d) Bertaratutako pertsona-kopuruaren aurreikuspena. Puntu bat hogeita bost pertsonako, eta gehienez ere 10 puntu emango dira.
e) Kanpo-finantzaketa: bertaratzen direnen kuotak eta diru-laguntza publikoak zein pribatuak. Puntu bat emango da adierazitako iturrietatik datozen laguntzen lau portzentaje-puntuko. Gehienez ere, 20 puntu.
9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lehiaketa bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiak konparatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da 8. artikuluan aipatu diren irizpideak kontuan hartuta; balorazio altuena lortu dutenei baino ez zaie esleituko laguntza, agindu honen 2. artikuluan finkatzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.
Puntuazioan berdinketak emanez gero, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakiaren arabera hautsiko dira. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da.
10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honen babesean emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira, gehienez ere:
a) Biltzarrak: 20.000 euro edo 10.000 euro. Kopurua zehazteko, kontuan hartuko da estatukoak edo nazioartekoak diren.
b) Zientzia-bilerak, ikastaroak eta mintegiak: 7.500 euro edo 4.000 euro. Kopurua zehazteko, kontuan hartuko da estatukoak edo nazioartekoak diren.
c) Kafea hartzeko etenaldiak direla-eta eman beharreko gehienezko zenbatekoa ez da inoiz ere emandako guztizkoaren % 10etik gorakoa izango.
2.– Emandako laguntza ezin izango da izan eskatutakoa baino handiagoa, edo diruz lagun daitezkeen jardueren aurrekontuaren heren bat baino handiagoa (agindu honen 4. artikuluan zehazten dira jarduerok). Ez da emango eskabidean aurreikusitako gastu eta sarreren arteko aldea gainditzen duen diru-kopururik.
Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.
Halaber, diruz lagunduko den jardueran egindako guztizko gastuaren herenetik gorakoa bada diru-laguntzaren zenbatekoa, hori murriztu egingo da.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, Agindu honen 15. artikuluan aipatzen diren dokumentuak dituelarik, laguntza jasotzeko beharrezkoak, berriro egiaztatuko du erakunde onuradunari emandako diru-laguntzak ez duela gastuaren herena gainditzen.
3.– Ondorio hauetarako, biltzartzat joko dira zientzia-sozietateen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio-mota egongo diren: batetik, txostenak aurkeztekoak eta bestetik, ikertzaileek unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Batzorde Antolatzailea, Batzorde Zientifikoa eta Hautaketa Batzordea egongo dira, bilera horien maila zientifikoa bermatzeko, eta deialdi publikoa egingo da, jendeak parte har dezan eta izena eman dezan.
4.– Ekimena nazioartekoa, estatukoa edo erkidegokoa izango da, erakunde dei-egilearen edo/eta antolatzailearen jardute-eremuaren arabera.
5.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.4 artikuluan ezartzen denez, diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
11. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira biltzar, zientzia-bilera, ikastaro edo mintegi bera egiteko ematen den beste edozein laguntzarekin, funts publikokoa nahiz pribatukoa izan. Hala ere, baldin eta helburu bererako jasotako laguntzen zenbatekoa, guztira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako laguntza baino handiagoa bada, gutxitu egingo da soberan emandakoa.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak esleitu eta jakinaraziko du, bai eta laguntzen zenbatekoak zehaztu ere, ebazpen baten bidez eta batzorde ebaluatzaileak proposatuta. Ebazpen hori sei hileko epean hartuko du, agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasita.
2.– Aipatu ebazpena www.euskadi.net egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratuaz egingo da jakinarazpena.
3.– Goragoko 2. paragrafoaren aurka egin gabe, egindako argitarapenei buruzko abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, hain zuzen ere SMS edo posta elektronikoaren bitartez. Edonola ere, jakinarazpena egiteari dagokionez, abisu horiek ez dute izango eraginik.
4.– Aurreko 1. paragrafoan ezarritako epean berariazko ebazpenik hartzen eta jakinarazten ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dituzte.
5.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte, bai azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.2 artikuluan zehaztutako obligazioak, bai Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikuluan seinalatutako obligazioak (azaroaren 11ko aipatutako dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina). Eta, konkretuki, honako hauek dira:
a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Izan ere, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek, beren-beregi eta idatziz, laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela esan nahiko du.
b) Diru-laguntza eman den xede horretarako propio erabiltzea.
c) Uko egiteak, atzerapenak eta beste edozein motatako gorabeherak jakinaraztea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, hala behar izanez gero, baimendu ditzan.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak gauzatuz– eskatzen dieten beste agiri eman beharko diete.
e) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren logotipoak eta irudi korporatiboa sartzea, bai karteletan eta baliabideetan, bai jardueraren publizitatean, bai ondorengo argitalpenetan (Eusko Jaurlaritzaren ikurritza aplikatzeko Gidaliburua. 2013ko uztailaren 2ko Ebazpena – EHAA, 2013ko uztailaren 31koa, 145. zk.).
14. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.
Lehen zatia, emandako laguntzaren % 75, aurretiaz ordainduko da kontuan 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean, baldin eta laguntzari uko egin ez bazaio.
Bigarren zatia 2017. urtean ordainduko da, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoaz; ordaintzeko, ordea, datorren artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.
15. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu dela justifikatu beharko dute agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek. Horretarako, ekintza bukatu eta sei hileren buruan, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzan, inprimaki normalizatuan:
a) Emandako laguntzaz egindako gastua ziurtatzea eta kontzeptuka banatzea. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du agiria eta, gainera, zigilua izan beharko du.
b) Ekitaldiaren ekonomia-balantze xehatua (sarrerak eta gastuak). Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du agiria eta, gainera, zigilua izan beharko du.
c) Biltzarra dela-eta egiten diren akten ale bi, edo bestela, agiri baliokideena. Behin-behinekoz, akten edo agiri baliokideen zirriborroak onartuko dira, argitaratzea pentsatzen denean.
d) Entitate onuradunak gazte ikertzaileei laguntzeko funtsik jasoz gero, eman beharko du, beka eman dien pertsonen zerrenda ez ezik (izena eta NANa), egindako deskontuaren zenbatekoa azaltzen duen inskripzioa ere.
Bidaia-gastuetarako laguntzen kasuan, preziodun txartela edo faktura eman beharko da.
2.– Agiri hauek aurkezteko 5.1 artikuluan aipatzen den aplikazioa erabiliko da
3.– Erakunde onuradunean artxibatu beharko dira jatorrizko fakturak, gehienez bost urtez artxibatu ere, arestian adierazitako justifikazio-epea hasten denetik aurrera, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku egongo dira, egiaztapenik egin nahi badute edo.
16. artikulua.– Jarraipena.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio ekimenaren jarraipena egitea, eta organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, jarraipena egiteko, laguntza eman den helbururako erabili dela ziurtatzeko, eta informazio osagarria eskuratzeko, Aginduan zehazten denaz gain, egoki baderitzo.
17. artikulua.– Ikuskatzea eta jarraipena egitea.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikuskatze-eta jarraipen-lanak egin ahal izango ditu, Agindu honek xede duena betetzen dela ziurtatzeko.
18. artikulua.– Oinarriak ez betetzea, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea eta emandako laguntzea itzultzea, hala badagokio.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan (azaroaren 11ko aipatutako dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina –998-01-19ko EHAA–) ezarritakoa aplikatuko da.
2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak betez gero.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak deklaratuko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola (698/1991 Dekretua, diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.
4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
19. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian, «Ikerketa» izenekoan, jasoko dira , eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen xedapen-esparruan sartzeko da: 2010eko urriaren 4ko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko 213 zenbakidun EHAA). Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen diren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 31.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.