EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2015249

AGINDUA, 2015eko abenduaren 31koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko 2016ko ekitaldiko laguntzen deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2015-12-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201505532
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako ikerketa-espazioaren eraikuntzan. Horregatik, sail honek kudeatzen duen ekipamendu zientifikoko laguntzen programarekin aurrera jarraitu behar da.
Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie horrelakoak behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.
Deialdi hau administrazio publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan zehaztutako administrazio-baldintzetan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdi honen helburua 18.000 eta 240.000 euro arteko kostua duen (BEZ gabe) ekipamendu zientifikoa erosteko laguntza ekonomikoak esleitzea da.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Deialdi honetarako, 300.000 euro erabiliko dira.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdiaren eskaera baten erakunde onuradun izango dira, batetik, eskaera aurkezten duen erakundea, proiektuak egiteko ekipamenduaren beharra justifikatuta, eta, bestetik, horren alde egingo duen beste edozer erakunde, berenak justifikatuta, baldin badituzte; betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan akreditatuta badaude (aurrerantzean, ZTBES) –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoa–, honako kategoriatan:
– Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak.
– Unibertsitateen Ikerkuntza Egiturak (EHU izan ezik).
Erakunde bat baino gehiago direnean, bat eskatzaile izango da eta besteak laguntzakoak.
2.– Laguntza-erakundeek eskaeran parte hartuko dute; alegia, ikerketa-taldeak utziko dituzte eta taldeok eskaeraren xede den ekipamendu zientifikoa erabiliko dute beren ikerketa-proiektuetan.
3.– Ezingo dute agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen ez dituztenek.
4. artikulua.– Diruz lagun daitekeena eta ekipamenduen eta proiektuen betekizunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, agindu honen 1. artikuluan definitutako ekipamendu zientifikoak izango dira diruz lagun daitezkeen gastuak, baldin eta inongo zalantzarik gabe behar-beharrezkoak badira eta artikulu honen hurrengo zenbakian zehaztutako epean egiten badira.
Ekipamenduaren eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
2.– Ekipamenduek eskaeran parte hartzen duten erakundeetako ikerketa-taldeen oraingo zein etorkizuneko ikerketa-proiektuak egiteko egokiak eta beharrezkoak izan behar dute. Ekipamendua erabiliko duten proiektuak 2016an eta 2017an garatuko dira, ekipamendua erakunde onuradunean funtzionatzen hasten denetik.
Ez dira diruz lagunduko deialdi hau ebatzi aurretik eskuratutako ekipamenduen gastuak.
3.– Agindu honen bidez diruz lagunduko diren ondasunak diru-laguntza eman den xede jakinera bideratuko dira, gutxienez bi urtez.
4.– Ekipamenduaren erabilerarekin lotuta dauden proiektuek administrazio publikoek eskaeran parte hartzen duten erakundeei espresuki finantzatuta egon behar dute.
Ekipamendua eskatzen den proiektua onartzeko, ezinbestekoa izango da ikertzaile nagusiak eskaeran parte hartzea; gainera, eskaera sinatzen duten gainerako pertsonek ere berariaz lan egin beharko dute proiektuotan.
5.– Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza, eta 18.000 euro eta 240.000 euro artekoa. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.
Ezin izango dira finantzatu firma komertzial bat baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago eskatu.
6.– Ekipamendu bat beste erakunde batekin batera kofinantzatzen bada, hori esleitzeko ebazpenak ekipamendua erosteko zer finantzazio ematen duen adieraziko du. Finantzazio horrek deialdi honetan eskatutakoaren berbera izan beharko du.
7.– 90.000 eurotik gorako ekipamenduak langile espezializatuek erabili behar dituzte, eta zorrotz egin behar dira mantentze-lanak. Hori dela eta, eskaeran parte hartzen duten erakundeek ekipamenduaren ahalik eta eskuragarritasun eta errentagarritasun handiena egiaztatu behar dute. Hori horrela, erabiliko duten langile egokiak eta aseguratuko duen urteko mantentze-kontratua izateko konpromisoa hartuko dute.
8.– Eskaeran laguntza-erakunderen batek parte hartzen badu, eskatutako ekipamenduaren erabilera kudeatzeko araudi bat aurkeztu beharko da, eskaeran parte hartzen dutenek bete beharko dutena.
9.– Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira ondoko hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko (alegia, erabilera ez-zientifikoko) altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzari, gailu eta tresnak; kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartu egingo dira.
10.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.
5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Ekipamenduak eskuratzeko laguntzen zenbatekoa progresiboa izango da, ebaluazio-batzordeak onartutako ekipamenduaren kostuaren arabera, zati bakoitzerako finantzaketa-ehunekoei jarraikiz, ondoko koadroan adierazten den bezala:
2.– Erakunde eskatzaileak deialdi honen bidez jasoko duen laguntza osatzeko kopurua jarriko du, harik eta ebaluazio-batzordeak eskatutako ekipamendurako onartutako kostua lortu arte gutxienez.
3.– Erosketak dakartzan zergak ordaintzeko kostuak, ordea, ez dira finantzatuko.
6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.
1.– Eskaeran parte hartzen duen erakunde bakoitzeko (eskatzailea edo laguntzakoa) gutxienez 3 ikertzaile zerrendatuko dira eskaeran. Ikertzaileok, bada, ekipamendu zientifikoa erabiliko den proiektuan/proiektuetan lan egingo duen ikertzaile-taldea osatuko dute.
2.– Gailua erabiliko den proiektuetako ikertzaile nagusiek ekipamenduaren eskaeran parte hartu beharko dute, ikerketa-talderen batean: eskatzailea edo laguntzakoa.
3.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetarako eskaera bakarrean parte hartu ahal izango du, dela erakunde eskatzailearen kide gisa, dela laguntza-erakundearen kide gisa. Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonek ezingo dute ekipamenduen eskaeran parte hartu (prestatzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera).
4.– Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak 2016-2017 urteetarako esleitutako edo eskatutako beste proiektu batzuetan zenbat ordu konprometitu dituen adierazi beharko du.
5.– 2015-2016 urteetarako deialdian diru-laguntza bat jaso zuen eskaera batean parte hartu duten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetako eskaera batean parte hartu, ezta aurreko urteetan emandako ekipamendurako diru-laguntzei dagozkien burutu gabeko eginbideak dituztenek ere.
6.– Erakunde eskatzaileak edo laguntzakoak deialdiko eskaerak entregatzeko epea amaitu baino lehen kontratatu behar du ikertzaile bakoitza, 2017ko abenduaren 31ra arteko aldirako, gutxienez, eta ekipamendua erabiliko duten proiektuetan aurreikusitako dedikazioaren berbererako, gutxienez.
7.– Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena, halakorik bada. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, argi gelditu dadin nahiko ordu eskain diezazkiela proiektutan konprometitutako jarduerei.
8.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako langileak direla ulertuko da; betiere, atxikipen-agiria aurkezten badute.
7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
8. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita. Aurkeztu ondoren, ezingo dira aldatu.
Datuak aipatu gabe uzteak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskaeraren aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du, kasua larria bada.
2.– Eskaera agindu honen I. eranskinaren arabera bete beharko da. Horretarako, eskaera-formulario bat dago eskuragarri EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan (http://www.hezkuntza.net/y44BecPolCieWar/y44MantenimientosJSP/y44Login.do). Bi urrats eman behar dira:
Lehenik, laguntza eskatuko duen ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko ez bada, edo ziurtapen elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Hori egin eta gero, aipatu aplikazioan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.
Ondoren, eskaera aipatu aplikazioan bete ondoren eta agindu honen I. eranskinean zehaztutako agiri atxikiak gehitu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du, eta erregistratuta geldituko da. Hala egin ezean, ez da erregistratuta geldituko. Horretarako, erakunde eskatzaileak erakundearen txartela eduki beharko du eskaera elektronikoki sinatzeko edo, bestela, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistroan alta emanda egon beharko du (Agindua, 2012ko abenduaren 14koa, Segurtasun, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena), esteka honetan: https://euskadi.eus/
3.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskaeran. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia, aipatu aplikazioan, elektronikoki.
4.– Eskaerak honako deklarazioa izan beharko du: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakian aipatutako erantzukizunezko deklarazioa –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura–, baita diru-laguntzetatik eratorritako betebeharrak betetzen direla adierazten duen deklarazioa ere.
5.– Erakunde batek baino gehiagok erabiliko dituen ekipamenduen kasuan, 3. artikuluan adierazitako erakundeak izan beharko dira. Horietako bat eskatzailea izango da, eta gainerakoak laguntzakoak. Erakunde eskatzailea eskaeraren koordinatzailea izango da: ekipamendua eskuratzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da, eta administrazioarekin harremanetan egongo da. Berariaz adieraziko da hori eskaeran, bai eta horren alde egingo duten eta, beraz, gailua erabiltzeko eskubidea izango duten erakundeak zeintzuk diren ere.
6.– Agindu honen bidez diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan kontratu txikirako zehaztutako zenbatekoak gainditzen dituenez, arau orokor gisa, onuradunak ekipamendua eskuratzeko hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez eskaeran. Ez du halakorik egin beharko, dena dela, ekipamenduak hornituko dituen erakunde kopuru nahikorik ez badago merkatuan, ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla eta. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da eskaeran.
7.– Diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, erakunde eskatzaileak baimena emango dio organo kudeatzaileari, zuzenean egiazta dezan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan aurreikusitako betebeharrak betetzen dituen.
Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, eskaerarekin batera jaso beharko ditu beharrezko egiaztagiri eguneratuak.
9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskaerako hutsak zuzentzea.
Zorrotz bete beharreko epe bat adieraziko duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebaztea eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:
1.– Diru-laguntzaren eskaera oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko. Epe horretan eskaera zuzendu ez bada, ulertuko da eskaera bertan behera utzi dela.
Hutsak zuzentzea jakinarazteko, iragarki bat jarriko da EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko iragarki-oholean, eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa.
2.– Ebazpena EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaltzea, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.
10. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.
Honako hauek osatuko dute Ebaluazio Batzordea: Zientzia Politikarako zuzendari Amaia Esquisabel Alegríak –presidentea izango da, gainera–, Unibertsitateetako zuzendari Francisco Javier Alonso Aldamak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari Juan José de Mendoza Chávarrik. Batzordeak eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkio Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalari (ANEP), behar bezala ebaluatu ahal izateko. Ebaluazio Batzordeak deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta aipatu agentziak egindako txosten teknikoak bateratuko ditu.
11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Diru-laguntzen esleipen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak zenbait irizpide aplikatuko ditu, eta gehienez ere 100 puntu emango ditu.
2.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren II. eranskinean jaso dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.
12. artikulua.– Onartutako kostua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Ebaluazio Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaeren ebaluazioa oinarri hartuta. Lehia-prozedura bidez esleituko dira diru-laguntzak, eta, horiek zehazteko, lehentasun-ordena jarraituko da, eskaera bakoitzak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera, organo kudeatzaileak diru-laguntzaren xede den eskaera bakoitzerako onartutako kostua oinarri hartuta. Aintzat hartuko dira, halaber, onartutako kofinantzazioak eta ANEPek egindako gomendioak. Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzeko, 5. artikuluan zehaztutako prozedura jarraituko da, harik eta kreditu erabilgarria agortu arte, 2. artikuluari jarraiki.
Puntuazioan berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat lehendabizi, eta, berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidearen araberakoa, 11.1 artikuluko irizpide-zerrenda betez.
2.– Ebaluazioan, 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskaerak bakarrik lagun daitezke diruz.
3.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendu bera eskuratzeko beste erakunde publiko baten kofinantzazioa dagoenean, baldin eta irmo esleitu bada lehia bidezko deialdi baten bidez, esleitutako kopuruak ezingo du gainditu Ebaluazio Batzordeak onartutako ekipamenduaren kostuari diru-laguntzaren ekarpena kentzetik ateratzen den zenbatekoa.
13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.
1.– Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio, eta azken horrek esleitu edo ukatu egingo du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie.
2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruz datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:
– Eskaeraren kodea.
– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.
– Erakunde onuraduna: eskatzailea edo laguntzakoa.
Finantzatutako eskaeretarako:
– Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.
– Deialdiaren bidez esleitzen den laguntzaren zenbatekoa.
Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako:
– Ez finantzatzeko edo baztertzeko arrazoia.
3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Ebazpena EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoan argitaratu eta 10 egun naturaleko epean ez bada berariazko ukorik egin, ulertuko da erakunde onuradunak diru-laguntza onartzen duela. Ebazpenaren egunetik aurrera hasiko dira zenbatzen, halaber, gastua gauzatzeko 15.5 artikuluan eta diru-laguntzaren erabileraren jarraipena egiteko 16. artikuluan definitutako epeak.
14. artikulua.– Bateragarritasuna/bateraezintasuna beste diru-laguntza eta laguntza batzuekin.
Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Onuradunak beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdi batean parte hartu badu eta ekipamendu beraren erosketa zati batean finantzatu bada, gelditzen den zatia finantzatu ahal izango da deialdi honen bidez. Nolanahi ere, finantzaketa osoak ezingo ditu eskatutako beharrak gainditu. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.
15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.
1.– 13.4 artikuluari jarraikiz, diru-laguntza onartu ondoren, diru-laguntzaren erakunde onuradunari ordainduko zaio zenbatekoa; hain zuzen, ikertzaile nagusi eskatzaileak lan egiten duen erakundeari.
2.– Diru-laguntza erosketa egin aurretik edo ondoren ordaindu ahal izango da.
3.– Aurrez ordainduz gero, ordainketa bakarra egingo da, ebazpenaren ondorengo hiru hileko epean, eta agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Erosi aurreko proformako faktura: ebazpenean adierazitako ekipamendua jaso behar du.
– Firma komertzial bati ekipamendua erosteko eginiko eskaera formala.
– Erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako ziurtagiria, diru-laguntza osatzeko beharko litzatekeen diru-zenbatekoaren eskuragarritasunari buruzkoa, baldin eta ekipamenduaren kostu osoa jasotako diru-laguntza baino handiagoa bada.
4.– Ordainketa aurrez egin ez bada, erosketa-faktura aurkeztu ondoren egingo da.
5.– Nolanahi ere, ebazpena eman eta sei hilabete igaro baino lehen erabili beharko da diru-laguntzaren zenbateko osoa.
6.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubideari eutsiz bermatuko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.
7.– Erakunde onuraduna ez bada Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakunde bat, diru-laguntza kobratu ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta izan behar ditu, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan zehaztutakoaren arabera (1992ko uztailaren 8ko EHAA), baita diru-laguntzen itzulketengatiko betebeharrak ere.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren erabileraren jarraipena.
1.– Erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak finantzatutako ekipamendu zientifikoaren erosketa-faktura originalak eman beharko dizkio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, ebazpena eman eta sei hilabete igaro baino lehen. Behin laguntzen organo kudeatzaileak zigilatu ostean, erakunde onuradunari itzuliko zaizkio. Ebazpenean aipatzen den ekipamenduaren deskribapena jaso beharko da fakturetan.
2.– Erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak laguntzen kudeaketa-organoari txosten bat aurkeztu beharko dio, ikertzaile nagusiak sinaturik, ebazpena eman ondoko 12 hilabeteetan. Erositako ekipamendua jasotzeaz, martxan jartzeaz eta erabiltzeaz izan behar da txostena. Gutxienez atal hauek sartu behar dira bertan:
a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.
b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.
c) Laguntzako erakunde onuradun batekin partekatutako eskaera bat bada, talde eskatzaileen artean ekipamendua batera erabiltzeko programa.
3.– Erakunde onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesletza jaso dela adierazi beharko da.
4.– Diruz lagundutako ekipamendua deialdian ezarritako epeetan erostea galarazten duen eta behar bezala justifikatuta dagoen arrazoirik badago, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak gastua egiteko luzapena eskatu ahalko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari –gehienez 3 hilabetekoa–, 15.5 artikuluan adierazitako epea amaitu baino lehen; betiere, luzapen horretarako dituen arrazoiak behar bezala frogatuta.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:
1.– Faktura originalak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira; halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren funtzioak betez eskatzen dioten informazio guztia eman beharko die, deialdi honetan jasotako diru-laguntzei buruz.
2.– Erakunde onuradunak informazioa eman beharko die: Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, hain justu ere bi erakunde horiek, beren eginkizunen barruan, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei dagokienez, eska diezaioketen edozein gaiz.
3.– Diru-laguntzaren eskaera aurkezteaz batera, erakunde eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiaztatu dezan 15.7 artikuluan jasotako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ordainduta dituela.
Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, aurreko zenbakian aurreikusitakoak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, diru-laguntza kobratu ahal izateko.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.
Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik esleitu den diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak banan-banako ebazpen baten bidez jakinaraziko du.
19. artikulua.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzulketa egiteko kausa.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion lege-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, jarraian adierazitako ez-betetzeak egiaztatzen badira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
1.– Ikertzaile nagusiak edo diru-laguntza eskatu duen erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak ekipamenduari uko egiten badiote, edo ikertzaile nagusia jatorrizkoaz bestelako erakunde batera joaten bada, edo EAEtik kanpo lanera joaten bada, emandako ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza arriskuan jarriz.
2.– Talde bera osatzeko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ekipamenduaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.
3.– Diru-laguntza emandakoaz bestelako ekipamendu bat ordaintzeko erabiltzen bada, deialdiaren organismo kudeatzailearen baimenik gabe.
4.– Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agiriak larri ez betetzea (osorik edo zati batez).
5.– Diru-laguntza agindu honetan ezarritako epeetan ez erabiltzea.
6.– Datuak ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea, kasua larria denean.
20. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena Ikerketa izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, aurkeztutako agiriak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzen ebazpena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa egin daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 31.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA
1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:
Nortasuna: erakunde eskatzailearena, sinadura elektronikoaren bidez; ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren bidez; eta laguntza-erakundeena, IFKren bidez.
Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.
Ikerketa-taldeak, eskatutako proiektuaren aldi berean, parte hartuko duen ikerketa-proiektuen zehaztapena (aktibo daudenak edo eskera-fasean daudenak), bai eta ekipamendua erabiliko den proiektuena ere.
Ekipamendu zientifiko bera erosteko beste erakunde batzuen finantzaketari buruzko informazioa, erakunde finantzatzailea eta eskatutako kopurua adierazita, edo emandakoa, dagoeneko eman bada.
Eskatutako ekipamenduaren ezaugarri tekniko eta ekonomikoei buruzko informazioa.
Kofinantzazioari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (diru-laguntzei lotutako zehapen-prozedura desgaitzailea), 3.3 artikuluaren arabera.
Erakunde eskatzailearen adierazpena, hauei buruzkoa:
Ekipamendurik dagoen edo ez ingurune fisikoan.
Ekipamenduaren erosketan, onuradunari dagokion zatia ordaintzeko konpromisoa, 6. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, baldin eta diru-laguntza ematen bada.
Erakundearen konpromisoa, 90.000 euroko edo gehiagoko ekipamendua operatzeko eta mantentzeko. Konpromiso honetan, adierazi beharko du ekipamendua operatzeko zein sistema erabiliko duen (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko zein sistema erabiliko duen, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errendimendua ahalik eta handiena dela ziurtatuz.
2.– Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:
2.1.– Agiri teknikoak:
a) 2016-2017 aldian aktibo izango dituzten proiektuetarako dedikazioa adieraziko duen agiria, parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatuta.
b) Proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatuko duen memoria teknikoa. Orain arte erabili izan diren ekipamenduen ordez orain eskatzen diren teknika eta tresna horiek zergatik diren beharrezko azaldu behar da, beraz. Proiektuetako bakoitzaren deskribapena (edo, gutxienez, ekipamenduaren erabileraren % 70 daukatenen deskribapena). Erabiltzen dituzten teknologia alternatiboak zehaztu behar dira, eta eskatutako ekipamenduak ekarriko lituzkeen onura eta abantailak azaldu. Ekipamendu zientifikoaren eta bere osagaien balorazio ekonomikoa.
c) Eskaeran parte hartzen duen ikertzaile bakoitzaren curriculum vitaea.
d) Kofinantzatutako ekipamenduaren eskaeraren kopia, hala dagokionean.
e) Kofinantzatutako ekipamenduaren ebazpenaren kopia, hala dagokionean (eskaeran jasotako kofinantzazioak aintzat hartuko dira soil-soilik ebazpena eman baino lehen organo kudeatzaileari aurkezten bazaio horien eskaeraren kopia eta ematearen agiriaren kopia. Erakunde eskatzaileek, beraz, arreta berezia jarri beharko diote puntu honi).
f) Eskatutako ekipamenduaren proformako fakturak, gutxienez hiru firma komertzial ezberdinek emandakoak, 8.6 artikuluaren arabera, edo ezintasunaren justifikazioa.
2.2.– Administrazio-agiriak:
Erakunde eskatzailearekin edo laguntzakoarekin parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren lan-kontratuaren kopia, hauek zehaztuta: kontratuaren hasiera eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazioa. Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du.
Ikerbasquek kontratatu badu, zentro eskatzaileari atxikitzeko agiria, 4.7 artikuluaren arabera.
Parte hartzen duten erakundeetan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, honakoak aurkeztu beharko dira: ekipamendu horien erosketako fakturak, egungo egoera, azken urteko ekipamenduaren erabileraren estatistika (erabileraren erregistroko liburuxkarekin bat) eta aurrekoarekiko ekipamendu berriak zer abantaila duen.
Eskaeran laguntza-erakunde batek parte hartuko badu, erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, sail honek abalaturik eta erakunde onuradunak sinaturik, eta araudi horrek bermatuko du ekipoaren erabilera beste ikerketa-talde batzuekin partekatuko dela.
Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 17.3 artikuluan aipatutakoak, organo kudeatzaileari egiaztapen automatikoa egiteko baimenik eman ezean, 8.7 artikuluan aurreikusi bezala.
Proposamena esleipen-irizpideen arabera ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.