EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2015249

247/2015 DEKRETUA, abenduaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari San Mamés Barria, S.L. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Xedapenaren zenbakia: 201500247
Xedapenaren data: 2015-12-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201505531
Maila: Dekretua
San Mamés Barria, S.L. sozietatearen Ezohiko Batzar Orokorrak, 2015eko abenduaren 17an egindako bilkuran, non partaide guztiak bertaratu baitziren, 3.700.000,00 euroko kapital-gehikuntza egitea erabaki du, euro baten balio nominaleko 3.700.000 partaidetza sozial berriren jaulkipenaren bidez. Partaidetza berri horiek zatiezinak eta metakorrak izango dira, eta gaur egunekoek dituzten eskubide politiko eta ekonomiko berberak izango dituzte.
San Mamés, S.L. sozietateak, gaur egun, 173.466.103,00 euroko kapital soziala du. Hortik, Athletic Club-ek % 25,19ko sozietate-partaidetza du, Bizkaiko Foru Aldundiak % 28,83koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 22,77ko partaidetza du, Kartera 2, S.L. sozietateak % 23,18koa, eta Bilboko Udalak, berriz, kapital sozialaren % 0,03 du.
Beraz, aldi bakar batean gauzatuko diren diru-ekarpenetan sostengatutako kapital sozialaren gehikuntza besterik ez da. Harpidetutako partaidetzari dagokion zenbateko osoaren ordainketa 2016ko urtarrilaren 20a baino lehenago egin beharko da.
Athletic Club-ek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egin diotela kontuan hartuta, sozietate-partaidetza berriak aurreko paragrafoan azaldutako moduan formulatu eta ordainduko dira: Kartera 2, S.L. enpresak 1.499.000,00 eurogatik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, 2.201.000,00 eurogatik.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak honako hau ezartzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea atxikirik duen edo izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunean bertan izango du eragina.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak nahitaez adieraziko ditu, non eta doako eskuratzea ez den, sozietatearen xedea eta EAEk, zuzenean nahiz zeharka, zenbateko partaidetza-portzentajea izango duen sozietatean.
San Mamés Barria, S.L. sozietatearen helburu soziala kirol-estadio berri bat sustatzea, eraikitzea eta ustiatzea da, sozietateak Bilbon dituen lurretan. Kirol jarduerak ez ezik, estadio berriaren ustiapenak hartuko ditu, baita ere, legez onartzen diren estadioaren erabilerei begira egin litezkeen bestelako jarduera osagarriak ere, alegia, sozietateak zuzenean egindako jarduerak edo beste batzuen bitartez egindakoak.
Behin bazkideek partaidetza sozialak eskuratzen dituztenean, Administrazioak San Mamés Barria, S.L. sozietatean duen partaidetza % 23,54koa izango da.
Sozietateko kapital-gehikuntzek berekin dakarte estatutu-aldaketa, eta beraz, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 111. artikuluan xedatutakoari jarraituz, beharrezkoa da San Mamés Barria, S.L.–ren Akziodunen Batzar Orokorrean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzapekoan diren partaidetzak ordezkatzen dituen pertsona fisikoari baimena ematea, aldaketa horiei dagokienez bere adostasuna adierazteko.
Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea San Mamés Barria, S.L. sozietateak egin behar dituen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, 2.201.000 partaidetza sozial eskuratzeko hain zuzen; bi milioi berrehun eta bat mila (2.201.000,00) euroko balioa du eskuratze horrek. Halaber, baimena ematea ordainketa egiteko, Akziodunen Batzar Orokorrak –kapitala gehitzeko Akordioan– adierazitakoaren arabera. Kapitala gehitzeko aurreikusitako akordioa bete ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 23,54ko partaidetza izango du.
2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren jabetzapekoan diren partaidetza berrien ordezkatzen dituen pertsona fisikoari baimena ematea Bazkideen Batzar Orokorrean San Mamés Barria, S.L. sozietatearen estatutuetako 5. artikuluaren aldaketa onartzeko.
3. artikulua.– Ahalmena ematea Ondare eta Kontratazioko zuzendariari, aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunean bertan sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 29an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.