EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2015245

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 16koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariarena, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteen funtzionamenduari, laguntza juridikoari eta kontsumo-proiektuak gauzatzeari dagozkien gastuak ordaintzeko diru-laguntzak arautzen dituena.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2015-12-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201505427
Maila: Ebazpena
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, eta haien helburua kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubide eta interes legitimoak defendatzea da, bai eta haien informazioa, prestakuntza eta hezkuntza ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du kontsumitzailearen eta erabiltzailearen defentsaren alorrean.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 legearen arabera (28. artikulua), kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaini eta parte hartuko dutenak. Halaber, legeak ezartzen du Euskadiko herri-administrazioek kontsumitzaileen asoziazionismoa sustatuko dutela, bakoitzari dagokion alorrean.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzera eta babestera zuzendutako politikak definitzeko, planifikatzeko, bultzatzeko eta betearazteko. Bere funtzioen artean, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzen eta babesten dituzten elkarteen eta erakundeen garapena bultzatzea eta sustatzea du helburu, eta elkarteekin aktiboki eta ekonomikoki lan egitea aholkularitza-, defentsa- eta informazio-funtzioei dagokienez.
2015eko azaroaren 25ean, Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak aho batez onartu zuen Erakunde Autonomoaren Diru-laguntzen 2016-2018ko Plan Estrategikoa, azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa betez.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumitzaileen Antolakundeei ematen zaizkien diru-laguntzak arautzea da, funtzionamenduari, laguntza juridikoari eta kontsumo-proiektuak gauzatzeari dagozkien gastuak ordain ditzaten.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 456.000 eurokoa da, eta, horietatik, 342.000 euro 2016. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2017rako konpromiso-kredituan sartuko dira programan aurreikusitako 114.000 euro.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteei izapideak aurretiaz egitea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritako xedeetarako, ebazpen honetan arautako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko 2016rako Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen araberakoak izango dira.
2.– Aurreko lerrokadan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa honela dago banatuta, 4. artikuluan ezarritako diru-laguntza kontzeptu bakoitzerako:
a) «Kontsumitzaileekiko arreta» 1. lerroan jasotako laguntzen finantzatzeko: 276.000 euro. 2016. urteko ordainketa-kredituari dagozkion 207.000 euro eta 2017rako konpromiso-kredituari dagozkion 69.000 euro.
b) «Laguntza juridikoa» 2. lerroan jasotako laguntzen finantzatzeko: 150.000 euro, hau da, 2016. urteko ordainketa-kredituari dagozkion 112.500 euro eta 2017rako konpromiso-kredituari dagozkion 37.500 euro.
c) «Kontsumo-proiektuak» 3. lerroan jasotako laguntzen finantzatzeko: 30.000 euro, hau da, 2016. urteko ordainketa-kredituari dagozkion 22.500 euro eta 2017rako konpromiso-kredituari dagozkion 7.500 euro.
3.– Diru-laguntzen lerro bakoitza finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako haietako baten kreditua amaitu ezean, geldikina beste lerroan aurreikusitako laguntzei erantzuteko erabili ahal izango da.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Ebazpen honek araututako diru-laguntzen erakunde onuradun izan ahalko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten Kontsumitzaileen Antolakundeak:
a) Beren helburu bakarra kontsumitzaileak kontsumoaren alor guztietan defendatzea izatea.
b) Eskaera aurkezteko unean izena emanda edukitzea Euskadiko Kontsumitzaileen Antolakundeen Erroldan, uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan aipatutakoan.
c) Beren jardunbide-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.
d) Jendeari erantzuteko bulego bana edukitzea EAEko hiriburu bakoitzean, gutxienez lau ordu egunean astelehenetik ostiralera.
e) Aholkularitza eta laguntza juridikoko zerbitzua edukitzea, gutxienez 10 ordu astean jendeari erantzuteko bulego bakoitzeko. Zuzenbidean lizentziatutako pertsonak arduratuko dira zerbitzu hori emateaz.
f) Gizarte Segurantzarekiko eta EAEko Administrazio Orokorrarekiko zer zerga-betebehar dituen ezagutzea.
g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo adiministratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.
h) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.
Diruz lagundu daitezkeen 3 lerro ezarri dira:
1. lerroa: Kontsumitzaileekiko arreta.
2. lerroa: Laguntza juridikoa.
3. lerroa: Kontsumo-proiektuak.
4.1.– Kontsumitzaileekiko arreta (1. lerroa).
4.1.1.– Diruz lagunduko dira kontsumitzaileen antolakundeen funtzionamendu orokorretik eratorritako gastuak, ondoko jarduerak gauzatzeko:
– Kontsumitzaileekiko aurrez aurreko arreta.
– Kontsumitzaileekiko arreta beste bide batzuen bitartez (telefonoa, web eta abar).
– Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei dagozkien eztabaidetan bitartekotza-lanak egitea.
– Kontsumitzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.
Kontsumitzaileekiko arreta-zerbitzua modu orokortuan egingo da, kontuan hartu gabe kontsumitzaile horiek elkarteko kide diren ala ez.
4.2.– Laguntza juridikoa (2. lerroa).
4.2.1.– Diruz lagunduko dira antolakundeek kontsumitzaileei emandako laguntza juridikotik eratorritako gastuak:
– Elkarteko aholkulari juridikoarekin izandako aurrez aurreko kontsultak.
– Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren zenbateko txikiko ahozko epaiketetan kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzea.
– Kontsumitzaileen multzoari zuzendutako orientazio juridiko orokorrak.
– Bertan behera uzteko akzioak.
4.3.– Kontsumo-proiektuak (3. lerroa).
4.3.1.– Diruz lagunduko dira Euskal Autonomia Erkidegoan egindako eta ondoko jarduera hauetako bat barne hartu ahalko duten proiektuak:
– Kontsumitzaileak sentikortzeko eta informatzeko ekintzak.
– Inkestak, ondasunen eta zerbitzuen kalitateari buruzko alderaketa-analisiak.
– Kontsumoari buruzko azterketak eta ikerketak gauzatzea.
5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. lerroa
Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:
– Lokalen alokairuak; erakunde eskatzaile bakoitzak 3 alokairu izan ahalko ditu gehienez eta jendeari erantzuteko bulegoekin bat egin beharko dute.
– Langile-gastuak.
– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.7 artikuluan ezarritakoarekin bat datozen finantza-gastuak.
– Eskaeraren aurrekontuaren atalean behar berzala zehaztutako bestelako gastu orokorrak (argindarra, ura, gasa, komunikazioak...).
2. lerroa
Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:
– Aholkulari juridiko profesionalen fakturak.
– Adituen azterlanak edo txostenak.
– Aholkularitza juridikoko funtzioak betetzen dituzten langileak. Erakunde bakoitzeko 3 pertsona gehienez.
– Bertan behera uzteko akzioetatik eratorritako bestelako gastuak.
3. lerroa
Diruz lagundu ahal izango dira diru-laguntzak xede dituen jardueren gauzatze osotik edo partzialetik eratorritako gastuak, onuradunak azpikontratatutako hirugarrenek gauzatutakoak barne.
Osoki azpikontratatu ahal izango da 2. eta 3. lerroetako jardueren gauzatzea, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzak errespetatuz.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoari egokituko dira.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzetan interesa duten erakundeek Kontsumobidera bideratu beharko dute beren eskaera, eta aurrez aurre aurkeztu beharko da haren edozein bulegotan (Santiago kalea 11, Vitoria-Gasteiz; Easo kalea, Donostia; Errekalde Zumarkalea 39A, Bilbao) edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako organoen aurrean, agindu horretan I. eranskin gisa azaltzen den eta Kontsumobideren webgunean eskuragarri egongo den eskaera-eredua beteta.
2.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
3.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko otsailaren 15ean amaituko da.
7. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu bidali beharko dagozkion agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:
a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla adierazi behar du erakunde eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
b) Egiaztatu behar da erakundeak ez daukala abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta dituela; hortaz, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.
c) Erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
d) Beren helburu bakarra kontsumitzaileak kontsumoaren alor guztietan defendatzea izatea.
e) Beren jardunbide-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.
f) Jendeari erantzuteko bulego bana edukitzea EAEko hiriburu bakoitzean, gutxienez lau ordu egunean astelehenetik ostiralera.
g) Jendeari erantzuteko bulegoetako bakoitzean aholkularitza eta laguntza juridikoko zerbitzua eskaintzea, gutxienez 10 ordu astean.
h) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.
Edozein unetan egiaztatu ahal izango da erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak diren.
Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak bere erantzukizunpean adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, diru-laguntza emanez gero, horri dagokion denboraldian zehar horiek betetzen jarraituko duela.
8. artikulua.– Agiriak.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpena barne, honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da. Orokorki:
1) Erakundeko Idazkaritzaren ziurtagiria, 2015eko abenduaren 31n beren kuotak eguneratuta daramatzaten kideen kopurua adieraziz.
2) 2016. urteari dagozkion diru-sarreren eta gastuen guztizkoaren aurrekontua.
3) Egoera ekonomikoaren balantzea 2015eko abenduaren 31n, bai eta emaitzen kontua ere.
4) Erakundeak 2015ean egindako jardunaren memoria zehatza.
Horrez gain, 1. lerroko eskabideetarako:
1.– Jarduera garatzeko gastuen aurrekontu zehatza.
2.– Eskaini nahi den kontsumitzaileekiko arreta-zerbitzuaren memoria zehatza, zeinak haren ardura hartuko duten langileen aipamena, eskaini beharreko orduak eta jardueraren deskribapena nahitaez eman beharko dituen.
Horrez gain, 2. lerroko eskabideetarako:
1.– Deialdiaren urtean eskaini nahi den zerbitzu juridikoaren memoria zehatza, haren ardura hartuko duten langileen aipamena, eskaini beharreko orduak eta jardueraren deskribapena nahitaez eman beharko dituena.
2.– 2015ean kontsumitzaileek aurkeztutako eskubideen defentsarako eske kopuruari buruzko txostena. Txosten horri auzi eskea aurkeztu izana ziurtatzen duen nahikoa frogagiri erantsi beharko zaio, bai eta dagozkion epaien kopia ere.
3.– 2015ean gauzatu diren eta 2016an gauzatzea espero den bertan behera uzteko akzioei buruzko txostena.
4.– Zerbitzuaren kostuaren aurrekontu zehaztua.
Gainera, 3. lerroko eskabideen kasuan, proiektu bakoitzaren memoria aurkeztu beharko da, ondokoak aipatuta:
– Proiektuaren helburuak.
– Hartzaileak.
– Hura gauzatzeko ardura duten pertsonak edo erakundeak.
– Gastuen aurrekontu zehatza, finantzabideak adierazita, hala badagokio.
9.– artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
10. artikulua.– Hautaketa.
Diru-laguntzen eskabideak lehiaketa bidez ebatziko dira. Horretarako, diru-laguntzen esleipena egiteko, aurkeztutako eskariak erkatu eta, 13. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuz, lehentasunen arabera ordenatuko dira.
11. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:
– Presidentea, Kontsumobideko Zuzendaritzaren titularra.
– Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Saileko arduraduna.
– Erreklamazio, Bitartekaritza eta Ebazpen Saileko arduraduna.
– Zerbitzu Orokorretako Saileko aholkulari juridikoa.
Presidenteak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria.
2.– Balorazio Batzordeak eskabideak aztertuko ditu, eta kontuan hartuko ditu dokumentuen edukia eta epeak.
3.– Kontsumobidek, laguntzak kudeatzen dituen organo den heinean, eta Balorazio Batzordeak, beharrezko irizten badiote, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.
12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Erakunde onuradunek gehienez jaso ahal izango dituzten kopuruak hauek izango dira:
a) 1. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 125.000 eurokoa gehienez.
b) 2. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 50.000 eurokoa gehienez.
c) 3. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 15.000 eurokoa gehienez.
13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Ebazpen-proposamen bat garatze aldera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– 1. lerroa: Kontsumitzaileekiko arreta.
a) 2015ean kudeatutako erreklamazio kopurua, gehienez 25 puntu; erreklamazio bakoitzeko 0,05 puntu. Soilik hartuko dira kontuan Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako, bideratutako eta ebatzitako erreklamazioak.
b) 2015ean jasotako eta erantzundako kontsulta kopurua, gehienez 15 puntu; erreklamazio bakoitzeko 0,01 puntu. Soilik hartuko dira kontuan Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak.
c) 2015ean kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko bertan behera uzteko akzio judizialak gauzatu izana 20 punturekin baloratuko da.
d) Bulego bakoitzak astean jendeari erantzuteari eskainitako ordu kopurua:
– 20 eta 30 ordu bitartean: 5 puntu.
– 30 eta 40 ordu bitartean: 10 puntu.
e) Elkarteko kuotaren ordainketa egunean daramaten kideen kopurua, gehienez 20 puntu. 20 puntu emango zaizkio kide kopururik handiena duen erakundeari, eta gainerakoei proportzionalki banatuko zaie puntuazioa. Ordainketa egunean daraman kidetzat hartuko da elkartearen urteko kuotaren ordainketa egin duen pertsona fisikoa edo familia-unitatea.
f) Kide berrien atxikimendua bultzatzera eta sustatzera bideratutako jarduerak gauzatzeagatik, 10 puntu gehienez; 5 puntu jarduera bakoitzeko.
2.– 2. lerroa: Laguntza juridikoa.
a) Asteko 10 ordu baino gehiagoko laguntza juridikoko zerbitzua bulego bakoitzean: 20 puntu gehienez.
– Aurrez aurreko laguntza juridikoko zerbitzua, astean 10-20 ordu bitartean: 10 puntu.
– Aurrez aurreko laguntza juridikoko zerbitzua, astean 20 ordu baino gehiago: 20 puntu.
b) 2015ean kontsumitzaileek aurkeztutako eskubideen defentsarako eske kopurua, 80 puntu gehienez; puntu 1 eske bakoitzeko.
3.– 3. lerroa: Kontsumo-proiektuak:
a) Proiektuak kontsumitzaileen interesak babesteko eta defendatzeko duen eragina.
● Proiektua Kontsumobidek aurkeztutako azken urteko memoriaren arabera erreklamazio gehien jaso duten 5 sailetako batean zentratzen bada: 40 puntu.
● Proiektua beste sail batzuetan zentratzen bada: 20 puntu
b) Proiektuaren kalitatea eta berrikuntza-maila, 60 puntu gehienez.
● Helburuen formulazioa, horiek azaltzeko argitasuna eta gauzatu nahi diren jarduerekin bat etortzea. 15 puntu gehienez.
● Proiektua gauzatzeko metodologia eta jardueren ebaluazioa. 10 puntu gehienez.
● Proiektuaren garapenaren bideragarritasuna: egutegia, aurrekontua. 10 puntu gehienez.
● Proiektuaren orijinaltasuna eta sormena. 10 puntu gehienez.
● Proiektua gauzatzeko teknologia berriak erabiltzea. 15 puntu gehienez.
Diru-laguntzak 60 puntu edo gehiago lortzen dituztenei baino ez zaizkie emango.
4.– 1. eta 2. lerroen kalkulua.
Eskatzaile bakoitzak lerro bakoitzean eskuratutako azken puntuazioa haietako ataletan lortutako puntuazio guztien batura izango da. Lerro bakoitzean puntuaziorik handiena eskuratu duen eskatzaileari aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100eko diru-laguntza esleituko zaio, 12.1 artikuluan jasotako mugak kontuan hartuta. Gainerako eskatzaileei proportzionalki kalkulatuko zaie diru-laguntzaren portzentajea.
5.– 3. lerroaren kalkulua.
● 91 eta 100 puntu artean lortu duten proiektuak: onartutako aurrekontuaren % 100.
● 81 eta 90 puntu artean lortu duten proiektuak: onartutako aurrekontuaren % 90.
● 71 eta 80 puntu artean lortu duten proiektuak: onartutako aurrekontuaren % 80.
● 61 eta 70 puntu artean lortu duten proiektuak: onartutako aurrekontuaren % 70.
6.– Behin aurkeztutako eta onartutako aurrekontuen balorazioan eskuratutako portzentajeak aplikatuta, eta 2.2 artikuluko lerroetako bakoitzarentzat aurreikusitako mugak kontuan hartuta, eman beharreko diru-laguntzen guztirako zenbatekoak eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, Kontsumitzaileen Antolakunde onuradun guztiei dagokien banaketa proportzionala aplikatuko zaie.
14. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu berbererako ematen diren beste laguntza batzuekin. Hala ere, emandako diru-laguntzek ezingo dute jarduera egiteko onartutako aurrekontuaren % 100 gainditu. Azken kasu horretan, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.
15. artikulua.– Ebazpena.
Kontsumobideko zuzendariak, Balorazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideak ebatziko ditu, gehienez ere sei hileko epean, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita. Ebazpen hori kontsumitzaileen antolakundeei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako epea eta era errespetatuz.
Ebazpena emateko epea amaitu, eta kontsumitzaileen antolakunde interesatuari ezer jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza ezetsi egin dela esan nahiko du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Esleitutako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako emandako zenbatekoaren % 75, aldeko ebazpena hartzen den unean; betiere, 18.1 artikuluan aipatzen den epea igaro ostean.
– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako gainerako % 25a, behin gastua justifikatuta eta betiere 2017ko otsailaren 20a baino lehen bada, Agindu honetako 5. artikuluan jasotako gastuen guztizkoa.
17. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa.
1.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, onuradunak, 2017ko otsailaren 20a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko ditu eskuratutako laguntza-lerro bakoitzeko:
a) Burututako ekintzen memoria eta egindako gastuak justifikatzen dituzten fakturak. Fakturek jatorrizkoak izan beharko dute edo, bestela, fotokopia konpultsatuak, 2016ko abenduaren 31koak edo lehenagokoak, eta antolakundean buru zen pertsonaren adostasuna eduki beharko dute.
b) Antolakundeko lokaletan zuzenean diharduten langile finkoei buruzko frogagiriak eredu ofizialaren araberako nominen bidez aurkeztu beharko dira, Gizarte Segurantzari ordaindu izanaren frogagiriekin batera.
c) Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagirietan hartzailearen datuak jaso beharko dira, NAN zenbakia, zer kontzepturengatik ordaintzen den eta PFEZi dagokion atxikipena.
2.– Kontsumobidek egokitzat jotzen duen adina egiaztapen egin dezake emandako diru-laguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.
3.– Gastuak justifikatzerakoan 4. artikuluko idatz-zatietan diru-laguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gora eta % 25 edo hortik behera desbideratu dela ikusten bada, dagokiona aldatzeko ebazpenaren bidez gutxituko da emandako diru-laguntza, eta, horrela, benetan gastatutako diru-zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa eta diru-laguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaiona berbera izango da.
4.– 4. artikuluko idatz-zatietan % 25etik gora desbideratzeak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, Ebazpen honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, non eta diru-laguntza esleitzeko helburuak bete direla zuritzen ez den. Horrela gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko lerroaldean aurreikusitako moduan gutxituko da.
5.– Diru-laguntza jaso duen kontsumitzaileen antolakundeak itzuli egin beharko du behar baino gehiago jasotakoa –halakorik gertatuz gero–; bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaio egunetik hasita. Hala agintzen da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zuen dekretu horrek; halaber, horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezarri zituen).
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen antolakundeek egiteko hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idazki batean adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak –diru-laguntzen inguruko egitekoak dituztenez– eskatzen dieten beste agiri eman beharko diete.
c) Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak kudeatu beharko dituzte. Kontsumoari buruzko informazio-zentroen sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.
d) Kontsumobidek diruz lagundutako jarduerak garatzeko laguntza eman izanaren jakinarazpena bermatzea, horretarako dagokion logotipoa agertuta.
e) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.
f) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, Kontsumobideri horren berri eman behar dio onuradunak.
g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak.
2.– Diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak alegia.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, diru-laguntzak kendu egingo dira, eta ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu antolakunde onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta: antolakunde onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakora gabe beste zerbaiterako erabiltzen badu, edota, oro har, Ebazpen honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat bete gabe uzten badu.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 16a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,
XABIER LEGARRETA GABILONDO.