EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2015245

AGINDUA, 2015eko abenduaren 9koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015-2016 ikasturtean lanbide-heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuetan ikas-ekinezko erregimenean lanbide-heziketa dualeko programak garatzeko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2015-12-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201505424
Maila: Agindua
Lanbide Heziketa gizarte modernoen zutabeetako bat da, pertsonen bizi-kalitatea ez ezik, enpresen lehiakortasuna ere areagotzen duen aldetik. Urte hauetako krisi ekonomikoaren testuinguruan, Europar Batasuneko herrialdeak hainbat ekintza gauzatzen ari dira, produkzio-lanarekin lotutako ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketaren bidez langabezia gutxitzeko neurriak sustatzeko, eta pertsonen lanbide-kualifikazioa eta espezializazioa bultzatzeko, ikastetxeko irakatsi eta ikasteko prozesua eta enpresan lan egitea eta ikastea uztartzearen bitartez.
Enplegua Suspertzeko 2013-2016 Programak irmo bultzatzen du lanbide-heziketako sistema integratu bat egituratzea; horretarako, aurrerapausoak eman behar dira bai hezkuntza-arloan, bai enpleguan. Ildo horretatik, programa horretan, aurreikusten da besteak beste prestakuntza eta enpresetan praktikak egitea uztartu beharra; hartara, beste lanbide-profil bat lortu nahi da, ekoizpen-sisteman emaitza hobeak emango dituena eta langileen enplegatzeko aukerak hobetuko dituena. Gainera, lanbide-heziketako sistema integratu horren bidez, lanbide-heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko harremanak estutu nahi dira, helburu hartuta: lehenik, elkarren berri zehatzagoa izatea; bigarrenik, enpresen kualifikazio-beharrei erantzun egokia ematea, eta, azkenik, ikastetxeen sistema pedagogikoak berriztatzea.
Ildo horretan, Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren bitartez, kontratu horri atxikitako prestakuntza-jardueraren oinarrizko alderdiak xedatu ziren, baita hezkuntza-sistemaren lanbide-heziketa dualaren oinarrizko alderdiak ere.
2014ko azaroaren 25ean onartutako Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemako aldaketak gidatu behar dituen tresna den aldetik, prestakuntza integratuaren eremu estrategikoaren barruan eta lanbide-heziketa produkzio-sektoreen oraingo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegagarritasunera egokitzeko lehentasunezko helburuari jarraikiz, ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren alde egiten du, argi eta garbi. Horretarako, lanbide-heziketa duala indartzeko jardun-ildo espezifiko bat biltzen du, pertsonen gaitasunak garatzeko prozesua bizkortzeko eta gero eta kualifikazio eta espezializazio handiagoa eskatzen duten lanbide-eremuetara egokitzeko modua den aldetik.
Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren xedea da hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak ezartzea, enpresako eta lanbide-heziketako ikastetxeko irakasteko eta ikasteko prozesuak konbinatuta, betiere Prestakuntzarako eta ikasketarako kontratua garatu eta lanbide-heziketa dualaren oinarriak ezartzen dituen azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan hezkuntza-sistemaren eremuari dagokionez ezartzen diren aurreikuspenak betetzearren.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko baterako Aginduaren bidez, prestakuntza eta lana txandakatzea helburu duen eta gazteei zuzenduta dagoen ikas-ekinezko HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira. Programa horren helburua, besteak beste, honako hauek arautzea da: garatu beharreko prestakuntza-jarduera, jarduera horren egiaztapena, prestakuntza-zentroen eta enpresen rola, programaren finantzaketa eta programa horren babespean eginiko prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuen ziozko diru-laguntzak.
Ildo horretatik, ikas-ekinezko prestakuntza-programen bitartez, ikastetxean nahiz lantokietan lantzen da prestakuntza. Proiektu horien helburua da, hortaz, konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialak hobetzea hasierako Lanbide Heziketako titulu bat ikas-ekinezko erregimenean lortze aldera, eta, gainera, enpresan ordaindutako lan-jarduera bat garatzea. Alde horretatik, ikaskuntza-eredu integral bat garatuta, bidea erraztu nahi da heziketa-zikloak ikasten dihardutenei prestakuntza emateko eta ikasle horiek enpresen ekoizpen-sisteman txertatzeko.
Agindu honek ikastetxe pribatu itunduetako pertsona titularrei zuzendutako diru-laguntzak arautzen ditu. Ikastetxe horiek ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak izan beharko dituzte 2015-2016 ikasturterako, Lanbide Heziketako sailburuordeak baimenduta.
Horrenbestez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina –Eusko Jaurlaritzaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimen orokorra arautzen duena– onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluko xedapenetan ezarritakoaren arabera, herri-administrazioek emandako diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzea xede duen Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoari jarraituz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarritzat hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Agindu honen xedea da diru-laguntzak ematea honako jarduera hauei lotutako gastuak finantzatzeko: lanbide-heziketako titulua lortzeko helburuarekin, ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko ikasleei tutoretza emateko jarduerak. Ikas-ekinezko erregimenean ikastetxearen eta enpresaren artean 2015-2016 ikasturtean garatutako ikaskuntza-prozesuaren bitartez egingo da, eta Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emandako baimena behar izango da.
2. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.
Honako ekintza hauek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak: ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programak, 2015-2016 ikasturterako direnak, erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketako heziketa-zikloak itunduta dituzten lanbide-heziketako ikastetxeen eta enpresa parte-hartzaileen artean batera egin dituztenak, eta Lanbide Heziketako sailburuordeak baimendu dituenak, Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen ekainaren 2ko 83/2015 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbatekoa, guztira, hirurehun eta hirurogeita sei mila eurokoa (366.000) izango da.
4. artikulua.– Onuradunak.
Diru-laguntza hauen onuradun izan ahalko dira betekizun hauek betetzen dituen ikastetxe pribatu itunduetako pertsona edo erakunde titularrak:
1.– 2015-2016 ikasturtean lanbide-heziketako erdi-mailako edo goi-mailako heziketa-zikloren bat itunduta izatea.
2.– 2015-2016 ikasturterako onartuta eta baimenduta izatea ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa, lanbide-heziketako ikastetxearen eta enpresa parte-hartzailearen artean batera egina.
3.– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
4.– Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergak ordainduta izatea.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan:.
2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Euskadi.eus-en daude eskuragarri eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eskabide-ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak.
4.– Ikastetxe edo erakunde titular interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.
5.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/fp_alternancia/y22-izapide/eu/
6. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea, eta horretarako epea.
1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan; aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Alta emanda egotea Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Baldintza hori beharrezkoa da deialdia ebazteko eta, diru-laguntza esleitzeko ebazpenaren kasuan, ordainketak egin ahal izateko.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.
– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez egotea, edo, sartuta egonez gero, itzulketa- edo zehapen-prozedura horiek bukatuta egotea. Edo, EAEko Administrazio Orokorreko edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi bada prozedura, oraindik izapidetzen egotea.
– Ikastetxe eskatzailearen pertsona edo erakunde titularrak ez izatea zigor administratibo edo penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrena, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.
– Adieraztea eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) I. eranskina.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualeko programa, lanbide-heziketako ikastetxeen eta enpresa parte-hartzaileen artean batera eginikoa; programa horretan, ikastetxearen eta enpresa parte-hartzailearen arteko akordioa edo hitzarmena edo lan-kontratua jaso beharko da.
2014-2015 ikasturtean itunduak izan diren ikastetxe pribatuek ez dute egiaztatu beharrik izango Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zergak ordainduta dituztela; izan ere, izapide hori sail horren Hezkuntza Itunen eta Ordainketa Eskuordetuaren zerbitzuaren bidez egin behar dute.
7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
8. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria izango da diru-laguntzak emateko prozedura honetako organo kudeatzailea.
9. artikulua.– Esleipen-irizpideak.
1.– Diru-laguntza emango zaie baldintza hauek betetzen dituzten ikastetxeei: ikas-ekinezko erregimeneko heziketa dualaren programak aurkeztea, horretarako baimena izatea eta laguntza hau eskatzea.
2.– 2015-2016 ikasturtean proiektu bakoitzean parte hartzen duen ikasle bakoitzeko emango den diru-laguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: agindu honetako 3. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura zati proiektuetan parte hartzen duen pertsona kopurua. Edonola ere, diru-laguntzek ezingo dute inola ere gainditu 3.000 euroko kopurua ikasle bakoitzeko.
3.– Ikasle langileak baja hartu edo parte hartzeari uko egiten badio, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kontratuaren iraupenaren proportzioan.
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak proposatzen duenari jarraituz, eta bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, ikastetxe onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Ebazpenean, halaber, onartu ez diren eskabideak eta diru-laguntza ukatu zaienak zehaztuko dira, hartarako arrazoiak emanda.
2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan araututakoaren arabera.
3.– Diru-laguntzak eta laguntzak ikastetxeetako pertsona edo erakunde titular onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den prozedura oro.
11. artikulua.– Justifikazioa.
Agindu honetan adierazitako ikas-ekinezko prestakuntza-programak finantzatzeko diru-laguntzak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1.– II. eranskina, zeinak jarduera hau garatu duten ikastetxeko pertsonei dagozkien nominak jasoko baititu. Agindu honetan diruz lagundutako jardueren arduradunek astean zenbat orduko liberazioa duten zehaztu beharko da, Hezkuntza Jardueren Dokumentuan (HJD) zehaztu ere, «Beste jarduera batzuk - LH berrikuntza». Hori ere erantsi beharko da.
2.– III. eranskina. Azken txostena. Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketa dualaren programa bakoitza amaitzean, lanbide-heziketako ikastetxeak azken txostena egingo du, eta txosten horretan jasoko dira egin diren jarduerak eta prestakuntza- eta enplegu-programan parte hartu duen ikastetxe bakoitzeko ikasleei buruzko datu estatistikoak: programa zenbatek amaitu duten; zenbatek utzi duten eta zergatik, eta, laneratzeari dagokionez, nolako emaitza lortu den programaren amaieran. Interesgarritzat jotzen diren bestelako alderdiak ere jasoko dira.
Eskabide horiek aurkezteko epea 2016ko uztailaren 15ean amaituko da.
Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/fp_alternancia/y22-izapide/eu/ webgunean.
12. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
1.– Ikas-ekinezko erregimeneko lanbide-heziketako programa horiei dagozkien diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, era honetan:
a) Lehenengo zatian, pertsona edo erakunde titular onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 50 ordainduko da, betiere 15.1 artikuluko epea igaro bada eta diru-laguntzari uko egin ez bazaio.
b) Bigarren zatian, gainerako zenbatekoa ordainduko da, diruz lagundutako jarduera amaitu eta agindu honetako 11. artikuluan zehaztutako agiri bidezko justifikazioa egin ondoren.
13 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako barik, laguntzak beste zerbaiterako erabiltzen badituzte. Hori dela-eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.
2.– Emandako diru-laguntzak itzultzea.
a) Diru-laguntzak osorik edo partez itzuli beharko dira, honako kasu hauetan:
– Jarduera egin izana ez justifikatzea, eta diru-laguntza ematea edo eskuratzea dakarten betekizunak eta baldintzak ez betetzea.
– Baldintzak bete gabe jaso bada laguntza.
– Jarraipen- eta kontrol-jarduerei uko egitea edo horiek oztopatzea.
– Diruz lagundutako ekintzak zein baldintzatan gauzatu diren azaltzen duten datuak bat ez badatoz errealitatearekin.
– Agindu honetan ezarritako betebeharrak, baldintzak eta betekizunak ez betetzea.
b) Diru-laguntza itzultzeko prozeduraren berri emango zaio diru-laguntzaren ikastetxe onuradunari. Horretaz gainera, ez-betetzea eragin duten gertakariak zein diren jakinaraziko zaio, eta hamabost eguneko epea emango, egoki iritzitako alegazioak edo justifikazio-agiriak aurkez ditzan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorriz.
3.– Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta halakorik aurkeztu ez bada edo alegazioak ezetsi badira, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebazpena emango du. Itzultzeko prozedura ebazteko epea 12 hilabetekoa izango da, gehienez ere.
4.– Ebazpen horretan, bete beharrekoak ez direla bete onartzen bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, eta, hala behar bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkion zenbatekoak itzuli behar zaizkiola, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
14. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
15. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen ikastetxe onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.
3.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete haiek beren jardunaren barruan ari direla deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.
5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.
16. artikulua.– Datuak babestea.
1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
2.– Deialdi honetan parte hartzen duten pertsona edo erakunde titularrek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 9a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.