EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2015245

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 10ekoa, Gizarte Zerbitzuen zuzendariarena, zeinaren bidez jakinarazten baita handitu egin dela Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzetara bideratutako kreditua, 2015. ekitaldirako. Agindu horren bidez, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osorako Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan xedatutako diru-laguntzak genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eman eta ordaintzeko prozedura ezarri zen.

Xedapenaren data: 2015-12-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201505423
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/11/19an argitaratutako 2014/10/29ko AGINDUA [201404962]

Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura ezarri zen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduaren bitartez (2014ko azaroaren 19ko EHAA, 221. zk.).
Lehenengo xedapen gehigarriak, finantziazioari eta aurrekontu-egozteari buruzkoak, hauxe adierazten du: «Publikotasun-printzipioa betetzeko, aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak emandako ebazpen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hartarako esleitutako zuzkiduraren berri emango da».
Era berean, honako hau ere adierazten du: «Aurrekontu-ekitaldi batean ematen diren diru-laguntzen kopuruak ez du gaindituko aipatu esleipena edo hori eguneratzetik ateratakoa, egun Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen aurrekontu-araubidearen arabera. Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren ebazpen bidez emango da gertakari horren berri, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.»
Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren 2015eko urtarrilaren 28ko Ebazpenaren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako esleitutako zuzkidura argitaratu zen.
Egun, ekitaldi horretarako esleitutako kreditua gehienbat agorturik dagoenez –% 99,68 hain zuzen ere–, aurkezten diren eskarien kopurua eta onuradun posibleen beharrak ikusita, beharrezkoa da helburu horretara zuzendutako aurrekontu-zuzkidura handitzea.
Horregatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (maiatzaren 20ko 79/2014 Dekretuak aldatu egin zuen dekretu hori), eta kontuan hartuta 2014ko urriaren 29ko Aginduaren xedapen gehigarriaren arabera emandako gaikuntza eta aurrekontuetan diru erabilgarria dagoela, beharrekoa da berrehun eta hogeita bost mila (225.000) euro gehitzea aurrekontuari.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulua bakarra.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, jakitera ematen da 2015eko ekitaldian 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko 225.000 euro gehiago erabiliko direla.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala agintzen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 10a.
Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,
EMILIO GERMÁN SOLA VALLOJERA.