EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2015245

AGINDUA, 2015eko abenduaren 22koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, 2015eko urteari dagokionez, minimis araubidearen barruan, EAEko behi-esnea erosi eta merkaturatzen duten erakundeentzako laguntzetarako deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2015-12-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201505419
Maila: Agindua
Azken hilabeteetan, Europar Batasuneko esnegintza sektoreak duen egoera delikatua da oso. Egoera areago konplikatu da esne-kuotak kendu zirenetik aurrea; hori dela-eta, behi-esnea ekoizten zuten abeltzainek dituzten prezioak sistematikoki apaldu dira, eta horrez gain, industriek abeltzainei murrizketak ezarri dizkiete entregetan, eta izan da ustiategietako esnea ez biltzerik ere.
Krisi hori eragin zuten motiboak hainbat dira: aipatu esne-kuotak kentzea; Estatuan zein Erkidegoan esne gehiago ekoiztea; beto errusiarraren ondorioak; Erkidegoko herrialdeetatik merkatu estatalera gazta inportatzea; dagoen demandarako, mundu mailan esnegintza merkatuan esne-eskaintza gehiegizkoa izatea, etab.
Esne-behien sektore honek duen krisiak, globala denak, Euskal Autonomia Erkidegori ere eragiten dio, maila apalagoan baina, hain justu ere EAEren sektore produktiboak duen egituraketari esker eta merkaturatzearekiko eta transformazioarekiko duen lotura estuari esker. Historian zehar, Eusko Jaurlaritzak lagundu egin du esne-behien sektorea; hartarako, nekazaritzan diharduten ekoizleen elkarteak eta nekazaritza-kooperatibak eratzea sustatuaz, eta merkaturatzeari eta transformazioari lotuz haiek, kate guztian zehar sektore produktiboak negoziazio-ahalmen handiago eta hobea izan dezan.
Hala eta guzti ere, agente jakin batzuekin operatzen duen abeltzain-talde batek, euren produkzioa merkaturatzeko, topatu egin behar izan dituzte behi-esneren erosle berriak; izan ere, agente haiek Estatutako prezioen bataz bestekoaren oso azpitikoak eskaintzen zizkieten. Esne erosle berri horiek gastuk eta inbertsioak egin behar izan dituzte, eta bai bilketa- eta produkzio-sistemak egokitu ere, aipatu abeltzainen ekoizpena hartzearren.
Euskal administrazioek, Estatukoek eta Europar Batasunekoek –esnegintza sektorea laguntzearren– zenbait laguntza-lerro finkatu dituzte.
Agindu honetan oinarritzen den laguntzaren helburua da behi-esnea erosten dutenak laguntzea; betiere, produkzioaren egoera berria dela-eta berregituraketa gauzatzeko egin behar izan dituzten ekintzak, gastuak eta inbertsioak konpentsatzearren.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
Agindu hau prestatzeko honako hauek kontsultatu dira: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, eta sektoreko agente printzipalak (nekazaritza-elkarte profesionalak, kudeaketa-zentroak, sektoreko elkarteak, industria eraldatzailea, handizkako banatzaileak, etab.). Horren ondorioz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen helburua da, 2015. urteari dagokionez, abeltzain jakin batzuen produkzioa hartu duten erakundeentzako laguntzak ezarri eta haietarako deialdia egitea. Direlako abeltzainak: lehenago euren produkzioa beste operatzailea batzuen bitartez merkaturatzen zutenak. Eta, orobat, esnegintza sektorearen egoera berriaren aurrean, haiek egin beharreko berregokitzea laguntzea.
2.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimus araubidea aplikatu beharko zaie laguntza hauei.
2. artikulua.– Onuradunak.
1.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, eskabidea egiten duten pertsona fisikoek edo juridikoek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte, eskabidea egiten dutenean:
a) Agindu honek ondorioak sortzen dituen datan, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatuta izanik, behi-esnea erosten eta merkaturatzen duen erakunde izatea; baina, guztiarekin ere, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako abeltzainen esnea biltzen duena izatea.
b) Euskadiko Erosle Baimenduen Erregistroan inskribaturik egotea operatzailea.
c) Irailaren 28ko 1363/2012 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzea. Dekretu horren bitartez, esnegintza sektorean lanbidearteko erakundeen eta esne-ekoizleen erakundeak errekonozitzea arautzen da, eta, bestalde, haien kontratazio-baldintzak ezartzen dira.
d) Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.
e) Beste edozein kontzeptugatik 200.000 euroko laguntzarik jaso ez izana minimis erregimenaren barruan, deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan, edo indarrean dagoen zerga-ekitaldian.
f) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz; sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Laguntza hauen onuraduna izan ahal izateko, goragoko idatzi-zatian xedatutakoa konplitzeaz gain, ondoko betekizun espezifikoak konplitu beharko dituzte eskatzaileek:
a) Kontratua sinatzen den egunetik hara, gutxienez, 12 hilabetez abeltzain berrien esnea biltzeko konpromisoa existitzea.
b) Erosle eta merkaturatzaile diren beste erakunde batzuetatik bildutako produkziotik ezer ez entregatzea.
c) Irailaren 28ko 1363/2012 Errege Dekretuan ezarritakoa betetzea kontratu berriek. Dekretu horren bitartez, esnegintza sektorean lanbidearteko erakundeen eta esne-ekoizleen erakundeak errekonozitzea arautzen da, eta, betalde, haien kontratazio-baldintzak ezartzen dira.
3. artikulua.– Laguntzen finantzazioa eta bateragarritasuna.
1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, 2015eko ekitaldian, eman beharreko laguntzen zenbateko maximoak 280.000 euro egiten ditu.
2.– Eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, aldatu ahal izango da artikulu honetan kontsignatutako guztizko zenbatekoa; betiere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera eta laguntzak ebatzi baino lehen. Zirkunstantzia hori argitara emango da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez.
3.– Beste herri-administrazio batzuk helburu berbererako emandako laguntzekin bateragarriak izango dira laguntza hauek. Hala ere, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimus araubidearekin bat etorriz, onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ez da izango 200.000 euro-tik gorakoa hiru urteko epealdi baten; edozein delarik, bai laguntzaren helburua, bai laguntza ematen duen organo administratiboa.
4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta euren baremazioa honako hauek izango dira:
a) Bildutako esne likidoa biltegiratzeari eta separatzeari dagokienez instalazioak handiagotzeko hobetutako edo erositako ekipamendua, eta, halaber, bilketarako ekipoak, eta inbertsio horiei lotutako zeharkako kostuak. Jarduketa hori baloratzeko, 6.000 euroko inbertsio-zati bakoitzeko 50 puntu esleituko dira.
b) Esnea biltzeko ibilbideak berregituratzea. Jarduketa hau baloratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko inskribatutako abeltzain bakoitzeko 10 puntu esleituko dira.
c) Agindu honen helburuarekin erlazionatutako pertsonala kontratatzea. Esne-kuotak amaitu zirenetik hara ezarritako lanaldi osorako kontratu bakoitzeko 100 puntu emango dira.
2.– Esnea erosten duen operatzaile bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa hauxe izango da: laguntza honetarako aurrekontu-zuzkiduraren guztizko zenbatekoa zati laguntza hauetarako eskubide duten enpresek lortutako puntu-kopurua, eta koefiziente hori eskatzaile bakoitzak lortutako puntu-kopuruarekin biderkatzearen ondoriozkoa.
3.– Onuradun bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 200.000 euro-koa izango da, eta gutxienekoa, 10.000 euro-koa.
5. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.
1.– Laguntza-eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzendu beharko zaizkio; eta, agindu honen eranskineko eredua erabiliz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4. artikuluan ezarritako tokietako batean, betiere agindu hau argitarazten denetik harako 15 eguneko epean.
2.– Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
a) Erakunde operatzailearen estatutuen eta eraketa-eskrituraren kopia.
b) Euskadiko Erosle Baimenduen Erregistroan inskribatuta egotea egiaztatzeko agiria, Esne-tasari buruzko azaroaren 21eko 235/2006 Dekretuarekin bat etorriz.
c) Kontratua sinatzen den egunetik hara, gutxienez, 12 hilabetez abeltzain berrien esnea biltzeko konpromisoa.
d) Halakorik bada, bildutako esne likidoa biltegiratzeari eta separatzeari dagokienez instalazioak handiagotzeko hobetutako edo erositako ekipamenduen zerrenda, eta, halaber, bilketarako ekipoena, eta inbertsio horiei lotutako zeharkako kostuak.
e) Egoki den kasuetan, esnea biltzeko ibilbideak berregituratzeari buruzko dokumentazioa.
f) Egoki den kasuetan, esne-kuotak amaitu zirenetik hara ezarritako lanaldi osorako langileen kontratuen zerrenda.
g) Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak eta foru-ogasunari ordaindu beharreko zerga-obligazioak beteta izatea egiaztatzeko agiriak.
3.– Eskabide-formularioan, eskabidea egiten duen pertsonak erantzukizunpeko adierazpen bi sinatu beharko ditu.
a) Deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, kontzeptua edozein delarik ere, minimis erregimenaren barruko laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana; itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean ez izateari edo prozedura hori amaiturik izatea akreditatzea; pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio edo zigor arloko zigorrik edo hartarako desgaitzen duen legezko debekurik ez izatea akreditatzea; eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.
4.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak ikusiz gero aurkeztutako eskaeran akats, hutsune edo okerren bat dagoela, zuzendaritza horrek eskabidea egin duenari emango dio horren berri, eta hamar eguneko epea emango dio zuzendu beharrekoa zuzen dezan edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, betiere aldez aurretiko ebazpena delarik.
5.– Edonola ere, administrazioaren esku dagoen dokumentazioa ez dute aurkeztu beharko eskatzaileek, baldin eta behar bezala eguneratuta badago.
6. artikulua.– Organo kudeatzailea, ebazpena eta ordainketa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio.
2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du bi hilabeteko epean, eskatutako laguntza emateko edo ukatzeko.
3.– Epe hori igaro eta ebazpen berariazkorik ez bada eman, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.
4.– Laguntzak, gehienez ere, bi hilabeteko epean ordainduko dira, onuradunek betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren. Ez dira egingo konturako ordainketak ezta aurreratutako ordainketak ere.
5.– Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.
6.– Laguntzei buruzko ebazpena pertsona interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie, eta, gainera, agindu honekin bat ematen diren laguntzen onuradunen zerrenda argitaratuko da EHAAn, zenbatekoak ere adierazita, publikotasunaren ondorioetarako betiere.
7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek bete egin behar dituzte obligazio hauek: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikuluan aurreikusitakoak; eta edonola ere, honako hauek:
a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran izatea edo jarduera egitea, eta diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea, diru-laguntza emateko betekizunak eta baldintzak konplitzen direla, eta bai jarduera burutu dela ere. Kontratu sinatzen den egunetik harako 12 hilabeteko epe batez, eutsi egin beharko zaio konpromiso honi: agindu honetako 2.2.a) artikuluan aurreikusitako esne-bilketa, abeltzain berrietikoa, mantentzeko denari.
b) Baliteke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatzea, agindu honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboei zein bertatik bertarakoei–men egin.
c) Diru-laguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, bai eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.
d) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza emateari buruzko jakinarazpena jasotzen duen egunetik harako hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idatziz uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.
e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpoko zein barrukoetan.
2.– Agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, bermatu egingo da ezen, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eta aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela.
8. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.
1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu ziren baldintzen aldaketa oro, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira, eta, kasua bada, beste diru-laguntza batzuk jaso dituela-eta diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Bada, halako aldaketek ekar lezakete diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea. Esandakoaren ondorioetarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, non egokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.
2.– Onuradunek ez badituzte agindu honetako betekizunak betetzen, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, aplikatu daitezkeen interes legezkoekin batera. Hori guztia, Diru-laguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean, azaroaren 1ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onestekoan, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren duenaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 22a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.