EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2015245

AGINDUA, 2015eko azaroaren 19koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinarekin, batetik, onartu egiten baita «Fundación Agirre Lehendakaria Fundazioa»ren estatutuetako 5. artikuluaren (helbidea) aldaketa, eta, bestetik, inskribatu egiten baita aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

Xedapenaren data: 2015-11-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201505417
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2015eko azaroaren 17an, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistroan jaso zen eskari bat; zehazki, Amaia Agirre Muñoa andreak, «Fundación Agirre Lehendakaria Fundazioa»ren Patronatuko kide denak, aurkeztutakoa.
Eskabidearekin batera ondoko eskritura publikoaren kopia aurkezta da: Estatutuak aldatzeari eta helbidez aldatzeari buruzkoa, honako honek egiletsia 2015eko urriaren 14an: «Fundación Agirre Lehendakaria Fundazioa»ren izenean eta ordez, Patronatuko idazkariak, Gorka Espiau Idoyaga-k, zeina eta baita patronatu horretako kide. Egilespen hori, Bilboko notario den Juan Ramón Manzano Malaxaechevarria-ren (protokolo-zk.: 1281) aurrean egin zen.
Eskritura publiko horrekin batera, Patronatuak 2015eko ekainaren 25ean egindako bileraren ziurtagiria aurkeztu da. Gorka Espiau Idoiaga Patronatuko idazkariak egin zuen ziurtagiri hori lehendakariaren oniritziarekin. Bilera horretan, besteak beste, fundazioaren helbide soziala aldatzea erabaki zen aho batez, eta, horren ondorioz, Fundazioaren Estatutuetako 5. artikulua aldatzea.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu, eta ondoren, erabaki-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako betekizunak konplitu dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoan. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Fundación Agirre Lehendakaria Fundazioa»ren estatutuetako 5. artikuluan egindako aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Fundazioaren estatutuen aldaketa hori agindu honen datarekin inskribatzeko agintzea, betiere ondoko eskritura publikoan ezarritakoarekin bat etorriaz: sozietatearen helbidea eta horren ondoriozko aldaketa estatutuetako jasotzen duena, eta «Fundación Agirre Lehendakaria Fundazioa»ren izenean eta ordez, Patronatuko idazkari denez Gorka Espiau Idoyaga jaunak, 2015-10-14an, egiletsitakoa dena, hain justu ere Bilboko Ramón Manzano Malaxechevarría notarioaren aurrean (protokolo-zk.: 1281).
Inskripzio hori egiten denetik aitzina, Fundazioaren helbidea hauxe izanen da: Bilboko Urkixo zumarkaleko, 4. zk., 6.a.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hara.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 19a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.