EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2015245

232/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, «Asociación de enfermos de fibrosis quística del País Vasco» elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201500232
Xedapenaren data: 2015-12-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201505416
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.
Lege horren babesean, Asociación de enfermos de fibrosis quística del País Vasco elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako, osasun-alorrean egiten duen lanagatik.
«Asociación de enfermos de fibrosis quística del País Vasco» elkartea 1986ko azaroaren 29an eratu zen, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: AS/B/00311/1987), Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza eta Justizia Sailaren Jaurlaritzaren eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Idazkaritza Nagusi Teknikoaren 1987ko urtarrilaren 9ko Ebazpenari jarraikiz.
Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen ditu bere eginkizunak, hau da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Eratu zenetik, «Asociación de enfermos de fibrosis quística del País Vasco» elkarteak bere helburu nagusia lortzera bideratzen ditu jarduera guztiak, hau da, fibrosi kistikoa (mucoviscidosis) izeneko gaixotasuna ezagutzen eta aztertzen laguntzera eta gaixoak artatzera.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan agindutakoarekin bat etorriz, herri-onurako aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute; azken sail horrek izapidetuko du prozedura eta bertan sor daitezkeen auzi guztiak ebatziko. Agindu hori betetzearren, espediente egokia izapidetu da, zeinari erantsi baitzaizkio sailek eta hala eskatu zaien erakundeek egindako txostenak.
Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, ekarritako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Asociación de enfermos de fibrosis quística del País Vasco» elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela kontsideratzen baita. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean erregistratuta dago elkartea, AS/B/00311/1987 zenbakiarekin.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.