EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2015244

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 10ekoa, kontsumobideko zuzendariarena, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko 2016ko ekitaldirako deialdia jakinarazten duena.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2015-12-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201505391
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/02/24an argitaratutako 2010/02/17ko AGINDUA [201000950]

2010eko otsailaren 17ko Osasuneko eta Kontsumoko sailburuaren Aginduaren bidez (37 zk.dun EHAA, otsailaren 24koa), toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko programa arautzen da, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko.
Aipatutako Aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da iragartzen dituen diru-laguntzen deialdia egitea 2016. ekitaldirako, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea. Kontsumobide sortzeko ekainaren 29ko 9/2007 Legean daude zehazturik Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren beraren funtzioak eta hango zuzendaritzaren funtzioak (4. artikuluan eta 9.ean, hurrenez hurren). Eta haietan oinarrituz, Kontsumobideko zuzendariaren ardura da deialdi honetarako ebazpena ematea.
Kontsumobideren egitura eta antolaketa, berriz, uztailaren 12ko 159/2011 Dekretuan dago araututa, eta, haren xedapen gehigarrian jartzen duenez, 2011ko irailaren 1ean hasiko da lanean erakunde hori. Eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.2 artikuluaren arabera, Jaurlaritza, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakariak edo zuzendariak dira organo eskudunak, bakoitza bere esparruan, arauak onartzeko eta laguntzak edo diru-laguntzak emateko.
2015eko azaroaren 25ean, Kontsumobideko Zuzendaritza Kontseiluak aho batez onartu zuen erakunde autonomoaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoa (2016-2018), Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da ebazpen honetako laguntzak emateko.
Azaldutako guztiagatik, aipatutako Aginduaren 5. artikuluan ezarritako ahalmenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak defendatzeko dirulaguntzen 2016ko deialdia egitea da ebazpen honen xedea. Dirulaguntza horien programa Osasun eta Kontsumoko 2010eko otsailaren 17ko aginduan garatu zen, eta toki-erakundeetarako eta toki-erakundeek sustatutako erakundeetarako da.
2.– Helburu hori betetzeko, 958.570 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:
a) Honetarako izango da 859.171 euroko aurrekontu-kreditua: kontsumitzaileei eta erabiltzaileei informazioa eta prestakuntza emateko jarduerak egiteko, eta halakoetan sortzen diren funtzionamendu-gastuetarako; baita kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetarako zentro eta zerbitzuen argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko ere. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2016. urtea: 644.378 euro
2017. urtea: 214.793 euro
b) Kontsumoko ikuskaritza-jardueren gastuak ordaintzeko, 80.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2016. urtea: 60.000 euro
2017. urtea: 20.000 euro
c) 19.399 euro, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetarako zentro eta zerbitzuak lekuz aldatzeko edo hango instalazioak, erreformak, zabaltze-lanak edo ekipamenduak ordaintzeko. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2016. urtea: 14.549 euro
2017. urtea: 4.850 euro
3.– Erakunde onuradunek 2016an egiten dituzten gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da Ebazpen honetako dirulaguntzak emateko.
2. artikulua.– Betekizunak.
2010eko otsailaren 17ko Aginduan aurreikusita dauden laguntzak eskatzeko (otsailaren 24ko EHAA), erakunde eskatzaileek baldintza batzuk bete behar dituzte, Agindu horren 3. artikuluan jartzen duenaren arabera.
3. artikulua.– Eskabideak eta epea.
1.– Eskabide eredu bat interneteko helbidean eskuratu daiteke: www.euskadi.eus
2.– Eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Kontsumobiden aurkeztu behar dira, Kontsumobidera zuzenduta; edo, beste aukera bat: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan jartzen duen lekuetan.
3.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskaerak aurkezteko epea eta 2016ko otsailaren 15ean bukatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 10a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria,
XABIER LEGARRETA GABILONDO.