EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2015243

IRAGARKIA, Gizarte Zerbitzuen zuzendariarena, argitara ematen duena profesional egiaztatu gabeek aukera izango dutela Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zaintzaile/gerokultore eta etxeko laguntzaileen kategorietan salbuespenezko habilitazioa edo erregistroa lortzeko, 2015eko abenduaren 22tik 31ra.

Xedapenaren data: 2015-12-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201505376
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Beste iragarki ofizial batzuk)
Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren Estatuko Idazkaritzaren 2015eko azaroaren 3ko Ebazpenaren arabera (zeinaren bidez Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zentro eta zerbitzuak egiaztatzeari buruzko 2008ko azaroaren 27ko Akordioa zaintzaile/gerokultore eta etxeko laguntzaileen kategorietan jarduteko eskatzen den kualifikazio profesionalak egiaztatuta ez duten langileei dagokienez, zati batean aldatzen duen Gizarte Zerbitzuetako eta Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako Lurralde Kontseiluaren Akordioa argitara ematen baitu), beharrezko jotzen da pertsona horiek identifikatzea, beren egoera ebaluatu ahal izateko eta sektoreko profesional guzti-guztien kualifikazioan aurrera egin ahal izateko.
Ebazpen horren arabera, 2015eko abenduaren 31n 55 urte edo gehiago izanik, zaintzaile/gerokultore eta etxeko laguntzaileen kategorietan lanean ari badira eta gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzen badute eta azken 10 urteetan kategoria profesional horietan gutxienez 2.000 ordu lan egin dutela egiaztatzen badute, pertsona horiei EAEko lurralde eremuan dagokien kategorian jarduteko salbuespenezko habilitazioa emango zaie.
Mendekotasunaren arloan lan egiten duten gainerako pertsonentzat, erregistro bat sortuko da haien egoera aldi baterako erregularizatzeko eta lanean jarraitu ahal izan dezaten, 2016ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra bitartean edo, harik eta lan-esperientzia egiaztatzeko data horretan hasten dituzten prozesuak amaitu arte, Behin epe horiek betetakoan, «Gizarte-erakundeetan mendeko pertsonei gizarte- eta osasun-arreta ematea» eta «Pertsonei etxean gizarte- eta osasun-arreta ematea» kualifikazio profesionalak exijitu ahal izango dira; baina bien bitartean kualifikazio egiaztaturik ez izateak ez du ondoriorik izango ez prozesu horietan parte hartzen duten langileengan, ez kategoria profesional horietan jarduteko gaituko dituzten prestakuntza-programa baten barruan dauden pertsonengan, ez eta arreta ematen duten enpresa edo erakundeetan, eta administrazio publikoei ere ez diete eragingo, eta, hartara, sektorearen egonkortasuna bermatuko da.
Aurreko bi paragrafoetan deskribaturiko egoeretan dauden kualifikazio egiaztaturik gabeko pertsonek berariaz eskatu beharko dute salbuespenezko habilitazioa edo erregistroa, Autonomiarako eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako zaintzaile/gerokultore eta etxeko laguntzaileen kategorietarako. Horretarako iragarki honen I. eranskinean jasotako eskabide-orria aurkeztu beharko dute. Eskabide-orria webgunean bete ahal izango da: (https://rlanbide.lanbide.net/ikaslan/pub/solRecExp.seam?idiomaPub=2&conv=1) Eskabide-orria betetakoan, egiaztagiri bat sortuko da, pdf formatuan, eta sinatu eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean Zerbitzuko bulegoren batean aurkeztu beharko da, abenduaren 22tik 31ra bitartean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 11.
Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,
EMILIO GERMÁN SOLA VALLOJERA.