EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2015243

AGINDUA, 2015eko abenduaren 9koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko udalerriko Zabalganan, 179 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta 2010eko maiatzaren 10eko Agindua ezeztatzen duena.

Xedapenaren data: 2015-12-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201505368
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2010/06/04an argitaratutako 2010/05/10reko AGINDUA deuseztatzen du [201002858]

GERTAKARIAK
1.– Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontroleko zuzendariak, 2008ko abenduaren 30ean, babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eman zion, Vitoria-Gasteizko Zabalganako «Elejalde» 4.2 sektoreko M-6 lursailean kokatutako 314 etxebizitzetako sustapenari.
Sustatzailea Visesa zen eta espediente zenbakia EB1-0773/08-LC-000. Ezarritako erabilera eta lagapen-araubidea azalera-eskubidea izan zen.
2.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak, 2010eko maiatzaren 10ean, sustapena esleitzeko hautaketa-prozesua hasteko agindua eman zuen. Esleipen-prozeduran 2009ko azaroaren 30a arte sarrera izandako Etxebideko eskaerak hartu ziren kontuan.
3.– Itxaron zerrenda agortu eta etxebizitzak esleitu gabe geratu ondoren, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren urtarrilaren 16ko Aginduaren bitartez honakoa ezarri zen: etxebizitzen esleipena Arabako Etxebizitza lurralde-ordezkariak zozketa bidez egin beharko zuela etxebizitza berria erosketan eskatzen zutenen artean; eskatzaileek 2012ko otsailaren 9an bete behar zituzten baldintzak.
Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira honakoa ezarri zen: salerosketa kontratuari oniritzia emateko aurkeztutako datan baldintzak beteko lituzketen espedienteen artean antzinatasunaren arabera zuzenean esleitu zitezen.
4.– Enplegu eta Politiketako sailburuak 2013ko apirilaren 15ean agindu berri bat eman zuen, Visesari sustapen honetako etxebizitzak zuzenean besterentzeko baimenduz; izan ere, Etxebideko Etxebizitza Eskatzaile Erregistroan agortu egin ziren Vitoria-Gasteizen eta Iruña Okan etxebizitza berria erosketan eskatzen zutenen espedienteak.
5.– Arabako Etxebizitzako lurralde-ordezkariak 2014ko urtarrilaren 15ean behin betiko kalifikazioa eman zion aipatu sustapenari. Hasierako erabilera eta lagapen araubidea azalera eskubidea da eta erosketa-aukerarekin alokatzeko mota jasotzen du.
6.– 2014ko urriaren 6an Eusko Legebiltzarrak Ez Legezko Proposamena onartu zuen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari honakoa eskatuz: Alokabidek kudeatzen duen alokairu sozialeko etxebizitza parke publikoan 12 hilabete baino gehiago esleitu gabe daramaten erosketarako eraikitako etxebizitzak sartzea.
Sustapen honek baldintza hori betetzen du.
7.– Arestian aipatutako guztia kontuan hartuta, Etxebizitza Sailburuordetzak sustapena alokairurako erabiltzea proposatu du. Eskura jartzea bi alditan gauzatzea erabaki da kudeaketa errazte aldera.
Agindu honek lehenengo fasea arautuko du eta 179 etxebizitza esleituko dira; bigarren fase batean, gainontzeko 135 etxebizitzak esleituko dira beste agindu baten bidez.
8.– 179 etxebizitza horietatik 82 esleipen prozeduratik kanpo geratuko dira etxebizitza premia berezietarako erabiltzeko. Kanpo geratuko diren etxebizitzak Bremen kaleko 6 eta 7 zenbakikoak dira (kalifikazioaren arabera 136.etik 189.era bitartekoak), eta Baltiko Itsasoa kaleko 9 zenbakikoak (kalifikazioaren arabera 266.etik 293.era bitartekoak). Etxebizitza horietatik 75 hiru logelatakoak dira eta 7 lau logelatakoak.
9.– Gainontzeko 97 etxebizitzak honakoak dira: Bremen kaleko 8 zenbakikoak (kalifikazioaren arabera 190.etik 223.era bitartekoak), Baltiko Itsasoa kaleko 9 eta 10 zenbakikoak (kalifikazioaren arabera 224.etik 265.era bitartekoak), eta Tirreno Itsasoa kaleko 12 zenbakikoak (kalifikazioaren arabera 294.etik 314.era bitartekoak). Etxebizitza horietatik 9 bi logelatakoak dira eta 88 hiru logelatakoak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko 2012ko urriaren 15eko aginduaren 29. artikuluak (aurrerantzean, 2012ko urriaren 15eko Agindua) Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari ematen dio esleitzeko prozedura hasteko agindua emateko eskumena.
2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105. artikuluak (aurrerantzean 30/1992 Legea) xedatutakoaren arabera, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari dagokio 2010eko maiatzaren 10eko Agindua ezeztatzea.
Sustapen honen lagapena azalera eskubidean izatea aurreikusita zegoen. Azalera eskubidean esleitzeko hainbat saiakera egin dira, baina ezinezkoa izan da: lehenik eta behin, esleipeneko itxaron zerrenda agortu zelako; ondoren, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan etxebizitza berria erosketan eskatzen zutenen espedienteak; eta baita, etxebizitza horiek eskuratzeko interesa izan eta baldintzak betetzen zituzten pertsonak ere.
Hori guztia kontuan hartuta, behin betiko kalifikazioan honakoa jaso da: etxebizitza horiek alokairua erosketa-aukerarekin eskuratu ahal izateko aukera.
Gainera, aurreago aipatu dugun Eusko Legebiltzarrak 2014ko urriaren 6an onartutako Ez Legezko Proposamena kontuan hartu behar da, zeinetan Eusko Jaurlaritzari eskatzen zitzaion alokairu sozialeko etxebizitza parke publikoan sartzea 12 hilabete baino gehiago esleitu gabe daramaten erosketarako eraikitako etxebizitzak.
Arestian aipatutako guztia kontuan hartuta, Etxebizitza Sailburuordetzak sustapena alokairurako erabiltzea proposatu du. Arestian aipatu dugun moduan, eskura-jartzea bi alditan gauzatzea erabaki da kudeaketa errazte aldera.
Bestalde, ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartu die zenbait pertsonari. Bete beharreko baldintzak erregelamendu bidez ezarri beharko dira, eta hauek garatzen ez diren bitartean, Laugarren Xedapen Iragankorrean ezarritakoa hartuko da kontuan; alegia, 2016ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den eskubidea gradualki aplikatuko dela.
Horrela, lehenengo urte naturalean, hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateek izango dute eskubidea, baldin eta urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak badituzte eta Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan gutxienez lau urte badaramatzate izena emanda alokairuko etxebizitza eskatzaile gisa.
Eskubide hori onartzeak baldintzak betetzen dituzten bizikidetza-unitateei lehentasuna ematen die babestutako etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko, eta baita horiei parekatutako etxebizitza libreak eskuratzeko ere (Bizigune-Etxebizitza Hutsaren Programara atxikitakoak kasu).
Beraz, lehentasun horrek alokairuko esleipen prozedurari eragiten dio; prozedura hori honako Aginduan ezartzen da: 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa (aurrerantzean 2012ko urriaren 15eko Agindua).
Etxebizitza Legean esleipen-prozedurei buruz ezarritakoa garatzen ez den bitartean, beharrezkoa da eskubide subjektiboak esleipen-prozedura horiei nola eragingo dien zehaztea.
Etxebizitza hauek esleitzerakoan lehentasuna emango zaie Etxebizitza Legeko Laugarren Xedapen Iragankorrean jasotako baldintzak betetzen dituztenei. Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, 2012ko urriaren 15eko Aginduko 50. artikuluan ezarritako prozeduraren bitartez esleituko dira. Etxebizitzak, esleitzeko prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira, betiere Agindu bereko 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikaturik.
Azaldutakoaren arabera, beharrezkotzat jotzen da esleipen prozedura berri bat ezartzea, eta 2010eko maiatzaren 10eko Aginduan jasotako prozedura bertan behera uztea.
3.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuko (aurrerantzean 39/2008 Dekretua) 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.
4.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak, 2011ko irailaren 14ko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduan ezarritakoak eta ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeko Laugarren Xedapen Iragankorreko a) puntuan ezarritakoak izango dira.
5.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko Aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.
6.– 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenaren arabera, eta ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeko Laugarren Xedapen Iragankorreko a) puntuan ezartzen denaren arabera, pertsonek edo bizikidetza-unitateek Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.
7.– 2012ko urriaren 15eko Aginduan jasotzen da prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera Aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela. Hala ere, kasu honetan, epe hori soilik irekiko da eskubide subjektiboaren onuradun direnen artean esleitu ondoren, etxebizitzak hutsik geratuko balira.
Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zabalganan, Vitoria-Gasteizko udalerrian, babes-ofizialeko 314 etxebizitza esleitzeko prozedura hasten zuen Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2010eko maiatzaren 10eko Agindua ezeztatzea eta ondoriorik gabe uztea.
Bigarrena.– Sustapen honetako lehen esleipen-faseari hasiera ematea 179 etxebizitza esleituz, jarraian aipatuko diren baldintzekin. 82 etxebizitza kanpo geratuko dira etxebizitza-premia bereziak direla eta. Kanpo geratuko diren etxebizitzak kalifikazioaren arabera 136.etik 189.era bitartekoak dira, eta 266.etik 293.era bitartekoak. Etxebizitza horietatik 75 hiru logelatakoak dira eta 7 lau logelatakoak.
Hirugarrena.– Esleipen-prozeduratik kanpo gelditutako etxebizitzak gordetako helbururako erabiliak izango ez balira, Arabako Etxebizitzako lurralde-ordezkariak esleituko ditu. Lehenik eta behin, eskubide subjektiboko onuradunen artean; eta, bigarren momentu batean, etxebizitzak hutsik geratuko balira, esleipen prozedurako itxaron zerrenda hartuko da kontuan.
Etxebizitza horietakoren bat lau logelatakoa izango balitz, eskubide subjektiboko onuradun diren gutxienez 5 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaie; kide kopuru hori mugatugabea izango da baldin eta gainokupazioa ematen ez bada. Horrelako bizikidetza-unitaterik ez balego, edota horien artean 4 logelatako etxebizitza guztiak esleituko ez balira, 2012ko urriaren 15eko Aginduko 51. artikuluan jasotako baremoa aplikaturik lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira.
Laugarrena.– Erreferentziako sustapena (espediente-zenbakia: EB1-0773/08-LC-000) Zabalganan dago, Vitoria-Gasteizko udalerrian. Inskripzio-eskabidean esleitutako udalerrietako batek, gutxienez, Vitoria-Gasteiz izan beharko da.
Bosgarrena.– Esleitu behar diren 97 etxebizitzetatik 9 bi logelatakoak dira eta 88 hiru logelatakoak.
Seigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.
Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-araubidean izena emanda daudenek, betiere babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko baldintzak betetzen badituzte.
Zortzigarrena.– Etxebizitzen esleipena honela egingo da:
Bi logelatako etxebizitzak eskubide subjektiboko onuradun diren 3 edo 4 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie. Horrelako bizikidetza-unitaterik ez balego, edota horien artean bi logelatako etxebizitza guztiak esleituko ez balira, 2012ko urriaren 15eko Aginduko 51. artikuluan jasotako baremoa aplikaturik lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira.
Hiru logelatako etxebizitzak eskubide subjektiboko onuradun diren gutxienez 4 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaie; kide kopuru hori mugatugabea izango da baldin eta gainokupazioa ematen ez bada. Horrelako bizikidetza-unitaterik ez balego, edota horien artean 3 logelatako etxebizitza guztiak esleituko ez balira, 2012ko urriaren 15eko Aginduko 51. artikuluan jasotako baremoa aplikaturik lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko dira.
Bederatzigarrena.– Eskubide subjektiboko baldintzak betetzen dituztenek egiaztatu beharko dute 2014. urteko zergaldiko beraien diru-sarrera haztatuak ez direla 3.000 euro baino txikiagoak, ez eta 15.000 euro baino handiagoak ere.
Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, gainontzeko eskatzaileek honakoa egiaztatu beharko lukete: 2014. urteko zergaldiko beraien diru-sarrera haztatuak ez direla 3.000 euro baino txikiagoak, ez eta 39.000 euro baino handiagoak ere. Mugikortasun mugatuko desgaitasuna edo desgaitasun psikikoa edukiz gero, edo genero indarkeriaren biktima izanez gero, ez da eskatuko gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatzea.
Hamargarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak argitaratzeko tokiak honako hauek izango dira: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoa.
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 9a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.