EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2015243

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 1koa, Euskadiko Prezioen Batzordearena, Transportes Urbanos de Vitoria SAk 2016. urterako aurkeztutako hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzu publikoaren tarifak onartzeko dena.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren data: 2015-12-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201505362
Maila: Ebazpena
2015eko abenduaren 1ko bileran, Euskadiko Prezioen Batzordeak erabaki bat hartu zuen, eta, jende guztia jakinaren gainean egoteko, segidan dira haren xedapenak.
ERABAKIA:
Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan sartu da Transportes Urbanos de Vitoria SAk 2016. urterako hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzu publikoaren tarifak berrikusteko aurkeztutako eskaria.
Hiri barruko bidaiari-garraioari dagozkion tarifak prezioak kontrolatzeko arautegia bete behar dute, «autonomia-erkidegoaren eremuko prezio baimenduak» modalitatean, Zerga arloko presako neurriei buruzko eta jarduera ekonomikoa sustatu eta liberalizatzeko ekainaren 7ko 7/1996 Errege Lege Dekretuaren 16.4 artikulua betez (ekainaren 8ko BOE, 139. zk.).
Eskumen hori Euskadiko Prezioen Batzordeak du, hala xedatuta baitago, batetik, Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duen otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuan (otsailaren 16ko EHAA, 31. zenbakia), eta, bestetik, Baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak berrikusteko prozedurari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2010eko ekainaren 15eko Aginduan (uztailaren 6ko EHAA, 128. zenbakia).
2010eko ekainaren 15eko Aginduaren 9.1 artikuluan xedatzen denez, tarifen indarraldia, gutxienez, urtebetekoa izango da. Baina bigarren paragrafoak honela dio: «Hala ere, espedientean egiaztatutako gorabehera bereziak sortzen badira, Euskadiko Prezioen Batzordeak berrikusi ahal izango ditu, ofizioz edo alderdi interesdunak eskatuta, nahiz eta 1. idatzi-zatian ezartzen den epea agortu ez».
Aipatutako arauen helburua halako oreka ekonomiko bat lortzea da, baina prezioak bizi-kostuari dagokionez sortzen dituzten tresnak zaindu beharrarekin ere justifikatuta daude.
2016. urterako aurkeztu diren tarifak berrikusteko espedientea aztertu ondoren, tarifak nahikotzat jotzen dira eta zerbitzua emateagatiko kostuen egituraren barruan sartzen diren kontzeptuetara egokiturik daudela uste da.
Hori dela eta, Euskadiko Prezioen Batzordeak honako hau erabaki du:
Lehenengoa.– Transportes Urbanos de Vitoria SAk 2016. urterako hiri barruko bidaiari-garraioaren zerbitzu publikoaren tarifen aldeko baimena ematea, ondoren zehazten diren kontzeptu eta zenbatekoen arabera, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Bidaiarien Derrigorrezko Asegurua barne direla:
1.– Titulu orokorraren barruan, lehenengo ibilaldia bukatu eta 50 minutuko epean autobus-aldaketa egiteko eskubidea sartuta dago. Zerbitzu hori doan izango da hiri barruko autobus-garraio kolektiboaren sareko lineen artean, bai eta tranbiaren lineetara aldaketa egiteko ere; horrela, bi moduetan, bi ibilaldiren prezio pilatua titulu orokorreko prezioen baturaren % 55 izango da. Beste tituluek –Bonobux izan ezik– ez dute autobus-aldaketa egiteko eskubidea jasotzen).
2.– Hilabeteko 30E bonuak balio du 30 egun jarraian garraio-publikoaren eguneko sarean egiten diren bidaietarako. Ez du balio gaueko Gautxori zerbitzurako, ezta Andra Mari Zuriaren festetan erakustazokara hurbiltzen den zerbitzurako ere, ez eta kultura edo kirol-ekitaldietara joateko erabiltzen diren ez ohiko zerbitzuetarako ere.
3.– Dirutan ordaintzeko diren billeteak 0,05 euroren multiploak izan daitezen biribildu dira, gutxiago itxaron beharra izan dadin; izan ere, biribiltzerik egiten ez bada, 0,01 eta 0,02 euroko txanponak beharko dira (ordaintzeko moduak maiztasunean, puntualtasunean eta merkataritza-abiaduran du eragina, puntako orduetan).
4.– Familia ugariko edo familia ugari bereziko karneta duten bidaiariek % 20tik % 50era bitarteko legezko beherapenak izango dituzte, titulu guztietako tarifetan. Dirutan ordaintzeko billeteen prezioak beherantz biribildu dira, 0,05 euroren multiploak izan daitezen. Gainerako erabiltzaileentzat billetearen prezioa gorantz biribildu bada, familia ugarientzako kalkulua biribildu baino lehenagoko prezioaren gainean egingo da (ordaintzeko moduak maiztasunean, puntualtasunean eta merkataritza-abiaduran du eragina, puntako orduetan).
5.– Udalaren Garraio Txartelaren onuradunak, Gasteizko Udalaren Gizartegintza Zerbitzuaren arautegiaren baldintzak betez.
6.– Erabiltzaileei Ondorio Askotariko Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) baino 2,5 aldiz diru-sarrera txikiagoak izatea eskatuko zaie, 65 urtetik gorakoen eta % 66ko desgaitasuna edo hortik gorakoen eta % 30etik gorako baina % 66tik beherako desgaitasuna dutenen tituluak erabiltzeko eskubidea ematen duten karnetak eskuratu edo berritzeko.
7.– Bonobux titulua egitasmo pilotu bati dagokio, udal herri txikiagoak Gasteizko hiriarekin komunikatzen dituena. Bidaiako autobus-aldaketa bat ahalbideratzen du eta 10 unitateko bono bat lortzea eskatzen du, kasu horretan ez dago txartel arruntik.
Bigarrena.– Agindu honek 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, beraren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dakioke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salari, hilabete biko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 1a.
Euskadiko Prezioen Batzordeko burua,
JOSÉ M.ª BARRUTIA LEGARRETA.