EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2015242

AGINDUA, 2015eko abenduaren 14koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako 2016ko deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2015-12-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201505340
Maila: Agindua
Euskadiko gazteen artean elkartasuna indartzeko eta kontuan hartuta Euskadiko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek azken urteotan hegoaldeko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituzten lankidetza-jarduerak, egokitzat jo da 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari jarraipena ematea, Gazteria eta Kirol Zuzendaritza eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia bitartez.
Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako programaren helburua. Aurtengo ekitaldi honetan ere, Euskadiko gazteak lankidetzaren kontzeptura hurbiltzeko helburuari eutsiko dio gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko araubideari lotutako deialdi honek, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hori informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez zabaldu eta osatuko da.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen bitartez 2016ko ekitaldian Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako dei egiten da, bai eta bertan parte hartzeko modua arautu ere. Programaren xedea da 2016ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiten dien Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 10eko Aginduan xedatutakoari jarraiki hautatutako herrialde eta lankidetza-proiektu jakinetara 1986 eta 1993 urteen artean –bi urteok barne– jaiotako 100 pertsona gehienez joateko erraztasunak ematea.
2.– Programaren kudeatzaileak, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak, izapidetuko ditu onuradunarentzako laguntzari dagozkion bidaia-txartelen kontratazioa eta gainerako prestazioak.
2. artikulua.– Zuzkidura.
Bidaia-gastuetarako eta, hala badagokio, hautatutako pertsonak destinoko herrialdean sartzeko bisaren gastuetarako programa honek 2016ko ekitaldirako guztira duen gehieneko zenbatekoa 155.000 eurokoa da.
3. artikulua.– Bete beharreko baldintzak.
1.– Erakunde onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte. Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.
2.– Gainera, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eta I. eranskinean ezartzen den moduan egiaztatu:
a) 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoa betez.
b) 1986 eta 1993 artean jaio izana, bi urte horiek barne.
c) Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza jakitea.
d) Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenaren indarrez (II. eranskina).
e) Era berean, laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar ditu.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita.
5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabideak bi modutara egin daitezke: bai on line, bai bide presentziala erabilita, deialdi honen I. eranskinean txertatzen den inprimaki ofiziala aurkeztuta.
a) Eskabidea on line eginez gero, www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean aurki daitekeen formulario elektronikoa bete beharko da.
b) I. eranskinean txertatuta dagoen inprimaki ofiziala aurkeztea erabakiz gero, inprimaki ofizial hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kiroletako zuzendariari zuzenduko zaio, eta aurkez daiteke Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan (Zuzenean), erregistro osagarrien bulegoetan (bulego horiek zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan), edota 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Eskabidea Correoseko bulego batean aurkeztea erabakiz gero, gutun-azala irekita egon beharko da, Correoseko langileek, ziurtatu aurretik, eskabide edo justifikazio-inprimakia zigila dezaten.
2.– Aurrez hautatutako pertsonak, hautaketa-faseko biltzarra hasi baino lehen, eskabide orrian adierazitako merituak agirien bidez egiaztatu beharko ditu. Halaber, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik ez duela, eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere ez duela dioen adierazpena aurkeztu beharko du (II. eranskina).
6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Parte-hartzaileak aurrez proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa-proposamena egiteko, Hautaketa Batzordea eratuko da. Hautaketa Batzordeko kideak hauek izango dira:
– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako burua, Batzordeburua izango da eta, kalitate botoa izanik, azken hitza izango du boto berdinketa gertatuz gero.
– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako teknikari bat, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak izendatua.
– Euskadiko GGKEen Koordinakundearen ordezkari bat, Koordinakundeak proposatua eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariak izendatua.
– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari bat, Kontseiluak proposatua eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariak izendatua.
– Garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeetako hamar ordezkari, gehienez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatuak eta Gazteria eta Kiroletako zuzendariak izendatuak.
– Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa, Gazteria eta Kiroletako zuzendariak izendatua; hitza izango du baina ez, ordea, botorik.
Hautaketa Batzordeak, egoki iritziz gero, arlo horretako beste aditu batzuei ere eska diezazkieke aholkuak eta laguntza. Laguntzaile horiek, ordea, hitza bai baina ez dute boto eskubiderik izango.
2.– Batzordekideak abstenitu egingo dira edo errefusatu egin daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
3.– Hautaketa Batzordearen osaera Gazteria eta Kiroletako zuzendariaren berariazko ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.
8. artikulua.– Hautaketa prozedura.
1.– Hautaketa prozedurak hiru fase ditu: aurrehautaketa, hautaketa eta informazio eta orientazio aldia.
Batzordeak, aurrehautaketa fasean, gehienez 220 parte-hartzaile proposatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiten dien Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 10eko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatu diren proiektuei gehien egokitzen zaizkien profilak dituztenak, alegia. Hautatutako pertsona horiek bigarren fasean parte hartuko dute. Batzordeak honako ezaugarri hauek balioetsiko ditu:
a) Eskatzaileen titulazio akademikoetatik, lanbide kualifikazioetatik eta bestelako ikasketetatik, hautatutako lankidetza-proiektuei gehien egokitzen zaizkienak, % 30 gehienez.
Nahiz eta lanbide bat edo bestea izatea baztertzailea ez den, hauek dira lankideek parte hartuko duten garapen proiektuetarako pertsona egokienak:
– Informatikariak
– Ekonomialariak
– Kontableak
– Medikuak
– Farmazialariak
– Erizainak
– Osasun-laguntzaileak
– Pedagogoak
– Begiraleak/gizarte-hezitzaileak
– Sistema-ingeniariak
– Industria ingeniariak
– Agronomoak
– Psikologoak
– Elebitasunean adituak diren hezitzaileak
– Albaitariak
– Tornero mekanikoak
– Elektrizistak
– Arotzak
– Iturginak
– Gizarte-langileak
– Diseinugile industrialak
– Nutrizionistak.
b) Garapen-lankidetzarekin lotutako prestakuntza: gehienez ere, % 20.
c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 20 gehienez.
d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 30 gehienez.
Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.
2.– Prozeduraren bigarren fasea edo hautaketa fasea aurrez aukeratutakoekin egin beharreko batzar-egonaldia da, barnetegi batean hiru egunez nahitaez egin beharrekoa, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan. Egonaldi horretan Batzordeak 100 lagun aukeratuko ditu gehienez, hirugarren fasera pasa daitezen.
Beste 50 ordezko ere hautatuko dira, norbaitek uko egingo balu ere. Norbaitek bere plazari uko egingo balio, uko egin duenaren profil bera duen ordezko batek hartuko du titulartasuna. Plazari uko egingo balio hautaketaren hirugarren fasea amaitu ondoren, fase horretan parte hartzetik salbuetsita egongo litzateke.
Fase honetan honako ezaugarri hauek baloratuko dira:
a) Aurrez hautatutako pertsonen egokitasuna, batzarrean egindako elkarrizketaren emaitza aintzat hartuta. Elkarrizketa horretan aurrez hautatutako pertsonak proiektuan banaka sartzeko dituen gaitasun pertsonalak, motibazioak eta abar ebaluatuko dira: % 50 gehienez.
b) Aurrez hautatutako pertsonaren profila zenbateraino egokitzen zaien Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko abenduaren 10eko Aginduaren itzalean hautatutako lankidetza-proiektuen ezaugarriei, barne hartuta ekintzotan integratzeko duten astia ere: % 50 gehienez.
3.– Hautaketaren hirugarren fasean (informazio eta orientazio aldian) beren proiektuetan gazteak hartuko dituzten gobernuz kanpoko erakundeek hiru formazio-jardunaldi eskainiko diete aukeratutako gazteei, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan, eta aukeratutako gazteek nahitaez parte hartu beharko dute formazio-jardunaldi horietan. Bertan, lankide boluntario moduan burutuko dituzten lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa emango zaie hautatutako pertsonei.
4.– Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu batzar-egonaldi horietan sor litezkeen ostatu eta mantenu gastuak; aitzitik, ez ditu ordainduko batzar-egonaldietara joateko eskaintzen dituen garraiobide eta ibilbideak erabiltzen ez dituzten pertsonen garraio-gastuak.
9. artikulua.– Aurrehautaketa fasearen ebazpena.
1.– Batzordeak egindako aurrehautaketarako proposamena ikusita, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariak Ebazpena emango du zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak dagokion aurrehautaketarako proposamenaren berri ematen dionetik hasita. Ebazpen horretan, hautaketa faserako aurreaukeratutako partaideen eta hautatu gabe geratu diren partaideen zerrenda emateaz batera, fase hori non eta noiz egingo den zehaztuko da.
2.– Aurrez hautatutakoen zerrenda Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan eta www.gazteaukera.euskadi.eus atarian jarriko da ikusgai, Ebazpena emateko jarritako epea bukatzen denetik aurrera. Ulertuko da zerrenda horietan agertzen ez diren pertsonak ez daudela aurrez hautatuta.
10. artikulua.– Hautaketa prozeduraren ebazpena.
1.– Hautaketa prozeduraren bigarren fasean aurreikusitako egonaldia (aurreaukeratutako pertsona guztiei zuzendua) bukatu eta zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak beraren iritziz egokienak diren gazteak proposatuko dizkio Gazteria eta Kiroletako zuzendariari. Gehienez, 100 gazte aukeratuko dira, baita 50 ordezko ere, 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Batzordearen proposamena jaso eta zazpi eguneko epean, Gazteria eta Kiroletako zuzendariak ebazpen arrazoitua emango du, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko aukeratutako gazteen zerrenda adierazteko. Ebazpen horretan aukeratu ez diren gazteen zerrenda ere agertuko da.
2.– Lankidetza jarduera, ahal dela, uztailetik aurrera egingo da eta hiru bat hilabeteko iraupena izango du, salbu eta aparteko kasuetan, jardueraren tutore den garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera.
3.– Interesdunei, banan-banan, Gazteria eta Kiroletako zuzendariaren Ebazpenaren berri emango zaie. Horretaz gainera, 10.1 artikuluan Ebazpena emateko zehaztutako epea bukatzen denetik aurrera, aukeratutakoen zerrenda EHAAn argitaratuko da, baita www.gazteaukera.euskadi.eus gazte atarian ere. Halaber, Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan ikusgai jarriko da.
4.– Deialdia HAEEn argitaratu eta sei hilera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariak ez badu berariazko ebazpenik eman, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoari dagokionez.
11. artikulua.– Lankidearen konpromisoak.
Garapen lankidetzako jardueran parte hartzeko aukeratutako gazte bakoitzak, aldez aurretik, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzan aurkeztuko duen dokumentuan, honako hauek beteko dituela hitz emango du:
a) Hegoaldeko herrietan esperientzia hasi aurretik, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreak antolatutako prestakuntza fasean parte hartuko du.
b) Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatuko da.
c) Jarduera egin behar den herrialdean egongo da, esperientzia-aldia bukatu arte.
d) Osasunari dagokionez emandako aholku guztiak beteko ditu.
e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztuko du; bertan, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.
f) Aurtengo egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartuko du.
g) Urte betez, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek nahiz Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egongo da.
h) Gutxienez 30 ordu eskaintzea garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreari, bueltan iritsi eta biharamunetik kontatzen hasita 30 eguneko epearen barruan.
i) Halaber, aplikatzekoak zaizkion diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak.
12. artikulua.– Ordainduko diren gastuak.
Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu jarduera egin behar den herrialdeko garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin elkartu arteko bidaia-gastuak (joan-etorrikoak), herrialde horretara joateko behar den bisa barne. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu hautatutako parte-hartzaileetako bakoitzarentzako aseguruak: erantzukizun zibilari eta istripuei aurre egiteko asegurua eta bidaiako laguntzako asegurua.
13. artikulua.– Partaidetza-kuota ordaintzea.
Egitasmoan parte hartuko dutenek 90 euroko kuota ordaindu beharko diote hartuko dituen GGKEari, egun natural bateko epean, destinora heldu eta biharamunetik kontatzen hasita. Ordainketa egin izanaren egiaztagiria Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta kirol Zuzendaritzari helarazi beharko zaio, esperientzia amaitu eta gero eta programaren garapena eta esperientzietako bakoitza ebaluatzeko jardunaldietan parte hartu aurretik, 11. artikulua, f) hizkia.
14. artikulua.– Arauak onartzea.
Esperientzia honetan parte hartzeak berari dagozkion arau guztiak onartzea dakar. Boluntarioaren partaidetza, batez ere, berari egokitutako proiektuan garatzen diren zereginetan gauzatuko da, baita itzulitakoan ere, zeren eta 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek nahiz Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuko baitute.
15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta eskubideak galtzea.
Hautatutako pertsonetako batek agindu honetan ezarritako baldintzak errespetatu ezean, bete gabetzat joko da Agindua eta galdu egingo du zehaztutako onurak jasotzeko eskubidea. Halaber, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio bidaia- eta aseguru-gastuei dagokien diru kopurua, baita horri dagozkion interes legalak ere, aldez aurretik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, adierazitako prozedurari jarraituz.
Halaber, diru-laguntza moduan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta diru-laguntza eman zenetik itzuli behar dela erabaki arte sortutako berandutze-interesa eskatu, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat betetzen denean. Kasu horietan, jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko da, eta sortutako berandutze-interesak.
16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako bestelako diru-laguntza edo diru-sarrerekin, baldin era gainfinantzaketarik eragiten ez badu. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: aurreikusitako gastuak gainditzen dituzten aurreikusitako diru-sarrerak (helburu bererako jasotako diru-laguntza edo diru-sarrera guztiak barne). Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.
17. artikulua.– Kudeaketa.
Agindu honen bidez deitutako Programa kudeatzeko lanak Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari dagozkio.
18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
1.– Deialdi honen izapidetze-prozesuan bildutako datu pertsonalak Euskadiko Gazteak Lankidetzan fitxategian sartuko dira, tratatuak izan daitezen. Fitxategi horren organo arduraduna Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordetzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritza da, eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatzeko baino ez ditu erabiliko.
2.– Bildutako datu pertsonalak kontaktuen fitxategi batean sartuko dira, eskatzaileak horretarako baimena ematen badu. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordetzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritza da, eta bere programei eta zerbitzuei buruzko informazioa igortzeko baino ez ditu erabiliko.
3.– Aipatutako bi fitxategiak, bai Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarena, bai kontaktuetakoa, 2006ko uztailaren 27ko Aginduaren babesean sortu ziren, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren menean daude. Interesdunek euren datuak ikusi, zuzendu, ezabatu edo fitxategian ez sartzeko lege horretan aurreikusten diren eskubideak balia ditzakete, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzara idatzi bat zuzenduta (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Aurrez hautatutakoen eta hautatutakoen zerrendak Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren webgunean argitaratuko dira (www.gazteaukera.euskadi.eus), bai eta lurralde historiko bakoitzeko Kulturako Lurralde Zerbitzuetako bakoitzean ere, 2016ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren kudeaketarako eta dagozkion errekurtsoak gauzatzeko beharrezkoa den adinako epean.
4.– Baimena ematen zaio Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari datu pertsonal horiek programan parte hartzen duten GGKEei jakinarazteko, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatze eta egikaritze aldera. Era berean, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartuko duten lagunek baimena ematen diote Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari euren datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osasun Ministerioko Kanpo Osasuneko Zuzendariordetza Nagusiari jakinaraz diezazkien, preskribatutako txertoak emate aldera bakarrik.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera zango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 14a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.