EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2015242

EBAZPENA, 2015eko azaroaren 13koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita meategien arloko zenbait gairi buruzko eskumena.

Xedapenaren data: 2015-11-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201505336
Maila: Ebazpena
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariari dagokio –esleitu zaizkion egitekoak betetzeko– administrazio-egintzak ematea. Egiteko horien artean dago, besteak beste, aldez aurretiko administrazio-baimena behar duten meategien arloko espedienteak kudeatzea, izapidetzea eta ebaztea.
Apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 23. artikuluan ezartzen duenez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritza bat egongo da lurralde historiko bakoitzean, eta ordezkaritza horrek funtzio betearazleak izango ditu Sailaren eskumeneko arloetan, eta dagokion jarduteko lurralde-eremuan, betiere.
Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen egitura organikoa eta funtzionala arautzeko Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduan ezartzen duenez, Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoek gauzatuko dituzte: arauen eremu teknikoan duten eragin maila dela-eta, espresuki lurralde-bulegoei eskuordetzen zaizkien administrazio-espedienteak izapidetzeko eta ebazteko eskumenak eta egitekoak.
Apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, lehenago aipatutako 2006ko abenduaren 4ko Aginduan Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoei eta lurralde-bulegoetako buruei egindako erreferentziak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzei egindakotzat ulertuko dira.
Lehen aipatutako egitura organikoa eta funtzionalaren dekretu berria argitaratzeak –marko juridikoa aldatzen duena eta zenbait jarduketa-irizpide ezartzen dituena– beharrezko egiten du indarrik gabe uztea Energia eta Meategien zuzendariaren 2008ko maiatzaren 16ko Ebazpena, zeinaren bidez Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen esku uzten baitzen meategien arloko zenbait ebazpen emateko eskumena; ebazpen honek ordezkatuko du lehengoa.
Aurreko guztia ikusirik, egoki irizten zaio ebazpen honen xedapenetan aipatzen diren gaiak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzteari.
Ondorioz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzen esku uztea meategien arloko egiteko hauen gaineko eskumena, bakoitzari dagokion jarduteko lurralde-eremuan, betiere:
– A) edo B) ataletako baliabideak aprobetxatzeko baimenak eta C) edo D) ataletako baliabideak aprobetxatzeko onarpenak emateko ebazpen-proposamenak izapidetzea, horiei buruzko txostena egitea eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak behin betiko onar ditzan aurkeztea.
– Meategi-eskubideen eskualdatze-, iraungitze- eta ezerezte-espedienteak izapidetzea eta ebazpen-proposamenak egitea, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariari helarazteko.
– Ustiaketako proiektu orokorrak eta beronen aldaketak, langintzak zaharberritzeko eta bertan behera uzteko planak eta beronen aldaketak, dagokion lurraldeko meategien ustiapeneko urteko langintzen planak, baita horien segurtasuneko barne-xedapenak ere, onartzeari buruzko ebazpenak izapidetzea, horien berri ematea eta dagokion lurralde-ordezkariak behin betiko onar ditzan aurkeztea.
– Ustiaketa baimenetako langintza-planei eta ikerketa-planei dagokienez, izapidetzea, txostenak egitea, eta lurralde-ordezkariari aurkeztea, horrek onar ditzan.
– Zaharberritzeko planen txostenak, jarraipena eta ikuskaritza.
– Leherketa berezietako proiektuak onartzeari buruzko ebazpenak izapidetzea, horiei buruzko txostenak egitea eta dagokion lurralde-ordezkariak behin betiko onar ditzan aurkeztea, eta horiek ikuskatu eta zaintzea.
– Meategien arloaren eskumeneko Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko faseak izapidetzea eta horiei buruzko txostena egitea, arlo hori arautzen duen ingurumen-araudiaren arabera.
– Leherketa berezietarako enpresa-ziurtagiriak eta koefiziente murriztaileak aplikatzeko ziurtagiriak ematea.
– Ustiaketa-proiektuak, urteko langintza-planak, meategi-segurtasuneko arauak eta gisa guztietako meategi-jardueretako laneko arriskuen prebentzioa ikuskatzea eta zaintzea, berehalako arrisku-egoeren aurrean egoki iritzitako premiazko neurriak hartzeko agintzeko ahalmena izanik. Neurri horiek, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, edo, hala dagokionean, lurralde-ordezkariak behar bezala arrazoituta emandako ebazpen bidez onartu beharko dira, segun zein izan den aipatu neurrien jatorriko dokumentua onartu zuen organo.
– Meategi-jardueretako istripuei eta gertakari larriei buruzko txostenak izapidetzea; txostenotan, gertakariak deskribatuko dira, nola gertatu den, zergatik gertatu den, zein den hautsitako erregelamenduko agindua, eta, hala behar denean, hartu beharreko neurriak proposatuko dira.
– Zehapen-espedienteak hasteko proposamenak.
– Meategi-jardunen erregistro industrialak izapidetzea eta kudeatzea, baita lurralde-ordezkaritzako beste zerbitzu batzuei arauz eragiten dieten espedienteak koordinatzea ere.
– Dagokion lurralde-ordezkariak onar ditzan, meategi-ustiategietako onura-instalazioen, instalazio elektrikoen, instalazio mekanikoen, aireztapeneko instalazioen eta euste-instalazioen proiektuei buruzko baimen-proposamenak egitea.
– Zuzendari fakultatiboaren izendapenak izapidetzea, baita kontratu bidezko lanen antolaketa ere.
– Meategi-makinistaren lanbide-kualifikazioko txartel-ematea izapidetzea, kudeatzea eta ebaztea.
– Meategien arloan aplikatzekoak diren lege eta arauetatik eratorritako bestelako jarduketa oro, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari berariaz eman gabekoak.
Bigarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari berariaz dagokio honako hauetarako eskumena:
– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak eskatutako laguntza teknikoa eta txostenak.
– Meategi-katastroko datu-basea aldian behin eguneratzea.
– Meategien arloko eskumenari lotutako gaiei dagokienez, argitaratua, eguneratua eta indarrean den arautegia biltzea eta eguneratzea.
– Meategi-lehiaketen izapidetzea.
– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak ebazpen-proposamena eman arte, ustiaketa- eta ikerketa-baimenak izapidetzea.
– Meategien arloko desjabetze-espedienteak izapidetzea, txostena egitea eta ebaztea.
– Zehapen-espedienteak hasteko eta izapidetzeko proposamenak.
– Laguntzak eta diru-laguntzak izapidetzea eta kudeatzea.
Hirugarrena.– Eskuordetze honen bidez emandako ebazpen guztietan aipatuko da zirkunstantzia, eta organo eskuordetzaileak emandakotzat joko dira.
Laugarrena.– Aipagai dugun arloari dagokionez, organo eskudun gisa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak ezarritako jarraibide eta irizpideen aurka egin gabe egiten da eskuordetze hau.
Bosgarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak noiznahi ezezta dezake eskuordetze hau, eta edozein espedienteren ardura beregana dezake.
Seigarrena.– Indarrik gabe uzten da Energia eta Meategien zuzendariaren 2023ko irailaren 3ko Ebazpena, zeinaren bidez Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen esku uzten baitzen meategien arloko zenbait ebazpen emateko eskumena.
Zazpigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 13a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.