EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2015242

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 1ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, emakumeen aurkako indarkeria-portaerei buruzko sentsibilizazio- eta prebentzio-jarduerak bultzatzen eta sustatzen dituzten erakunde, elkarte eta fundazioei 2016an diru-laguntzak ematea arautzen eta iragartzen duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2015-12-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201505330
Maila: Ebazpena
Emakumeen aurkako indarkeriak giza eskubideak eta emakumeen funtsezko askatasunak urratzen ditu. Horrek galarazten du emakumeek gizartean osotasunez partea hartzea, baita gizaki legez duten ahalmena gauzatzea ere.
Era berean, indarkeria horren tamainak eta izaera ikusezinak indartu egiten dute gizarte-tolerantzia maila handia izatea indarkeria horrekiko, eta hori oinarritzat hartzen dute; ondorioz, indarkeriazko portaerei eusten dieten balio eta jarrerek iraun egiten dute.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko eta emakumeen aurkako indarkeria ezeztatzeko, gizarte-portaera jakin batzuk aldatu egin behar dira, baina hori ez da gertatuko balioak, jarrerak eta usteak aldatzen ez badira. Oro har, balio-aldaketa hori kontzientzia kolektiboan kokatu behar da, laneko eta etxeko eremuetan esleitutako zereginetan, baita helduaroan nahiz haurtzaroko eta nerabezaroko hezkuntzan berdintasunean hazitako pertsona proaktiboen sustapenean ere. Horregatik, beharrezkoa da herritarren informazioa eta sentsibilizazioa lantzea, batez ere pertsona, gizarte, familia eta lan arloko esparru guztietan berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko neurri eta problematikei loturik.
Ildo horretan, funtsezkoa da sentsibilizazio-, informazio- eta prestakuntza-ekintzekin jarraitzea, emakumeen aurkako indarkeria-mota ezberdinak ikusi ahal izateko eta, hori, emakumeek jasaten duten ezberdintasun- eta diskriminazio-egoera abiapuntutzat hartuz azaldu ahal izateko, egoera horien guztien prebentzioa sustatuz. Xede horrekin, ezinbestekoa da erantzun integrala eta diziplina anitzekoa ematea emakumearen aurkako indarkeriaren aurrean, non gizarte-eragile guztien jardunak era koordinatuan bateratuko diren.
Emakumeen aurkako indarkeriazko portaeren prebentzioa eta sentsibilizazioa eta emakume horientzako arreta eta babeserako abian jarritako programak ez dituzte soilik erakunde publikoek gauzatzen; izan ere, beren jarduerak eremu horretan garatzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteek ere gauzatzen dituzte. Hortaz, indarkeria prebenitzeko eta harekiko sentsibilizatzeko, egokia da proiektuak, programak, ekintzak edo estrategiak martxan jartzen dituzten erakundeei laguntzea.
Gainera, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.3 artikuluak EAEko herri-administrazioei eskatzen die susta ditzatela emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteak, baita emakumearen autonomia bultzatu eta emakumeen estatus soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu dutenak ere. Ikuspegi horrekin, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2.q) artikuluak aurreikusten du, erakunde horren funtzioetako bat bezala, «nolako xedeak edo eginkizunak dituzten kontuan hartuta, Emakunderen helburuak lortzen lagundu dezaketen elkarte, fundazio eta enteekin harremanak ezartzea, bai eta haiekin lankidetzan aritzeko bideak ere».
Hori guztia dela medio, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, ebazpen honen bitartez, honako helburua duten diru-laguntzak arautzen ditu, eta horien deialdia egiten: emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haiekiko sentsibilizazioa sustatzeko egintzak garatzea.
Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2016ko Aurrekontu Orokorren kontura.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen helburua da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak beherago zehazten diren erakunde, elkarte eta fundazioei –irabazi-asmorik bakoak badira– emateko diru-laguntzak arautzea eta horien deialdia egitea: emakumeen aurkako indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta haiekiko sentsibilizatzeko proiektuak, programak edo egintza konkretuak gauzatzea, 2016. urtean zehar; betiere, aurrekontuan kontsignatutako kredituek ezartzen dituzten mugen barruan, eta Erakundearen xede eta helburuekin bat etorriz. Hauek dira helburuok, bestek beste: EAEko bizitza politiko, ekonomiko eta sozialaren arloetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egiazkoa eta eragingarria lortzea; sexuen arteko berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzea; berdintasunaren osotasuna egitez eta zuzenbidez galarazten duten eragozpenak ezeztatzea, eta Euskadin emakumearekiko diskriminazio-era guztiak kentzea.
2.– Sexuaren ziozko edozein ekintza bortitz joko da emakumeen aurkako indarkeriatzat, baldin eta ekintza horrek emakumeari kalte fisiko, sexual edo psikologikoa edo sufrimendua ekartzen badio edo ekar badiezaioke. Jokaera horien artean sartuko dira, halaber, emakumea ekintza horiek egitearekin mehatxatzea, hertsapenak egitea edo askatasuna arbitrarioki kentzea, bizitza publikoan edo pribatuan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arretarako proiektuak, programak eta jarduerak ez dira diruz lagungarriak izango.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako xedeetara bideratutako baliabide ekonomikoak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako kredituetatik etorriko dira, eta esleitu den guztizko zenbatekoa berrehun eta berrogei mila (240.000) euro da.
2.– Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko agindua).
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak honako erakunde, elkarte eta fundazioek –irabazi-asmorik bakoak badira– eska ditzakete: EAEn egoitza soziala izanik, euren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen dutenek, eta, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeren aplikazio-eremukoak diren fundazioek. Euren izaera juridikoa edozein delarik ere, eskabidea egiten duen orok izan behar du, bere jarduera edo helburuen artean, Erakundearen xede edo helburuetarikoren bat, ebazpen honen 1.1 artikuluan jasotakoak.
2.– Ez dira entitate onuradun izango xede partikularrak dituzten federazio, erakunde eta elkarteak, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 5. artikuluan ezarritako sailkapenarekin bat etorriz.
3.– Ezin izango dira deialdi honetan araututako laguntzetara bildu zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden erakunde eskatzaileak, ez eta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenak ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak emateko eta horiek ordaindu ahal izateko.
4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.
1.– Laguntzen esleipena behin egingo da, egintza bakarrean, eta norgehiagokaren lehiaketa-teknika erabiliko da.
Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. Artikulu honetan zehaztutako irizpide eta baremoei jarraikiz, onartzen den aurrekontuaren % 100 finantzatu daiteke, baina proiektu eta erakunde bakoitzak 12.000 euro jasoko ditu, gehienez ere. Hor, proiektuaren xede diren jarduera guztiak sartuko dira. Erakunde onuradun bakoitzeko bi jarduera lagundu daitezke, gehienez ere.
Ildo horretan, onartutako proiektutik ondorioztatzen den zenbatekoari diru-laguntzaren kalkulua aplikatuko zaio, artikulu honen 5. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriaz.
2.– Eskabideak behar bezala baloratu eta eskaera horien lehentasuna ezarri ondoren, puntuazio-ordenaren arabera esleituko dira laguntzak, ebazpen honen 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, betiere proiektuen balioespen-prozesuan diru-laguntza jasotzeko gutxieneko puntuazioa lortu bada, hau da, 50 puntu edo gehiago.
Bi erakundek edo gehiagok proiektuen balioespen-fasean puntuazio berdina lortu badute, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko gutxieneko puntuazioa gainditu bada eta erakunde guztientzako aurrekontu-krediturik ez badago, eskabide horiek aurkeztu diren dataren araberako lehentasun-ordenari jarraituko zaio.
3.– Aurkeztutako aurrekontua onartzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
Diru-laguntza kalkulatzeko erreferentziatzat hartuko den gehieneko zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da proiektuko, proiektuaren guztizko kostua edozein delarik ere, edo Emakunderi eskatutako zenbatekoa kopuru hartatik gorakoa bada ere.
Deialdi honetan lehiatuko den entitate bakoitzak eskatutako zenbatekoa 12.000 eurotik beherakoa izan daiteke proiektuko; kasu horretan, hautaketa-batzordeak zenbateko horri egotzitako gastuak onartzen baditu, zifra hori onartutako aurrekontutzat joko da.
Honako gastu hauek lagun daitezke diruz: aurrekontuaren exekuzioari ezinbestean loturik izanik, entitate eskatzaileak aurkeztu duen proiektuko aurrekontu zehaztu eta banakatuan jasotzen diren gastu arruntak, baldin eta hura garatzeari argiro lotuak badira. Gastu horiek ez dira izango proiektuaren guztizko kostuaren % 10etik gorakoak.
2016ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean entitate bakoitzak ordaindutako gastua joko da egindako gastutzat.
Langileen gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantza) honako kasu honetan bakarrik sartuko dira: prestazioak jasotzen dituztenak diruz lagundutako proiektua gauzatzera bakarrik dedikatzen badira.
Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira zerbitzuak (profesionalak, independenteak...) azpikontratatzekoak, baldin eta proiektuaren zenbateko osoaren % 20 gainditzen ez badute.
Errentamendu eta kanonei dagokienez, proiektuaren xede den jarduerarekin zuzenean eta esklusiboki lotuta badaude bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.
Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.
4.– Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honen arabera diruz lagundu ezinak diren gastuak agertzen badira, Hautaketa eta Jarraipen Batzordeak ez ditu zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua zehazterakoan; izan ere, aurrekontu hori hartuko da kontuan ebazpen-proposamenean diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko.
5.– Diru-laguntzaren zenbatekoa baremo hauen arabera kalkulatuko da:
– Onartutako aurrekontuaren % 100 arte, esleipen-irizpideen arabera 91 eta 100 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 90 arte, esleipen-irizpideen arabera 81 eta 90 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 80 arte, esleipen-irizpideen arabera 71 eta 80 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 70 arte, esleipen-irizpideen arabera 61 eta 70 puntu artean lortzen dutenentzat.
– Onartutako aurrekontuaren % 60 arte, esleipen-irizpideen arabera 51 eta 60 puntu artean lortzen dutenentzat.
Onartutako aurrekontuaren % 50 arte, esleipen-irizpideen arabera 50 puntuko puntuazioa lortzen dutenentzat.
6.– Diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa dagokion proiektuaren onartutako aurrekontuari lortu den puntuazioa aplikatzetik ondorioztatzen dena izango da, harik eta aurrekontua agortu arte.
7.– Ebazpen-proposamenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, eta erakunde bakoitzari diruz lagunduko zaizkion proiektuak eta bakoitzari emandako zenbatekoak zehaztuko dira. Horrez gain, ordezko erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko da, hurrenkeran, onuradunen batek uko egiten badio ere, betiere balorazioan 50 puntu edo gehiago lortu badituzte. Entitate horiei dagokienez, ordezkotza-ordenaren arabera zerrendatuta, proiektuak identifikatuko dira eta uko eginez gero laguntzak izango duen gehieneko zenbatekoa adieraziko da, zeina ez den inola ere uko egin duen erakunde onuradunari esleitutakoa baino handiagoa izango, ezta hautaketa-fasean lortutako puntuazio-irizpidearen aplikazioz eta deialdian behar adinako zuzkidura ekonomikoa izanez gero esleituko zitzaiona baino handiagoa ere.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2016ko urtarrilaren 30ean amaituko da, egun hori barne.
2.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke, ebazpen honi atxikita agertzen den ereduaren arabera, guztia beteta eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioarekin batera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean (Manuel Iradier, 36, 01005), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan. Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da erabilgarri: https://www.euskadi.eus/2016/elkarteak-vg/y22-izapide/eu/
Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.
3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, entitate interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzea, hala eskaeretarako nola justifikazioetarako, honako hauek arautzen dituzte: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio elektronikoari buruzkoak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak.
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentazioa modu presentzialean edo telematikoki izapidetzeko prozedurari buruzko zehaztapenak honako egoitza elektroniko honetan daude erabilgarri: https://www.euskadi.eus/2016/elkarteak-vg/y22-izapide/eu/
5.– Kanal presentziala edo telematikoa erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren ondorengo izapideak egiteko kanal hori nahitaez erabili behar denik.
6.– Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, honako egoitza elektronikoa erabili ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
7.– Entitateek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidearekin batera, entitate interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Proiektuaren datuak, I. eranskinaren arabera.
b) 2016ko abenduaren 31ra arte burutuko diren jardueren proiektua eta programa, ahal delarik formatu digitalean.
c) 9. artikuluan aurreikusitako esleipen-irizpideak egiaztatzeko behar den beste edozein agiri; guztia ere, baremazioa egitearren.
2.– Gehienez ere, bi proiektu edo bi programa ezberdin aurkeztu ahal izango ditu entitate bakoitzak.
3.– Laguntza eskatzen duen entitateak, ondoren zehazten diren betebeharrak betetzen dituela frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena baliatu ahal izango du, eskabidean bertan ageri den ereduaren arabera:
a) Entitate eskatzailea legez eratuta eta erregistratuta dagoela elkarteen edo fundazioen erregistroan, dagokionean.
b) Entitate eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo entitate pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari ote den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.
c) Entitate eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
d) Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta, bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa).
e) Entitate eskatzailea ez dagoela itzulketa-edo zehapen-prozeduraren baten baitan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez.
f) Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak, eta indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, laguntza hauen onuradun izateko.
g) Entitate eskatzaileak egunean dituela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den eran.
h) Entitate eskatzaileak deialdi hau kudeatzen duen organoari emandako baimena: nortasun-datuak eta Datuen alta/Hirugarren Interesdunaren datuak, administrazio eskudunean, eskura diren bide elektronikoen bitartez edo aukeran dauden baliabideen bitartez begiratzeko, egiaztatzeko edo frogatzeko baimena, hain zuzen ere.
4.– Aurreko paragrafoko a) atalean bilduta dagoen erantzukizunpeko adierazpenean biltzen diren puntuen egiazkotasuna, kasu horietan, dokumentazio ordezkatua aurkeztuta egiaztatu beharko da, eta hori kasuan kasuko laguntza edo diru-laguntza emateko prozeduraren ebazpena eman baino lehenago egin beharko dute entitate onuradun gisa aurkezten direnek.
5.– Diru-laguntza mota honi buruzko aurreko deialdietan parte hartu ez duten erakundeek edo aurkeztu ziren azken deialdiaz geroztik entitatean aldaketak izan dituztenek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
a) Identifikazio Fiskalaren Txartelaren fotokopia.
b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia. Eranskin hori eskuratzeko:
http://www.emakunde.euskadi.eus/u72-subemaku/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
c) Egiaztagiria, dagokion foru ogasunak egina, entitate eskatzailea BEZaz salbuetsita dagoela egiaztatzeko.
6.– Eusko Jaurlaritzan edo bere erakunde autonomoetan dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.
7.– Administrazioak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.
8.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeak egoki deritzon informazio osagarria eska dezake, hain justu ere, entitate eskatzaileek aurkeztutako datuak egiaztatu eta konprobatzeko.
9.– Laguntzen entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar bezain beste aldiz, eta entitateek onarpena eman beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluak xedatzen duena aplikatuz.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta hamar eguneko epea emango dio (jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera zenbatzekoa). Horrez gain, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraikiz.
8. artikulua.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea.
1.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako diru-laguntzen jarraipena egiteko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du batzordeak, eta ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena hartzeko; gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.
2.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak:
Presidentea: Ana Alberdi Zubia andrea, idazkari nagusia.
Bokalak:
– Rafael Junguitu Uribe jauna, Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.
– M.ª Socorro Álvarez Fernández andrea, Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko arduraduna.
– Sorne Mirari Etxebarria Arrien andrea, Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko teknikaria.
– Irune Lauzirika Jauregi andrea, Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko teknikaria.
– Izaskun Fernández Otegi andrea, Aholkularitza Juridikoko Arloko arduraduna.
Idazkaria: Aholkularitza Juridikoko Arloko arduradunak beteko du lan hori.
3.– Batzorde horrek erabakiak gehiengo soilez hartuko ditu, ebazpen honen 9. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak eta 30/1992 Legearen 22. artikulua eta hurrengoak kontuan izanik.
4.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak izendatuko ditu, eta izendapen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, emate-ebazpena gauzatu aurretik.
9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Proiektu bakoitzak lor dezakeen gehieneko balorazioa ehun (100) puntu dira, ondoren aipatzen diren irizpideen arabera banatzen direnak:
a) Proiektuaren kalitate teknikoa. 45 puntu gehienez, honako era honetan banatuta:
– Intersekzionalitatearen ikuspegia: 5 puntu, gehienez.
– Helburuak zehaztea, helburu horiek argi azaltzea eta helburuak egin nahi diren jarduerekin bat etortzea. 5 puntu, gehienez.
– Proiektua egiteko eta jarduerak ebaluatzeko erabiliko den metodologia. 5 puntu, gehienez.
– Proiektua garatu edo/eta inplementetzearen bideragarritasuna: egutegia, aurrekontua. 5 puntu, gehienez.
– Proiektuaren originaltasuna eta kreatibitatea. 5 puntu, gehienez.
– Giza eskubideen alde egindako bidea: 5 puntu, gehienez.
– Lotutako beste problematika batzuk ere badituzten emakumeekin lan egiten izandako esperientzia: 5 puntu, gehienez.
– Entitate eskatzaileen egitura eta kudeatze-gaitasuna, kontuan hartuta baliabide teknikoak, pertsonalak (jarduerak egingo dituen taldeak genero-ikuspegiaz duen prestakuntza teorikoa eta lanbide-profila) eta materialak. 5 puntu, gehienez.
– Programako kolektibo onuradunak, askotariko bereizkeria duten kolektiboen artean: 5 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren onura soziala 50 puntu, gehienez; honako era honetan banatuta:
– Emakumeen kontrako indarkeria-modu desberdinen biktimen elkarteek aurkeztutako proiektuak: 15 puntu, gehienez.
– 21 urtetik beherako edo 65 urtetik gorako emakumeek gauzatutako proiektuak: 5 puntu, gehienez.
– Hartzaileak (kopurua eta kolektiboa), lurralde-eremua eta gauzatzeko egutegia: 5 puntu, gehienez.
– Kolektibo hartzaile konkretuari zenbateraino eragingo zaion: 5 puntu, gehienez.
– Etorkizunean programarekin jarraitzearen egokitasuna: 5 puntu, gehienez.
– Beste elkarte/erakunde/fundazio batzuekin sarean lan egitea: 5 puntu, gehienez.
– Proiektuaren aurrekariak eta kolektibo hartzailean izango duen eragina: 5 puntu, gehienez.
– Hedapen-tresnak. 5 puntu, gehienez.
c) Euskara eta gaztelania erabiltzea jardueraren publizitatean edo garapenean. 5 puntu, gehienez.
3.– Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek berrogeita hamar (50) puntu lortu behar dituzte, gutxienez.
10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, prozedura horren ebazpena Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariari dagokio, Hautaketa eta Jarraipen Batzordearen proposamenaren arabera, eta interesdunek proposatutako arazo guztiak erabakiko dira bertan.
2.– Hartzen den ebazpenean, laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, laguntza jaso duen erakundearen izena edo izen soziala, lortutako puntuazioa, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundutako jardun-proiektua zehaztuko dira. Ezetsitakoen kasuan, erakunde eskatzaileen izena edo izen soziala adieraziko da, eta ezetsi izana oinarritzen duten arrazoiak jasoko dira.
3.– Ebazpenean, bestalde, entitateen erreserba-zerrenda jaso da, puntuazioko ordena korrelatiboaren arabera, eta kontuan izanik 4.7 artikuluan aurreikusitakoa.
4.– Ebazpena indibidualki jakinaraziko zaie interesdunei, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo, bide telematikoz egiten bada, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30., 31. eta 32. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Hori bazter utzi gabe, guztiek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da onuradunen, ordezkoen eta ezetsitakoen zerrenda, non zehaztuko baitira emandako laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako inbertsio-proiektuak.
5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion laguntzen deialdiaren ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, eta, epe horretan, ebazpenik adierazten ez bada, diru-laguntza eskabideari ezezkoa eman zaiola ulertu beharko dute entitate interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, gainfinantzaketarik gertatu ezean. Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera, ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo entitate onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela ulertuko da. Diru-laguntza onartuz gero, ebazpen honetan ezarritako arau guztiak onartzen dira, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako erlazio-bermeak eta itzulketa eta zehapenen erregimena ere.
b) Diru-laguntza emateko oinarri diren jarduerak kudeatzea eta zuzenean egitea, hain justu ere deialdian ezarritako era, baldintza eta epeetan, baldin eta proiektuaren eduki nagusia osatzen badute jarduerok; aparte geratzen dira: euren izaera dela-eta, azpikontratatu behar diren jarduerak, betiere diruz lagundutako proiektuaren guztizko kostuaren % 20tik gorako izaria ez badute.
c) Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jaso direla xede bereko diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.
d) Diruz lagundutako jarduera egin dela justifikatzea, jardueraren memoria xehatua aurkeztuz, eta horri diru-sarreren eta gastuen egikaritutako aurrekontua gaineratuz, ebazpen honen hurrengo artikuluak adierazten duen bezala.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.
f) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.
g) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka agerraraztea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere, posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako proiektutik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren edukiak bere gain hartzen dituena elkarte, federazio edo fundazioa dela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.
h) Diru-laguntzaren helburu diren proiektuek giza baliabideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte; ondorioz, proiektu horiek ezingo dute herritarrentzat iraingarria den, haien duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik erabili.
i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, diru-laguntza eskatu duten erakundeek aurkeztutako memoria, proiektu eta gainontzeko testu idatzietan hizkera ez-sexista erabiliko da.
13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Diru-laguntzaren ordainketa zatika egingo da; diru-laguntzaren ehuneko hirurogeita hamabosta 12.a) artikuluan adierazitako epean ukorik egin ez bada, Elkarteen edo Fundazioen erregistroan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren. Gainerako ehuneko hogeita bosta 2017. urtean ordainduko zaie erakunde onuradunei, diruz lagundutako jarduerek sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren, betiere 2017ko martxoaren 1era bitartean honako dokumentazio hau aurkezten badute:
– Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira, proiektuan aurreikusitako egutegia kontuan izanda. Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da: zuzenekoak (elkartekoak, federaziokoak edo fundaziokoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (proiektua gauzatzeko kontratatu direnak edo proiektua aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko proiektuaren onurak jasoko dituztenak) (II. eranskina).
– Diruz lagundutako jarduera bakoitzaren balantze ekonomikoa.
– Diruz lagundutako gastua egin dela justifikatzen duten jatorrizko fakturak edo agiriak edo Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak konpultsatutako fotokopiak, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko behar beste xehetasun jarrita; konpultsatzeei dagokienez, Emakundek jatorrizko fakturei zigilua jarriko die, eta, ondoren, entitate interesdunari itzuliko dizkio. Fakturetako edo agirietako gastuaren data 2016ko abenduaren 31 izango da, gehien jota. Bitarteko elektronikoen bidez justifikatzen bada, dokumentu originala bidali ahal izango da, eskaneatuta eta sinadura elektronikoarekin.
– Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta Gizarte Segurantzako gastuak justifikatzeko agiriak.
– Funtzionamendu-gastu arrunten egiaztagiriak; gastu horiek erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan agertu behar dira, eta jardueraren garapenari lotuak egon behar dute ezbairik gabe.
– Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarte, erakunde edo fundazioek jarduerak euren gain hartu dituztela egiaztatzen duten frogagiriak.
2.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez (besteak beste, faktura eta ordainagirien bidez) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionalaren minorazioa egingo da diru-laguntzaren guztizko zenbatekoan.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.
1.– Diru-laguntza ematean kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.
2.– Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko idatz-zatian aipatutakoa jaso ondoren, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du; horrez gainera, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du, eta, dirua itzultzeko, 15 eguneko epea emango du.
3.– Entitate onuradunek, salbuespen gisa, diruz lagundutako jardueraren edukia aldatzeko eska dezakete, baita jarduera gauzatzeko eta dagozkion gastuak justifikatzeko modua eta epeak ere, jardueraren garapena aldatu eta zailtzen dituzten gorabeherak azaltzen direnean, eta aldaketa horiek baimendu egin ahal izango dira, hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez badira. Diruz lagundutako jarduera exekutatzeko epea aldatzeari buruzkoa bada eskatutako aldaketa, aldaketa hori baimendu egingo da, baldin eta exekuziorako epe berria ekitaldi honen barruan sartuz gero. Aldaketa egiteko eskaeretan behar beste arrazoitu beharko da zergatik aldatzen edo zailtzen den jardueraren garapena, eta eskaera horiek Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari aurkeztu beharko zaizkio, aldaketa justifikatzen duten arrazoiak agertu eta berehala eta, betiere, proiektua gauzatzeko epea bukatu baino lehen.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak aldaketa baimentzea bidezkoa den ala ez ebatziko du, eskabidea erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan; epe hori igarota ez bada esanbidezko ebazpenik eman edo jakinarazi, eskabidea ezetsitzat joko da.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateratua onartu duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan zehaztutakoaz gain, hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza hasierako proiektuan azaltzen zen jarduerarako barik beste baterako erabiltzea osorik edo partez.
b) Aurkeztutako proiektuan aldaketak sartzea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak baimendutako aldaketen kasuan izan ezik, aurreko artikuluan ezarritakoa dela bide.
c) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Zuzendaritzak onartutako kopurua osorik justifikatuta ez egotea.
d) Aurkeztutako eskaeran edo agirietan jaso eta diru-laguntza emateko balio izan duten datuak benetakoak ez izatea.
2.– Diru-laguntzaren onuradunak diru-laguntzak emateko ebazpenean edo ebazpen honetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean, prozedura-izapide egokiak bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo partzialki galduko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako zenbatekoak itzuli beharko dizkio, legezko interesekin, bidezkoak izan daitezkeen gainerako egintzen kalterik gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezartzen ditu– eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat etorriz, ezarritako baldintzak eta/edo betekizunak betetzen ez direnean, hau izango da emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura:
a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.
b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.
Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua gehienez ere hilabete biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.
d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.
17. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean –Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak– sartuko dira, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari lotuta dago. Erakundeak sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hori. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte pertsona interesdunek, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Emakunde Emakumearen Euskal Erakundera (Manuel Iradier kalea 36, 01005 Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honetan ezarri ez diren prozedurazko alderdi guztietarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakora (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako testua) joko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari.Beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 1a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.