EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2015241

IRAGARKIA, Basque Team Bekak emateko oinarriei buruzkoa, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak 2016. urterako eman dituen bekak.

Xedapenaren data: 2015-11-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201505329
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Pribatuen iragarkiak)
Eusko Jaurlaritzak, uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren bidez, Goi Mailako Kirola arautu du Euskadin eta 12. artikuluan aurreikusita dago bekak, sariak eta laguntza ekonomikoak ematea kirolaren segmentu hori sustatze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren bitartez.
Fundación Euskadi Kirola Fundazioa euskal sektore publikoko fundazioa da. Erakunde honen helburua Goi Mailako euskal kirola bultzatu eta sustatzea da; horrela, goi mailako kirolean nazioarteko lehiaketetan erruz parte hartu ahal izango da eta, bereziki, goi mailako kirol ekitaldietan. Halaber, lehiaketa horietan euskal kirolariek goi mailako emaitzak izatea da erakundearen beste helburua.
Erakundeak xede duen Goi Mailako kirolean aritze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuak Basque Team Bekak ematea onartu du 2016. urterako. Honako oinarri hauek arautuko dute,
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Oinarri hauen xedea Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako kirolerako ematen dituen Basque Team Bekak arautzea da. 2016ko urtarrilaren 1etik 2016ko abenduaren 31ra.
2. artikulua.– Definizioak.
1.– «Basque Team Bekak» izenaren barruan goi mailako kirolerako hainbat laguntza ekonomiko, tekniko eta biomediko daude, eta oinarri hauen 4. artikuluan zehazten dira.
2.– Oinarri hauen ondoreetarako, «goi mailako euskal kirola» Euskal Autonomia Erkidegoaren intereserako den kirola praktikatzea da. Erkidegoko kirola garatzeko funtsezko faktorea da; izan ere, oinarri-kirola sustatzeko pizgarria da eta goi mailako kirol lehiaketetan ordezkatzeko aukera ederra ematen du.
3.– Oinarri hauetan «kirolari» buruz egiten diren erreferentzia guztiak goi mailako kirolari buruzkoak dira, Euskadin Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuan ezarritakoekin bat.
3. artikulua.– Beka hauen jasotzaile diren kirol-modalitate eta diziplina edo espezialitateak.
1.– Beka hauek ofizialki onartuta dauden kirol-modalitate guztiak, eta haien diziplinak nahiz espezialitateak sustatu eta lagundu nahi ditu. Nazioarteko Batzorde Olinpiarrak eta Nazioarteko Batzorde Paraolinpiarrak onartutako nazioarteko kirol federazioek antolatzen dituzten lehiaketetan parte hartzea sustatuko du, bereziki, lehiaketa horiek egitarau olinpiarrean edo paraolinpiarrean sartuta badaude. Salbuespenez, beka hauek eragina izango dute beste erakunde edo entitate batzuek antolatutako lehiaketetan, betiere goi mailako diziplina edo espezialitate jakin bat objektiboki garatzen bada aipatu nazioarteko kirol federazioetatik kanpo.
2.– Indarrean dagoen legeriaren arabera, inoren konturako kirolari profesionalak izanda ere, liga profesionaletan soilik parte hartuz gero, beka hauetatik kanpo daude.
4. artikulua.– Basque Team Bekak 2016en edukia.
«Basque Team Bekak 2016»k hainbat laguntza mota izango ditu, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak 2016an emandakoak:
1) Laguntza ekonomikoak.
Goi mailako kirolariei emandako laguntza ekonomikoak, honako eduki hauekin:
a) Oinarrizko beka: entrenamenduan eta lehiaketan buru belarri jarduten dutela bermatzeko laguntza ekonomikoa.
b) Helburukako sariak: adostutako eta betetako kirol helburuen araberako sari ekonomikoak. Sari hauek oinarrizko laguntza edo bekaren onuradun diren kirolariek baino ez dituzte jasoko.
c) Laguntza osagarriak: kirol-errendimendua hobetzeko eta ez ohiko gastuak ordaintzeko. Aurrekontua itxia izango da (lehiaketetan parte hartzea, kontzentrazio bereziak egitea, e.a.). Laguntza hauek oinarrizko laguntza edo bekaren kirolari onuradunek baino ez dituzte jasoko.
Horretarako, eskatzaileek Fundación Euskadi Kirola Fundazioak ezarritako laguntza osagarria eskatzeko protokoloa beteko dute (fundazioaren web orrian argitaratuko dena). Laguntza osagarriak emateko, eta horretarako dirua izan behar da, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak ulertu behar du justifikatuta dagoela laguntza ematea, inguruabar edo egoera jakin batzuk direla eta.
2) Laguntzeko zerbitzuak:
Hauek dira goi mailako kirolariei laguntzeko zerbitzuak:
a) Kirol prestakuntza optimizatzeko zerbitzuak, hala nola:
i) Laguntza tekniko espezializatua goi kirol-errendimenduan. Aukerakoa den laguntza tekniko hori izango da, oinarri hauetan aurreikusitako kontrol teknikoen pean egoteko kirolariek duten beharrari utzi gabe.
ii) Laguntza biomediko espezializatua goi kirol-errendimenduan. Aukerakoa den laguntza biomediko hori izango da, oinarri hauetan aurreikusitako kontrol biomedikoen pean egoteko kirolariek duten beharrari utzi gabe.
iii) Laguntza teknikoa berrikuntzan eta kirol-diziplinari aplikatutako garapen zientifikoa.
b.– Kirolariaren gizarte onurarako zerbitzuak, honako programa hauei dagozkienak:
i) Gizarteratzeko programa, kirolarien prestakuntza akademiko eta profesionalerako, kirol garapen pertsonalera bideratuta, kirolarien «coaching»aren bidez.
ii) Komunikazioan laguntzeko programa, kirolariek egiten duten kirol jarduera hedatzeko.
3) «Bat & Rio» laguntzak.
Artikulu honen 1) atalean aurreikusitako laguntza ekonomikoa jasotzen ez badute ere, Rio 2016ko Joko Olinpiarretan edo Paraolinpiarretan parte hartzen badute eta oinarri hauen terminoei jarraituta, euskal kirolari badira laguntza hauek jasoko dituzte.
5. artikulua.– Bekak kudeatu eta esleitzeko organo eskudunak.
Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuari dagokio oinarri hauetako beken esleipena ebaztea. Aurrekoa gorabehera, Patronatuak entitateko idazkariaren esku utziko du eskumen hau. Idazkari horrek ebatziko ditu beka-eskaera guztiak, oinarri hauen 14.3 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.
Bekak ebazteko, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuko idazkariak, ondorio hauetarako ebazpen-organoa dena, Batzorde edo Batzorde Tekniko baten laguntza izango du. Honako hauek osatzen dute: fundazioko koordinatzailea, fundazioko aholkulari juridikoa, beken arloaz arduratzen den kirol teknikaria eta biomedikuntza zerbitzuko mediku bat.
6. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Bekak hartzeko onuradunak goi mailako kirolariak, hauen teknikariak eta kirol erakundeak dira. Horiek guztiek oinarri hauen I. eranskinean adierazitako kirol-irizpide teknikoak bete behar dituzte, baita jarraian adierazten diren betekizun eta baldintzak ere.
2.– Kirolariak. «Basque Team 2016» Bekak jaso ahal izateko, honako betekizun hauek beteko dituzte kirolariek:
a) 16 urte beteta izatea.
b) Administrazio mailan, euskal nortasuna izatea, Autonomia Estatutuan adierazitakoarekin bat.
c) Dagokion kirol-diziplinan, EAEko euskal edo lurralde federazioak emandako edo izapidetutako lizentzia indarrean izatea. Betekizun honetatik kanpo daude «Bat & Rio» laguntzaren jasotzaile edo onuradunak.
d) Oinarri hauen 3. artikuluan adierazitako kirol-diziplina edo espezialitateren batean aritzea.
e) Goi kirol maila lortu izana indarrean izatea, Euskadin Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren II. Kapituluko 2. atalean ezarritakoekin bat. Betekizun honetatik kanpo daude bakar-bakarrik «Bat & Rio» laguntzaren jasotzaile edo onuradunak.
f) 2016an goi mailako kirol hori entrenatzen eta praktikatzen jarraitzea. Kirola jardueran ari dira lan ezgaitasunean edo kirol bajan daudenak, behar bezala egiaztatuta. Goi mailako lehiaketetara berriz itzuliko direla aurreikusita dago, dagokion senda-agiria jaso eta gero.
g) Diziplina edo kirol hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak zigortuta ez egotea edo desgaikuntza-zigorrik ez izatea. Horretarako, zigortutzat hartuko da ebazpen betearazlea izatea, nahiz eta irmoa ez izan.
h) Diziplina edo kirol hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak zigortuta ez egotea edo zuhurtasunezko desgaikuntza-zigorrik ez izatea.
i) Zigor Kodearen 286 bis 4. eta 361 bis artikuluetan aurreikusitako legez kanpoko gorabeherak direla eta, inputatuta, auzipetuta edo zigortuta ez egotea.
j) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
3.– Kirol-teknikariak. «Basque Team 2016» Bekak jaso ahal izateko, honako betekizun hauek beteko dituzte teknikariek:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Honako kirol-prestakuntzak edo akademikoak, edo baliokideak gainditu direla egiaztatzea:
i) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatura edo Gradua.
ii) Unibertsitateko masterra Goi mailako Kirol-errendimenduan, unibertsitate publikoetakoa edo pribatuetakoa, indarrean dauden legeek edo batzorde olinpiar batek onartuak.
iii) Goi Kirol-teknikari titulua, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuarekin bat; edo goi mailako kirol prestakuntzak, Errege Dekretu horretan ezarritakoekin bat eta horren ondoriozko araudiekin bat gero onar daitezkeenak.
iii. puntuan prestakuntza berariazkoa izango da, eskabidearen xede den kirol modalitate edo diziplinari buruzkoa, hain zuzen ere.
Baldintza hau ez dute beteko, iii. puntua dela-eta, lehen aipatutako titulazioak egiaztatu ezin dituztenek, izan ere, eskabidea egin denetik aurreko hiru urteetan estatu mailan goi mailako ikastaro ofizialik –Goi Kirol Teknikaria edo III. Maila– izan ez duten kirol modalitateak dira. Horrelakoetan, eskatzaileak Kirol teknikariaren titulua edo II. mailakoa (edo gero onar daitezkeen eta baliokide diren kirol prestakuntzak) izan behar du.
c) Oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, oinarrizko laguntza edo beka baten onuradun den kirolari baten kirol-prestakuntza teknikoaz arduratzen den pertsona izatea eta kirolariak berak onartua izatea. Kirolari bakoitzak, gehienez, pertsona bakarra onartuko du prestatzaile gisa. Prestakuntza teknikoaz arduratzen den pertsona aldatuz gero, kirolariak berak jakinaraziko dio Fundación Euskadi Kirola Fundazioari, idatziz. Jakinarazpena egiten denetik hasita izango ditu ondoreak.
d) Goi mailako teknikaria lortu izana indarrean izatea, Euskadin Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren II. Kapituluko 2. atalean ezarritakoekin bat. Betekizun honetatik kanpo daude bakar-bakarrik artikulu honen 3. ataleko b) epigrafean aurreikusitako salbuespenezko puntuan daudenak.
e) 2016an kirolariaren arduradun tekniko nagusia izaten jarraitzea.
f) Diziplina edo kirol hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak zigortuta ez egotea edo desgaikuntza-zigorrik ez izatea. Horretarako, zigortutzat hartuko da ebazpen betearazlea izatea, nahiz eta irmoa ez izan.
g) Diziplina edo kirol hauste larria edo oso larria egitearen ondorioz, edozein lurraldeko kirol federaziok edo administrazio-agintaritzak zigortuta ez egotea edo zuhurtasunezko desgaikuntza-zigorrik ez izatea.
h) Zigor Kodearen 286 bis 4. eta 362 quinquies artikuluetan aurreikusitako legez kanpoko gorabeherak direla eta, inputatuta, auzipetuta edo zigortuta ez egotea.
i) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
4.– Kirol erakundeak. «Basque Team 2016» Bekak jaso ahal izateko, honako betekizun hauek beteko dituzte kirol-erakundeek:
a) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak lehentasunezko interestzat jotzen dituen kirol-modalitate, diziplina edo modalitatetako bateko kirol erakundea izatea, oinarri hauen I. eranskinean (4. irizpidea) ezarritakoarekin bat.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda egotea.
c) Kirol-diziplina edo espezialitate berean eta kategoria absolutuan gutxienez kirolari bi izatea, oinarrizko beka baten onuradun direnak, betiere oinarri hauen 4. artikuluaren 1.a) paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, eta/edo I. eranskineko 6. irizpidean aurreikusitakoaren arabera.
d) Kirolarien teknikari arduradun nagusia kirol erakundeko partaide izatea.
e) Goi mailako kirola prestatu ahal izateko giza baliabide, baliabide tekniko eta kirol instalazio egokiak izatea.
f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
5.– Honako muga hauek ezarri dira oinarri hauetan aurreikusitako bekak emateko:
a) Kirolari beka duten pertsonak ezingo dira teknikari izan edo alderantziz.
b) Kirol modalitate, diziplina edo espezialitate bakoitzeko kirol-entitate bakarrak jasoko du beka.
c) Oinarrien 4. artikuluaren 1) atalean aurreikusitako laguntza ekonomikoa jasotzen dutenek ezingo dituzte 3) ataleko «Bat & Rio» Laguntzak jaso.
d) Kirol entitate bat ezin da beka baten onuradun izan, modalitate, diziplina edo espezialitate berari dagokionez, hitzarmenik indarrean baldin badago Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren eta beste pertsona fisiko nahiz juridiko batzuen artean.
7. artikulua.– Beka hauek Goi Mailako Kirolari buruzko Dekretuarekin duten harremana.
1.– Beka hauek eskatzen dituzten kirolariek zein teknikariek, eskabidea egin aurretik goi kirol mailako kirolari edo teknikari izateko deklarazioa indarrean izan behar dute, betiere Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren II. Kapituluaren 2. atalean ezarritakoekin bat. Salbuetsita daude oinarri hauen 6. artikuluaren 2 e) –kirolariak– eta 3 b) –teknikariak– ataletan aurreikusitakoak.
2.– Aurreko paragrafoan eskatzen den betekizuna ezinbestekoa da beka hauek eman ahal izateko, baina ez da nahikoa izango.
3.– Beka hauek eskatzen dituzten pertsonek ez dute goi mailako kirolari edo teknikari izateko izapidetzerik egiaztatu beharrik, Goi Mailako Kirola arautzen duen uztailaren 20ko 203/2010 Dekretua ezarritakoekin bat. Fundación Euskadi Kirola Fundazioak berak egiaztatuko du artikulu honetan eskatutakoa betetzen dela.
8. artikulua.– Laguntzak salbuespenez ematea.
Salbuespenez, beka hauek beste zenbait pertsona edo erakunderi eman ahal izango zaizkie: 203/2010 Dekretuaren arabera goi mailako kirolari izateko deklarazioa indarrean badute eta, hala ere, behar bezala justifikatutako kirol arrazoi, arrazoi teknikoak edo biomedikoak direla eta, I. eranskinean eskatutako kirol-merituak egiaztatu ezin badituzte. Pertsona horiei eskatuko zaie, edonola ere, 6.2 artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzeko kirolarien kasuan, eta 6.3 artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzeko, teknikarien kasuan.
9. artikulua.– Konpromisoa kirol-osasunarekin eta dopinaren aurkako borrokarekin.
«Basque Team 2016» Beken pertsona onuradun guztiek aldez aurretik konpromisoa egiaztatu beharko dute kirol-osasunarekin eta dopinaren aurkako borrokarekin, Euskadiko ekainaren 21eko dopinaren aurkako 12/2012 Legeari eta bat datozen gainerako legeei jarraituz. Horretarako, kirolariek nahiz teknikariek beren beregi emango dute datu pertsonalak lagatzeko baimena, baita datu biomedikoak ere, Dopinaren Aurkako Euskal Agentzia erabil ditzan, erakunde horrek dituen eskumenen barruan. Betebehar eta erantzukizun horiek onartzea Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekiko konpromiso-agiriaren zati da, beka baten pertsona onuradun orok sinatu beharrekoa.
10. artikulua.– Eskabideak tramitatzea.
1.– Interesaturik dauden pertsona eta erakundeek Fundación Euskadi Kirola Fundaziora bidaliko dituzte eskabideak. Horretarako, dagokion idazki eredua bete (oinarri hauen II., III. eta IV. eranskinak) eta hurrengo paragrafoetan adierazten den agiriekin batera helbide honetara bidaliko dute: Makaleta etorbidea z/g 48992-Getxo (Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroa), edo honako e-mail honetara: fundacion-ek@euskalnet.net Era berean, aurreko urteetan Euskadi Kirola Bekaren onuradun izan direnek Fundazioaren intranet bidez egin behar izango dute eskabideen izapidetzea. URL helbidea honako hau da: https://sis.netaphora.es/beta/login.jsp
2.– Eskabidearekin batera kirolariek agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) NANaren edo pasaportearen kopia, eta atzerritarra bada, bizileku-txartela.
b) Administrazio mailan, euskal nortasuna izatea, Autonomia Estatutuan adierazitakoarekin bat. Administrazio-egoitzaren kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaren ziurtagiria, erroldatzea eskabidea egin den baino urtebete lehenago dagoela egiaztatzen duena.
c) Dagokion Euskal Federazioak emandako edo bideratutako kirol lizentziaren kopia soila.
d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.
e) Kirol-curriculuma. Bertan nazioartean lortu diren kirol emaitzarik nabarmenenak deskribatuko dira, bereziki 2015. urtean, eta hala badagokio, 2016. urtean lortutakoak.
f) 2016rako eta 2016-2017 denboraldirako kirol-planifikazioa, denboraldia hasi aurretik, kirolariak eta teknikari arduradunak sinatua. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: helburu nagusiak eta bigarren mailako helburuak, lehiaketak non eta noiz egingo diren. Gainera, helburuekin bat datozen entrenamendu saioen deskribapen zehatza egingo da, baita aurreikusita dauden kontrolak ere.
g) Egongo balitz, ingurune biomedikoa identifikatzeko zinpeko erantzukizuneko aitorpena, kirolariak sinatua, ingurune horretan sartuta dauden pertsonen kualifikazioak eta akreditazioak (Medikuntza Lizentziatura eta elkargokide zenbakia) barne daudela.
h) Kirola egiteko gai dela egiaztatzen duen mediku-ziurtagiri ofiziala (Medikuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak emanda), beka eskatzen denetik lau urtetik gorako ziurtagiria ez bada.
i) Era gehigarrian, kirol egokituko kirolariek desgaitasun maila egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala aurkeztuko dute.
j) Kirolaria adingabea bada, dagokion baimena, aitak, amak edo tutoreak sinatua.
3.– Eskabidearekin batera teknikariek agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) NANaren edo pasaportearen kopia.
b) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.
c) Ikasketa-tituluen kopia soila, oinarri hauen 6. artikuluko 3.b) paragrafoan adierazi bezala.
d) Oinarrizko bekaren kirol onuradunak sinatutako zinpeko aitorpena, 4. artikuluaren 1.a) paragrafoan aurreikusitakoarekin bat. Bertan adierazten da kirol teknikari gisa beka eskatzen duena kirolariaren prestatzaile nagusia dela.
4.– Eskabidearekin batera kirol erakundeek agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) IFKren txartelaren kopia.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria.
c) Erakundea eratzeko agiriaren eta estatutuen kopia.
d) Kirol-erakundearen legezko ordezkariaren NANaren kopia.
e) Ordezkatzeko ahalmenaren egiaztatzea, bai ahalordetze-eskrituraren bidez, bai, hala badagokio, dagokion organoak egindako ziurtagiriaren bidez.
f) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.
g) Bekaren onuraduna den kirol erakundeko kirolari guztiak kirolerako gai direla egiaztatzen duten mediku-ziurtagiriak.
h) Kirol erakundeko kirolari guztien dagokion euskal federazioak emandako edo bideratutako kirol lizentziaren kopia soila.
i) Kirol-plantillako kirolari guztien zerrenda osoa.
5.– Era gehigarrian, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak behar beste agiri eta argibide eskatu ahal izango ditu bekak emateko.
6.– Beka eskabidearekin batera erantsiko diren agirien ereduak fundazioaren web orrian daude interesatuen eskuragarri: www.basqueteam.eus
11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.
1.– Oinarri hauek Fundación Euskadi Kirolak Fundazioaren web orrian argitaratzen direnean zabalduko da eskabideak aurkezteko epea, eta oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnetik hasita hilabeteko (1) epean itxiko da.
2.– Fundación Euskadi Kirola Fundazioak, behin eskabideak eta beharrezko agiriak jasota, banakako espedientea egingo du eskabide bakoitzeko, eta oinarri hauetan onartutako irizpideen arabera aztertuko da.
3.– Aurkeztu diren eskabidea eta bestelako agiriak aztertuta, akatsik egonez gero edo agiririk falta izanez gero, eskatzaileari jakinarazi eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzendu ahal izateko. Epea bukatuta, eta zuzenketarik ez badago, uko egintzat hartuko da.
4.– «Basque Team 2016» Beka artikulu honen 1. atalean ezarritako epetik harago eska daiteke, honako baldintza hauetan: (i) «Bat & Rio» Laguntzaren onuradun direnak; (ii) Rio 2016ko Joko Olinpiarretan edo Paraolinpiarretan parte hartzeko sailkapena lortu dutenak artikulu honen 1. atalean ezarritako epetik harago. Artikulu honen atal honetan aurreikusitako baldintzetan, onuradunak Konpromiso-Agiria sinatu behar du Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Rio 2016ko Joko Olinpiarretan parte hartu baino lehen.
12. artikulua.– Bekak emateko prozedura: kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa.
1.– Ebazpen-organoak espedientea jaso eta oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera aztertu eta balioetsiko du eta, hala badagokio, kirol-auditoretza eta derrigorrezko egokitasuneko mediku-azterketa proposatuko ditu. Lan horiek teknikari eta mediku adituek egingo dituzte, betiere beka eman aurretik.
2.– Beka eskatzaileek kirol-auditoretza eta mediku-azterketa egin beharko dute, kirola praktikatzeko gai direla bermatze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak proposatutakoei jarraituz. Eskatzaileak auditoretza eta azterketa egiteari ezetz esaten badio, ukatu egingo zaio eskabidea, besterik gabe.
3.– Ebazpen-organoak, egindako auditoretza, azterketa eta Fundación Euskadi Kirola Fundazioak duen finantza eta aurrekontua aintzat hartuta, beka emateko edo ukatzeko ebazpen zioduna egingo du, eta idatziz jakinaraziko zaio pertsona edo erakunde eskatzaileari.
13. artikulua.– Bekak balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideak.
1.– Ebazpen-organoak bekak emateko ebazpena egingo du pertsona edo erakunde eskatzaileen kirol merituen arabera. Halaber, oinarri hauetan eskatutakoak betetzen direla bermatuko du.
2.– Meritu eta baldintza horiek balioesteko ebazpen-organoak oinarri hauen I. eranskinean adierazten diren balioesteko irizpideak aplikatuko ditu nahitaez. Bereziki, irizpideak honela aplikatuko dira:
a) Goi Mailako kirolariak. Goi mailako kirolarien merituak balioestea I. eranskinean ezartzen diren balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideetan oinarrituz zehaztuko da. Hala badagokio, balioespen horrek oinarri hauen 4. artikuluaren 1.a) paragrafoan adierazitako oinarrizko beka ematea ekarriko du.
b) Kirol-teknikariak. Oinarri hauen 4. artikuluaren 1.a) paragrafoan adierazitako oinarrizko beka jasotzeko proposatzen den kirolari bakoitzeko, teknikariari beka arrunta emango zaio. Oinarrizko bekaren % 25 gehi kirolariak jasoko duen sariaren % 25 izango da zenbatekoa. Beka arruntaren ondorioetarako, ez da onartuko 3 kirolaritik gora teknikari bakoitzeko; beraz, teknikari batek edo teknikari berak atal honetan aurreikusitako kopuruak jasoko ditu 3 kirolariko gehienez.
c) Kirol-erakundeak. Fundación Euskadi Kirola Fundazioak lehentasunezkoak jotzen dituen kirol-diziplinen kirol-erakundeei baino ez zaizkie emango diru-laguntzak, I. eranskinean (4. irizpidea) ezarritakoarekin bat, eta kirol-plantillan gutxienez goi mailako kirolari bi dituztenak kategoria absolutuan, oinarri hauen 4. artikuluaren 1.a) paragrafoan eta/edo I. eranskineko 6. irizpidean adierazitako oinarrizko beka baten onuradunak.
3.– Beka, sari eta laguntza osagarrien zenbatekoa zehazteko, aurkeztu eta onartu diren eskabideak eta Fundación Euskadi Kirola Fundazioak duen finantza egoera hartuko dira kontuan. Oinarri hauen bidez onuradunek ez dituzte bermatuta dagozkien beka, sari edo laguntzen zenbatekoak; adierazitako inguruabarrek baldintzatuta jasoko dituzte, edonola ere.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Ebazpen-organoak gehienez ere bi (2) hilabeteko epean ebatzi edo ukatuko du bekak ematea, eskabideak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita.
2.– Ebazpena, edonola ere zioduna dena, banaka jakinaraziko zaie beka eskatzen dutenei.
3.– Ebazpenaren aurka errekurtsoa jar daiteke Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuko lehendakariaren aurrean, jakinarazten denetik hasita 15 eguneko epean.
4.– «Basque Team 2016» Beka emateko onuradunak Konpromiso Agiria sinatu beharko du Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin, oinarri hauen 16. artikuluan adierazitakoarekin bat.
5.– «Basque Team 2016» Beka eman dela jakinarazi ondoren, pertsona edo erakunde onuradunak beren beregi uko egin ahal izango dio onartu aurretik.
15. artikulua.– Onuradunak onartzea.
Beken onuradun diren pertsona eta kirol-erakundeek, oinarri hauetan arautuak, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren egoitzara agertu beharko dute, beka ematea jakinarazten denetik gehienez ere hilabeteko (1) epean, dagokion beka beren beregi onartzeko eta Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzeko.
16. artikulua.– Konpromiso Agiria Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin.
Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatuko den Konpromiso Agiria derrigorrezkoa da beken onuradun diren pertsona eta erakundeentzat. Honetara daude behartuta:
a) 2016an zehar goi mailako kirol-jardueran eta entrenatzen jarraitzea.
b) Fundación Euskadi Kirola Fundazioari, aldizka, kirol-jarduerari lotutako funtsezko informazioa ematea (kirol-emaitzak, gorabehera fisikoak, deialdiak, desplazamenduak...). Bereziki, kirolari guztiek adierazi behar dute noiz, non eta zein lehiaketatan egin dituzten mediku kontrolak, bai antidopinak, bai osasunekoak. Horretarako, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak prozedura berezia prestatuko du oinarri hauen onuradunek derrigorrean bete beteko dutena.
c) Agirian ageri den kirol-planifikazioan ezarritako kontrolak betetzea, kirol-planifikazioa jarraitze aldera.
d) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak zehaztuko dituen ikur eta markak eramatea, betiere lehiaketen arautegiak uzten badu.
e) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak antolatzen dituen sustatzeko jardunaldi eta ekitaldietan parte hartzea.
f) Kirol-jarduerari lotutako diru-sarrera guztiak egiaztatzea eta horien berri Fundación Euskadi Kirola Fundazioari ematea.
g) Kirol-lehiaketetan eta lehiaketetatik kanpo joko garbia erakustea, mugimendu olinpiarraren printzipioekin bat.
h) Datu pertsonalak, baita bereziki babestuta dauden biomedikoak ere, lagatzeko baimena ematea, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak dituen administrazio-eskumenetan erabil ditzan.
i) Fundación Euskadi Kirola Fundazioari laguntzea enpresa babesleekin dituen publizitate-konpromisoak betetzen.
j) Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekiko eta fundazioko kideekiko errespetuzko jarrera izatea uneoro. Horien irudia edo ohorea kaltetu dezakeen adierazpen publikorik edo jarduerarik saihestuko da.
k) Baimena ematea, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak kirolariaren edo kirol erakundeetako kideen irudia eta/edo ahotsa erabil dezan xedeari lotutako ekintzetan, betiere egoki deritzon terminoetan. Ez da horregatik inolako ordainketarik edo konpentsaziorik eskatuko.
l) Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin adostu den Konpromiso Agirian ezarritako beste edozein betebehar.
17. artikulua.– Basque Team 2016 Bekak ordaintzea.
1.– Hilero ordainduko dira 4. artikuluaren 1.a) paragrafoan aurreikusita dauden oinarrizko bekak, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzen denetik hasita.
2.– Aldi bakarrean egingo da 4. artikuluaren 1.b) paragrafoan aurreikusita dagoen helburukako sari-ordainketa, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatutako Konpromiso Agirian adierazten den kirolari bakoitzarentzako helburua bete dela egiaztatu eta gero.
3.– Beken ebazpen-organoak baimenduko du 4. artikuluaren 1.c) paragrafoan aurreikusita dauden laguntza osagarriak ordaintzea, kasuan kasuko eskabideak eta inguruabarrak kontuan hartuta. Aldez aurretik oinarrizko bekaren onuradunak eskatuko du, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren administrazio sailak adierazitako eskabide-protokoloari jarraituz (laguntza osagarriak eskatzeko ereduak eskuragarri jarriko dira fundazioaren web orrian: www.basqueteam.eus).
4.– «Bat & Rio» Laguntzak, 4. artikuluaren 3) paragrafoan aurreikusita dagoena, era bakarrean ordainduko dira, Rio de Janeiro 2016ko Joko Olinpiarretan edo Paraolinpiarretan parte hartu dela egiaztatu ondoren, horretarako Fundación Euskadi Kirola Fundazioak ezarritako Agiria sinatuta.
5.– Oinarri hauen I. eranskineko 5. eta 6. irizpideetan ezarritakoen barruan sartuta daudenei honela ordainduko zaizkie laguntzak. 4. artikuluaren 1.a) paragrafoan adierazitako laguntza eman dela ebatzi eta gero, eta onuradunak onartuta eta konpromiso-agiria sinatuta, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak hari lehen ordainketa egingo dio, hain zuzen ere, beka hauek erabiltzen hasten denetik ordura arteko hileko guztiak. Lehen ordainketa adierazitako terminoetan egin eta gero, gainerako zenbatekoa hilero egingo zaio onuradunari.
18. artikulua.– -Beken bateragarritasuna.
Bateragarri dira batetik oinarri hauetan araututa dauden bekak, sariak eta laguntzak eta, bestetik, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk, helburu berarekin, onuradun berari eman ahal dion edonolako laguntza. Aurrekoaren kalterik gabe, Beka eta Laguntza hauek emateak ez dakar inola ere diruz lagundutako kirol jardueraren gainfinantzaketarik. Horretarako, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako kirolari diru-laguntzak ematen dizkioten beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin jokatuko du lankidetzan, iruzurrik edo neurriz gaineko jardunbiderik egon ez dadin.
19. artikulua.– Beken prestazioak ez betetzea eta etetea.
1.– Oinarri hauetan eskatutako betebeharrak ez betetzeak, edo oinarrietan eskatutako baldintzak gerora sortzeak administrazio-espedientea egitea ekarriko du, betiere bekak eman ondoren gertatuz gero. Beka jaso duen pertsona edo erakundeari entzun ondoren, bekaren prestazioak eten eta ukatu daitezke, ebazpen-organoak erabakiko du norainokoa den.
2.– Halaber, beken onuradun diren pertsonek edo erakundeek hartutako betebeharrak ez betetzeak kontratua ez betetzea ekarriko du, eta horrela dago jasota 16. artikuluan aurreikusitako Konpromiso Agirian. Interesdunari entzun ondoren, berehala eten daiteke diru-laguntza, ebazpen-organoak erabakitakoei jarraituz.
3.– Era gehigarrian, eta ez betetzea ekarri duten inguruabarrak kontuan izanda, ebazpen-organoak, dagokion akordio justifikatuaren bidez, eska dezake jasotako zenbateko osoa edo zati bat Fundación Euskadi Kirola Fundazioari itzultzeko.
4.– Salbuespenez, ebazpen-organoak erabakiko du, kautelazko neurri gisa, behin-behinean eteteko kirolariei emandako laguntzak eta bekak, onuradunei entzun gabe, dopin gorabeheretan edo kirol jarduerari lotutako beste konturen batean nahastuta badaude. Edonola ere, egoera horietara heltzeko bekaren onuradunak inputatuta, auzipetuta, salatuta edo, besterik gabe, erakunde eskudun batek egindako prozedura baten zati izan beharko du kirol jarduerari lotutako dopin edo bestelako iruzurrak direla eta.
20. artikulua.– Oinarri hauek interpretatzea.
«Basque Team 2016» Bekak eskatu eta emateari lotuta dauden eta oinarri hauetan ageri ez diren egoerak edo alderdiak ezagutu eta ebaztea Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuko idazkariari dagokio, baita, espedienteetan gerta daitezkeen zalantza edo eztabaidak direla eta, oinarriak interpretatzea ere.
Getxo, 2015eko azaroaren 20a.
Fundación Euskadi Kirola Fundazioa,
JON REDONDO LERTXUNDI.