EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2015241

227/2015 DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari EITBNET, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona.

Xedapenaren zenbakia: 201500227
Xedapenaren data: 2015-12-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201505314
Maila: Dekretua
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.
Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: informazioaren gizartearentzako edukiak ekoitzi, erreproduzitu, argitaratu, erosi, merkatuan saldu eta ustiatu eta banatzea, bereziki zerbitzu- eta komunikazio-euskarri berrietarako elkarreragileak eta multimediakoak eta sarekoak; euskarri berrietan, hau da, gaur egungo telebista digitala, teletestu, internet, telefonia mugikor eta etorkizunean garapen teknologikoek gauzatzen dituzten komunikazio- eta zerbitzu-kanalak martxan jarri eta mantentzea; arlo horretako berrikuntza-proiektuetan zentro teknologikoekin elkarlanean aritzea; euskal ikus-entzunezkoen sektorearen garapena eta beste merkatu batzuetara hedatzea sustatzeko, enpresa-proiektu eta -aliantza estrategikoetan parte hartzea.
EITBNET, SA sozietate anonimo publikoak, 2015eko azaroaren 11ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala berrogeita hamar mila (50.000) eurotan gehitzea; eta, horretarako, hamar (10) euroko balio nominala duten bost mila (5.000) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 11.001etik 16.000ra zenbakituak, biak barne.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.
Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago.
Horren ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea EITBNET, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, berrogeita hamar (50.000) mila eurotan; eta, horretarako, hamar (10) euroko balio nominala duten bost mila (5.000) akzio berri jaulkitzeko.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza izango du: 160.000,00 eurokoa, 16.000 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 10 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.